Ez dut biharko argirik ikusiko

 

Zorion Zamakola

 

Ez dut biharko argirik ikusiko. Zirriborro hauek amaitu ostean oheratu egingo naiz, eta begiak betirako itxiko zaizkit. Hil egingo naiz, bai, gaitza da horrela esatea baina ondorengoak izango dira nire bizitzako azken orduak.

        Egoera berezia da hau. Beldurrak nago, ez dut ukatuko, baina nire patuaren ezagutzak halako lasaitasun itxura bat ematen dit. Nire eskuak dardarka daude, ostera, eta balizko irakurleak zailtasunak izango ditu idazkera estu eta trakets hau aditu ahal izateko.

        Beti esan izan didate ortografia hobetu behar dudala —baita umetan ipurdia makilaz berotzen zidan maisu zitalak ere!— Halere, oraingo honetan inork ez dit ezer leporatuko, inoiz baino idazkera baldarragoa eduki arren.

        Nork irakurriko ote du lehenengo hau? Aitorrek, seguraski. Bihar goizean Amelia etorriko da asteazkenero moduan etxea txukuntzera. Nire gorpua ohean hilik ikusten duenean oihu batek irtengo dio ahotik eta berehala —ikusten dihardudala ematen du—, burua lasaitu eta zer egin behar duen pentsatuko du. Ameli beti izan da pertsona zentzuduna eta. Hortaz, nire seme nagusiari deituko dio eta zuk, Aitor, paper hauek aurkituko dituzu mesanotxe gainean bis-bistan.

        Ez da testamendua, lasai. Ondotxo dakizue nire ondasunak zelan banatuko dituzuen. Banatzeko larregi ere ez dago eta! Zure aita den agure honen azken burutazioak baino ez dira. Ez dut inorentzako idazteko asmorik, neronentzat ez bada. Segi aurrera gura baduzu, beraz, edota bota zakarrontzira bestela. Ni ez naiz haserretuko (ja, ja, ja).

        Duela ordubete inguru jakin dut gaur gauean hilgo naizela. Harrez gero bizitza osoko gertakizunak zurrunbiloan darabiltzat gogoan: umetako jolasak, eta jolaslagunak, amaren sutondoko ipuin saioak, baserriko gorabeherak, gudako oinazeak, duela hamar urte joan zen Maritxurekin ezkontza, umeen jaiotza, Mikelen erbesteratzea....

        Bat da, ordea, beste guztien gainetik datorkidana eta horixe da, finean, orain idazteari ekiteko arrazoia. Edo bizirik nagoen sentipena ahalik eta luzeen xurgatzea, batek daki. Noan, baina, harira. Ez dut hau amaitu baino lehen loak hartzea nahi.

        Gertakizuna gudan izan zen, artean nik hemeretzi urte baino ez nituela. Elgetako frontean geunden, elkarrekin gerrara joatea erabaki genuen auzoko bost lagunak: Joxe Miguel, Fernando, Pelayo, Patxi eta Luis Mari, ni neu. Gu heldu berriak ginen eta oraindino guda ezagutu ez duenaren eta gaztetasunaren alaitasuna genuen. Lehenengo egunetan tiro solteak baino ez genituen entzun, eta gu baino helduagoak —gudan helduagoak esan beharko nuke hobeto—zirenei jaramon egin barik txoriburuen pare ibiltzen ginen, eskasegiak genituen munizioak axola gabe alferrik galtzen.

        Behin batean tenienteak patruila batetara bialdu gintuen Fernando, Patxi eta hirurok, karlistek mugimendu asko zerabiltela eta, ea berauen atzekaldean zeozer ikusi ahal genuen.

        Patxi eta Fernandoren inbiriazko keinuei barrezka erantzunez ilundu bezain laster abiatu ginen ''karlistei musturrak berotzera'', Pelayoren hitzetan.

        Ilargi bako gauean murgildu ginen, bada, ''benetako gudarekin'' lehenengo kontaktua egitera. Ordu betera izarditan baina dardarka nengoen bapatean, ustekabean, edozein momentutan Heriorekin topo egin genezakeela ohartu nintzelako. Joxemiel eta Pelayo antzera bide zebiltzan, sakana txiki batean geldiunea egin genuenean hirurok ahots dardarti berberaz ihardun genuen eta. ''Badakizue non demontre gauden?'', batek; ''ez jakiat, baina hemen ez dok mugimendurik ikusten'', besteak. Oraindino ez genuen karlistarik ikusi. Gure zurrumurruaz aparte, gaueko kokuen etengabeko soinua baino ez zen entzuten.

        ''¿Quien va?'' hotsak arnasa moztu zigun ustekabean. Ezer pentsatu eta egiteko denbora eman barik hasi ziren lehenengo tiroak. Hala edo nola gu ere tiroka hasi ginen, berrogeitahamar metro eskasetara piztu eta itzaltzen ziren argietarantz. Inozoak halakoak, karlisten mutur aurrean ihardun genuen berbetan. Eskuetan granada bat hartu eta tiroak zetozen aldera jaurti nuen, justu nire oinetan beste granada bat jausi zela ohartzeko.

        Albo batera salto egin nuen. ''Kontuz, granada bat!'' oihukatzen nuen bitartean. Argitasun bizi bat ikusi eta eztandak atzerantz bialdu ninduen.

        Nire onera itzuli nintzenean tiroak eta eztanda hotsak entzuten ziren baina ni nengoen lekutik urrun xamar. Piska bat gehiago kostatu zitzaidan gaua ilunegi zegoenaz konturatzea. Begiak itxi eta zabaldu nituen baina alferrik; granadak itsutu egin ninduen.

        Zelan azalduko ote dut mormentu horretan sentitu nuena? Ikara izugarria lehenengoa: karlisten aldean nengoen, itsututa, ez nekien ezta non nengoen ere. Eta Joxemiel eta Pelayo? ``Zuek non sartu zarete? Joxemi, Pelayo, non koño sartu zarete?», galdetzen nuen ahotsa larregi altxatzeko beldurrez. Eskuaz ingurua ikutzen hasi nintzen, tarrasean batera eta bestera. Zeozer biguna sentitu nuen halako batean, zeozer bigun eta bustia. Joxemiel zen. Itsututa ere beraren bizar iletsua ezagut nezakeen. Bera izan zen bizarra irten zitzaion lehenengoa, eta hogeitabat urte eskasekin harro-harro ibiltzen zen bizar dotorea erakusten.

        Erraiak astindu zitzaizkidan eta botaka hasi nintzen. Hantxe geratu ziren, lagun mina izan nuenaren hilotzaren aldamenean, gaztetasunaren alaitasun eta freskotasun guztiak. Negar sotinka Pelayo aurkitzen ahalegindu nintzen, alferrik. Ez dut haren berri gehiago eduki eta seguraski Elgeta eta Bergara alde horretako zulo ezezagunen batean egongo da lurperatuta.

        Azkenean, neure burua lasaitzea lortu eta oinez hasi nintzen, zorte piska batekin geure aldea edo baserritar jatorren bat topatuko nituen itxaropenez.

        Zenbat denbora eman nuen noraezean, harri bakiotzarekin, zulo bakoitzarekin, adar eta enbor bakoitzarekin estropezu egiten? Nik luzea, oso luzea eritzi nion. Egun argia ote zen ere ez nekien. Nekea gaindituz eta indarra xahutuz zihoazkidan.

        Halako batean musika antzerako bat entzun nuen, berbarik bako kantua. nor edo nork ahapeka ihardungo balu bezala. Harantz jo nuen, laguna izango zela sinetsi nahian. Egia esanda, nengoen egoeran edozein zen laguna. Soinuaren iturrira inguratu nintzenean konortea galduta bertan behera jausi nintzen.

 

 

Begiak zabaldu bezain laster ohartu nintzen ikusi egin ahal nuela. Seguraski eztandak une batez itsutu ninduen eta geroago berez bueltatu zitzaidan ikusmena.

        Gela dotore batean nengoen, altzari zabar baina ondo zaindu ez hornitua. Eguzkia indartsu sartzen zen leiho irekitik eta kanpotik txorien ahotsa barneratzen zen, ohantzean itzaltzeko. Gezurrezko lekua zirudien hark, gudatik hain hur (ezin izan nintzelako luze heldu) eta hain baketsua, ostera. Norbaitek arropa aldatu zidan: uniforme urratuaren ordez pijama txukun eta garbia neukan aldean.

        Gelako atea zabaldu eta gizon zahar bat sartu zen. Agurea idaztekotan egon naiz baina ez nuke hain seguru esango: berrogeitahamar eta hirurogeitapiku urte artekoa eman zezakeen; zaharragoa ere bai. Ni gaztea nintzen orduan eman zezaakeen; zaharragoa ere bai. Ni gaztea nintzen orduan eta adinak neurri ezberdina hartzen du sasoiaren arabera.

        — Esnatu zara, azkenean —esan zidan agur moduan.

        — Zenbat denbora eman dut lotan, bada? Eta non nago?

        — Nire etxean zaude; basoan aurkitu eta hona ekarri zaitut.

        — Karlisten aldean nago? —bota nuen, kortesiaren gutxiengo arauei jaramon egin barik. Ez nengoen horretarako!

        — Nire etxean zaude eta hemen ez dizu inork trabarik egingo, zaude lasai

        Hori entzunda nazionalistek hartutako lurretan nengoela pentsatu nuen. Menturaz agure hori koronelen baten laguna izango zen; Menturaz horri esker etxea bakean zegoen; menturaz etxaguna burutik zegoen eta niri laguntzeko prest, zer nekien, ba, nik.

        — Barkatuko nauzu, oraindik ez dut neure burua aurkeztu, Luis. Mari Zabala naiz...

        — Bai, bai, badaukat zure berri.

        — Zelan, ba?—harritu nintzen.

        — Ametsetan ihardun duzu eta gauza askotaz jakiteko aukera eduki dut —eta gaia aldatu guran edo, gaineratu zuen— Lorategia ezagutu gura duzu? Badaukazu nahikoa indar?

        Gogoz onartu nuen proposamena. Lorategia txukuna zen, oso zabala eta ezin baketsuagoa. Txoriek alaitsu zidarduten, katamiar bat ere ikustea eduki nuen... Lasaiegia zen dena, gudaren erdian.

        — Ez dira tiro eta kanoi hotsak entzuten... azaldu nion.

        — Ez, zoko berezia da hau. Guda hur egon arren, orain arte ez dit trabarik eragin —lasaitasun osoz ziharduen. Berdin ihardun zezakeen eguraldiaz edo etxeko gorabeberez. Harritu egin ninduen, jakina, baina ez nuen horretan insistitu gura izan eta agurearen izaera egotzi nahiago izan nuen.

        — Badabizu xake jokoan? —galdetu zidan supitoki, larrosa gorriz jositako landare bati hosto bat edo beste kentzen zion artean.

        — Bai ba, gustokoa dut, gainera —Ah, zer nolako xakealdiak egiten nituen aita Teodororekin, nire xake maisuarekin. Gazte-gaztetatik irakatsi zidan. Amari «dotrina ikastera noa» esan eta pozarren lagatzen nuen, aita Teodororekin pieza haien sekretuak ikastera joaten nintzenetan. Huraxe zen gure dotrina sekretua!

        — Ederto, ederto —erantzun zidan agureak—. Ez da erraza inguru honetan xakean dakien inor topatzea. Goazen, ba, lehenbaitlehen.

        Xakea zoragarria zen, ordurarte ikusi ez eta aurrerantzean ere ikusi ez dudan modukoa. Harrizkoa zen, zalantza barik eskuz landua. Pieza guztiek, baita peoi xumeetako bakoitzak ere, berezko nortasuna zeukaten, berezko bizia zerien. Gonbidatua nintzela eta pieza zuriak utzi zizkidan. Mugimendu bateko abantaila, beraz.

        Aurrez aurre jezarri bezain laster konturatu nintzen joko hura apartekoa izango zela. Bapatean pisu haundi moduko bat sentitu nuen. Inguru osoa, gela, etxea, lorategia, mundua, itzali egin zitzaidan, jokoan trabarik ez egitea erabaki balute bezala. Agureak lasai zirudien baina begiei distira berezia zerien, katuei saguaren zain daudenean dariena bezalakoa. Sagua neu nintzela eman zidan.

        — Beraz, gura duzunean —ahozkatu zuen hizki bakoitza nabarmenduz, esaldiarekin gozatuz. Huraxe izango zen jokoak iraun zuen artean entzun nion azken esaldia. Handik aurrera kantuan hasi zen, lehenengoz entzun nion soinu berberaz. Ahorik zabaltzen ez zuen arren lantzean behin hitzen bat edo beste elkarlotzen zirela iruditu zitzaidan. Berezia zen, benetan; burmuinaren barreneraino sartzen zitzaidan, logura eraginez, edo nekea, edo pisua, edo zer dakit nik. Soinu hura gogotik kanporatzeko indarra egin nuen, burubelarri jokoan murgiltzeko.

        Erregearen peoia bi laukiz aurreratuz hasi nintzen. Hasiera ezaguna, ohizkoa. Nire gustokoa, ordea, eta joko hartan ez nuen ausardia larregirekin ihardun gura. Nahiago nuen lasai aritu, erdi aldea bete eta posizioak sendotu.

        Hiruzpalau minutuz pentsatu ostean berak nire mugimendu berbera egin zuen. Jokaldi lojikoena, bestalde.

        Ez dut atzera egin halako jokorik. Lehenengo mugimenduak egiteko ere, jokaldi xinpleenak burutzeko ere, mila hausnarketa egiten nituen, burutik ezin kendu nuen soinuarekin borrokan. Hasieran ordu erdi pasa zitekeen mugimendu bat egin aurretik, geroago ordu bete, eta orduak aurrerago. Artean lehenengo mugimenduak baino ez zirenean izerdi tantak sentitu nituen bekokitik bekainera eta handik matrailetatik behera bidea egiten.

        Aurrez aurre neukan hura, ostera, lasai zegoen, etengabeko kantuan. Mugimendu bakoitza egiteko luze pentsatzen zuen baina egiten zuenean ezin hobea zen, borobila, nire jokaldi guztiak aurrez igarri eta nire piezak itotzeko. Maixua zen, zalantza barik.

        Orduak joan ziren lehenengo peoia erori aurretik. Nik jan nuen eta peoi beltzak, gainontzekoen jokaldiak burutu ahal izateko hiltzeko jaio zenak, hasperen txiki bat egin zuela iruditu zitzaidan, heriotzaren beldur balitz bezala, jokoa lasterregi uztearen kexu balitz bezala.

        Jokoak aurrera egin ahala pieza gehiago jausi ziren, peoiak batzuk, alfil bat eta zaldi bat ere bai. Guztiak, baina, hasperenez agurtzen zirela ematen zidan niri. Are gehiago, hasperena agurearen soinuari atxekitzen osatzeko. Berriro ere pentsamenduok uxatu nituen, jokoari lotzeko.

        «Eta —pentsa liteke— bazkaltzeko, edo pixa egiteko ez zen jokorik eteten?» Ez ba. Oso noizbehinka, agurea altxatu eta mokadu hotzen bat edo ur edalontziren bat ekartzen zuen, eta gainontzeko premiarik ez nuen sentitu, hain zen itogarria jokoa.

        Agureak joko hasieran bezain fresko segitzen zuen eta ni, ordea, urduritasunak janda, izerditan. sokaz lotzea lortu duten basazaldiaren sentsazio berberaz: behin eta berriro oldartu arren, alferreko ahalegina dela jakinez.

        Biok ia pieza berdinak genituen —peoi bat gutxiago nik— baina halere agurearen mugimendu bakoitzak apurtxo bat gehiago itotzen ninduela sentitzen nuen.

        Zuriak nituen arren defentsa jokoa zen nirea, erasokorra pieza beltzena: peoiak aurreratuta, zaldia nire defentsa hausteko prest, alfila nire erregearen diagonalean ... Ez nenbilen gustora, ez. Atera kontuak, berak endrokea egiteko zeukala, ni bi torreak mugimendu guran nenbilen.

        Eta ustekabean miraria heldu zen: erregea eta erregina diagonal berberean ipini zituen. Begibistan neukana ia sinistu ezinik, joko osoko mugimendu bizkorrena egin nuen: alfila diagonal horretara eroan nuen, erregearen defentsan zegoen erregina mehatxatuz. Nik alfila zaindu barik neukan, eta berak tartean babes moduan ipintzeko piezarik ez zeukanez, alfila jatea baino ez zuen eduki, hurrengo jokaldian nik erregina ez jatekotan. Alfila jan zidan, beraz, baina horixe zen nik nahi nuena. Zaldia aurreratuz erregea eta erregina, biak batera, mehatxatu nituen. Erregina galduta zeukan.

        — Xake! —ia oihukatu nuen, hurrengo jokaldietan zer egingo nuen guztiz ahaztuta. Erregea mugitu eta nik erregina jan nion; horixe zen une horretan balio zuen bakarra.

        Jokaldi horrek guztiz alda erazi zuen jokoaren norabidea. Erregina alfil baten truke aldatu behar izan zuen, baina horretaz gain nire zaldia ezin hobeto kokatzeko parada eman zidan.

        Agurea ez zen gehiegi larritu. Lehenago aurrera bezala orain atzera egiten zuen, soinua sortzeari laga barik, bere piezak eta posizioak jausten ikusten zituen artean.

        Jokoak luze iraun zuen oriandino, eta hasperen gehiago entzun behar izan nituen. Orain nire egoera bestelakoa zen, ordea, eta lehen hainbesteko mina eragiten zidaten hasperenak ezberdin barneratzen zitzaizkidan; leunago, edo.

        Azkenean «xake mate» esan ahal izan nuen, azkenean agurearen aurpegia aldatuko zelakoan. Berau, baina, irrifarrez altxatu eta zoriondu egin ninduen. «Jokalari bikaina zara» —esan zidan— Ez dago jende asko niri garaitu zaidanik esan ahal duenik. Baina amaitu da jokoa. Zure lagunengana itzultzeko garaia izango da, ezta?».

        Nik ordurako guda, lagunak eta guztia ahaztuta neuzkan. Agurearen berba horiek, berriz, mundura erakarri ninduten. Jakina, non zeuden lagunak, non etxea? Guztiak jokoaren zirimolan ahaztu nituen.

        — Baina zelan egingo dut fronte osoa zeharkatu eta gure aldera heltzeko?

        — Ez dago arazorik —erantzun zidan hark— Nik bidea oso ondo ezagutzen dut. Iluntzen hasita dago eta gauez bide segurutik gidutuko zaitut.

        Halexe egin genuen. Agurea aurrean eta ni ondorenean, lehenago itsututa zeharkatu nituen inguru berberak iragan genituen. Hiru orduz edo, ibili ginen gau beltzean, karlisten hotsik ere entzun barik.

        Agureak betiko soinuari eusten zion, nire larridurarako.

        — Heldu gara —esan zidan bapatean— Zuzen aurrera jarraituta, ehun metrotara daude zutarrak. Itxaron ezazu ni joan arte eta gero aurrera egin, baina ez ahaztu euskalduna zarela esatea! Eta honekin, agur esateko ordua heldu da. Ondo izan eta ikusi arte. —Eta horrelaxe galdu zen, niri «ikusi arte» xume bat esateko denbora justua emanez. Azkenean, beraren izena jakiterik ere ez nuen izan.

        Agureak esan bezala, une batez itxaron eta aurrera egin nuen gero, ahots batek bidea moztu zidan arte.

        — Nor dabil hor?

        — Ez egin tiro!—erantzun nuen berehala— Luis Mari Zabala naiz, A konpainiakoa!

        — Zatoz honantz kontuz eta eskuak goian dituzula.

        Horrelaxe itzuli nintzen nire konpainiara, nire konpainiakideen artean agertu bainintzen. Laster agertu ziren Patxi eta Fernando ere, beste burkide batzurekin batera. Tenientea ere inguratu zen.

        — Non demontre sartu zarete? Eta non daude Pelayo eta Joxemiel? Zuengatik arduratuta egon gara, bonbaketaren erdian harrapatuta....

        —Karlistekin topo egin genuen eta granada batek Joxemiel hil zuen. Pelayo, berriz, ez dakit non dagoen baina hilda dagoela uste dut. Eztandaren ondoren itsututa noraezean ibili nintzen, agure batek topatu ninduen arte.

        — Eta nola itzuli zara? Ez dirudi itsututa zaudenik —tenienteak.

        — Agureak berak ekarri nau. Hurrengo egunean beraren etxean esnatu nintzenean ikusmena berreskuratua nuen eta...

        — Nola hurrengo egunean? Hiru ordu baino ez dituzu kanpoan eman, barren! —moztu zidan tenienteak.

        — Ez, ez. Ezin liteke hori; gutxienez egun pare bat eman dut agure horren etxean.

        — Baita zera ere! Ez etorri hona adar joka, mutiko. Orain dela ordu bete eskas itzali dira zuek eragindako kanoikadak.

        Hala izan zen, antza. Nik behin eta berriro agurearen etxean gertatutakoa azaltzen ahalegindu nintzaien arren ez zidaten sinisten. Ezin sinistu, bestalde, benetan patruila hasi zenetik hiru ordu bete baino ez ziren joan eta. Nik xehetasun guztiak gogoratzen nituen, ordea, eta xake jokoaren jokaldi bakoitza kontatzen nien: «lehenengo erregearen peoia aurreratu nuen eta...» Alferriko azalpenak.

        — Horiek guzti horiek ametsetan bizi izan dituzu, txotxo. Eztandak konorte barik laga zaitu eta ametsetan ihardun duzu. Argi dago.

        — Zelan heldu naiz bueltan, orduan?—defendatzen nintzen.

        — Joan ere egin zineten, ba. Itzultzea ez da hainbestekoa. —besteek.

        Azkenean, ze erremedio, ontzat hartu nuen lagunen teoria. Nola izan zitekeen, osterantzean, hiru ordutan hainbeste gauza jazotzea.

        Handik aurrera gertakizunak oldarrean etorri ziren eta egunerokoari erantzutea nahikoa neukan bestelako hausnarketei ekiteko: karlisten erasoa eta gure atzeratzea, etengabeko atzeratzea Santoñara heldu arte; zazpi urtetako gartzelaldia; herrira, etxera itzultzea; kalera ezkondu; seme-alabak.... Garbi esanda, guztiz ahaztu nuen gau hartan gertatutakoa...

        Gaur arte.

        Gaur, duela ordu bi eta piku, berriro entzun dut gau hartan entzun nuen soinu hura eta bapatean dena azaleratzerakoan argia piztu zait. Orain badakit Heriorekin egin nuena topo gau hartan, eta Herioren etxean xake jokoan ihardun nuena.

        Baina badakit jakin, ez nintzaiona Heriori nagusitu; badakit jakin Heriok iruzur egin zidana, jokoan nagusitzen utzi zidana. Baina zelako ordaina halakoa! Orain badakit peoien, zaldien, dorreen hasperenak nire lagunenak zirela, Joxemirenak, Pelayorenak, Bizkargin hil zuten Fernando alaiarenak, beste hainbeste lagunenak,....

        Bizitza maite dut, luze bizitzeak berau ondo ezagutzeko parada eman dit. Batzutan tristeago, pozago gehienetan, urte bakoitza, aste bakoitza xurgatu dut. Eta gehiago ere xurgatuko nuke.

        Beharbada gaur gauean Heriok beste xake joko bat eskainiko dit, eta beharbada atzera iruzur egiteko prest egongo da, bizitzara buelta nadin.

        Baina nik ezetz esango diot, ez nagoela hasperen horiek, nire seme-alabak izan daitezkeen hasperen horiek, berriro entzuteko prest.

        Ezetz erantzungo diot, eta gaur loak hartzen nauenean begiak betirako itxiko zaizkit. Eta ez dut biharko argirik ikusiko.

 

Zorion Zamakola Ibaibarriaga

1965

Ermua

 

2001an atxilotu zuten Frantzian.

Gaur egun Bois d'Arcy espetxean dago.

Hainbat literatura sari irabazi du.

 

Maison d'Arret des Yvelines

5bis, rue Alexandre Turpault

78.395 Bois d'Arcy.

FRANCE

 

 

"Ataramiñe / 1. zenbakia" orrialde nagusia



www.susa-literatura.eus