Jon Gaztelumendi Uribarren

 

Abenduaren begien aurrean

 

Berarekin egona zen bost minutu lehenago, ezta bost ere. Baionako kale estu hartatik zihoan beste bi lagunekin taberna hartara bigarren aldiz. Autoen argi horiek laban egiten zuten asfalto bustian eta hala ohartu zen gaua iritsi zela goitik, euria eta haizea datozen lekutik. Iristear zeudela oihu bat entzun zen, tximista baten adar galdua, ikaratua kalearen alde batetik bestera... Oihu hura entzunaz batera hasi zen lasterka; eta kalea ere lasterka. Tabernaren parera iritsi eta beirazko atea zabaldu zuenean, lagunaren gorpua lurrean etzanik ikusi zuen barraren muturrean; pausoak zenbatzen hurbildu zitzaion. Belaunikatu eta burutik heldu bitartean, hortz artean trabatu zitzaion esaldi baten hasiera; hilda zegoen laguna. Kazkezur zulatutik isuri zitzaion bizitza, gorria eta ugaria, baldosen gainera. Mostradorearen ixkinean hilotzak piztutako zigarroa bizirik kea zeriola, baina azken arnasa erretzen... Tabako gorriaren lurrina bolbora usainarekin nahasirik lanbro trinkoan, hezetasunik gabe. Zutitu zen. Baldosen gainean bala-zorro haiek nonahitik eta jende multzoa oihuka entzun zuen orduantxe kalean, polizia taberna barrura sartzen zen bitartean; eta galdutakoa berreskuratu nahaian atzeraka denbora, alperrik. Ahal zituen datu gehienak bildu eta tabernatik irten zen, gertatutakoaren berri eman eta xehetasunak komentatzeko asmotan, baina xehetasunentzat lekua egin gabea zegoen oraindik lagunen erneguan. Itsasgora karrika errefuxiatuz betetzen, ezusteko min uholdea abenduaren gauan. Hurbileko lagunen premia somatu zuen bat-batean. Aldarrikapenek, lehen orduko anabasak, amilka eraman zuten karrikaren beste muturreraino eta ezagun batzuk agurtu zituen espaloi isilen gainetik, erakusleihoen argiak ere hiltzear zeudenean, edo, begi haiek, itzaletara ez ote zeuden jarriak...

        Tabernara itzuli zen eta karrikek muturrera eramaten zuten berriro ere, abixu bat zela, manifa baten imintzioa giza-taldean. Abenduari begizuloak eta neguaren bizkarra makur. Euririk ez, baina ura lainoetatik jakinminez jaisten zen gelditzeko. Aberriaren semeak bost tiro eta bostak buruan; Aberriak mereziak ditu, Espainiarentzat, bost edo hamar tiro, bizi delako soilik... Ez zuen ubiderik aldatu Errobi ibaiak eta ezin urek beste ibai bat sortu; hotz, hotzegi onartu zuen bizitza hark eskeintzen zuen patua. Eta antzeko pentsamendutan ari zela ezagun bat hurbildu zitzaion, hildakoaren gurasoak iritsi zirela eta laguntzeko behar ziren zereginetan, edo antzeko zer edo zer...

        — Gurasoak hemen zeudek, joango al haiz beraiekin egotera?

        — Noski, berehalaxe noak.

        Eta Perfekturara jo behar zutela tramite batzuk egitera edo antzeko zerbait...; ez balitu ur-korronteak zenbait esaldi eraman!

        Zenbatetan gertatzen den antzera, minutuen egonaldiak betikotasuna dakarrenean, gurasoak agurtu eta haiekin, irreala zirudien hirian; paper ilun itsatsia zeruaren sabaian, gaua: dena egia ote zen? eta zeintzuk ziren bere amaren galderak... Inoiz amaitu ziren inorako joan-etorriak, gestio txar haiek, eta etxera erretiratu ziren.

        Baionako etxeko zaharra, egurra eta argizaria, historiaren eltze-itsu, iheslarien teilatupea. Egongelak egurrezko mahai handi bat zuen eta bonbila kozkor baten ardura zen dena argitzea, eta ezinezkoa zitzaion. Mahai inguruan eseri zen, beltza mahaia, oihanaren oinetatik erauzia; ez zegoen beste inor egongelan. Atetik etxeko alaba azaldu zen kaferik edo nahi ote zuen galdezka...

        — Kaferik nahi? Gaua hemen pasatuko duzu, ezta?

        — Bai, atera ezazu kafe pixka bat, hemen geldituko naiz, inora joateko berandu da eta lotarako ere ez gaude.

        — Ederki, oraintxe nator... æ doinuak xuxurletan egokitzen.

        Gauerditik aurrera zamak atzean utzita arin ordua. Kafearen lehen lurrinak sukaldetik eta haiekin batera lagunaren aita egongelara, berak ere kafe hartuko lukeela esanaz...

        — Kafea hartuko diagu. Ez dik samintasunik bigunduko, baina...

        — Bai, kafetxo bat hartuko dugu eskuak epeltzeko bada ere.

        Ez zuen elkarrizketa jarraitu aitak. Aurrean zuen gaztea behatzen eta mahai beltza ukituz, esateko eta isiltzeko zeudenak leihan baleuden. Eta hasi zen hizketan, kaferik gabe eskutan, ospitalean edo antzeko eraikin batean egonak zirela...

        — Gogorra egin zaidak semea hala ikustea, oso gogorra. Aurpegia besterik ez zian ageri..., maindirea bezain zuri.

        Aurpegira eraman zuen esku bat aldi berean, zirkulu bat marraztu aidean, begi ondoko zimurretan atxikiak irudiak. Lagun ziezaiokeen deskribapena osatzen, baina isilik jarraitu zuen gazteak: esaldiek irudi eta irudi oso zuri. Mahai gainera ekarri zuen aitak beso akitua eta gorputz osoaren euskarri egin zen, hartan, kafea mahaian utzi eta desagertu zen etxeko alaba. Azukrea bota, eragin mahai koloreko kafe beltza; euria teilapearen kontra, kikara eta koilaratxoaren arteko txilin-hotsak. Erloju zaharretik sartu zen denbora eta bitan eman zituen orduak. Gizona, txapela burutik kendu gabe artean, hizketan hasi zen orduan, gaztetatik inkonformista azaldu zela beti eta...

        — Malezi gabekoa..., pentsatutakoa esan eta esandakoa..., egin.

        Burutik mihira esaldiak, bizitzaren pasarteak ahotsaren doinuan erortzen utzi; maitasunaren itturrira itzuli eta ezin busti. Kafeari zurrupadatxoa, zenbait oroimenetan porturatu, itsasoratu ostera; semea ilbetearen ozeanotik ekarri etsipenik gabe. Eta haurtxoa semea, mutiko eta gaztea gero, erloju zaharrean laurak entzun zirenerako; erloju zahar oroimen jalea.

        — Gogoan diat oraindik... ola hurbildu zitzaidaan arratsalde hartan —gaztea isiluneen entzule ere bilakatua—, «Joan beharra daukat aita», joan?, nora joan behar duk ba, esan nioan... «Euskal Herriarengatik borrokan ari naizelako joan beharra daukat»,...halaxe erantzun zidaan... —gorputza aurrera botata gizonak—Euskal Herriarengatik borrokan...

        Aldeetara higitu zituen begiak, txapela buruan egokitu; haizearen modukoa oroimena. Sentimentu orbelduak airean jirabiraka eta mahaiaren orpoan metatzen...

        — ...Iparraldera jo behar zuela eta, agurtzen. Hain larria ote zen galdetu eta... baietz erantzun zidaan, azalpen handirik gabe.

        Azken esaldiak doi-doi entzun zituen gazteak; hurrengoen zain adi.

        — ...Herriaren alde dena emateko prest zegoela esan eta... besarkatu egin nindian; joan zuan. Hutsune handia sentitu genian etxean, ... hutsune handia.

        Esaldiaren amaieran gelditu zen gizona, pentsakor-antza, eta errekaren ibilgua urik gabe irudikatu zuen gazteak; gizonaren ahotsak egongelan barreiatu zuen imajina.

        — ...Ezustekoa bai, baina gure errespetua izan zian hasieratik —gaztearengan finkatu zituen begiak eta begi argi haien bidetik zetorren egunsentia, tristatua.

        — ...Dena ematen duenari errespetua zor zaiok... —jarraitu zuen—; hil berri duten semeak gure maitasuna ere bazian.

        Erloju zaharraren pauso ozenak nabaren, tik-tak, tik-tak, orduak hegan eta gizonaren apaltasuna hondo gabeko amildegia. Kikara txuriak mahaian uharte, haietan erreparatu, gogortutako kafe hondarretan, eta okindegitik zerbait ekartzeko prest azaldu zen gaztea. Zutitu zen.

        — Bai, hoa —erantzun zion gizonak—. Galdera bat egingo diat —esan zuen—, hi ere gerran al habil?

        Gezurrik ezin esan, edo esaten jakin ez, eta buruarekin baietz erantzun zion. Bat-batean zutitu zen gizona orduan eta gaztea besarkatu zuen bere beso handi haiekin. Ez zuen ezer esan.

        Etxetik atera eta eskaratzean gelditu zen. Ez zuen euririk ari, baina karrika osoa potxingo gris bat zen goizabarraren argi herabetian. Bai, gerran zebiltzan, zioen gazteak bere kautan, eta antzera hilko balute bera, besteren batek entzungo lituzke erloju zaharraren eleak? Berokiaren lepoa altxa eta joan zen kale bakartiaren barrena; urratsen soinua leuntzen atzetik itzala eskuak sakelean zituela.

 

 

 

Guallapu

 

Guallapu deitzen genion, bere izena ordea Juan Angel zen. Tenerifeko espetxe zaharrean zahartzen ari zen hamazazpi urterekin. Ikusi egin behar zen espetxe hura! Aguretuta zeharo, oroimena galduta zahartzaroak jota. Ez zirudien espetxea zenik ere, baina espetxea zen. Ez zeukan ziegarik, oheek, elkarren ondoan jarrita, gela handi bat betetzen zuten, eta hari brigada deitzen zioten.

        Lapurketa txikiak batuz ez zuen lapurketa handirik osatu Guallapuk eta ez zen aberastu. Lapurketa txikiak batuz espetxe zigor luzea metatu zuen Guallapuk. urte bat beste, bestea hasi, ilea eta bizarra luzatzen utzi zituen inguruaz izkutatzeko.

        Abenduaren 28an kartzelarien bulegotik deitu eta hara joan zen Guallapu. Bulego barruan bost kartzelari zeuden mutu, eta batek esan zion, «Zure gauzak bildu oraintxe eta zatoz lehenbailehen, askatasunean zoaz». Guallapuk ez zuen hitzik egin. Gora joan, makuto kaxkar bat erdizka bete, kamixeta garbi bat jarri eta bulegora bueltan zetorren, irrati zahar bat bidean gurutzatu zitzaion bati eman zion, baina beti isil eta urruna.

        — Hemen nago!!

        Kartzelariek barreari ezin eutsirik zebiltzan...

        — Hi haiz inuxentea!

        Eta barrez lehertzen hasi ziren bostak.

        — Inuxente eguna da gaur!!

        Zalaparta eta barre haien gainetik Guallapuren biraoak entzun ziren eta kartzelariak ofenditu egin ziren. Arrastaka eraman zuten isolamendura, espetxearen leotz ilun eta bakartienera.

 

 

 

Gaua bat

 

Sareka botako ditut.

Zerbait bildu nahiko nuke

ordu bare hauen

itsasoan.

 

Gaua bi

 

Gazia da gau zabala.

Flexo baten argiak

zehazten du kosta.

 

Gaua hiru

 

Metafora bat ito da

gauetik atera orduko.

 

 

 

Igurtzi zuen hezetasunak hazia

 

Igurtzi zuen hezetasunak hazia

baina han basamortuan

Goizeko ihintza

ez zen nahiko izan

hazia hozitzeko

Euria iritsi zen gauez

hiltzera zetorren harera

        presati gainera

baina han basamortuan

heriotz hura bizia zen

hozitu baitzen hazia

        eta haren garrasia

koloretan entzun zuen

bertako paisajeak

 

Basamortu ikusgarria

inoren begietara eder

 

Jon Gaztelumendi Uribarren

1961

Orereta

 

1986an atxilotu zuten. Gaur egun Puerto 1ean dago preso. Haizea mindu gabe liburua argitaratu zuen 1999an.

 

C.P. Puerto I

Apdo. 555

Ctra. De Jerez-Rota, km 5.

11.500 Puerto de Santa María

Cádiz

 

 

"Ataramiñe / 1. zenbakia" orrialde nagusia



www.susa-literatura.eus