Euzko Gogoa Interneten berrargitaratua
Euzko-Gogoa
aldizkariaren berrargitarapen digitala egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Jokin Zaitegiren
zuzendaritzapean, hasieran Guatemalan eta ondoren Miarritzen kaleratu
ziren 44 zenbakiak jarriko dituzte Interneten, osorik. Irakurleak testu
guztiak hala-nola orrialde guztien irudiak (faksimileak) eskura izango
ditu. Otsailaren 17an (astelehena) aurkeztuko dute Donostiako KMn,
baina hemen dituzu aurrerapen gisa bi: 1954ko
irail-urriko zenbakia,eta 1959ko
urtarril-otsailekoa.
Lehenengoan Gabriel Arestik argitara emandako lehen bi poemak aurki ditzakezu,
eta Oscar Wilderen Reading Baitegiko leloa, Bingen Ametzagak euskaratua.
Baita Orixeren Guatemalako agurra, Jon Miranderen artikulua irlanderari
buruz eta Andima Ibiñagabeitiaren itzulpen lan bat, Virgilio-ren Unai-kantak.
Hainbat poetaren lanak topatuko dituzu bigarrenean: I. Olabeaga, Otsalar
(Juan San Martin, Udalaizpe (Jokin Zaitegi), Miren-A (Miren Arrate Ibargutxi),
Nemesio Etxaniz; artikuluak Etienne Salaberry, Gotzon Garate, Eusebio
Erkiaga eta antzerkia, Eskiloren Prometeu burdinetan.
Castelao omenduko dute Bilbon
Alfonso Daniel Rodriguez Castelao
literatura galegoko maisua omenduko dute otsailaren 15ean (larunbata)
12:00etan Bilboko Txurdinagako parkean. Hil zela 53 urte bete dira (1950eko
urtarrilaren 7ko iluntzeko hamaikak bost gutxitan) eta urtero omentzen
dute Euskal Herrian bizi diren galiziarrek. Euskal Herriko Galiziar Etxeen
hermandadeak antolatutako ekitaldi honetan Xose Estevez pasaitar galiziarrak
Cantiga
galeuscana do chapapote irakurriko du jendaurrean. Lore eskaintza
egingo diote ostean, bere omenez eraikita dagoen oroitarriaren parean.
Castelao museoak eta
bere biografia
eta bibliografiak
idazle galiziarra ezagutzeko aukera eskaintzen digute. Euskaraz ere baditugu
Castelaoren lan batzuk. Susak lau liburu argitaratu zituen 1986an: Zirtzilak
- Kristalezko begiak Koldo Izagirrek euskaratua, Gauzak
eta Betiko biak
Ramon Etxezarretak itzuliak eta Beti Galizan
Bego Montoriok. Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunean ipuin
bat ere topatu dugu, Koldo Izagirrek jardunaldi batzuetarako apailatua.
"Escritor vasco / Euskal idazlea" polemika (eta III)
1978an izandako "Escritor vasco / Euskal idazlea" eztabaidaren azken atala dakarkizuegu aste honetan. Hierro egunkarian argitaratutako mahai-ingurua, Zer egin? aldizkariko artikulua, eta "Narrativa vasca actual: antología y polémica" liburuko beste testutxo bat, José Luis Merinok idatzia. Antologia hori handik urtebetera argitaratu zen eta zati handi bat eskaini zion aipatu polemikari.
Efemerideak
1910 otsailak 14: Fernando Artola "Bordari" jaio zen Hondarribian.
1586 otsailak 15: Jakes Bela zuberotarra jaio zen.
1903 otsailak 16: Etienne Salaberri jaio zen Heletan.
1815 otsailak 17: Jean P. Camoussarry jaio zen Ziburun. Berak idatzitako bertsoak irakurgai dituzu Euskal Testuen Gordailuan.
1826 otsailak 17: Mixel Elizanburu jaio zen Heletan. Euskal Testuen Gordailuan bi liburu irakurriko dituzu: Lehenagoko Euskaldunak zer ziren (1889) eta Frantziako hirur Errepubliken ixtorioa laburzki (1890).
1711 otsailak 18: Xabier Idiakez jaio zen Iruñean.
Kirmen Uribe "Zaharregia, txikiegia agian" emanaldiarekin New Yorken
Kirmen Uribe
hainbat poesia errezital ematera gonbidatu dute AEBetako New York hirira,
"Zaharregia, txikiegia agian" izenburua izango du poesia eta
musika batuko dituen emanaldiak. Elizabeth
Macklin idazlearekin izandako harremanaren ondorio dira errezitalak,
hark itzuli baititu ingelesera Bitartean
heldu eskutik liburuko poemak. Zenbait poema hiri bereko Open
City aldizkarian argitaratuko dira. Errezitalotan Mikel Urdangarin
musikariak ere parte hartuko du eta bere ondoan izango dira Bingen Mendizabal
eta Rafa Rueda, biolina eta gitarra elektrikoa joaz.
Martxoaren 16an (igandea) izango da lehen emanaldia Bowery Poetry
Club-ean. Martxoaren 18an (asteartea), Nicholas Roerich Museum-en,
eta martxoaren 22an (larunbata) Cornelia Street Cafe-n izango dira.
Egun berean, Ear Inn-en New York hiriko beste hainbat poetarekin batera
izango dira. Azken emanaldia New York Hiriko Unibertsitatean izango da
(CUNY).
Agenda
Xabier Montoiaren Denboraren izerdia aurkeztu dute otsailaren 12an (asteazkena) Gasteizen Iban Zaldua eta Xabier Mendigurenek. Argitaldaria: Elkar
Unai Elorriaga Bilbo Zaharra Forumek "Euskal kulturaren ajeak eta literatura" antolaturiko hitzaldi zikloan arituko da hizlari otsailaren 13an (osteguna) 19:30etan Euskaltzaindiako Bilboko Plaza Barriko ekitaldi aretoan.
Iban Zalduak "Ipuinak, gezurrak, traizioak" hitzaldia eskainiko du otsailaren 14an (ostirala) 19:30etan Mungiako Torrebillela Kultur Etxean.
Mikelazuloko poetek 'Letren kilimak' errezitaldia egingo dute otsailaren 14an (ostirala) 20:00etan Azpeitiko Orkatz tabernan. Antolatzailea: Munduko herri batean literatur ekimena.
Inazio Mujika Iraolak "Gerezi denbora" liburua izango du hizpide otsailaren 21ean (ostirala) 20:00etan Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean, "Irakurriz dibertitzen gara" ekimenaren barrenean.
Diapoesiako lagunek "Ezkerrez idatzitako literatura" errezitaldia eskainiko dute otsailaren 21ean (ostirala) 20:00etan Elorrioko Arriola kultur aretoaren ateneoan. Antolatzailea: Munduko herri batean literatur ekimena.
Aitor Txarterinak helduentzako ipuinak kontatuko ditu otsailaren 25ean (asteartea) 17:30etan Iruñeko Zabaldi Elkartasunaren Etxean.
Anjel Lertxundik "Zorion perfektua" nobela izango du hizpide otsailaren 26an (asteazkena) 20:00etan Deustuko Irakurlearen Txokoan.
Pako Aristik eta Mikel Markezek "Abiadura handiko urte baten kronika" eskainiko dute otsailaren 27an (osteguna) Iruñeko Iruñezar euskaltegian.
"XXI. mendeko idazle berriak" izeneko erakusketa Balmasedako Ateneoan egongo da ikusgai otsailaren 7tik (ostirala) 24ra (astelehena). 1969. urtetik hona jaiotako idazleen lanak, argazkiak eta ahotsa ikusi, irakurri eta entzun ahalko ditu bertaratzen denak. Antolatzailea: Euskal Idazleen Elkartea.
Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.