.Literatur Emailuak
170 zenbakia: 2005eko apirilaren 21ean
Susa literatura argitaletxea 

Itxaro Bordaren nobela berria

Itxaro Bordaren zazpigarren nobelak XX. mendean barrena Otsabideko jendeen zoritxar eta bozkarioak aletzen ditu. Zeruetako erresuma eleberriak amodioa eta heriotza ditu ardatz nagusi, sasoi zailetan: gerlak, emigrazioa, bizibide makurrak... eta hala ere Itxaroren estilo zirtolari eta jostakinarekin kontaturik beti. Liburua apirilaren 22an (ostirala) 11:30etan aurkeztuko du Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan, eta aurrerapen gisa dituzu hemen lehen bost atalak.

Andima Ibinagabeitia, ñ barik 

1906ko urtarrilaren 26an jaio zen Andima Ibinagabeitia, Elantxoben. Idazle, kultur eta literatur eragile oso inportantea, Euzko Gogoa aldizkarian egindako lanagatik da, batez ere, ezaguna. Baina lan asko egin zituen, eta idatzizkoak hainbat tokitan irakur daitezke. Toki horietan, askotan, ñ-z idatzia dator bere deitura, berak hala egiten ez bazuen ere. Alderdi aldizkarian argitaratutako Batasunaren baranoan artikuluan irakur daitekeenez, hainbatek gaizki idatzi ohi du bere deitura —ñ-az idazteari buruz ari da—. Hona artikulu hori eta bere aldarrikapena. Guk gure egin ditugu hark esanak eta kendu diogu ñ-ari txapela, eta n bihurtu sarean dauzkagun sinaduretan, Ibinagabeitia jarriz. Auzi honi buruzko aurkezpena idatzi du, bestalde, Azkue Liburutegiaren zuzendari Pruden Gartziak, Andima Ibinagabeitiaren artikuluaren eta nahiaren berri eman digunak.

  Erbestetik barne minez

Interneten dauzkagun Andima Ibinagabeitiaren izendapenak berritu ditugu, ezingo dugu egin paperean daudenetan. Hain zuzen ere, 2000n plazaratu zuen Susa argitaletxeak Andima Ibinagabeitiaren gutun bilduma, Patri Urkizuk bildu eta prestatua. Erbestetik barne-minez (Gutunak 1935-1967) gutun-bildumak euskal munduko eragile oso inportante bat aurkezten digu, gerraosteko giroan hizkuntza eta kulturari bultzada ematen kemen handia izan zuena, maiz bide ofizialekin bat egin gabe. Osorik eskaintzen dizugu liburua.

Efemerideak

1968 apirilak 21:  Pepe Artola hil zen Donostian.

1968 apirilak 22:  Txomin Arruti Mendi-Lauta hil zen Zarautzen.

1900 apirilak 23: Patxi Etxeberria jaio zen Andoainen.

1934 apirilak 24: Juan Ignazio Uranga hil zen Donostian.

1781 apirilak 26: Juan Jose Mogel jaio zen Deban.

1848 apirilak 27: Marzelino Soroa jaio zen Donostian.

1887 apirilak 27:
Toribio Etxebarria jaio zen Eibarren.

1773 apirilak 28: Joan Batista Gamiz hil zen Bolonian, Italian.

1960 apirilak 28: Manex Etxamendi hil zen Ezterenzubin.  Soldadu laguneri 1895ean idatzitako poema irakurriko duzu basquepoetry.eus poesiaren atarian.

Irakurketa publikoa

Iruñeko Biurdana Bigarren Hezkuntzako Institutuak VI. Irakurketa Publikoa egingo du apirilaren 29an. Aurreko edizioetan bezala, Institutuko Euskara Departamenduak aukeratutako egile baten liburu bateko pasarteak irakurriko dituzte ikasle, irakasle eta hainbat pertsona ezagunek. Aurten Anjel Lertxundiren Otto Pette, Lehorreko KoadernoakMusubero mon amour liburuetako pasarteak irakurriko dituzte. Gonbidatuen artean Unai Elorriaga, Kirmen Uribe eta Jokin Muñoz izango dira.

Agenda

Toti Martinez de Lezeak Hautsi da katea liburua izango du hizpide apirilaren 21ean (osteguna) 19:30etan Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, Bilbo Zaharra Forum-ak antolatzen duen hitzaldi zikloaren barruan.

Iñaki Irasabalek Mendaroko txokolatea aurkeztuko du apirilaren 21ean (osteguna) 12:00etan Donostiako Liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Elkar.

Edu Zelaietak Mugaldekoak emanaldia eskainiko du apirilaren 21ean (osteguna) 20:30etan Getariako Alondegi Zaharrean. Edurekin izaten dira Beñardo Goietxe eta Raul Garcia musikariak. 

Iñaki Segurolak Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo saiakera aurkeztuko du apirilaren 22an (ostirala) 12:30etan  Donostiako Koldo Mitxelenan. Argitaldaria: Alberdania.

Kirmen Uribe  poemak errezitatzen arituko da  apirilaren 22an (ostirala) 22:00etan Bartzelonako Euskal Etxean.

Martxelo Otamendi Egunkariako zuzendariak Plouen Mentides liburua aurkeztuko du apirilaren 23an (larunbata) Bartzelonan, Lorea Agirrek idatzitako Gezurra ari du Egunkariaren itxieraren kronikaren katalanezko itzulpena.

Oskar Wilden Fidel izan beharraz liburua izango dute hizpide apirilaren 27an (asteazkena) 18:30etan Arrasateko Monterron kultur etxean.

Edorta Jimenezek
Robert Capa argazkilariaren biografia aurkeztuko du apirilaren 29an (ostirala) 11:00etan Donostiako Koldo Mitxelenan. Berarekin izango da aurkezpenean Juantxo Egaña argazkilaria. Argitaldaria: Elkar.



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: