Literatur Emailuak
65 zenbakia: 2003ko apirilaren 3an
Susa literatura argitaletxea

Oh! Euzkadi isildu zen

Duela 20 urte, 1983ko martxoan isildu zen betirako Oh! Euzkadi aldizkaria, urte bete argitaratu barik egon ostean. 1977ko irailean Ramon Saizarbitoria eta Koldo Izagirre elkarrekin idazten hasi ziren Zeruko Argian, beraiek sortutako "Baietz astea gaizki bukatu" sailean. 1979ko maiatzean, 24 lagunek sinatutako Oh Euzkadi izeneko orri batzu agertu ziren: "Oh Euzkadi ez da herriaren aldizkaria eta ez dugu uste inoiz ere izango denik". 1979ko ekainetik urria bitartean Izagirrek eta Saizarbitoriak "Oh! Euzkadi" izenburua darabilte Zeruko Argiako kolaborazioa berritzeko. 1980ko maiatzean Oh! Euzkadi aldizkariaren lehen zenbakia argitaratu zen Donostian, aurrerantzean hilabetekari izateko asmoarekin, Lur argitaratzailearen babesean, Juanba Berasategiren irudiez eta maketaz.
Oh! Euzkadi aldizkarien eragile nagusiak Ramon Saizarbitoria, Koldo Izagirre, Ramon Etxezarreta, Joxean Muñoz, Joxan Elosegi, Juanba Berasategi eta Gotzon Egia izan ziren. Hamasei zenbakietatik sei 1980an kaleratu zituzten, zazpi 1981ean, ale bana 1982ko otsailean eta martxoan eta azkena 1983ko martxoan.

Inazio Atxukarroren museoa
eta Antxon Ezeizaren
ibilerak

Sasoitxo bat isilik izan ondoren, indartsu itzuli ziren duela 25 urteko martxoan Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria Gure pertsonaia pertsonalaren pertsonaltasuna elkarrizketa-atalera. Martxoaren 19ko data zeraman Zeruko Argia-n Inazio Atxukarroren museora eraman gintuen bikoteak; eta hurrengo astean Antxon Ezeizarekin jarri zuen hitzordua. Irakurleek nabaritua zuten, nonbait, hutsunea, izen hori zeraman gutuna argitaratu baitzen Atxukarrorekiko solasa zekarren 778. zenbakian, Izagirre eta Saizarbitoriaren falta gaitzetsiz (Xabier eta Albertok sinatua zen gutuna). Lemoizko Zentralak hartu zuen azala eta artikulu nagusia; Sarrionandiaren artikulu pare bat ere irakur zitezkeen. Aberri Eguna izan zen, berriz, 779. zenbakiko azala eta mamia hartu zituen gaia. Oro har liburugintzaz eta bereziki liburuen prezio garestiaz ere bazen artikulua.

Ni, artean, txikia nintzen

Apirilaren 2an (Hans Christian Andersen idazlearen jaioteguna) ospatzen da Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna, eta hain zuzen idazle danimarkarraren Ahate itsusia ipuin ezagunaren irakurraldi batekin egingo dute ospakizuna Euskal Haur eta Gazte Literatura elkartea den Galtzagorriko kideek. Egun honetarako Ana Maria Machado idazle brasildarrak prestatu du nazioarteko agiria.

Efemerideak

1871 apirilak 3: Julio de Urquijo jaio zen Deustun.

1914 apirilak 3: Pierre Duny Petre jaio zen Donibane Garazin.

1924 apirilak 4: Junes Casenave jaio zen Santa Grazin. Euskaldunon Egunkariak kaleratutako bere biografia, berreskuratu dugu Internetetik.

1944 apirilak 5: Xabier Lete jaio zen Oiartzunen.

1980 apirilak 5: Polikarpo Iraizozkoa (Agustin Zarrantz) hil zen. Azeria janari billa irakurri dezakegu 1930eko Zeruko Argia aldizkari baten.

1881 apirilak 6: Jose Mari Iparragirre hil zen Ezkio Itsason.

1889 apirilak 6: Katalin Eleizegi jaio zen Donostian.

1939 apirilak 6: JosAnton Artze jaio zen Usurbilen.

1888 apirilak 7: Jules Moulier "Oxobi" jaio zen Bidarrain. Genika aldizkarian agertutako bere poema bat.

1911 apirilak 7: Lino Akesolo jaio zen Diman.

1954 apirilak 7: Emeterio Arrese hil zen Tolosan.1952an Itxaropenak argitaraturiko Olerki berrizte poesia liburua osorik duzu gure webgunean.

1644 apirilak 8: Pedro Agerre Axular hil zen Saran. Gero liburua osorik irakurriko duzu Euskal Testuen Gordailuan.

1985 apirilak 8: Paben Loidi hil zen Igeldon.

Agenda

Ixiar Rozasek "Edo zu edo ni" liburu izango du solasgai apirilaren 2an (asteazkena) 19:00etan Basauriko Euskarabila kultur elkartean.

Joan Mari Irigoienek poesia irakurraldia egingo du apirilaren 2an (asteazkena) 19:30etan Altzako Casares kultur etxean. Korrika kulturala.

Kirmen Uribek "Bitartean heldu eskutik" errezitaldia eskainiko apirilaren 2an (asteazkena) 20:00etan Gasteizko Villa Suso jauregian.

Gaizka Amondarainek "Ortozik" liburuko poemak irakurriko ditu apirilaren 3an (osteguna) Gasteizko gaztetxeko ganbaran. Laguntzen izango ditu Enekoitz Etxezarreta eta Borja Estankona.

Xabier Mendigurenek "Uda betiko balitz" liburua aurkeztuko du apirilaren 4an (ostirala) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan: Argitaldaria: Elkar.

Iban Zalduak ipuin irakurraldia egingo du apirilaren 4an (ostirala) 18:00etan Santurtziko Kresala aretoan. Antolatzaile: Santurtziko udal euskaltegia.

"Inon izatekotan" lana erakutsiko du eR3MU4K taldeak apirilaren 4an (ostirala) 19:30etan Altzako kultur etxean (Donostia)

"Argiuneak" ikuskizuna (musika korala eta irakurketa poetikoa) eskainiko dute Joxemari Urteagak eta Unanue Kamara koralak apirilaren 4an (ostirala) 22:30etan Ondarroako Kafe Antzokian.

Koldo Izagirrek bere azken hitzaldia eskainiko du apirilaren 9an (asteazkena) 20:00etan Azpeitiako Aitonena aretoan. Antolatzaile: Baite elkartea.

Miren Agur Meabe Azalaren Kodea poesia irakurketa egingo du apirilaren 11n (ostirala) 19:30etan Mutrikuko liburutegian. Kitarrarekin laguntzen izango du Iñaki Kareaga.

Bihotz Bakartien Klubak "Sarri gure artean" errezitaldia egingo du apirilaren 21ean (astelehena) 17:00etan Sarako Liburu egunean. Munduko herri baten ekimena.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: