Idoia Lopez Riaño

 

Oharra:

Testu hau filmaren OFFeko ahotsa da. Filmean 6 ziega agertzen dira, eta bakoitzari atal bat dagokio. Lehenengo eta 6. ziegan agertzen den emakume presoa berdina da. Besteetan, hiru emakume presoak agertzen dira, banaka, bakoitza «bere» ziegan. 5.ean, amama bat agertzen da, eta berori da filmean indar handiagorik daukana.

 

1. ZIEGA

Giltzaperatzea

 

Kanpoan, eguraldi ona laster iritsiko da. Euriaren ostean bezala, ezta? Eta ni hemen, giltzaperaturik, zenbat urtaro gehiagotan oraindik?... Kaiola honen barrendik, barruti honetatik edo beste batetik, hemendik ala handik, haize, egun, argi, maitasun faltan, eskutitzetan baino iristen ez direnak. Ezin diot kaiolaturik dauden animaliengan pentsatzeari utzi... eta beraiek lez burua altxatu, eta garrasi egiteko grina izaten dut, nire kaiolan, zuhaitz berdeen, mendien, Askatasunaren usaina sentitzen dudanean.

        Espetxeko zerua zeru monotonoa da. Hormen ondorioz beti ere grisa, beti ere lanbro hau, gure bekokietan patioan gabiltzanean, ur tanta txikiak urtzen dituena. Zein hutsune luzeak... etengabeak eta goibelak... Ezin dut inguratzen nauten harresi hauen altuera gainditu; azken gauotan amesgaiztoak izan ditut, non espetxeak, berriro ere, amesten ditudan. Espetxe ilunak, irteera gabekoak, goruntz zein beheruntz doazen eskailerekin, amaierarik gabe.

        Baina nola ez sentitu, loratzen ari zen eta itzalera sartzeko, zoko antzu eta bakarti batean, bere lurretik erauzi duten zuhaitz baten gisa? Zoko honetatik nire adarrak zabaltzen ditut, oraindik ere loraturik, eskuraezin eta ausente diren izpietarantz. Hemen giltzaperatu banaute, ahul nadik izan da, astiro-astiro hiltzeko, gaztaro bete-betean zahar nadin. Bakardadera zigortu naute, denbora igarotzen delarik berarekin gauza eta lagun anitz eramanez.

        Nire loreak, egunetik egunera, distirarik gabe, argirik gabe, maitasunik gabe, isiltasunez eroriko dira... baina nik urradura bakoitza sentituko dut.

 

 

2. ZIEGA

Edozein egun

 

Ozta-ozta nabil. Herrestan nire oinak, nire gorputza, baita kateak ere. Kateak. Espetxeak iluntasunezko etxe hauek ezagutzen ez dituztenentzat ikustezinak diren kateak. Bai, nolabait bizitzak berriro ere bere magalean babes ditzan itxaroten dauden mamuak bezala gabiltza, zin, existentziaren trenean berriz ere eseri ahal izateko zain, baina aldi honetan ibilbidearen norantzan eseriz. Zeren eta hemen, kutsu amaigabe baten zaporea duen itxarote honetan zokoratuta, bizitza igaro eta abiada handian ihes egiten dizula ikusten baituzu. Kanpoko bizitza, BIZITZA, horixe, gaiztasunez beterik egon arren hainbeste gauza da...! Baina hemen... ailegatzen ikusi aurretik, dagoeneko abiatua da. Betiereko gabezian bizitzen... Infernurik badago, honen antzeko behar du izan.

        Leihora hurbildu naiz, beharturik —komunera joateko pasabide bakarra baita— eta kanpora begiratu dut. «Kanpoa», barruko patio txiki bat da, horma bat, burdin sareak... Bele bat bere hegoak apaintzen ari da, arratsaldean zehar etengabe ari duen euri xehearen azpian. Hotz da, eta hodei ilunek, baxuek, giroa iluntzen dute. Zenbait leihotan argia dago. «Bokia» ate aurreetatik pasatzetik dator, bere txanda egiten ari da, kontrolatzen, ateko «judas»etik begiratzen du —klik-klak—. Irratiak, arretarik gabe entzuten ditudan musika-notak hedatzen jarraitzen du. Haizea altxatu egin da.

        Nere leiho gainean, burdin sareek, kutxila txiki zorroztuez josiak, noizbait hauek zeharkatzea bururatuko balitzait, une txarrak igaroko nituzkeela gogorarazten didate.

        Helikopteroen aurkako kableengatik moztutako zeruak bere kolorea aldatzen du. Beleak begiratzen nau. Edo hala dirudi. Aharrausi egiten dut. Oraindik ez dut «janari» gisa ematen diguten pentsua liseritu, eta dagoeneko badira hiru ordu.

        Labar ertzean paseatzeko arratsalde polita da, haizea aurpegian eta itsasoko zapore gazia ezpainetan.

        Bai, berriro ere amesten... eta nire pentsamenduak irakurri ahal izango balituzte bezala, espetxea inguratzen duen harresia argitzen duten erreflektoreak piztu dituzte. Gaua laster helduko da. Hilabeteak dira izarrak ikusten ez ditudala. Erreflektoreen argia indartsuegia da. Agian... lurrean etzango banintz, baldosa gainean, eta nere aurpegia ziega honetako paretari itsatsiko banio, justu leihoaren azpian, apika, hainbeste amestarazten gaituzten puntu distiratsu horietako batzuk ikusi ahal izango nituzke...

        Baina leiho gainean ezarritako burdin sareak ahantzi ditut... Diztira egiten dutenak, ez dira izarrak... kutxila zorrotzak baizik.

 

 

3. ZIEGA

Bakardadea

 

Nola egon daiteke gertu urrun daudenengandik?... Ez dago inposatutako distantzia baino beldurgarriagorik.

        Ziega honetako bakardadeak gehiegi samintzen nau.

        Denbora, ihes egingo balit bezala igarotzen da, eta inguratzen nauen bakardade honek, horma honek, kanpotik itxitako ate honek, maite dudan guztiaren hutsune fisiko eta materialak, zorroztasunez min egiten dit. Halere, dena bizirik eta presente dago nire bihotz eta gogoan.

        Batzuetan, beste presoen garrasiak isiltzen direnean, etengabe ernegatu eta erasotzen digun unibertso ozen honetan ate edo hormen kontrako kolpeak hedatzen ez direnean  hainbat irudik ehundaka begirada telebistako pantailara lotzen dituelako, edo gau horretan besoetako zainak inork ebaki ez dituelako une horietan bizirik lurperatua izan naizela iruditzen zait.

        Horma hauek gezurrezko ispiluak bezalakoak dira: alde batetik, ispilua da, islada, eta bestaldetik, beira bat, besterik ez. Ispiluaren aldea hemen da, non ez dudan nire islada baino besterik ikusi ahal... Nire irudia... baina beste aldean gertatzen den ezer.

        «Hara! Su artifizialak ote?...»

 

 

4. ZIEGA

Gutunak

 

Gutunik ez... eta une hauetan taupadarik ez du nere bihotzak.

        Ulertarazi nahi dizuet, sentiarazi..., gutunen gabezian sentitzen dugun babesgabetasun zirrara idazten ez duzuenean, alegia eta hein berean espetxeak deuseztatu nahi dituen loturak gure ezintasunaren aurrean desegiten direla.

        Atsegingo nuke ulertuko bazenute, zuentzat paper zati batean idatzitako zenbait esaldi-borro dena, guretzat iluntasun honetan argi-izpi bat dela. Zenbait esaldi, zenbait fereka, zenbait haize-bolada, kanpotik baino iritsi ezin direnak. Gure aurpegiak ikusiko bazenituzte kartazal zuri horiek iristen direnean...! Morala kargatze hau, eta ongi egotea, bakarrik ez egotearen zentzazioa, zuei ongi-etorria emateko eta harrera egiteko bihotza zabal-zabalik, gu bisitatzera etorriko bazinate bezala...; ziega hauek bat-batean jendez beteko balira bezala, norberak hainbeste maite duen jende multzotxoaz.

 

 

5. ZIEGA

Bisita

 

Bai... espetxea halaxe da: ausentzia, urruntasuna, ezintasuna, gabezia, atsekabea.

        Kanpoko bizitzatik baztertzen zaituen tunel bat, bat-batean begiak estaliko balizkizuete bezala, eskuak zein oinak lotu eta ahotsa irrati bat itzaltzen den moduan— isilduko balizuete bezala. Zer bilakatzen da norbera une horietan? Nor edo zer bilaka zaitezke, haize, zuhaitz, haurren irriak kentzen dizkizutenean? Nor edo zer, beste mundu etsai eta hotz batean uzten zaituztenean, maite dituzunen begiradak hilean minutu batzuk besterik onartuak ez daudenean; presentzia hori hain sakonki arnastearen grina izaten dugun arren apur bat arnasestutzen garen minutu horietan... gurekin geratzearen nahiaz bisita-denbora agortzen denean, gupidagabe, berriro begiak estaltzen dizkigutelarik.

        Putzu baten sakonetik goialdera begiratzen duzunean bezala da, zerurantz begiak, argirantz... eta hor, iluntasunean, itxaroten duzu.

        Itxaron... Itxaron... Itxaron beti.

        Itxaron... Bisita bat... Gutun bat...

        Gauean begiak nire argazkietan gerarazten ditudanean, negar batean lehertzen naiz, arnasik gabe, eta nire malkoek sortutako lanbro horretan, oso ondo ezagutzen ditudan ahotsak entzuten ditut: «ama, amatxi, eutsi, hemen gaude, gogoan zaitugu...» eta hainbeste indar ematen didaten hitz hauekin, zenbait orduz loak hartzen nau. Gero, amesgaiztoa itzultzen da.

        Zazpi urte dagoeneko... Zazpi urteko bereizketa eta gehitzen zaion egun bakoitza urradura berri bat da. Hain bisita gutxi dudan... azkena duela hainbeste... Nire alaba nire besoetara jaurti zen malkoetan: «ama, ene hirugarren haurra erditzeaz naiz eta zu ez zaude nirekin». Bere ondoan, nire iloba txikia zegoen, enetxoa! Muxu bat emateko makurtu naiz... Berak zeharka begiratu eta «kaixo, anderea» esan dit... Kaixo «anderea»... Nire amatxi-odola tinta bilakatu zait.

        Kaixo «anderea»... kaixo «anderea»...

 

 

6. ZIEGA

Eta bihar...?

 

Naizenaren erdia kendu didate hemen giltzaperatu nautenek eta zulo honetan lurperatu dute, ni kanpoan ere bizi bainintzen, basoetan, zeruan eta espazioan... maite ditudanen begiradetan, nire txoko hartan gertatzen den guzti horretan...

        Bai, badira honelako egunak, non nere arimak ia lurrari jotzen hegan egiten duen. Baina bizirik dirau beti, eta nik gogoz eusten diot, beste batzuk nigatik gogoz eusten baitiote, eta besteengatik eusten diot, beraiek ere euts diezaioten.

        Ez dute inoiz ez nire maitatzeko zein borrokatzeko ahalmena giltzaperatuko eta bakarrik lagundurik, ahazturik edo beti gogoan izanik ere, ez dute lortuko.

        Nire loreak banan-bana eroriko dira, apika birrinduko dizkidate... baina nik nire baitan milaka ale gordetzen ditut, negu gorri hau amai dadin zain daudenak; hain amestua den udaberria guztiengana hel dadin borrokatzen dutenak.

        Zorionez, izpi distiratsuak iristen dira, maitasunez, adiskidetasunez, elkartasunez beteriko kartazal horietan...

        Nire loreak eroriko dira, baina ni, zuhaitza, beti bizirik izango naiz.

 

Idoia Lopez Riaño

1964

Orereta

 

1994an atxilotu zuten Frantzian. 2001ean estraditatu zuten, eta gaur egun Brievako espetxean dago.

 

C.P. Avila II

Apdo. 206

05.149 Brieva

Avila

 

 

"Ataramiñe / 1. zenbakia" orrialde nagusia



www.susa-literatura.eus