Xanti Iparragirre Perurena

 

Ni ez naiz gerraren zale

(1989)

 

Ni ez naiz gerraren zale

horren jakinean zaude.

Urteak balan pare

etxetik urrun gaude,

buru bihotzak ozpinez

eta noiz arte jakin ez.

 

Herrian nahi nuen bizi

baina joan behar ihesi.

Lotura danak hautsi

guztia bertan utzi;

buru bihotzak minbera

esku hutsik nunbaitera.

 

Egunak luze badira

urteak laster joan dira

urrunetik begira

utzitako mendira

ezin dut aurkitu pozik

ametsetan izan ezik.

 

Lehen lan askotan sartua

nire buruaz ahaztua

orain erdi nahastua

barru dena hustua

sator zulotik begira

galdezka, nun ote dira?

 

Behar zuenai lagundu,

hortan ez naiz lo egondu

tresna guztiak kendu

mila zakurrez zaindu;

orain sator baten pare

zulotik atera gabe.

 

Ametsetan gau ta egun

noiz irtengo ote dugun

ixilik eta ilun

bakardadea lagun

zu, jarraika zatozena:

zutan dut itxaropena.

 

 

 

Borda zaharrean

 

Euskal Herriko xoko batean

Nafarroaren ipar aldean

mendi gailur bi bistan direla

eskuin Baigura ezker Iparla

bien erdian ni ametsetan

bihotz minean esku hutsetan

gorantz begira

joan ezin nintekeen mendira.

Kate tristeok laburrak dira

 

Inoiz irten naiz etxetik gora

oihan zokotik mendi kaskora

goizean goizik etxera sartu

nehor ez dadin nitaz ohartu.

Egun, euriak harrapatzean

sartu naiz ardi borda batean

argi begiak

ikatzez margoturik hizkiak

gerla garaiko iheslariak.

 

Euskal izenak dagoz lerroan

haien urratsak ditut gogoan.

Beren lurretik doaz ihesi

itzulerakoik ez dut ikusi.

Urteen karga hor daramate

euskal herria zer den diote.

Bihotz dardara...

ni ere berdin nator bordara,

zu kondairaren gordailu zara.

 

Egur zaharreko lanai begira

galdezka nago: non ote dira?

Hainbat iragan zure barnetik

orain ni ere bide beretik.

Borda zahar zure baitan dabila

abertzale on oihu ixila.

Zaude lekuko.

Egiaz joka nahi dugulako

gure burruka ez da galduko.

 

Zu hor zutitu zintuztenetik

zenbat hil dira herriagatik?

Ikusi duzu hainbat gudari

odol isurtzen bere lurrari.

Abertzaleak ez du etsiko

etsaien esku ez du utziko.

Zu ez erori.

Ireki zugan heldu denari

lehengo liburu zahar bat iduri.

 

Euskal sustraien arnas bizia

zutan badago zer ikasia.

Barkatu gure eskerrik eza

jarrai eskaintzen zure babesa

gure lurrean oinperatuak

bakardadera kondenatuak

gu eta euskera

zure barnean bilduko gera

zazpi lurralde denok batera.

 

Xanti Iparragirre Perurena

1934

Orereta

 

1981 urtean alde egin behar izan zuen etxetik. Lapurdin bizi da, erbestean. Biziaren Azala liburua argitaratu zuen 1998an.

 

 

"Ataramiñe / 1. zenbakia" orrialde nagusia



www.susa-literatura.eus