Pako Aristiren Libreta horiko poemak
Joan den asteko Emailuan Pako Aristiren poema liburu berriaren, Libreta horiko poemak liburuaren faksimilea eskaini genuen. Liburua datorren ostiralean, azaroak 7 dituela, aurkeztuko du Susa argitaletxeak Donostian, Bilintx liburu-dendan. Faksimileaz gain, liburuko zortzi poema eta hitzaurrea irakur ditzakezu hemen.
Galeuscatik Azken aldarria eta Ixteko ordua
Galizia, Katalunia
eta Euskal Herriko idazleak batu ziren asteburuan Gernikan. Galeusca topaketen
emaitza moduan, Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko idazleen elkarteek testu
bat eman dute, Iñigo Aranbarrik erredaktatua: azken
aldarria (letra xehez, noski), galegora eta katalanera itzulia izango
dena. Euskarazko bertsio orijinala dugu hemen irakurgai.
Galeuscaren baitan, bestalde,
Harkaitz Canok idatzitako Ixteko
ordua antzezlana estreinatu zen. Gernikan jokatu zuten azaroaren 1ean
Patxi Santamaria eta Itziar Lamuedra aktoreek, Aitzpea Goenagaren zuzendaritzapean.
Antzerki testua ere osorik duzu.
Koldo Izagirreren Guardasola Ahantzia
Liburu ederra dakarkizugu aste honetan osorik: Koldo Izagirreren Guardasola ahantzia. Ustela Saileko seigarren liburua, 3 atal dituen poema luze ederra da Guardasola Ahantzia. Koldo Izagirrreren laugarren liburua aurretik Itsaso ahantzia, Zergatik bai eta Oinaze zaharrera plazaratuak zituen, 1978ko abuztuko data daraman honek idazle indartsu eta berritzaile baten sendotzea ekarri zuen. Joxan Artetxerena da azaleko irudia.
Efemerideak
1940 azaroak 5: Imanol Irigoien jaio zen Altzan.
1906 azaroak 7: Juan Benanzio Arakistain hil zen Tolosan.
1924 azaroak 7: Patrizio Antonio Orkaiztegi hil zen Tolosan.
1976 azaroak 7: Fernando Aire Xalbador hil zen Urepelen, omentzen zuten une berean. Joxe Mari Aranalde Xalbador pertsularia liburua argitaratu zuen 1999an.
1990 azaroak 7: Justo Mokoroa hil zen Bilbon.
1815 azaroak 8: Emmanuel Intxauspe jaio zen Atharratzen. Andima Ibiñagabeitiak Gernika aldizkarian idatzita dakigu, 1864an Axularren "Gero" argitarazi zuela. "Lapurdieraz, ez xubero-kutsu gabe alajaña, itzaurre sailu ta irakurgarria ezarri zion: an nabaritzen dizkigu bere euskaltzaletasun eta yakituria. Idazle antzetsu, pizkor eta ugaria."
1879 azaroak 8: Sebero Altube jaio zen Arrasaten. Herrikide zuen Zaitegik zuzentzen zuen Euzko Gogoan artikulu zenbait idatzi zituen.
1906 azaroak 8: Klaudio Gallastegi jaio zen Elorrion. Bere izenez kale bat badu sorterrian.
1951 azaroak 9: Resurreccion Maria Azkue hil zen Bilbon.
1885 azaroak 10: Abelino Barriola jaio zen Donostian.
1925 azaroak 10: Jon Mirande jaio zen Parisen. Susak bere 24 poema eskaintzen dizkizu faksimilean.
1873 azaroak 11: Eusebio Azkue hil zen Lekeition.
1905 azaroak 11: Martin Itziar jaio zen Azkoitian.
1921 azaroak 11: Martin Ugalde jaio zen Andoainen. Gaurkoan bere poema bat eskainiko dugu: Aberria, Hendaian 1975.
1927 azaroak 11: Joan Mari Lekuona jaio zen Oiartzunen.
Edorta Jimenezen nobelak italieraz
Edorta Jimenezek "Baleen berbaroa" nobelaren italierazko edizioa La voce delle balene aurkeztuko du Milango Officina della Scrittura-n azaroaren 14an (ostirala) 21:00etan. Tranchida argitaletxeak plazaratu du eleberria, Roberta Gozzi-ren itzulpenarekin. Izan ere, Gozzik laster amaituko du "Azken fusila" nobelaren itzulpena ere: "L'ultimo fucile". Argitaldaria: Tranchida Editore.
Agenda
Edorta Jimenezek hitzaldia eskainiko du azaroaren 5ean (asteazkena) 19:30etan Algortako Literatur Txokoan. Antolatzaile: Bizarra Lepoan euskara elkartea.
Harkaitz Canok poesia irakurketa egingo du azaroaren 5ean (asteazkena) 19:00etan Zumaiako Foronda kultur etxean.
Pako Aristik Libreta horiko poemak liburua aurkeztuko du azaroaren 7an (ostirala) 11:00etan Donostiako Bilintx liburudendan Harkaitz Canok lagundurik.
Agurtzane Juanenak "Esan gabe neukana" liburua aurkeztuko du azaroaren 11n (asteartea) 11:30etan Donostiako Bilintx liburudendan. Testuen edizioa Koldo Izagirrek egin du eta hitzaurrea Xabier Mendigurenek. Argitaldaria: Elkar. Aurkezle: Martxelo Otamendi eta Joxe Azurmendi.
Joan Mari Irigoienek "Euskal kulturaren ajeak eta literatura" hitzaldia emango du azaroaren 13an (osteguna) 19:30etan Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Antolatzaile: Bilbo Zaharra Forum.
Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendik "Banguardien arriskuak: Aime Cesaire eta Vladimir Maiakovski" izango dituzte hizpide azaroaren 15ean (larunbata) goizeko 11:00etatik aurrera Larrabetzuko Literatura Eskolan.
Abentura Liburuen Biltzarra antolatu du Galtzagorrik azaroaren 13, 14 eta 15erako Gasteizko Goiuri jauregiean.
Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.