Izuen gordelekuetan barrena
Enbata baten modukoa izan Joseba Sarrionandiaren lehen liburuaren plazaratzea: Izuen gordelekuetan barrena. 1980ko Azkue literatur saria irabazi zuen lana, poemarioa argitaratu zenerako espetxeratua zegoen Sarrionandia, eta Carabanchelgo kartzelatik egin zuen hitzaurrea, liburuaz eta bere orduko bizimoduaz argigarria dena. Bere hurrengo poesi lanekin hala estilo nola planteamendu aldetik diferentea da liburu honetan landutako poemagintza; nolanahi dela, poemarioa giltzarria da autorearen bilakaeran, eta baita euskal literatur panoraman ere. Osorik irakur dezakezu orain Sarrionandiaren lehen liburu hau.
Bobby Sands-en Egun bat nire bizitzan
1954ko martxoaren 9an jaio zen Bobby Sands, oraintxe 50 urte. 27 urterekin hil zen, H Blokeetan burututako gose grebaren ondorioz. Mitxel Sarasketak preso zela bera ere euskaratu zuen Bobby Sandsek idatzitako Egun bat nire bizitzan (Txalaparta, 1991) eta orain guk osorik jarri dugu Interneten. Emailu honetarako Sarasketak berak Bobby Sandsi buruz egindako artikulua ere eskaintzen dizugu. Ruper Ordorikak eta Joseba Sarrionandiak ere euskaratu zituzten Bobby Sandsen poema zenbait, Susa aldizkariak Itzalpeko ahotsak izeneko zenbaki berezian argitaratuak. Eta berriki, beste euskal preso politiko batek ere, Jon Mintegiagak, Ama maitea poema euskaratu du, Ataramiñen'03 liburuan karrikaratua.
Mikel Zarateren Ipuin antzeko alegi mingotsak
"Berrogei
urteren bueltan eta berrogei egunean egin ditut ipuin antzeko berrogei alegi
mozorrotu mingotsok; bizitzarik erdia (egia balitz!) egin ondoren egin ditut,
alegilari ospetsuen antzera, alegilari ospetsua izan ez arren" idatzi
zuen Mikel Zaratek 1975an, 42 urterekin, 40 alegiok aurkezteko orduan. Lauaxetari
eskaini zion Ipuin antzeko
alegi mingotsak liburua. Liburuko azala eta margoak Jose Ignacio Andreurenak
dira. Alegiotako batzuk ezagunak egin dira gerora, eta "Ekidazuko astasendia"
kasurako Kukubiltxo antzerki taldeak taularatu du berriki.
Datorren astean: Haurgintza
minetan.
Fito Rodriguezen Konkordia bila sarean
Konkordia bila izeneko fikzioak idatzi ditu Fito Rodriguezek. Galder protagonistak Parisko Konkordia plazara irten nahi du Magritten erakusketa batean giltzapean geratu delako. Idazleak errealitateko gertaera batetik abiatu nahi izan du: duela urte pare bat, eta Irakeko Gerratea hastear zela, Pariseko museo guztiak itxi zituzten ohi baino lehenago sekulako manifestazioa antolatu baitzen eta, Frantziako Poliziak segurtasun neurri zurrunak hartu behar izan zituen. Fikzio-net honetan Galderren irteera kontatzen da. Fito Rodriguezek berak esan digunez, "urtebeteko lana da non Magritten irudiak eta hizkuntzaren ekarpena adierazpenaren langak eta hesiak, mugak eta ihesak hizpide bihurtzen diren". Galderren pasadizoak irakurtzeko Magritten irudiak izango dituzue testuen lagungarri.
Efemerideak
1908 martxoak 11 Gabriel Lertxundi jaio zen Ziburun. Xipri Alberbidek idatzia du bere biografia.
1619 martxoak 12: Bernard Gazteluzar jaio zen Ziburun.
1898 martxoak 12: Joseba Zubimendi jaio zen Donostian.
1906 martxoak 12: Jose Artetxe jaio zen Azpeitian.
1933 martxoak 12: Jose Mari Agirre Xabier Lizardi hil zen Tolosan. Biotz-begietan (1932), Laino eta izar (1932), Bi aizpak (1932), Umezurtz olerkiak (1934) eta Itz-lauz (1934) irakurgai daude osorik Testu klasikoen gordailuan.
1703 martxoak 17: Domingo Patrizio Meagher jaio zen Donostian.
1840 martxoak 17: Patrizio Antonio Orkaiztegi jaio zen Andoainen. Bi antzerki lan idatzi zituen Txardin berriak (1899) eta Euskel-dantzak (1932).
1897 martxoak 17: Anton Abbadia hil zen Parisen. Berak batutako Koplarien Guduak ekarri genituen Internetera.
Agenda
Patxi Zubizarretak "Barrikadak" liburua izango du hizpide martxoaren 10ean (asteazkena) 20:00etan Deustuko Bidarte etxean.
Joxe Azurmendik eta Jon Sarasuak filosofiaz jardungo dute martxoaren 11n (osteguna) 19:00etan Eskoriatzako literatura eta filosofia astean, eta biharamunean, martxoaren 12an (ostirala) 11:30etan "filosofia bizitzaz, heriotzaz eta amodioaz" errezitaldia egingo dute ikasleek.
Joan Mari Irigoienek "Biziminaren sonetoak" aurkeztuko ditu martxoaren 12an (ostirala) 11:00etan Donostiako Bilintx liburudendan.Aurkezle: Juan Kruz Igerabide. Argitaldaria: Elkar.
"Gure Mikel. Testigantzak" liburua aurkeztuko dute martxoaren 12an (ostirala) 19:30etan Lezamako kultur aretoan. Argitaldaria: Zorrizketan euskara elkartea.
Joseba Sarrionandia denbora eta espazioan izango dute hizpide martxoaren 13an (larunbata) 10:00etan Larrabetzuko Literatura eskolan.
Julen Gabiriak "Han goitik itsasoa ikusten da" liburua aurkeztuko du martxoaren 17an (asteazkena) 12:00etan Donostiako Koldo Mitxelenan.Aurkezle: Unai Elorriaga. Argitaldaria: Elkar.
Itxaro Bordak "Neandertalen ametsak" poesia emanaldia egingo du martxoaren 18an (osteguna) 20:00etan Donostiako KMn.
Bihotz Bakartien Klubak Poeta hilen kluba errezitala eskainiko du martxoaren 19an (ostirala) Maulen.
Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.