Joseba Garmendia Albarracin

 

Aurrez-aurreko sasi-poemak

 

Amaia eta Unairentzat

 

Gauminean isiltasunak ez du arnasketa gaubeilatzen.

Kilkerrak esna, patioaren azalera miatzen dabiltza

amesgaiztoak ezarritako patuari ihes-zuloa aurkitu nahian.

Patioaren zurruntasun trinkoa kilikatzen dute

zirrikiturik zabalduko ote dien.

 

Ilargiaren estainuzko zuritasunari abesten diote

urruneratuko dituen haize-bolada ufa diezaion eskez.

Akorde metalikoek ordea,

alanbrearen arantzak zorrotzago teinkatzea baino lortu ez.

Hesietako fokuek lepoak luzatzen dituzte hobeki zelatatzearren.

 

 

 

Errekuentoan

mirilian begi bik

goiztiria argitzen digu.

Atearen mekanismo automatikoaz

ireki zaigu

egun berri

planifikatua.

 

 

 

Kabietako enarek filosofatzen dute

zein arrazoi ezkutu bitarte,

luzera murritzeko pentagramak errepasatzen dituzten

presoen ibilerak diren

horren armoniarik gabe.

Eta aldiz,

zure gutuna eskuan laztantzen duenak,

patioaren ekialdetik mendebalderantz

irriño hain irrifartsuak marraztu ahal izateko

lerroetan gordetako ze motako sentimenduak

miazka ditzaken

galdetzen diote alboan paseeran dabilkion baloiari.

Jakinminaren irrikaz

enaren txitoa kabitik erori da.

 

 

 

Begirada arrotzen bortxaz forjaturiko eleek

zementuzko baratza goldatzen darraite, hala ere.

 

 

 

Mairuak otoitza eten,

hilabatean behin

ezpainak topatu direneko.

 

Astean hamar minutuko bi solasaldi telefoniko.

 

Ahoskatze xamurraz xuxurlaturiko esaldi eztienak,

esaldi limurtzaileenak,

funtzionario zein ijitu pairugabeen imintzio asaldariei

itzuliriko mespretxuzko soaldi ziztatzaileenekin

uztartzeko trebetasuna albait lasterren ikasteko.

 

Lokutorioko kristalean ez errebotatzeko

ninien dizdirak gero eta ozenago.

 

Urdailean epeka kotizatzen duen

harreman diskontinuo jardunaldi partzialeko.

 

Besarkaden labeetan tenplaturiko eleek

zementuzko soroari arnasa berritzen darraiote, hala eta guztiz ere.

Mairuaren ahurraz eneratxo sostengatua

esku amultsuetan datza. Ez zaitezte kezka.

Laster airatuko da eta.

 

Agian eraman ere,

eramango baitu mairua bera

misioaren arrakastarako.

 

 

 

Gainontzekoa, gure kontu.

 

Bihar patioa pago-hostoz beteta

iratzarriko da.

 

Eta euria ariko du.

 

Joseba Garmendia Albarracin

1968

Urretxu

 

Aurtengo martxoan Espainiako Polizi Nazionalak atxilotu zuen Batasuna erakunde politikoaren kidea zelakoaren akusaziopean. Egun, Aranjuez-ko espetxean dago.

 

C.P. Madrid VI

Ctra. N -400, km 28

28.300 Aranjuez

Madrid

 

 

"Ataramiñe / 1. zenbakia" orrialde nagusia



www.susa-literatura.eus