Etiopia-z

Kanonaren sorrera egungo euskal literaturan

 

Joseba Gabilondo

 

1. Kanona, margina, instituzioa, modernitatea [1]

 

        1.1. Kanona

        Bernardo Atxagak 1978an idatzi zuen poesi lana Etiopia aztertzerakoan, bere literaturgintzak harrez gero jasan duen bilakaeraren argitan aztertu behar da. Egungo autore kontsakratua orain dela zenbait urteko poeta gazte haren bilakaera baita, bilakaera hau aldiz euskal literatura garaikidearen ardatz suertatu delarik. Beraz, Etiopia-ren azterketa hau orainalditik lehenaldirantz egin nahi genuke hitzaldi honetan, bilakaera horren zentzu historikoa atzeman nahiz, edo bestela esanda, gaurko esukal literaturaren egoera, zeinetan Atxaga erdigune bilakatu baita, analizatu nahiz.

        Atxagak 1990. urtean jaso zuen Espainiako literatur sari nazionala 70eko hamarkadaren amaian eta 80koan zehar bilakatu zen euskal kulturazko joera politiko zehatz baten buruketa da literatur arloan. Alegia, autore ofizialki saritutako baten aurrean gaude. 'Ofizialki' terminoak erreferentzia egiten dio estatu espainiarrean azken bi hamarkadetan gertatutako gatazka politikoen fruitu izan den sistema autonomistari. Autonomiazko sistema politikoak eta beronek barneratzen dituen hizkuntzen sareak determinatu baitu 'ofizial' terminoaren zentzu eta balio berria.

        Sinbolikoki bederen, esango genuke Garaikoetxeak eta Espainiako erregeak poeta euskaldunei —Aresti eta Orixe— egindako erreferentziekin hasi zela prozesu politiko hau. Literatur sari ofizialekin segi den prozezu hau, Atxagaren sariaz urrats bat areago joan da. Urrats garrantzitsua da berau. Orain artean lagun edo euskal idazle soil baino ez zenak lehenaldian utzi du edozein konplizitatetarako aukera, egun pertsonaia ofiziala bihurtu baita. Dagoeneko estatu espainiarrak badaki euskal poeta bat, sikiera, badela eta beronen izena, letra arraro horiek erraz irakurtzen uzten ez badute ere, Achaga, Ashaga edo antzeko zerbait dela. Beraz sari honek zerbait adierazi badu Atxagaren kasuan zera izan da, euskal autore ofizialki onartuen eta euskal literatura ofizialaren indarketa [2].

        Harrez gero egin diren itzulpen ugariren bidez ofizialtasun honek oraindik bigarren hedapen maila bat ezagutu du mendebaldean (Estatu Batuetatik Albaniara). Alabaina bigarren hedapen honen eraginak ez ditugu hemen ikutuko, asti faltaz.

        Orain artean «ofizial» hitza aipatu badugu ere, geure artean erabiliagoa delako, «kanoniko» hitza erabiltzea zehatzagoa litzateke; arazoa ez baita politika hutsezkoa baizik eta kulturazkoa, politikazkoa eta ekonomiazkoa era berean, hiruen arteko gurutzaketan —literaturaren instituzioan— suertatzen delarik. «Ofiziala» batzutan ez baita «ekonomikoa» edo «kulturala» eta alderantziz.

        «Euskal kanona» diodanean bere zentzu instituzionalean ari naiz beraz [3]. 'Kanon' Kontzeptua hitzaldi honetan giltzarri suertatuko denez, hasteko bederen kanonaren definiziotan sartzea baino, bere ondorio zehatzak aipatzea errazagoa izango dela deritzot. Alegia, autore bat kanoniko bihurtzean, politikoek badakite zein autorerengandik aipu poetikoa egin, ikastetxe eta unibertsitatetako literatur testu liburuetan garaiko literatur star-a zein izango den erabakirik geratzen da, gabonetako opariak erosterakoan euskaraz ez dakiten liburusaltzaileek ere asmatzen dute euskarazko liburu «zuzena» gomendatzen, kazeterien literatur diana nagusia zein izango den komunikabideek ziurtatzen dute, telebista eta irratiko edozein kultur programatan literatur eritzi «zuzena» nori eskatu ere azkenean produktoreek badakite, literatur autonomikoetako bilerak daudenean arduradunek badakite nor kontaktatu... eta abar luzea.

        Atxagak euskal literaturaren kanonaren bilakaeran hartu duen lekuaren beste froga bat ni-neu naiz, adibidez, EHU-aren Udako Ikastaroen testuinguru honetan. Izan ere, unibertsitatea da kanonizazio honetan parte hartzen duen beste aparatu garrantzitsua. Dagoeneko segur naiz, XX. mendean beste zazpi-zortzi euskal idazleri bakarrik emandako zilegiztapen teorikoa bermatu diola Atxagari euskal unibertsitateak, ihardunaldi hauek barru.

        Bestalde, kanonaren eta euskal literaturaren izaera historiko eta politikoa zein zehatza den ulertzeko, nahikoa da konturatzea Ramon Saizarbitoria bezalako idazle batek askozaz ere testu kanonikoagoak idatzi dituela eta bere idazketaren ibilbidea askozaz ere modernoagoa izan dela; «modenoa» zentzu literario historiko estriktoan darabilgu hemen. Alabaina, Ramon Saizarbitoriak bere hiru elaberriak EEA sortu aurretik argitaratu zituen eta EEAren kanonizazio prozesua indartu ahala, Saizarbitoria isildu egin denez eta isiltasunaren margin honetan bizi izan, lehenaldiko literatur irudi bezala, kanonizazio prozesutik kanpo geratu da.

        Hitz gutxitan esateko, Atxaga autore kanoniko bihurtu da euskal  literatur instituzioaren erdian kokatu delako, instituzio hau EEAren abaroan sortu ahala. Era berean, kanona elementu kultural bezain politiko denez, beste alor batzutan ere hedatu dela aipatzea baino ez dugu. Mitxelena, Txillida eta Barandiaran, kasu, zenbait euskal artista eta jakintzazko pertsonek lortu duten kanon estatusaren irudi garbi dira [4]. Izan ere, EEAk bere kultura instituzionala gararazi behar izan du azken hamabost urteotan, eta beraz kultura instituzional honen erdian pertsonaia batzu kanonizatu behar izan ditu erreferentzia eta erdigune gisa.

        Kanona, EEAko arlo guztietan batera aztertuz gero, EEAko kulturaren inkontziente politikoaz askoz gehiago jakingo genuke. Zoritxarrez, EEAk bere barnean kontrako kultura sendo bat sortzen ez duen artean, kanon hau indartu baino ez da egingo, eta beraz ez da lekurik izango kanon honen kritika eta azterketentzat.

        Kanonizazioak atzean dakarren inkontziente politikoa zein indartsua den iradokitzeko, zera bakarrik adierazi nahiko nuke amaitzeko, ez dela kointzidentzia baldin eta literatur kanonaren erdian emakume bat edo euskaldunberri bat ez badago. Bi kategoria horiek ez dute «balio» egungo euskal kanonaren sistema erdigune eta erreferentzia izateko.

 

        1.2. Margina

        Kanonizazioaren prozesu honen taiua eta ondorioak argiago ikusten dira baldin eta Atxagaren beste garaikide eta taldekide bat hartzen badugu gonbaraziogai: Joseba Sarrionaindia [5].

        Sarrionaindiak berorrek adierazi duenez idazle marginala da. «Marginal» hitza ondo zehaztea garrantzitsua da. Sarrionaindiak bere burua egoera politiko ofizialaren ertzean kokatu du, idazle bezala euskal literatur instituzioaren barnean bizi bada ere —Atxaga bezala [6]. Jokaera politiko honek aldiz literatur kanonetik kanpo utzi du Sarrionaindia. Ondorioz, Sarrionaindia ekonomikoki eta kulturalki arrakastatsu izan badaiteke ere, behintzat irakurle talde handi baten barnean politikoki bere burua marginean ezarri du, eta beraz literatur instituzioaren kanonetik at.

        Garai batean unibertsitate ofizialak marginaltasun politiko hau kontutan hartu gabe Sarrionaindiaz hitzegin bazuen ere, literatur kanonean Atxagarekin barneratuz, gaur egun ezinezkoa da Sarrionaindiaz hitzegitea kanonaren eta marginaltasunaren artean bereizketa instituzional zehatzik egin gabe [7].

        Sarrionaindiak esplizitoki beste Euskalerri mota baten aldeko aukera politikoa egin du: Euskalerri sozialista eta burujabea. Eta beraz, EEAko kulturaren marku politikotik sahiestu egin du bere burua. Ez du bere langintza literatur sariketa ofizialetara aurkezten, ezta EEAko medien dinamikan (elkarrizketak, argazkiak, mahainguruak...) parte hartzen [8]. Sarrionaindiak kanpora egin du unibertsitatea eta mediak bezalako aparatu ofizialak barneratzen dituen euskal eta espainiar proiektu politiko autonomikotik, eta bere literatura halaber egitura politiko honen marginean kokatu du ondorioz [9].

        Marginean diogu zeren oraindik Elkar edo Pamiela bezalako lege barruan geratzen diren argitaletxeetan argitaratzen du Sarrionaindiak eta oraindik edonork irakur lezake debekapen legalik gabe. Alegia, Sarrionaindiaren langintza ez dute inoiz «terrorismoaren apologiaren» legepean isilerazi eta, beraz, EEAn argitaratzea ez zaio debekatu legez. Bestela esateko, Sarrionaindia, idazle bezala, egungo sistema politiko ofizialaren barnean datza, baina bazterrean. Politikoki bazterrean izate honek kultura/ekonomia/politika autonomikoak EEAn eta estatu espainiarrean sortu duen literatur sistema kanonikoaren ertzean ezarri du.

        Zentzurik zabal eta literalenean Atxaga kanoniko bihurtu den bezala, Sarrionaindia marginal gertatu da.

        Arazoa, puntu honetan, ez da «kalitate» kontua, leku kontua baizik —zentru eta margin kanonikoaren aukera. Edo hobe esateko, lekua eta kalitatea batera datoz momentu historiko bakoitzean, geroko errebisioek bateraketa hauek berregituratzen badituzte ere. Eta hitzaldi hau kanonizazioaren politika horren barne ezartzen denez, hain zuzen autore kanonikoak sortzeko ihardun ofizialean lekutze prozezu hau kontutan hartu beharko dugu geure erizpenak ematerakoan. Hitzaldi honen helburua, beraz, lekutze horrekiko kontziente izatea da eta bertatik beronen kritika historikoa egitea, egungo euskal literaturaren egoera argitu nahiz.

        Kanonizazioaren prozesu honetan 1989an egin zen Orixekiko birkanonizazioa ere aipatu nahi nuke. Unibertsitatea den beste eleiza honek Orixe kanonizatu nahi izan baitzuen euskal literaturaren izpirituak (metafisikoki eta hegeliarki ari naiz) izan duen bilakaeraren beste urrats galdu baina berrirabazitzat -EEArentzat berrirabazia-. Egia esan, kanonizazio hegeliar horren ondoan nik-neuk kanonizazio historikoago bat proposatuko nuke, iazko ihardunaldietan salbuespen izan zen Iñaki Aldekoarekin batera, zeinetan Orixe garaiko pieza historiko garrantzitsu bihurtzen den baina era desberdin batean. Alegia, joera abertzale erreakzionario gisa ulertu nahiko nuke Orixe euskal literaturaren historian. Gaur egun zenbait irakasle edo kritikok Orixe literatur idazle garrantzitsutzat birbalioztatu nahi izatea Orixeri buruzko jakintza (botere) espezializatu akademiko erreakzionarioa sortu nahi izatearen ondoriotzat salatu nahiko nuke.

        Kanonizazioaren testuinguru honetan, beraz, Atxagaren lan poetikoaren (Etiopia) irakurketa bat egingo dut eta geroko narratibaren (Obabakoak) irakurketa bat hurrengo hitzaldirako utziko. Etiopia-ren irakurketa azaldu ahala, oraingoz extraliterarioa eta zirkunstantziala irudi dezakeen kanonaren auzi honek irakurketa horretan arazo giltzarri ugari argituko ditu.

 

        1.3. Instituzioa

Etiopia (1978) [10] kontsidera dezakegu Atxagaren lehen idazlan garrantzitsua. Aurrez zenbait lan txikiago idatziak baditu ere, hala nola Puntua eta borobila (1972) eta Ziutateaz (1976), Etiopia-z bihurtzen da Atxaga idazle ezagun eta eraginkor.

        Horiek horrela, Etiopia-ren jaiotzaren zertzelada historikoak garbiak dira. Liburu poema argitaratu zen garaian. Atxaga Pott literatur taldean aktibo zebilen. Eta hain zuzen, Arestiren hegalpean sortutako literatur talde honen emaitza da Etiopia hein handian. 70eko hamarkadaren amaian hedatu zen talde honek eman duen lanik gotorrena da Etiopia eta talde honen amaiera bera seinalatzen du. Etiopia-ren harrerari dagokionez, 1978-ko Durangoko azokan, edo bestela esanda euskal liburugintza eta musikagintzaren merkatal termometro bakarrean, liburu gehien salduenaren saria eraman zuen liburu honek. Azkenik gogoratu behar dugu euskal literatura postfrankistaren lanik garrantzitsuenetakoa dela era berean.

        Atxagaren lehen idazlan nagusi hau Potten testuinguruan kokatuz gero, ikusta dezakegu talde honek bilakarazitako literatur projektu zehatz batek bultzata sortua izan zela: euskal literatura instituzional eta kanoniko bat sortzeko projektua.

        'Instituzionala' diogunean zera esan nahi dugu, alegia, Pott taldearen belaunaldiarekin literatura buruaskia bilakarazi nahi dela lehen aldiz euskal kulturan euskal filologiaren ikerketa beharretatik eta euskal abertzaletasunaren helburu politikoetatik berezirik. Beste hitz batzutan esanda, projektu honek bultzatako literaturak berezko izana lortu nahi du euskal kulturan, honetako behar dituen aparatu instituzionalekin lotuz (argitaletxeak, sariak, mediak, unibertsitatea...) ete bere kasako aparatu instituzional bihurtuz.

        Era berean, Pott taldearen beste helburua literatur buruaski instituzional honen kanona definitzea zen; literatura instituzio buruaskitzat eraikitzeak instituzio horren egituraketa eta ardatzak zein ziren zehaztea eskatzen baitzuen. Bestela esanda, Pottek lehen munduko literatur tradizio berezi bat (sinbolista eta modernista frantses eta ingelesek bereziki gararazitakoa) eta euskal literatur tradizio berezi bat (Lizardi eta Lauaxeta bai, Aresti soziala ez...) hautatu zuen bere literaturgintzaren oinarri eta abiapuntutzat.

        Insituzionalizazio eta kanonizazio proiektu honen ondorioa egun ikus dezakegu: Pottek, eta bereziki Atxagak eta Sarrionaindiak, onartutako literatur tradizioa eta idazkera estiloa bihurtu dira kanona, beraiek sortzen lagundu duten egun euskal literaturaren instituzio gaztean.

 

        1.4. Modernitatea

        Instituzionalizazioaren eta kanonizazioaren prozesuak batera suartatzen dira Potten. Geroago ikusiko dugunez, bi ekintza hauek eratzen dute halaber literatur modernoaren sorrera eta amaiera lehen munduko nazioetako literatur hegemonikoetan —hala nola ingelesa, frantsesa, italiarra eta frantsesa—. Sorrera eta amaiera hauek erromantizismoak eta abangoardia historikoek markatzen dituzte errespektiboki. Erromantizismoak literatura instituzio moderno bezala kontsagratzen du eta modernismoak eta abangoardiek aitzitik tradizio modernoaren azken errebisio eta balioztaketa dagite. Abangoardiek, hain zuen, erromatizismoaz gero sortuz joan den kanona azken aldiz errebisatzen dute, kontsagratuz, eta, ondoren, literatura instituzio bezala kuestionatu eta suntsitzeari ekiten. Beraz, garrantzitsua da euskal literaturaren kasuan bi prozesu historiko hauek lehenik bakarka aztertzea jarraian testuinguru historiko berean kokatzeko parada izan dezagun.

        Aurrerago azalduko dugunez, literatura modernoaren hastapenak erizpide desberdinen arabera bereiz litezke eta definitu, batez ere lehen munduko literatur hegemonikoez ari ez garenean —hala nola euskal literatura. Nik-neuk Lauaxeta, Txillardegi edo Saizarbitoriaren literaturgintzara jotzea onartuko banu ere euskal literatur modernoaren hastapen datak ezartzean, data hauek beti ere testu barneko literatur ezaugarriren bidez definituak izan dira eta, azken batean, autoreagan zentratutako erizpide biobibligrafikoez [11].

        Aitzitik, literatura instituzio historiko moderno bezala kontsideratzen badugu, 70eko hamarkadan Pottek inauguratzen du literatura euskalduna lehen munduko kanon hegemoniko modernoen arabera. Alegia, Pott izan zen lehena literatur talde gisa eratzen euskal hizkuntzalaritza eta politika abertzalearen arduretatik kanpo [12]. Oraindik talde honen aurreko idazle gehienek, hala nola Aresti edo Mirande, euskal hizkuntzaren estandarizazioarekin eta euskal proiektu politiko batekin loturik idatzi zuten literatura. [13] Modernista ugariren anparoan (T.S. Eliot, Pound, Pessoa, Rilke...) l'art pour l'art edo artea arte alderako teoriak lehen aldiz Pottek zabaldu zituen. [14] Potten lehen helburua literaturaren banaketa eta buruaskitasun modernoa aldarrikatzea izan baitzen [15].

        Mendebaldeko literaturari begiratuz, literatura buruaski baten aldarrikapena erromantizismo alemaniarrak ekarri zuela konstatatu behar dugu. Alegia, F. Schlegel-ek eta Jenako taldeak bilakarazi zuten neoklasizismoan literaturak izan zituen lotura guztietatik aske zatekeen literatura buruaskiaren ideia, filosofia idealistaren eta Goetheren anparoan. Madame de Staél- ek Frantziara eta Ingalaterrara erromantizismo alemaniarraren ideiak zabaldu ahala, literatura moderno buruaski baten aldarrikapen erromantikoa Europan zehar barreiatu zen lehen aldiz. [16] Funtzio erromantiko hau Euskalerrian Pott taldeak bete zuen 70eko hamarkadaren amaian.

        Jakina, literaturaren autonomiaren aldarrikapen erromantikoa XIX. mendeko kultur burgesaren garapenarekin bat dator, eta beraz literaturak bere autonomia merkatuaren bidez lortzen du, bere kasako salgai bihurtuz eta literatur autoreak ekonomikoki emantzipatuz.

        Merkaturaketa hau literatur moderno europar hegemonikoen sorreraren ezaugarririk nagusienetakoa da. Berriro ere, literaturaren merkaturatzea Europan zehar XIX. mendean zehar (Ingalaterran XVIII.enean) gertatzen da, burgesia indartzen hasten den bezala. Europan zehar merkatu propio gisa egituratzeak literatura modernoa gizarte instituzio bihurtzen du [17]. Erromantizismoaren garaian gertatzen den literaturaren instituzio eraketa Euskalerrian Pott taldeaz gero sortzen hasten da [18].

        Potten kasuan ere antzeko bilakaera bat ikusta dezakegu beraz. Potten proiektuaren azken emaitza lehen literatur idazle profesionalaren sorrera baita. Seguruaski Bernardo Atxaga da Euskalerrian profesionalismoaren aukera hartu eta aukera horretan garaile atera den idazle bakanetakoa. Agian, oraindik bera da idazle bakarra literaturaren instituziotik bizi dena, zeren beste idazle gehienak irakaskuntza bereziki, eta beste zenbait ofiziotan gutxiago, aritzen baitira.

        Alegia, Pott taldeaz gero euskal literaturaren instituzioa instituzio bezala biziten hasi da, bere idazle (erdi) profesionalekin, bere merkatal ihardun bereziarekin eta, azkenik, bere literatur kritika unibertsitariarekin.

        Kritika unibertsitaria ere barnean sartzen dugu, zeren ez dugu ahantzi behar literatur kritikazko ikastaroak EHU-n eman dituen lehen irakasletakoa Jon Juaristi, Potteko partaidea bera, izan dela eta euskal literaturazko ikastaroak inoiz eman dituen lehen unibertsitate irakaslea Jon Kortazar dela, hots, Pott taldera beranduago elkartu zirenetako bat. Azkenik, literatur kritikan aritzen garen askotxo talde honen semealaba gara edo behintzat beronen eragin handia izan dugu [19].

        Bestalde, eta gorago azaldu dugunez, Pottek euskal literatur kanon baten egituraketa dakar. Honetako, XX. mende hasierako abangoardia gehienen antzera, Pott taldea literatur talde militante bezala egituratu zen. Pott taldea lehen euskal literatur abangoardia modura eratzen da beraz: talde bat da, bere partaidetza deklaratuekin, talde bezala bildu eta bizi da, eta taldearen organo ofiziala bihurtzen den aldizkaria, Pott, argitaratzen du non euskal literatur projektu berezi eta zehaztu bat azaltzen baiten [20]. Talde militante honek organo ofizial horren bidez bere literatur doktrina eraiki zuen, zenbait literatur korronte eta autore (modernismo klasiko eta berantiarreko zenbait autore, hala nola T.S. Eliot, Borges, Kafka...) aldarrikatuz, beste batzu errefusatuz (errealismoa, literatura esistentziala eta nouveau romanaren antzerako literatura esperimentalak, hain zuzen, Ustela taldeak gogokoago zituen aukerak), euskal kulturaren eta literaturaren kritika zorrotz eta oldarkoi bat eginez, bertatik zenbait literatur joera eta autore erreskatatuz [21] eta, azkenik, kritikatutakoaren ukazioz geroaldiko proiektu bat inplizitoki adieraziz.

        Aldizkariaren jite abangoardista, eta are zehazkiago dadaista («pott» hitzaren erabilera «dada»-ren parekoa da), nabarmena da eta Etiopia-n bertan ikusta daiteke. Beste hitz batzutan esanda, Pott taldea abangoardia europar hegemonikoek (dadaismoa, futurismo italiarra, surrealismo frantsesa eta espresionismo alemaniarra) mende hasieran hartu zituzten jokabideak bereganatuz eratu zen. Esan gabe doa, mende hasierako abangoardien testuinguru historikoa erabat desberdina zela, ezen inperialismo kapitalistak metropoli europarretan sortarazitako artearen merkataltze eta des-instituzionalizazioaren prozesuei erantzunez gararazi baitzuten abangoardiek dinamika militante hau [22].

        Aitzitik, Potten kasuan egituraketa abangoardista eta militante hau ez zen literaturaren eta artearen merkataltzeari erantzunez paratua izan, ezen oraindik euskal literatura ez baitzen merkatugai bihurtu. Aitzitik, euskal kulturan faltan zegoen literatur proiektu bat gararazteko helburuz eratu zuen Pottek egitura militante hau. Halaere, militantismo honen funtzioa bera da bi egoeratan abangoardia historikoena eta Pottena. Bi kasuetan literaturaren instituzio buruaskiari (abangoardien kasuan dagoeneko bazen literatura modernoa, Potten kasuan sortu nahi zuen euskal literatura buruaskia) gizarteko beste instantziek (merkataltzea lehen kasuan, politika abertzalea eta euskararen hizkuntz normalizazioaren ihardunak bigarrenean) egindako erasoen aurka sortzen da egitura militante hau.

        Potten ihardun abangoardista militante honen emaitzak garbiak dira. Pottek literatura idazteko joera eta estilo bat sortarazi zuen euskal literaturan, hain zuzen, egun nagusi dena. Potten erreakzio zuzenez, aldizkari abangoardistak modan jarri ziren Euskalerrian belaunaldi gazteagoen artean, dagoeneko diferentzia kualitatibo bat bazegoen ere —beraiek ez zirela lehenak— [23]. Azkenik unibertsitateak Pott taldeko zenbait partaide barneratuz gainera, Pott taldeko literatur ekoizpena eta ekoizpen hau oinarritzen den literatur tradizioa zilegiztatu ditu kanon bezala [24]. Kanona zilegiztatzeko prozesu honetan, Atxagari emandako Espainiako literatur sari nazionala kanonaren eskaileran azken harmaila baino ez dugu.

 

 

2. Euskal prometeo moderno baten istorio orojakile baiina berantiarra: Etiopia

 

        2.1. Isiltasunaren euskal profeta gazteak.

        Hala Etiopia testuinguru berezi honetan kokatu nahi genuke Pott taldeak sortu eta argitaratu zuen lan nagusi eta bakartzat. Etiopia Pottek eragindako kanonizazioaren abiapuntu baita. Eta abiapuntu guztiek bezala, Etiopia-k argi egin dezake testuinguru hura berrirakurri eta gaur egunerako zenbait gogoeta baliagarri sortzeko.

        Hasteko, esango genuke Etiopia lana ez dela poesi liburu huts bat. Etiopia ez da poema bat, Poema baizik. Euskal ingurune kritikoan 'metaliteratura' terminoari ematen zaion balio inflazionaria gaitzetsiko bagenu ere. Etiopia metapoesia dela esango genuke: Metapoema. Etiopia-ren lehen helburua osoa eta orokorra, totala, izatea baita. Bertan, poesia modernoaren gainean egindako balioztapen, kritika eta gogoeta oso bat dago. Eta azken finean, Etiopia poesia eta literatur modernoaren azken mugara iristen da halaber: isiltasuna. Etiopia-k argi uzten du poesia modenoaren telos-a isiltasuna dela. Telos honen arrazoi historikoetara aurrerago itzuliko gara.

        Isiltasunaren gaia beste autore euskaldunek erabili badu ere, hala nola Mikel Lasak [25] edo pairaezina bihurtu digun itxoite inplizitoaren bidez Ramon Saizarbitoriak [26], inoiz ez dute isiltasuna adierazi literatur modernoaren azken muga bezala, zentzu orokor batean.

        Bada baita Arestik idatzitako lan goiztiarra, Maldan behera (1959), zeinetan zentzu orokor honetaz osatutako poesia idatzi baitzen. Maldan behera-ren azken ahapaldian bertso bikoitza azaltzen da zeinak giza bidaia metafisikoaren kontaketa poetikoa egitearen alperrikakotasuna aldarrikatzen duen:

 

                Bide honetako amaian,

                eztago mugarririk.

                Etxe erdi-erori hau,

                munduan den guztirik.

                Atzena da aurrerantzean,

                eztago ezer bizirik.

 

                Argizagiak astiro,

                dabiltza izartegian.

                Eguzkirik eztenean,

                iluminatzen dira.

                Gauza misteriotsuak,

                gizonaren begian.

 

                Aintzinako gizona,

                arranoaren alde.

                Gizonak bitinak [biktimak] hiltzen,

                eta arranoak jaten.

                Entzun ditugun pronuak [sermoiak],

                izan dira debalde [27].

 

        Arestiren kezkak nahiz eta poemaren alperrikakotasuna aldarrikatu, eta beraz edozein kontaketa poetikoren alperrikakotasuna, ez du oinarritzen bere nihilismo poetikoa literatura modernoaren bilakaeran, ezen nihilismo europar filosofikoa eta zuzenago Nietzscherena baitu azken erreferentzia. Nietzscheren Hala mintzatu zen Zaratrusta poemaren eragina nabaria da, heren supergizonaren etorreraren ondoan Arestik geroaldi ezkor eta ilun bat iradokitzen badigu ere. Beste arrazoiren artean, nihilismo honek esplikatuko luke poemaren arrakasta falta euskal literaturan [28]. Alabaina, Maldan behera lan goiztiarra izan zen eta Aresti ez zen berriro isiltasun modernoaren kezka honetara itzuli, Maldan behera-ren urte berean argitaratu zen, eta Borgiarra dirudien, bere ipuin batean ezik [29].

        Beraz isiltasunaren poetika bere bilakaera modernoan Atxagaren Etiopia-n gauzatzen da lehen aldiz euskal literaturan [30]. Zentzu honetan beraz Etiopia zerbait bada euskal literaturan zera da: mendebaldeko literatur hegemoniko modernoekiko konexioa. Etiopiaz gero euskal literaturaren eta mendebaldeko literatura modernoen arteko lotura ukaezina da eta orokorra. Zentzu honetan aurrez poeta gutxik, eta gero ere gutxiagok, izan duten mendebaldeko literatur modernoaren ezagutza orokor eta sakona erakusten du Atxagak, eta bertatik konexioa. Konexio honen funtziorik nagusiena, lehen azaldu duguna da, alegia, euskal literatura literatur autonomo edo buruaski bezala zilegiztatu eta instituzionalizatzea.

        Ironikoki, gaztetasunaren kezka dirudi tradizio modernoaren berri emate honek euskal literaturan —gaztetasun probintzialarena ere esango genuke—. Izan ere, gaztetasunak bakarrik onartzen dituen energi gehiegikeriak erabiliz, poetarik gazteenek ekiten diote modernitatearekiko konexio hau egitearen lan prometeikoari hein desberdinetan, Mirande eta Arestirekin hasi eta Atxaga arte.

        Egia esan, ez dago ezer berririk zeregin honetan, izan ere modernitatearen mekanismorik zentralenetakoa da: Prometeo baten gisa berritasuna gizonei ekartzea. Alabaina, modernitatearen beti-berri-izan behar honek, lehen munduko metropoli ez diren leku eta hizkuntzetan —hala nola Euskalerria— beste itxura bat hartzen du. Modernitatea bera eta bere berritasuna inportatzen dira metropoli guneetatik periferietara eta, beraz, inportazioak beti norantza bera duenez, periferia beti ere marginal, ez-moderno eta ez-berritzat markatzen du. Azkenik, inportazio kulturalean engaiatzen diren artista prometeiko hauek, leku ezmodernotatik etortzearen ezaugarriaz gainera, beti ere bigarren ezaugarri bat izaten dute: berantiartasuna. Alegia, metropolian momentuan bertan berri zer den jakiteak eta gero beren herri eta hizkuntza periferikoetara inportatzeak atzeratu egiten ditu, modernitatearen prometeo berantiarrak izatera kondenatuz. Aurrerago ikusiko dugunez hauxe da Atxagaren kasua halaber.

 

        2.2. Etiopiatik Etiopiara eta buelta jokatzera

        Kritika gehienak orain artean Etiopia-ren zati bakar bati atxiki zaizkio poemak duen osotasuna enoratuz [31]. Irakurketa hauek azaltzen dute Etiopia-ren kontraesana, izan ere oso irakurketa zatikatu eta mugatuak izan ditu kritikoen artean ere. Eta halaere, azken bi hamarkadetako opus poetiko garrantzitsuenetako bat dela azpimarkatzen kritikook bat datoz.

        Beraz Etiopia, bere osotasunean hartzetik abiatuko gara lehen-lehenik. Bere osotasunean aztertuz gero, Etiopia lau zati nagusitan bana daiteke, beherago frogatuko dugun bezala. Inork argudia lezake azken hiru parteek beren kasako osotasuna dutela, lehen partetik berezitua. Gure analisirako, ordea, beste banaketa bikoitz honen aukerak ez dio ardura, azkenean frogatzen saiatuko garen bezala.

        Lau parteetatik lehena, «Kain, Abel» deritzona, Bibliako pasadizu ezagunaren gainean poetak dagien gogoeta da. Botere jainkotiarraren aurka bortxaz errebelatu den Kainen alde eginez, poetak ibilbide poetikoari ekiten dio, honetako Kainen artasiko Jubal lehen poetaren itzalpea inbokatuz. Bigarren partea Piolet poeta baserritar imajinarioaren biografia da, bere admiratzaile batek idatzia. Hirugarren partea ibilbide metafisiko-metapoetiko bat da, bederatzi zirkuluz osatutako laberinto antzeko desertu batean —hain zuzen—, Etiopiara daraman desertua. Etiopia-Utopia hitz jokoak dagoeneko ikusten uzten digu bai poemaren izaera orokorra zein bere izaera metapoetikoa. Etiopia baita Rimbaud —le poéte moderne par excellence— poesia idazteari utzitakoan bere bidaiarentzat hautatu zuen ezinezko jomuga utopikoa. Laugarren eta azken parteak, «Azken erreflexioa Etiopiarako itzulbidean» deritzonak, poema eta narrazio bana dakar. Poemak iradokitzen du dena esanda dagoela eta gure hizkuntza klitxe antipoetikoz gainezkaturik dagoela. Narrazioak, aldiz, kontatzen du poeta estupido baten asasinaketa bere emazte eta honen maitalearen eskuetan. Azken narrazio honen bidez, poetak poema osoa amaitzen du.

        Lau zatiok hala deskribaturik baino lotura handiagoa dute Etiopia-n. Dena den eta oraingoz, zation azaleko deskribapen bat nahikoa izango da, lau zation arteko batasun eta zentzua parteon azterketa zehatzaren amaian bakarrik azalduko baita.

Etiopia-ren lehen partearen ezaugarri nagusia bere mitikotasuna eta dramatikotasuna da. Izan ere, Etiopia-ren poeta prometeikoak lehen-lehenik modernitatearen mitoa zilegiztatzeko bere genealogia poetiko propioa azaltzen digu, historiaz bestalde, mitoen garaira itzuliz. Hala, poetak literatura judu-kristauaren mitologia hartzen du bere genealogia propioaren abiapuntutzat. Eta ezin hobe aukera genealogia, izan ere modernitatea kultura judu-kristauaren ondorio baita. Bere ibilbide poetikoaren genealogia mitikoa ezarriz, beraz, poetak garbi uzten du bere liburuaren gaia historiaz gain mitologiaren denbora eternalean finkatzen dela, eta beraz gaia bera betierekoa dela.

        Lehen partea, gainera, mitikoa da bigarren zentzu batean. Halako mis en abyme poetique bat ere bai baita. Izan ere, Kain paradisutik jaurtikitakoan desertuan amaitu zuen. Desertu honen izena azkenean poetak iradokitzen du Etiopiako desertua dela. Beraz lehen parte honetan bigarren genelogia bat dugu, genealogia poetiko bat kainekin hasi eta Etiopia-ren autorearenganaino hedatzen dena. Eta genealogia bigarren honetan lotura poetikoa espazioa da: Etiopia. Etiopia baita Kain bizi izandako lekunea eta geroago Rimbaud poetak eta Etiopia-ren autoreak berak jomuga izango dutena. Hala, liburuaren tituluak lehen partean topatzen duen oihartzuna erabat poetikoa da.

        Kainen pasadizoaren aukeraketa, lehen esan bezala, botere jainkotiarraren aurkako errebeldia gizatiarrak markatzen du. Etiopia-ko pasarte honetan, poetak Kainen aldea hartzen du eta, Bibliak azaldutako Kainen gaizkile itxura arbuiatuz, egiazki gizatiarra den pertsonaia bezala deskribatzen du. Poetak botere jainkotiarraren aurka altxatzen den beste Kain hau gizadiaren inauguratzailetzat agurtzen du. Poetak, beraz, boterearen aurkako errebeldia goraipatzen du gizatasunaren izate eta hastapen mitikotzat. Poetaren eritziz, botere gorenaren aurkako errebeldia da gizatasunaren oinarrizko izatea inauguratzen duen gertakaria. Gertakari honen izaera absolutoa dela medio, poetak gizatasunaren hasiera ezartzen du historia ororen gainetik datzan eta mendebaldeko pentsamendua egituratu duen mitologia judu-kristau denboragabean.

        Beraz hastapenetako errebeldia mitiko eta genealogikoaren gaiak lekutzen du irakurlea poemaren irakurketa hastean. Ondorioz, boterearen aurkako borroka errebelde hau bihurtzen da poemaren irakurketan ardatz zuzendari aurrerantzean. Analisi honen amaieran itzuliko gara errebeldiaren eta bere mitikotasunaren garrantzia Etiopia-n aztertzera. Dena den, poeta prometeiko moderno orok bezala, bere genealogia mitikoa ezartzean, Atxagak lehenaldiko mitologia ez-moderno bat berridatzi behar izan du moderno bihurtuz. Alegia, gizadiaren errebeldiaren goraipena ez dago Biblian baizik eta modernitatearen hasieran. Izan ere, modernitatea da gizabanakoa erreibindikatzen duena, jainko ororen gainetik, jainkoak hil ondoren.

        Analisi estrategiagatik, bigarren partea (Piolet poetaren sasi-biografia) alde batera utziko dugu bertara aurrerago itzultzeko.

        Hirugarren partea, beraz, bidaia bat da [32]. Bidaia honek Etiopiako desertura jo nahi du. Hala, berriro ere espazioaren aipamenak liburuko zati desberdinak batzen ditu. Oraingoan ere, bidaia honen azken izaera poetiko bihurtuko da: desertuko bidaia geografikoaren ondoan, bidaia iniziatiko esistentziala garatzen baita. Mendebaldeko tradizio gehientsuenean bezala, bidaia iniziatiko hau infernurako jaitsieraz adierazten da. Zehazkiago, infernu iniziatiko metafisikorako katabasia edo jeitsiera da, Danteri eta Rimbaudi jarraikiz. Izan ere, modernitatean utopia/Etiopien bilaketa beti da infernala eta desertu-itxurakoa.

        Jeitsiera hau bederatzi zirkulu konzentrikotan eratzen da [33]. Hala, hirugarren parte honek bederatzi zati edo sailetan banatzen diren poesiak eta narrazioak jasotzen ditu. Sail bakoitzaren lehen orrialdean zirkuluaren izena (lehen zirkulua, bigarren zirkulua...) eta tradizio modernoko autore baten aipu bat edo bestelako pastitxe itxurako testuren bat ageri da. Jarraian, zirkulua osatzen duten poesiak eta narrazioak datoz.

        Zirkulu bakoitza esistentziaren alderdi baten esplorazioa da, hala nola haurtzaroa, memorioa, maitasuna eta abar. Beraz bederatzi zirkuluetan zehar hedatzen den ibilbidea izatearen leizeetara egiten den bidaia iniziatiko eta katabatikoa da. Alabaina, zirkulu guztien aurretik Marcel Schwob-en aipu bat dator zeinetan poetak, eta bere anaia bidaide Ophelionek, Etiopiarako ibilbidea dagoeneko egina dutela adierazten baituen. Beraz Atxagak dagoeneko egina den bidaia baten kontaera ematen digu hirugarren partean. Aurrerago argiago azalduko da dagoeneko egina izan den bidaia honen zentzu denborala.

        Ez gara hemen zirkulu hauon deskribapen zehatzetan sartuko [34]. Zirkulu hauon norantza, beren izaera kontzentrikoa dela medio, erdirantz da, azken zirkuluaren barnean gordetzen den leku magiko utopikora. Zirkulu hauek infernu itxura hartzen dute beste irudi baten bidez: laberintoa. Zirkulu hauetan hedatzen den ibilbidea galbidezkoa baita: ez da irteerarik. Poeta barneratzenago den heinean, ihesbiderik ez duen galbide horretan barna, laberintoaren erdigunea jotzen du. Laberintoaren azken irudia aldiz ziutatea da. Bestela esanda, poeta barneratzen den laberinto metafisikoaren itxura historikoa ziutatea da: modernitatea haragitzen den gizarte geografia.

        Bidaia guzti hau gainera, Euskalerriko eta mendebaldeko poeten eta tradizio poetikoen aipuz eta erreferentziaz beterik dago (Dante, Shakespeare, Axular, Rimbaud, Etxahun, Lizardi, Lauaxeta, T.S. Eliot, Pound, Rilke, Beckett, Aresti, Mirande, Lasa, Celan, Borges ...) [35]. Ibilbide hau, beraz, mendebaldeko literatur modernoaren bilakaera historikoaren ibilbide metapoetikoa bihurtzen da era berean. Hala, poeta desertu-laberinto-ziutate-liburutegi honetan barneratzen denean, bere modernitatearen bidaideekin barneratzen da utopiaren bila.

        Jakina ziutatearen erreferentziaren bidez, literaturak modernitatean izandako gatazkarik nagusienaren berri ematen du poetak era topologikoan. Ziutatea da modernitateak hartzen duen itxura geografikoa Etiopia-n. Poeta ziutate laberintikoan barneratzenago delarik bere Etiopia-utopiarantz abiatzen da [36].

        Bederatzi zirkuluetako poesia hauen estiloa Apollinaire-k hasi baina T.S. Eliot eta Poundek batez ere gararazi zuten estilo eklektikoa dugu [37]. Estilo honek poetaren ahots bakarra (monologikoa) zartatzen du, zatikatu, ziutateak eta modernitateak dakarren ahots ugaritasuna barneratu asmoz. Hala poemaren lerro edo hitz bakoitza hizkuntz modernoak duen edozein erregistrori mailegatutako diskurtsu edo esaldiren batetik dator (mitologia, komikiak, kaleko hizkuntza, beste literatura, zinea, anuntzioak, egunkariak, telebista...). Poemaren zentzua ez da poetaren ahots etengabeak dioenetik sortzen, mailegu heterogeneoek elkarren osagarri sortzen dituzten konexiotatik baizik. Maila honetan Atxagaren haustura aurreko euskal poeten estiloarekin erabatekoa da [38].

        Estilo eklektiko honek ziutatearen batasun gabezia jaso nahi du, diskurtsu poetikoa zatikatuz. Alabaina, heterogeneitate diskurtsibo moderno hau zentzu berri bat sortu nahi duen poema batean biltzea da poetaren helburua. Hala, poeta modernitatearen zatikakotasunaren aurkako gudu errebeldean engaiatzen da, berriro ere batasun utopiko bat aurkitu nahiz zatikakotasun horretan. Diskurtsu gatazka hau —ziutatearen diskurtsu heterogeneoen eta poesiaren saio bateratzailearen artean— poetaren eta ziutatearen enkontruak sortarazia da; modernitateari poesiak emandako erantzun errebeldea baita.

        Halaere, azken eta bederatzigarren zirkuluan, modernitatearekiko gatazka poetiko hau gogorkeriazko borroka bihurtzen da [39]. Poetak ziutatean bere utopia eta utopia horren deseginketa —distopia— topatzen baititu. Ziutatearen borrokarekin amaitzen da bederatzigarren zirkulua, oraingoan poetak Etxahun bidaide eta gogaide duela:

 

                Ezaren alaba garenoi etor hatzaigu, Etxahun

                ...

                Eta sar hadi orainaren laberintoetatik barrena

                Utzi iraganaren abenidak

                Ez haugu behar gorpuak zitroi urez ihurtzitzeko

                Baizik eta desertuko ihizik eragitearren

                Ziutaterantz.

 

        Ziutatearen eta modernitatearen aurkako borroka poetiko hau, lehen parteko errebeldia mitikoaren oihartzuna da. Oraingoan baina, errebeldia ez zaio botere jainkotiarrari zuzentzen baizik eta modernitatearen gauzaketa geografiko den hiriari, oraingoan ere, modernitateak itxura mitikoak hartzen baditu ere: laberintoa, desertua, infernua... Beraz poetak jokaera mitiko honen bidez zera adierazi nahi digu, kultura judu-kristauaren hasieratik egun arte gatazka berean bizi izan garela: utopietara iristea debekatzen digun boterearen —jainkoa, modernitatea— aurka gizabanakook daramagun gatazka. Gatazka hain da bera non beti ere leku berean gertatu baita: distopia guztien sinbolo bihurtzen den Etiopian.

        Laugarren eta azken parteak, «Azken erreflexioa Etiopiarako itzulbidean» deritzonak, poesia eta narrazio baten bidez, poetak modernitatearen agintearekin —bere forma guztietan— izandako enkontru errebeldeak eragindako erreflexio distopikoa ematen digu: modernitatearen enkontruak poetaren isiltasuna dakar. Isiltasuna bihurtzen da errebeldia guztien eta saio poetiko guztien amaierako puntua. Bidaia poetikoaren bukaeran modernitatearen isiltasuna dago: ez da utopiarik, eta beraz poetak ezer esatekorik aurkitu ez duenez, isildu egin behar du isiltasun honetan bere telos-a eta patua kausitzen dituelarik. Modernitateak poesia bere ezerezera eraman duela aditzera ematen digu Etiopia-k.

        Beraz azken parte honen tituluak, «azken erreflexioa Etiopiarako itzulbidean», autorea Rimbaud-en jokaera berari datxekiola iradokitzen du. Alegia, hirugarren parteak dagoenako poesia modernoak utopiarantz (Etiopiarantz) egina duen porrotezko bidaia kontatzen bazuen, Etiopiarako itzulbideak adierazten du poeta, halaere, Rimbauden pausoei jarraikitzen zaiola berriro: poesia atzean utzi eta Etiopiara abentura bila itzuli behiala Rimbaudek egin bezala.

        Beraz laugarren parte honetan bigarren bidaia bat proposatzen du poetak Etiopiara. Baina bigarren bidaia hau ezeztapenezko bidaia da, isiltasuneranzko bidaia bat, aurrez porrotera kondenaturik dagoen bidai ezinezko eta distopikoa.

        Azken parteko lehen lanak, Pound, Picabia, Beckett eta Celan bidaide hartuz, modernitateak hizkuntza masifikatu eta estandarizatu duela aditzera ematen du. Poetak ez du beraz hizkuntza poetikoarentzat lekurik. Eklektizismo poetikoaren bideak ere azkenean porrotera daramala adierazten du poetak. Modernitatearen ahots heterogeneoak poema batean barneratzeko azken borroka errebeldeak ere behea jotzen du.

        Poesiaz gainera, bada, azken narrazio bat, laugarren partean, zeinetan dagoeneko bi literatur sariren jabe den poeta afizionatu bat eta bere emaztea lagun batekin nola elkartzen diren kontatzen den. Elkarketa honetan lagunak poetari bere poesiak irakurtzeko eskatzen dio. Hark suizidioari buruzko poema bat irakurtzen dio eta lagunak izugarri gustoko duela esan ondoren poema zinatzeko eskatzen dio. Poetak poema zinatu bezain pronto, lagunak pistola atera eta akatu egiten du. Ironia zera da laguna eta emaztea maitaleak zirela. Azken finean amaierako narrazio honek isiltasunaz harantzago mintzatu nahi den poesia moderno ororen hutsaltasuna aldarrikatzen du. Poeta bere ingurunetik isolaturik bizi den inozoa bihurtu baitu ziutateak.

        Poetaren azken hitzak, hiltzear, zerok dira: «Zergatik, baina zergatik... dira ene azken hitzak» ezin hitz poetiko eta tragikoagoak —eta era berean ezin hitz poetikoki klitxetuagoak—. Erantzuna Etiopia-ren poetak ematen dio, galdera poetikoaren dramatikotasunari kontrajartzen zaion ironiaz, oinohar batean: «Erantzuna ez da hain zaila. Zergaitia beste galdera honekin konpreni daiteke: nork soporta dezake poeta afizionatu bat egun bakar batez ere?» Beraz oinohar honek poesiaren hutsaltasuna, alperrikakotasuna eta ezina aldarrikatzen du, egun poeta guztiak afizionatu inozoak baino ez baitira, ez baitute modernitatearen nihilismoak poesiari dakarkion ezintasuna gainditu.

        Mezua erabat autoritaritarioa da: isiltasuna poetak berak lortzen ez badu, lorterazi egin behar zaio asasinaketaren bidez. Azken poesia eta narrazio honen bidez modernitateak dakarren poesia idazteko errotikako ezintasuna aldarrikatzen du Etiopia-k. Izan ere, Rimbaudez gero ez dago Etiopiara itzultzerik, ez dago poesiaz harantzago hedatzen den isiltasun horretara berriro itzultzerik, itzulpen hau poesia merke, afizionatu eta klitxetua bihurtzen baita. Beraz poetak edozein utopiarako bidea hertsirik dagoela azpimarkatuz amaitzen du liburua.

        Jakina zenbait autorek maila mitikoak eman dizkiote isiltasunaren poetika modernoari, hala nola M. Blanchot, G. Steiner, O. Paz eta abarrek. Dena den, mitikotasun honen aurrean datzan egoera historikoa bestelakoa da, erabat antimitikoa. Eta Etiopia-ren bigarren parteko narrazioak dagoeneko emana zuen arrazoia, arrazoi historikoa, beti ere erdi-alegoria ironiko esango geniokeenaren bidez emana izan bada ere, berau baita Atxagaren beste estilo maitatua [40].

        Esan bezala, Etiopia-ren bigarren partean Piolet deritzon balizkako poeta kontsagratuaren biografia kritiko baten parodia ematen digu autoreak. Piolet poetak, Rimbauden hain antzeko, herri tipi batean jaio —adibidez Asteasu— eta Izambard bezalako maisu onen eta Paris bezalako metropoli handien faltan, beste hiri batera jotzen du —adibidez Bilbo— bere poesia unibertsal bihurtzera. Antza, beste hiri handi honetan ez dago beste Verlainerik zain [41].

        Pioletek bere poeia zabaltzeko topatzen duen metodorik errazena ziutateko parkean beren buruak urkatzen dituzten suizida ugarien jantzietan poema tipiak eskegitzea da. Hala hurrengo eguneko egunkarietan milioka aldiz erreproduziturik lortzen du bere poemak azaltzea, suiziden azken nahia Pioleten poemak zirela pentsatzen baita. Teknika honen bidez Pioletek denbora laburrean lortzen du gehien argitaratua eta ezagutua izan den poeta bilakatzea. Alabaina, polizia, suizida guztien grina poetikoari susmo hartuta, Pioleten atzetik abiatzen da, poeta bat suiziden hiltzaile izango den idoro nahiz. Ondoriz, Pioletek kausitzen du bere burua bortxatuta munduaren azken konfinetara ihes egitera. Ihes egin aurretik, baina, gaztetandik entzundako profezia gogoratzen du, alegia, poesiaren gailurrak ezagututakoan munduaren azken mugetara joko zuela. Orduan konturatzen da poesiaren gailurrak jo dituela.

        Narrazio honen poeta ororen ametsa ematen zaigu alegorikoki oso tonu ironikoan. Alegia, poeta ziutatearekin enkontru egitean bihurtzen da poeta unibertsal eta hain zuzen, unibertsaltasun hau erarik anti-poetikoenean lortzen du: bere poesia mediatara emanez, eta beraz erreprodukzio huts modura klitxetuz. Mediek bere poesia unibertsal bihurtzeak aitzitik poetaren amaia dakar. Pioletek munduaren konfinetara ihes egin behar du poeta izateari utziz.

        Kontraesan honetan Atxagak modernitateak poetari dakarkion gatazka historikoaren klabea ematen digu era alegoriko ironikoan. Hain zuzen, ziutateko modernitatearen ondorio den egunkarien merkatal tzean lor dezake bakarrik poetak bere unibertsaltasuna, baina, baita bere amaiera ere. Izan ere, poesiaren unibertsaltasun modernoak klitxetu egiten du poesia eta beraz suntsitzen.

        Bestalde, Piolet bezala, merkatalgoaren legeetatik kanpora poesia popular bihurtu nahi duen poeta kriminal bihurtzen da. Izan ere, poesia eta merkatalgoaren gatazka da azken finean poesia modernoaren nihilismoa dakarrena, gero era mitiko batean esplikatu nahi izan dena isiltasunaren poetikaren bidez.

        Merkatalgoaren eta poesiaren artean modernitateak hedatzen duen hilbizizko gatazka honetan, poeta errebeldeak beti ere isiltasunean amaitzen diren bi aukera ditu: bere lanaren merkatal zabalpenari uko egin eta anonimatoan amaitu (isiltasun ez-sozialean, Lautremont, Baudelaire, Nerval, Rimbaud...) ala merkataltzeari amore eman eta beraz modernitatearen jokaera ekonomikoari utzi poesia akaba dezan. Amore emateak poeta gizarte barnean idazle afizionatu sarituen bandoan ezartzen du (laugarren parteko narrazioko poeta) ala gizartetik kanpo, gaizkileen bandoan (Piolet). Bi aukerek poesia anulatzen dute Etiopia-ren arabera.

Etiopia-k berak bigarren aukera hartzen du, modernitatean eta bere  merkatalgoan errebeldeki barneratzekoa, bigarren partean Pioletek dagien bezala. Hirugarren partea, bederatzi zirkuluen ibilbide poetikoa, ziutatea den desertu-laberinto horretan barneratzea baino ez da, modernitatean poeta errebeldea barneratzea. Eta emaitza aurrez hirugarren partean emana bihurtzen da: poeta errebeldearen alperrikako borroka ziutatearekin. Hala laugarren eta azken parteak poesiaren likidazioa aldarrikatzen du. Ondorioz Etiopia-ren poetak, Bernardo Atxagak, poesia modernoaren likidazioaren erritualean utzitako leku bakarra hartzen du: poesia modernoaren heriotzazko ibilbidearen kontaketa distopikoa egitea.

 

        2.3. Jainkoaren itzulera

        Alabaina, atzekoz aurrera egiten ari garen irakurketa honetan Etiopia-ren azken partea, laugarrena, eta lehena lotu nahiko genituzke lanaren osotasunaren irakurketa bat azkenik erdiesteko.

        Lehen esan bezala, azken partean galdera batez erantzuten dio Etiopia-ren poetak, Atxagak, hilzorian datzan poeta afizionatuaren galderari. Poeta afizionatuak galdetzen duenean «Zergatik, baina zergatik... dira ene azken hitzak», Etiopia-ren poetak zera erantzuten dio: «Erantzuna ez da hain zaila. Zergaitia beste galdera honekin konpreni daiteke: nork soporta dezake poeta afizionatu bat egun bakar batez ere?». Azken galdera honen bidez, Atxagak poemaren instantzia orojakilearen lekua hartzen du, Etiopia galdera ironiko batez hertsiz. Alegia, poetak hasieratik modernitatearekin zuen errebeldiazko gatazka tragikomedia bihurtzen du Etiopia-ren amaieran. Bestela esateko, autorea da Etiopia-ri bere ahots propioaz azken esanahia ematen diona. Bere ahotsaren bidez, autorea Etiopia-ren azken instantzia erabakior eta guztiahaldun bihurtzen da. Edota mitikoki esateko, poemaren leku jainkotiarra bereganatzen du autoreak.

        Alabaina, Etiopia-ren beste parte mitikoa, lehena, Atxagak Kainen alde lekutuz Jainkoaren krudeltasuna salatzen zuen —orojakile eta ahalguztidun zen Jankoaren boterearen krudeltasuna—. Hala lehen eta azken momentu mitiko hauek batera jarriz gero, garbi ikusten dugu Atxagak, Kain errebeldearekin bat eginez hasten bazuen Etiopia ere, testuko jainko orojakile bihurtuz amaitzen duela.

        Irakurketa hau harantzago eraman daiteke autoreak Jainkoaren aurka lehen partean dagien argudioa irakurtzen badugu. Honela dio lehen parteko testuak:

 

beste arrazoigai batzu ere nabaritzen zaizkigu testoen [Duvoisin-en Bibliaren itzulpena]: «eta Kain bortizki sumindu zen, eta erori zen haren begitartea. Eta Jaunak erran zioen: zertako samurtu zare? eta zertako erori da zure begitartea?... Jaunaren baitan galdera horik ez ziren jolasa baino. Kainek koprenitu zuen. Nabarmen azaldu zitzaion boterearen krudeltasun geldoa, zeina gatuarena zirudien eta matoi kutsu hori, mixerablekeria. Horregatik ez dira jasotzen bere erantzunak, ez zirelako behar, soberan zeudekeelako. Guztia aldez aurretik dakianari ixiltasuna dagokio, ez itauna. Baina Jaunak jarraitu egin zuen: «Baldin ondo egiten baduzu, ez ote zare sariztatua izanen?... eta gaizki egiten baduzu, zure bekatua ez ote da berehala zure aterako?...». Argi dago: Aitak bere kondizioneak imintzen zizkion, parabisuaren prezioa obedientzian zetzala, gatibutasunean. (neure azpimarketa)

 

        Alegia, lehen partean Jainkoari eragotzi dion jokaera bera hartzen du Atxagak berak azken partean: bere sorkuntza den gizakiari (poeta afizionatua) jainko orojakilearen galdera krudela (nork soporta lezake poeta afizionatu bat...?) inposatzen dio. Homen ez da ironiarik. Atxagak poemaren jainko orojakile guztiahaldunaren lekua hartzen du amaieran. Atxaga-jainkoak aurrez baitaki erantzuna: poeta guztiek isildu egin behar dute azkenean.

        Arrazoia, berriz ere, Etiopia-ren izaera orokorrean datza: poesia modernoaren ibilbidea kontatu nahi zaigu, ibilbide honetatik kanpo datzan leku jainkotiar orojakiletik. Hau da egiazki Etiopia-n Atxagak azkenean hartzen duen lekua. Aurrez erabili dugun terminoa erabiltzeko. Prometeo gisa modernitatearen ezintasuna aldarrikatzera etorri zitzaigun poeta bihurtzen da modernitate horren esanahiaren jainko bakar eta guztiahaldun. Prometeok jainko baitirau, ez da gizon bihurtzen.

        Aldiz, leku jainkotiar hau hasieran azaldu dugun arrazoiak esplikatzen du: poesia modernoarekin euskal literatura konektatzeko ahalegin prometeiko eta jainkotiarra da Etiopia. Euskal poetak poesia modernoa zertan den erakutsi behar du, prometeo mezulari gisa, poesia modernoa euskal literaturan bere zentzu osoan barnera dadin. Baina azkenean, modernitatearen mezua prometeiko da jainkotiar bihurtzen delako. Izan ere, modernitateak bere hartan mezu orokor, guztiahaldun eta kontraesanezina baitakar: nihilismo erabatekoa, isiltasuna. Jainko poetiko berriak beste edozein mezu ez-moderno paradisu nihilista honetatik kanpo jaurtikitzen baitu, behiala beste jainko judu hark egin zuen bezalaxe. Etiopia-k jainkokiro azaltzen du poesia modernoaren jaiotza eta heriotza, bere historia [42].

        Are gehiago, hasierako Bibliaren aipu mitikoarekin, autoreak poesia modernoaren gatazkari ere erro mitikoak eman nahi dizkio, mito horren kontaketa egiteko eta kontalari bezala bere burua zilegiztatzeko, modernitatearen jakitun eta jabe jainkotiar bere burua eraikitzeko. Hain zuzen, Atxagak horixe lortu baizuen: modernitatearen ahotsa bihurtzea Euskalerrian. Eta egia esan, premia ere bazegoen norbaitek jainkokiro modernitatearen mitoa euskal poesiara ekar zezan, izan ere mitoek oraindik arrazoiak baino indar handiagoa dute.

        Zoriotxarrez azterketa soziologiko faltaz, kritikoak berak bere inpresioak faktu estatusera eraman behar dituela oso kontziente izanik, Etiopia-ren arrakasta merkatalariaren gunean mito hau jarriko genuke. Alegia, kritiko honen eritzi subjetiboz. Etiopia poema liburua zaila eta ulergaitza bazen ere —eta beraz arrakasta guti izatera deitua— «benetan berria eta oso modernoa» hotsaz saldu zen. Eta poesiak arrakasta merkatalariarekin zuen borroka ondo ezagutzen zuen Atxagak. Alegia, segur naiz liburu hau ez zela poeta afizionatu beldurtiaren inozokeriaz plazaratu. Atxagak ere suizidaren batzu topatuko zitukeen bere poemak ezagun bihur zitezen.

        Hain zuzen, dinamika bikoitz hau da modernitatearena, eta bereziki bere adierazle estremoarena, abangoardia: alegia, gizadiak ezagutzen ez duen egia artistiko berria prometeikoki gizadiari ekartzea da abangoardiaren azken helburua. Artista da jainkoaren lekua hartzen duena eta gizadia —burgesia— ez dakiena. Transferentzia beti da prometeikoa eta norantza bakarrekoa artistarengandik burgesiarengana.

        Modernitateak gainera transferentzia hori ironiaz egiten du. Alegia, artistak artearen azken zentzua beti ere ironiaren bidez eman eta ezkutatu egiten du era berean. Artista eta artelan moderno arrakastatsua zera baita: gizadia posizioa enorante eta jakinminean ezartzen duena eta posizio horretan eusten dioena, epatatuz, bere mezua garrantziaz eta iluntasunez igorriz ironiaren anbiguitatez.

        Espektaziorik handiena sortu eta espektazio horri eusteko gai dena da artista moderno arrakastasua. Mezu garrantzitsu eta ilunez hornituta gizadiaren interesa eta espektazioa zuzpertzea lortzen ez duena artista marginal bihurtzen baita. Aldi berean, mezua igorri bezain pronto bere garrantzia eta iluntasuna galtzen duen artista, artista merkatari eta ez-jenial bihurtzen da.

        Atxagak beraz modernitatearen dinamika prometeiko eta jainkotiar hau beste ezein euskal poetak ez bezala ulertu eta burutu zuen. Aurrez, Lizardi, Lauaxeta, Mirande eta Aresti bezalako poetek ere modernitatearen mezua ekarri nahi izan zuten baina ez ziren arrakastatsuak izan gizadiaren —euskal klase ertainaren— enorantzia arrausten eta beraz marginal izaten segi zuten Lizardi, Lauxeta, Mirande. Edota arrakastatsu suertatu ziren —Aresti— baina herrikoi bihurtu zirelako eta beraz arte beherean «erori zirelako» arte ez-modernoa.

 

 

3. Le temps retrouvé: transizio postfrankista

 

        Irakurketa honetatik uler daiteke Etiopiaren, eta zentzu zabalago batean Potten, proiektua. Etiopia ordura arte inoiz egin ez zen literatura modernoaren eta euskal literaturaren errebisio eta balioztapen era batekoa (jainkotiarra) eta sortzailea (poetikoa) izan zen. Etiopia-z gero euskal poesiaren horizontea moderno bihurtu da zentzu askotan. Etiopia-k literatur modernoaren tradizioaren ezagutza sakona eskatzen dio harrez gero idatzi eta onartua izatea nahi duen euskal poetari. Gainera, isiltasunaren poetika dela medio, poesia modernoa idazteko ezintasuna aldarrikatu du         Etiopia-k eta, beraz, ondoren idatzi nahi den edozein poesiak isiltasunaren poetikaz harantzago joan behar du, modernitatearen amaierari aukera alternatibo bat emanez. Azkenik, Atxagak poesia arrakastaz sal datekeela frogatu du (dagoeneko bigarren argitalpen bat ezagutu du Etiopia-k).

        Hitz batean, Etiopia euskal poesiaren «gailur modernoa» bihurtu dela esango genuke, zentzu historikoan eta ironikoan ere. Beste literatura hegemonikotan halako baieztapenak zentzurik izango ez balu ere, Euskalerriko literatur tradizioaren ahultasunak eta marginaltasunak honelako baieztapenak, edota blagak, egiteko parada ematen digu.

        Maila honetan Pott taldearen literaturak erabateko diferentzia suposatzen du 60ko hamarkadan idatzi zen poesia euskaldunarekin. Novisimo-ek gaztelerazko literaturan 60ko hamarkadaren amaieran eta 70ekoaren hasieran suposatu zuten haustura bera da Atxagak euskal literaturan egin zuena. Etiopia-n novisimo-en ezaugarri beretsuak idoro ditzakegu: kezka metapoetikoa literaturaren autonomiaren aldarrikapen bezala, eklektizismoa, kultura modernoaren ahots erregistro desberdinen erabilera, eta abar. Kronologikoki novisimo-ak lehenago gertatzen direla jakinaren gainean, haiei Atxagak dien zorra nabarmena dirudi, oraindik azterketa zehatz bat egiteke badago ere [43].

        Alabaina, novisimo-ek ez bezala, Pottek egoera edo testuinguru desberdin batean egin behar izan zuen aldaketa. Alegia, oraindik ere ondo taiuturik ez zegoen literatur tradizio baten faltaren ondoan idatzi zen Etiopia. Eta beraz, gaztelaniazko kasuan aurreko literatur tradizioaren joera politikoetatik askatze bat izan zena, beti ere historikoki ordurako eratuta zegoen gaztelaniazko literatur tradizioaren barruan, Potten kasuan haustura errotikakoagoa suertatu zen. Izan ere eta aurrean definitu dugunaren arabera, ez zen gaztelaniazko tradizioaren pareko literatur tradizio instituzionalizaturik euskal literaturan.

Etiopia da, Arestiren Maldan behera prezedente bezala hartu behar bada ere tradizio poetiko bat osatu eta defendatu behar izan zuen lehen euskal idazlana, horretako literatura beste eginbehar linguistiko eta abertzaletatik askatu eta ihardun berezitu bezala aldarrikatu zuelarik. Hala, Axular, Lizardi, Lauaxeta, Aresti, Mirande eta azkenik Etxahun Etiopiarako ibilbidean bidaide hartzean, lehenaldiko euskal tradizioaren zentzu bat sortu nahi izan zuen Etiopia-k.

        Tradizio sortze ihardun honen beste zeinua euskal kulturaren orduko jite herrikoia da. Novisimo-ek ez bezala. Pott taldeak topatu zuen 60ko eta 70eko hamarkadan herri literaturan batez ere oinarritzen zen euskal literatura abertzale bat, hala nola hein desberdinetan Lete, Lekuona, Gandiaga, Artze eta Aresti bera. Aurreko belaunaldiaren herrikoitasun errurala proiektu abertzale euskaldunaren barnean ulertu behar da, herri literaturan oinarriturik sortuko zen kultura goi mailako

bat sortzeko proz?suan [44], Etiopia-n, Potten ekoizpen nagusi den aldetik, ez da aurreko b?launaldi honen aipu zuzenik, ezta Arestirenik ere, kritika inplizito moduan ez bada behintzat [45]. Bertsolaritza literatur gisa ?rabiltzearen aurka Pottek egindako diatribak ezagunak dira, adibidez. Azken finean, Pottek abertzaletasunaren kultur proiektua arbuiatzen zuen eta literatura bestelako aginpiderik gabe defendatzen.

        Aurreko belaunaldiak defendatu zuen Euskalerriko herri kultur tradizionalaren birbalioztaketaren aurka, Etiopia-n bi joera ikusten ditugu. Alde batetik, Etiopia-k euskal tradizio modernista birbalioztatu zuen, hala nola Lizardi eta Lauaxeta —haiek literatura utzitako lekuan berrartu zuen Atxagak. Bestetik, Etiopia-k kultur masa amerikarra bereganatu zuen, novisimo-ek egin bezala. Etiopia- n boxeolariak, prostitutak, zinea, homosexualak, rock kantak eta bestelako masa kultura osatzen duten ahotsen bateraketa eklektiko zabala dago [46]. Masa kulturazko erreferentzia hauek aurreko belaunaldiaren herrikoitasunaren ordain gisa azaltzen dira Etiopia-n [47], proiektu abertzalearen agindupetik askatu asmoz [48]. Azkenik, aurreko belaunaldiak kantaldi politikoak erabili bazituen, herriko korronte abertzaleekin batzeko bide nagusi bezala, Pottek literaturari berezko zaizkion bideak erabili zituen bere lana zabaltzeko (aldizkariak, liburu argitalpena, literaturazko hitzaldiak, kritika unibertsitaria, literatur sariketak...).

        Bestela esateko, Etiopiak modernitatea bere zentzu betean ekarri zuen. Prousten esaldi hura erabiliz zera esango genuke, poema liburu honek sekula izan ez genuen denbora desiratu hura topatu zigula: modernitatea. Ordura arte, gure desiratan bakarrik bizi izan zen denbora hura Etiopia-n topatu genuen berriro euskaraz idatzirik. Ezin momentu modernoagorik euskal literaturan.

        Baina denbora birtopatu honek ere zentzu historikogoa du. Hots Potten iharduna frankismoaren amaierako garaian hasi zen. Eta beraz, frankismoak eragindako isolamendu guztietatik ateratzeko joera askatzaileen barnean ulertu behar dugu Etiopia. Pornografiarekin hasi eta demokraziarekin amaitu, gauza gehiegi falta ziren estatu espainiarrean eta are gehiago euskal literaturan, euskarak jasandako errepresioa zela medio.

        Hala, frankismoak berak eta bere mugaketa guztiek, sekula ez bezala, kanpotik zetorren kultura forma askorentzako egarri berezia sortu zuen. Eta poesiaren barnean, agian egarririk handiena poesia modernoarekikoa izan zen. Zenbait hizkuntza ez zekizkien irakurlearentzat autore asko eta mugimendu asko bere mugapenetatik harantzago zeuden. Baudelaire adibidez Gabriel Celayak argitaratu zuen urte batzu lehenago.

        Beraz frankismoan zehar onarpenik izan ez zuen poesia modernoak (Arestiren Maldan behera) edota suizidioa irtenbide bakartzat topatu zuenak (Mirande) Potten eta Atxagaren garaian bere irakurlegorik amorratu eta fidelena topatu zuen: frankismoaren mugak gaindituta, gauzarik berrienak dastatzeko prest zegoen irakurlego adia. Izan ere, eta berriro ere hitzaldi hau idazten ari denaren eritzi subjektiboan oinarritzerik ez badago ere, Etiopia-ren irakurketa konpetenterik egin zezakeen irakurle urri zegoela Euskalerrian defendatuko genuke: ia batere ez. Beraz, Etiopia-ren arrakasta hein batean kanpotik zetorren modernitate poetikoaren ulergaiztasun erakargarri horretan etzan zen. Kanpoko modernitate berri haren lilura ulertezina izan zen Etiopia-ren erakargarririk garrantzitsuenetakoa [49].

 

 

4. Etiopia ete gero: utopiak oraindik

 

        Beraz amaitzeko Etiopia-k Pott taldearen proiektua gauzatzen duela esango genuke lehen aipatu dugun zentzu hirukoitz horretan.

        Alde batetik Pottek eta Etiopia-k literaturaren eremu buruaski bat aldarrikatu zuen euskal letrek (ez literaturak) ihardun hizkuntzalari eta abertzaleekin ordura arte zituzten lotura hertsiak disolbatuz. Bestetik, literatur tradizio modernoaren berrirakurketa bat egin zuen, berrirakurketa honen bidez tradizio honen izate nihilista, isiltasunera daramana, azalduz eta Euskal literatura postfrankista ekarriz. Azkenik, literatura bere kasako merkatu bihurtzen lagundu zuen. Edota bestela esanda, euskal literaturaren instituzioa eta bere kanona sortzen lagundu zuen, erizpide modernoen arabera.

        Goian aipatu dugun bezala, mendebaldeko literatur tradizio hegemonikoetan hiru pauso hauek literatura modernoaren sorrera eta amaiera suposatzen dute eta, tartean, mende t'erdia luzatzen da —erromantizismoaren amaieratik XX. mendeko lehen abangoardia historikoetara—. Etiopia-ren irakurketa honen alde ironiko edo ezkorra zera litzateke: euskal literatura modernoa bere zentzu betean liburu bakar batean gauzatzen dela, Etiopia-n hain zuzen, eta, beraz, aurreko literatura guztia ez dela modernoa bere zentzu betean. Etiopia-n aldarrikatzen da lehen aldiz literaturaren buruaskitasuna eta tradizio honen azken ondorio den isiltasunezko nihilismoa. Baina era berean Etiopia-k tradizio modernoaren aukera hertsi egiten du, bere ezinezkotasuna aldarrikatzean. Ezin gehiago eskatu idazlan bakar bati. Irakurketa honen alde baikorra eta historikoa berriz zera litzateke: Potten belaunaldiaz gero, euskal literaturak bere marginalizazio eta morroitza desberdinetatik bere burua askatzen duela, mendebaldeko literatura hegemonikoen tradizio modernoan barneratzeko.

        Modernitatearen subjektu egitura osatzen duen Edipo-ren mitora joz zera esango genuke, euskal literaturak baduela dagoneko bere aita ediparra, bere garaian Mitxelena euskal filologian eta hizkuntzalaritzan suertatu zen bezala. Euskal literatura kanonizazioaren barnean sartu da. Dudarik ez, kanonizazio hau onuragarria da beti ere oinaztar eta ganboatarrez osatutako euskal literaturaren familia gatazkati honetan. Adibide bat: poeta gazte askok onartu duen bezala Etiopia «gainditzen» benetan «zail» suertatzen den testua bilakatu da. Etiopia-ren ondoan ez da adoleszentziazko poemarik edo arrazoi bakartzat proiektu abertzaleari joz salbatuko den poesia merkerik idazterik, oraindik idazten bada ere.

        Alabaina, kanonizazio hau erabat kuestionatu beharra dago, botere zapaltzailezko forma moderno bat izatera deitua baita. Adibide bat: Etiopia, tradizio modernoaren ezagutzaile den edozein euskal literatur irakasleren testu faborito bihurtuko da, dudarik ez. Alegia, unibertsitateko literatur jakintzak behar duen eremu aberatsa Etiopia-n aurki dezake bere exegesia aplikatzeko. Beste hitz batzutan esanda, maisua dakienaren lekuan zilegiztatuko duen testu paregabea da Etiopia, tradizio modernoaren jakitun eta jabe den irakasleak bakarrik interpreta dezakeen testu zail kanonikoa bihurtzera deitua baita [50].

        Beraz gure ondorioa zera da: aita ediparra beti ere edan egin behar dela jende heldu osasintsuak bihur gaitezen. Etiopia-z beraz baliatuz zera esango genuke, laugarren parteko amorantearekin elkar hartu behar dugula poeta moderno inozoa asasinatzeko. Eta are, Kain errebeldearekin elkar hartu behar dugu Atxaga insituzional kanonikoaren (ez idazle bera jakina) aurka errebelatzeko.

        Hasieran ireki dugun gogoetara itzuliz, beraz, zera esango genuke: Pott eta Etiopia-rekin literatur modernoa Euskalerrian ezartzeko egin den entsegurik serioena sortu dela. Atxagaren harrezkeroko bila kaerak entsegu haren baizkortasuna azaldu du: euskal poeta bat Espainia mailan saritua izan da, euskal literatura bere kasako instituzio bezala garatzen hasi da, kritika unibertsitaria loratzen hasi da, eta zentzu orokor batean euskal literatur merkatu bat zabaltzen hasi da zeinetan Atxaga dugun lehen idazle profesionala.

        Euskal idazleen hurrengo belaunaldiak ez du modernitatearen eta literatura buruaski baten auzietan burrukatu beharrik izango. Ez dago euskal literatura salbatuko duen lan maisua idatzi beharrik jada. Hauxe izan da Atxagaren belaunaldiaren ekarrera eta jarauntsia. Aitzitik belaunaldi berriak, jarauntsi hau —literatur tradizio modernoa— ulertzetik abiatu behar du eta bere aukera propioak egin: euskal literaturaren kultur instituzioa eta beronen kanona indartu ala errefusatu, merkatu dinamikan sartu ala beste bide batzu esploratu, profesionaltasunaren aukera egin ala errefusatu, argitaletxe eta mediekiko jokoan sartu ala at geratu, unibertsitateko kritika ofizialari jarraitu ala erantzun eta abar. Jakina, hemen azaldu baina arazo zehatz eta ugariagoak ditu euskal literatura garaikideak. Alabaina, arazo hauek hitzaldi honetan zabaldu ditugun iido nagusien inguruan lerratzen dira.

 

[1] Artikulu hau Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko doktoradutzako dirulaguntza bat jasotzen ari nintzelarik idatzia izan zen. Nire eskerrak Marijose Olaziregi, Gerardo Markuleta, Iñaki Aldekoa, Luis Madureira, Jessica Rothschild, Masao Miyoshi, Mikel Agirreazkuenaga, Joseba Irazu, Kojin Karatani eta Jon Kortazarri.

Artikulu hau 1990-ko EHU-ko Udako Ikastaroetan Jon Kortazarrek zuzendutako mintegi batean eman nituen bi hitzaldiren bertsio luzeagoa da. Alabaina, artikulua jatorrizko hitzaldi-egituran uztea erabaki dut, geroagoko berridazketa baten zain. Hitzaldiok motz izatea eskatu zitzaidanez, kontzeptu giltzarri asko definitu gabe utzi ditut artikuluan ere, irakurleak jakin edo sikiera inplizitoki ulertuko dituelakoan. Artikulu hau liburu forman argitaratuko den lan zabalago baten abiapuntua da.

Lehen hitzaldia izenburu beraz argitaratuko da laster Etorren, Jon Kortazarren zuzendaritzapean argitaratuko den artikulu bilduma batean. Bildumaren behin-behineko izenburua XX. mendeko euskal narratiba da.

Azkenik argitu nahiko nuke hemen inglesez aipatzen den bibliografiarik gehiena gazteleraz edota frantsesez ere badela. Ingelesez aipatzearen arrazoi bakarra zera da: artikuluak ingurune ingeles batean idatziak izan direla.

[2] Sari honek, aurrez katalunieraz eta galizieraz idazten dutenei emandakoekin batera, literatur espainiarraren berregituraketa ekarri du (literatura espainiarra = gaztelaniaz estatuko hizkuntza guztietan). Antologia eta kritika liburu guztietan eraldaketa hau barneratu bada ere, oraindik ere ez da ikerketa seriorik egin aldaketa hau nola gertatu den eta zer adlerazton duen aztertzen duenik.

[3] Instituzioen azterketa, eta azterketa honek sortarazi duen kanonarekiko arreta, hein batean Foucaulten ikerketek indartu dute.

[4] Oteiza, Krutwig eta Txillardegi bezalako pertsonaiak berriz marginaltasunarena.

[5] Biak izan dira Pott literatur talde desagertuaren partaide.

[6] Marginaren ideia hau bere Marginalia idazlanean zehar zentzu desberdinetan hedatzen da, beti ere ideia hau liburuaren ardatz zuzendari delarik.

Hala, maila politikoan Sarrionaindia esplizitoki mintzo da: «Literatura marginala da egitura edo marko ofizialetatik aparte sortu eta zabalduriko idazlanena». Sarrlonaindia, Joseba, Marginalia, Donostia, Elkar, 1988, 18.or.

Baieztapen honi ironia argitaldariak ezarri dio liburuaren bigarren orrialdean: «Liburu honek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo Sallaren laguntza jaso du... Lege gordailua: NA. 772- 1988».

[7] Ikus adibidez Jon Kortazarrek garai desberdinetan idatzi zituen bi artikulu, geroago liburu berean jasoak: «Gaurko euskal poesiaren ikuspegi baterako» eta «Konpromezu poesia Euskadin» in Kortazar, Jon, Laberintoaren oroimena. Gure garaiko olerkigintzaz, Donostia, Baroja, 1989, 49-74. eta 75-98. or.

[8] Oharra: bere egoera geografikoa kultur instituzioekin zerikusi zuzenik ez duen beste arazo bat da, biak azkenean lotuta badaude ere.

[9] Literatur marginaltasunaren ondorio etikoez ihardutean berriro ere Sarrionaindia esplizitoki mintzo da: «Etika mailan ere badago eginbide bat, hau da; norbere incependentzia eta libertatea gordetzea, boterearen morroi ez bihurtzea. Poetaren lana, beste ofizio publikoena bezala, bere espektakuluan integratu ohi du botereak poetari ospe eta sari emanez. Independentzia pertsonalaren frogetarik bat diruarena da, botereak eskainitako dirurik ez onartzea halegia, morrontzaren ezagugarrietarik bat kobratzea bait da. Hain zuzen, konpromezu politikoa gizarte zanpaketen aurka burrukatzean badago, konpromezu etikoa bere ofiziotik datozkion pribilejioak ez onartzean dago». Sarrionaindia, Joseba, Ni ez naiz hemengoa, Iruinea, Pamiela-Soñua, 1985, 188.or.

Maila honetan Atxagaren eta Sarrionaindiaren jokabide etiko eta politikoak literatur espektrumaren bi mutur kontrakoetan ezartzen direla begibistakoa da. Atxaga dukegu Euskalerriko (eta Espainiako) idazlerik sariztatuenetako bat. Aldiz Sarrionaindia marginaren idazlea da, eta are gehiago, bere azken urteotako arrakasta kontutan hartuta, marginaren kanona bihurtu dela ere esango nuke, hau beste arazo bat bada ere.

[10] Atxaga, Bernardo, Etiopia, Bilbo, Pott Liburutegia, 1978, (bigarren artigalpen eraldatua: Donostia, Erein, 1983). Aipamen guztiak lehen argitalpenetik egingo dira. Liburuaren orriak ez daude zenbakiturik.

[11] Ikuspuntu desberdin hauek askotan eztabaidatuak izan dira, ikus adibidez: Sarasola, Ibon, Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza, Donostia, Kriselu, 1975. Otegi, Karlos, Pertsonaia euskal nobelagintzan, Mensajero, Bilbo, 1976; Lasagabaster, Jesus Maria, «Euskal nobelaren gizarte kondairaren oinharriak» in Euskal Linguistika eta Literatura Bide Berriak, Bilbo, Deustoko Unibertsitateko Argitarazioak, 1981, 343-368. or.; Kortazar, Jon, Teoria y práctica poética de Esteban Urquiaga, Lauxeta, Desclée de Brouwer, Bilbo, 1986.

[12] Alde honetatik Potten argitalpenetan aurki daltezkeen baieztapenak errotikakoak dira.

Literaturaren euskal hizkuntzalaritzarekiko makurpenaz: «Esate baterako: euskara indartu eta zabaldu egin behar da. Konforme. Baina: beste guztia horren serbitsupean [sic] jarri behar da, literatura, zinea edo pedagogia edo kaka zaharra. Bada ez jauna, ez gaude konforme. Bakoitzari berea: literaturan, lehenengo gauza literatura egitea da (jauna jauna, zenbat aldiz)». «Poema liburu batetarako hitzaurregai bat», Pott bandaren berriemailea, 7. or. (datarik ez).

Euskal abertzaletasunarekiko makurpenaz: «Literaturaren arloan azaldu ditudan eritziak ere ideologizazio honen ondorio dira. Don Quijote española da eta ez irakurri, jaunak. Kultura espainolak ez du zer ikusirik gurekin (la hostia da, hau esaten dutenak, askok behintzat, erderaz jaio eta hitzegiten, balsa dantzatu eta futbolean jokatu baizik ez dutela egin kontuan hartuz gero) eta gainera negatiboa da (bada ez, kultura espainolarik gabe ez dago euskaldunen definiziorik, eta eskertzekoak dira La Celestinak, Mistiko kastellanoak eta beste; kultura guztiak dira aberasgarri hauzokoarentzat; eta Nafarroa Euskadi bada, zuek esango didazue zer den probentzia hori kultura espainolik gabe». «Kritiko literarioen aideplano konplexuaz eta beste zenbait arazo xelebrez...», Pott bandaren braga, 7.or. (datarik ez).

Nik-neuk Atxagaren eskua ikusten dut bi artikuluotan.

[13] Mikel Lasaren eta Ibon Sarasolaren poemagintzak seguruaski proiektu ideologiko abertzale batetik at eta literatur hutsezko helburuz idatziak izan baziren ere, poemagintzok liburu bakar batean geratu ziren eta ez zuten bilakaerarik izan.

Bestalde Atxaga bera hasieran parte izan zen Ustela taldean ere, literatura hutsezko planteiamentua azaldu zen Pott sortu aurretik, Josu Landak (Gerraondoko poesiaren historia, Donostla, Elkar, 1983, 70-71. or.) eta Jon Juarlstik (Literatura Vasca, Madril, Taurus, 1987, 130-134. or.) onartu duten bezala. Alabaina, Ustelak euskal literatura hutsik argitaratzeko jokaera politiko abertzaleari eutsi zion bitartean, Pottek literatura edozein proiektu abertzaleren gainetik ezarriz, gaztelerazko eta galizierazko literatura ere argitaratzeari ekin zion bere aldizkarian.

Diferentzia hau garrantzitsua da izan ere Ustelan proiektu abertzalea literaturazkoarekin eskuz-esku joan baitzen. Joera honek literaturaren buruaskitasuna baino euskal literatura baten proiektu abertzalea gararazi nahi zela ematen du aditzera. Pott izan zen lehena, beraz, literaturaren defentsa orokor bat egiten.

[14] Sarrionaindiaren kasua ia ironikoa gertatzen da testuinguru honetan. Dena den Literaturaren funtzioa Sarrionaindiarenean zailagoa da eztabaidatzen eta azterketa zehatzago bat eskatzen du.

[15] Zentzu honetan Arestik amaitugabea utzi zuen T.S. Elioten poemagintzaren euskal itzulpena Pott taldekoek burutzea adierazgarri da. Pott-en hasierako proiektuetako bat izan bazen ere, taldea desagertu eta gero argitaratu zuten azkenean. Ikus Aresti, Gabriel, Sarrionaindia, Joseba eta Juaristi, Jon, T.S. Eliot euskaraz, Donostia, Hordago, 1983.

[16] Ikus Lacoue-Labarthe, Ph. eta Nancy, J.L., L'absolu littéraire. Théorie de la littérature du romantisme allemand, Paris, Seuil, 1978; Benichou, Paul, La sacre de 1'écrivain: 1750-1830, Paris, José Corti, 1973.

[17] Ikus adibidez Ingalaterrako kasuarentzat, Watt, Ian,The Rise of the Novel, Berkeley eta Los Angeles, University of California Press, 1957.

[18] Jon Juaristi, Pott taldeko partaidea bera, eritzi berekoa da goian azaldu ditugun bi fenomenuei buruz: «Pott se disolvió en 1980, cuando sus objetivos fundacionales parecían ya alcanzados. En efecto, la liberación de la literatura euskérica de su

secular instrumentalización por instancias ajenas a la misma (Iglesia, fuerzas seculares, etc.) es ya un hecho, como también lo es su relativa autonomía del proceso de normalización del euskera. La literatura vasca está hoy, por primera vez en la historia, en manos de los literatos, y ello se debe, en gran parte, al movimiento iniciado por Saizarbitoria y Sarasola, que llevó a su culminación el grupo Pott. Desde la desaparición de éste, la producción editorial ha aumentado sensiblemente, y se ha consolidado en nuevo público, formado en su mayoria a por lectores jóvenes. Estos son, sin duda, los fenómenos más positivos de los últimos años» (op. cit., 133-134. or.).

Jakina, euskal literaturaren merkataltzea ez zaio Potti bakarrik zor. Alabaina merkataltze joera honen ardatza Pottek, eta bereziago Atxagak eta Sarrionaindiak, hartzen du. Saizarbitoriak ere arrakasta handia izan bazuen ere, bere 1976ko azken elaberriaz gero ezer ere idatzi ez duenez, ez da merkatuko dinamika hazkor honetan eragile zuzen bihurtu.

Dena den, maila honetan azterketa soziologiko berriak, á la Escarpit, behar ditugu. Eusko Jaurlaritzak eta Aurrezki Kutxek jokatu duten papera, adibidez, oraindik aztertzeke dago. Marijose Olaziregi egiten ari den ikerketa berriek argi egingo dute arazo honetan, geroaldi ez oso urruna izatea espero dugun batean.

[19] Ohar bat kazetaritzazko literatur kritikari buruz. Argia, Diario Vasco-ko Zabalik eta abar bezalako liburu-erreseinadun sailak dituzten egunkari eta aldizkariek ez dute «literaturarekiko» arreta bereizirik. Euskaraz argitaratutako edozein liburu irazkintzen dute. Beraz kasu honetan literatur instituzioarekin erlazioa konglexuagoa da.

[20] Sei ale atera zituen Pottek 1980. urtera arte: Pott bandaren berriemailea, Pott bandaren blaga, Pott bandaren braga, Pott bandaren praka, Pott bandaren plaga, Pott tropikala.

Maila honetan, Ustela taldeak ere egitura militantea bera izan zuen, helburuak literatur hutsezkoak ez baziren ere.

[21] Ikus adibidez Pott tropikal-ean (1980) Lauaxetari buruzko analisiak (8-9, 14-16. or.) edo Luis Mari Mujikaren lan bati egindako kritikak (10-13. or.). Barrutiari lan bat inoiz atera ez zen hurrengo Pott batean argitaratzea ere prometatzen zen.

Detaile hutsa bada ere, Pott bandaren berriemailea-n, 14. orrialdean, honako hau irakur daiteke: «Ustelas: Morituri te salutam, Pott» Erreferentzia jakina Bernardo Atxagak utzitako Ustela taldeari zuzendua da,

[22] Ikus Willlams, Raymond, The Politics of Modernism, Londres, Verso, 1989; Bürger, Peter, Theory of the Avant-Garde, Minneapolis, University of Minnesota Press, 1984.

II. Mundu Gerra ondoko abangoardiek ere, hala nola situazionistak, taktika berak erabili zituzten baina ordurako taktika hauen indarra joana zen, merkatua militantismoaren dinamika bera merkataltzeko gauza bihurtu baitzen.

[23] Benetan interesgarria izango litzateke aldizkari abangoardista hauen historia egltea.

[24] Jon Juaristiren zein Jon Kortazarren lanek (op. cit.) 80-ko hamarkadako euskal literaturaren panorama eztabaidatzean, Pott taldea hartzen dute ardatz. Josu Landa-ren lana (op. cit.), nahiz unibertsitatearen aparatoarekin loturik ez egon, ildo berean doa.

[25] Ikus honako poema izengabea: «Egunen batean beharko dugu pausatu/ udarako egun narras luzeren ondoren/ giza errealidade humilaren ohean etzan/ banitate oroetaz bilhustu, marmario guzietaz/ et aazken [sic] finean gure baitara itzuli/ ene

buruari so egin, hain bitxia/ estrainioa, birrindua eta madarikatua/ ene burua, eta ene baitara itzuli/ haur baten begiez inguru-muruak begiratu/ Bilhustu, hustu sentipen oro bazter/ ez gorrota, ez ahalegin/ betierako ixil-aldiaren sabore humila astiro jastal Ur-lo isilaren sabelera ondora'. Lasa, Mikel eta Lasa, Amaia, Poema Bilduma, Donostia, Herri-Gogoa, 1971, 109. or. (neure azpimarkaketa).

[26] Ikus Lasagabasterrek berak, beti Saizarbitoriaren aldeko izan bada ere, azkenean dioena: «La escritura como lugar de transgresión. A propósito de Ene Jesus, de R. Saizarbitoria», Lakarra, Joseba (arg.) Memoriae L. Mitxelena Magistri Sacrum, Donostia, Gipuzkoako Foru Aldundia, 1991, 1231-1240. or.

[27] Landa, Karmelo et al. (arg.) Gabriel Arestiren Literatur Lanak. 1. Lehen poesiak, Donostia, Susa, 1986, 163-164. or.

[28] Aldekoa, Iñaki, «Arestiren Maldan beheraz» (argitaragabea) eta Azurmendi, Joxe, Schopenhauer Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan, Susa, Donostia, 1989 dira lanik garrantzitsuenak arlo honetan, azkenak Mirande aztergai nagusi badu ere.

[29] Landa, Karmelo et al. (arg.), «Olerkaria. Denporatik ateratzen den probetxuaren ipui barregarria», Gabriel Arestiren Literatur Lanak. VI. Narratiba, Donostia, Susa, 1986, 13-16. or.

[30] Eskulturan, eta oso ondorio desberdinekin, Oteizak ere modernismoaren poetika nihilista hau bera aldarrikatu zuen, bere eskultura hutsunean amaitu eta gauzatzen zela aldarrikatu zuenean.

[31] Ikus aurrerago hirugarren partea bezala definitu duguna. Kritika horien artean, ikus hurrengoak: Arana, L. eta Otegi, L., «Atxagaren Etiopia-z», Xaguxarra, 1, 1980, 123-132. Kortazar, Jon, «Etiopia. Inora ez daraman bidaia», Op. cit., 203-229. or.

[32] Hain zuzen Maldan Behera-k duen ibilbide-egitura bera du Etiopia-ren hirugarren parte honek. Maila honetan bi ibilbideetan poetek dagiten mendebaldeko eta euskal literaturaren tradizioen aipamen eta berrirakurketak ihardun prometeiko erabat parekideak dira.

[33] Bederatzi zirkuluen egitura, Dantek erabilia zuen bere Komedia Jainkotiar-ean, azken hau astrologia Ptolomearrean oinarritzen zelarik. Infernurako zein zerurako bidea bederatzi zirkulu konzentriko zeharkatuz egiten zen astrologia egipziarrean. Dantenean ez bezala, paradisurik ez duen Etiopia-ko jeitsiera berri honen zentzu modernoa aitzitik Rimbauden Infernuan egonaldia testutik abiatuta ulertu behar da.

Atxagak Ziutateaz-en Hölderlin hartu zuen bere idazgintzaren abiapuntu garrantzitsuenetakotzat. Ez da Hölderlinen aipamenik Etiopia-n. Badirudi Hölderlinen aukera —erotasuna— sahiestu nahi duela Atxagak Etiopia-n eta, aitzitlk, errebeldia aldan ikatu, Rimbauden ildoan.

[34] Ikus lehen aipatu ditugun Arana & Otegi eta Kortazarren lanak. Berauon hurbilpena arras desberdina da. Hor nonbait bada nire lan argitaragabe bat zeinetan ia hitzez hitz zirkuluon azterketa erkatu eta arketipologiko (historiko, mitologiko, neurasteniko...) bat egin dudan. Zoritxarrez lanaren teknikotasunak arketipologoak ezik (eta hauen artean Grenobleko eskolakoak bakarrik) beste guztiak heriotzaraino aspertuko dituelakoan, argitaragabe uztea erabaki dut, era irakurgarriago batean berridazteko umorean eta paradan suertatzen naizen arte.

[35] Masa kulturak (zinea, komikoak...) Etiopia-n duen garrantziaz hitzegiteko ez dugu aukerarik hemen. Ikus aurrerago eztabaida labur bat 3. puntuan: Le temps retrouvé.

[36] Benjamin eta Raymond Williams izan dira seguruenik modernitatearen eta ziutatearen erlazioa gehien aztertu dutenak. Dena den, eta biek azpimarkatzen duten bezala, ez da ziutatea edo hiria bere hartan modernitatearen zeinu, baizik eta metropolia. Alegia, kapitalismo inperialistaren garaian, koloniak, hiria eta landak batzen diren lekune berezia metropolia da. Benjaminek Paris aztertzearen enpeinua honetan datza. Ikus Williams, Raymond, «Metropolitan Perceptions and the Emergence of Modernism» in The Politics of Modernism, Londres, Verso, 1989, 37-48. or, eta Benjamin, Walter, «Paris, Capital of the Nineteeth Century» in Reflections, New York, Schocken Books, 1986, 146-162, or.

[37] Paz, Octavio, Los hijos del timo, del romanticismo a la vanguardia, Bartzelona, Seix Barral, 1974.

[38] Arestiren Maldan behera-ko ahots poetiko monologikoarekin diferentzia errotikakoa da. Arestiren ahotsa mezu bat dakarren profetaren ahots bakarra da.

Oraindik Baudelairek ahots monologikoa erabili zuen bere Les fleurs du mal-en, ez alabaina Spleen de Paris-en. Orokorrago, Rimbaud-ez gero ez da ahots monologikorik poesia modernoan.

[39] Garaian hain modako zen Bataille-ren (La littérature et le mal) eraginpean seguruenik.

Bestalde aipagarria da, Atxagak, Arestik ez bezala, ziutatea edo hiria onartzen duela poetaren medium modernoa bezala, alternatibarik gabe. Izan ere Arestik oraindik ere mendia eta baserria aipatzen zituen ziutatearen aurkako utopia bezala.

[40] Arestiren ipuingintzaren ildoan doa Atxagaren estiloa narrazio honetan, diferentziak diferentzia.

[41] Pena da, Rimbaud ez bezala, Piolet gure poeta heterosexuela izatea. Balizkako beste Verlaine batekin izan zitzakeen erlazioek narrazioa askozaz ere interesgarriagoa egingo zuketeen. Are gehiago, Pioletek nahiko asexuala dirudi.

Dena den, homosexualitatearen eta modernitatearen arteko erlazioa ez du Etiopiaren poetak aztertu eta egia esan, erlazio handia dago Rimbaud eta Verlaine lekuko. Ikus adibidez Butler, Gender Trouble. Feminism and the Subersion of Identity, New York, Routledge, 1991.

[42] Maila honetan, Sarrionaindiaren Izuen gordelekuen barna-k, isiltasunaren kontzientzia beraz idatzia izan bada ere, beste irtenbide ez-jainkotiar bat hartzen du. Etiopia-ren eta Izuen gordelekuan barna-ren erkaketa benetan interesgarria litzateke.

Badirudi, Sarrionaindiarentzat «etxerako itzulera» dela isiltasunetik aterabidea, hain zuzen Arestiren «nire aitaren etxea»-ren genealogian, dagoeneko etxea aldatu bada ere. Ikus Izuen gordelekuen barna-ren azken poemaren azkan bi bertsoak: «Aintzinako solasen bat atzeman nahiz/itzuli naiz gaztaroko etxera. Erraturik,/ ez gaztarora. Tantoka pareterlojuaren hotsa.// Panpina elbarri bat gela bazterrean. Han/ armiarma bat zanpatzen dut atzamarretan,/ eta aterira abiatzen naiz, atea hersteko». Sarrionaindia, Joseba, Izuen gordelekuen barna, Bilbo, Elkar, 1981, 142. or.

[43] Ikus Barella, Julia, (arg.), Después de la modenidad. Poesia española en sus lenguas literarias, Bartzelona, Anthropos, 1987, García Martin, José Luis, (arg.), Las voces y los ecos, Madril, Júcar, 1980 eta La generación de los ochenta, Valentzia, Mestral Libros, 1988, Villena, Luis Antonio, Postnovísimos, Madril, Visor, 1986.

[44] Maila honetan Ustela eta Saizarbitoria Potten belaunaldi berean barneratu behar ditugu.

[46] Jon Juaristik iradoki duenez, Etiopia desertua-harea-ren sinboloetan oinarritzen da eta beraz Arestik finkatu zuen herria-harria-ren sinbologiaren kritika bezala irakur daiteke. Ikus ideia honen eztabaida luzeago batentzat, Kortazar, Jon, Op. cit., 71. or.

[46] Aldekoak ere antzeko eritzia jasotzen du: «eta, ez dira, ez falta, Bogarten ahotan entzundako zine munduaren topikoak, edo marketing modernoarenak ("Made in Germany"), komikiaren mundua eta Pop musikarena. Egia esan, ez legoke inkoherentzia itxura eman lezakeen poesia hau zerbait "novisimo"ren mundutik urrun». Antzarra eta ispilua, 67. or.

[47] Erkatu baino ez dago Gandiaga baten Uda bat Madrilen eta Etiopia. Madril ez da zehazki modernitatearen pausaleku metropolitarra izan sekula.

[48] Susmoa dut halaere novisimo-en kasuan ere halako zerbait gertatu zela. Azkenean, herrikoitasunari kontrajartzen zaion modernitate honen beste arrazoi bat frankismoa izan baitzen. Alegia, frankismoak eragindako hertsiera politiko eta kulturalak mugimendu (poetiko) hauetan izan zuen bere lehen kontrajarpena.

Guzti hau egiaztatzeko beste froga 80-ko hamarkadaren amaian populismo frankistak izan duen itzulera berria aipatu behar. Maila honetan, Almodovar zinegilea dugu sinbolo enblematikoa.

[49] Saizarbitoriaren eleberri «ulertezin»-en arrakasta eta porrota ere honetan datza.

[50] Edizio kritiko bat laister azalduko dela apostu egingo nuke. Bestela esanda, Etiopia-ren botere prometeikoak irakaslearengana iragaten dira, klase mailako irakurketa bat egitean transferentzia prometeikoa.

 

Egan, 1993-2, 33-65 orr.

 

 

"Etiopia-k 25 urte" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus