8. eszena
Eskenategiaren eskuinera, mahai baten inguruan, HIRU PERTSONAIA dago. METXA deitzen dute. Hau harrituta inguratu eta aulki libre batean jesartzen da.
IRAKASLEA. Agirre jauna, biziki eskertzen dizugu herriko ikastolan irakasle eta gurasoen artean antolatu bilgune honetara etorri izana.
METXA. Hilgune?
IRAKASLEA. Ez, ez, zurekin solasteko... Queríamos hablarle sobre las conversaciones que tiene con su...
BEÑAT-en AMA. Osaba, Beñatek esan digu zuk kanponsantuko paretan gertatutakoa kontatu diozula...
IRAKASLEA. Haurrekin kontuz ibili behar da, Nikolas...
METXA. Nikola. Eta nik egia baizik ez diot kontatu.
ANDEREÑOA. Tira, haurrei ez zaie gezurrik esan behar noski, baina gauza gordinegiek ez diete onik egiten...
IRAKASLEA. Historia horrek trauma bat eragin diezaioke...
METXA. Klabikula hautsi nuenean ere haraxe joateko jarri zidan medikuak paperean, traumatokira... Nire lagun asko fusilatu zituztela besterik ez nien esan.
ANDEREÑOA. Baina, gauza horiek esatean kontuz ibili behar da.
IRAKASLEA. Ez da komeni haurrek gauza hauek jakitea...
METXA. Eta...? Bilera honetan, jende helduen artean, egia esatea gordinegia al da?
(Irri egiten dute denek)
IRAKASLEA. Tira, Nikolas....
METXA. Nikolas ez, Nikola.
IRAKASLEA. Barka, Metxa...
METXA. Metxa, bai, su hartzen duena.
BEÑATen AMA. Lasaitu zaitez, osaba...
METXA. Su hartu eta erre ez, ulertzen duk?
IRAKASLEA. Zeu ez, baina haurrak erre litezke: zenbait gauza...
METXA. Haurrak? Ez motel! Haurrak ez dituk erretzen, haurrak piztu egiten dituk!
ANDEREÑOA. Batzuk pizkorrak dira, baina beste batzuk motelak. Kontuz ibili behar da, haur bakoitzak bere erritmoa dauka.
METXA. Haurren beldur zaretela ematen du.
ANDEREÑOA. Haurrak zapuzteko beldur.
METXA. Nik zapuztu egin ote nituen ba?
IRAKASLEA. Ez genuen horrelakorik esan nahi, guk esan nahi genuena zen...
METXA. Esan gehiegi egiten duzue, lehen ere. Gehixeago entzutea komeni zaizue zuei.
BEÑATen AMA. Zeu zara entzun nahi ez duzuna, kontua haurrak ez traumatizatzea da...
(Altxa egiten da Metxa, eskuin belauna igurtziz)
METXA. «Haurrak ez traumatizatzea»... Barregarria da. Nik ez nituen haurrak traumatizatu. Haurrek askatasuna ematen didate hizketan egiteko, zuek ez.
IRAKASLEA. Aizu, aizu, aizu... Zu hemen nahi dituzunak ari zara esaten.
METXA. Ez. Nik ezin ditut esan-beharreko batzuk zuen aurrean esan. Traumatizatutakook bakarrik ulertzen dugu elkar. Eroriak badauka belauneko minaren berri.
(Elkarri begiratzen diote denek, harrituta, burlaizez.)
BEÑATen AMA. Osaba...
(Hanka egiten du Metxak).
METXAK guraso-irakasleak utzi eta publikoari zuzentzen zaio.
© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti