Mikel Ayllon Corral

 

Hildakoez gainezkako lurretan sortu ginen

 

Hildakoez gainezkako lurretan sortu ginen

gu ere hiltzera kondenatuak geundela ulertu genuen

lantzean behin gure buru gainetik

iragaten ziren balei so egiten genien

eta gutarik batzuk

lurrean etzaten ziren heriotzari itxaroteko

begiak itxita.

Zutik mantentzea erabaki genuenok

hil haiek guztiak

gure hilak zirela ulertu genuen,

lur hura

gure lurra

eta bizitzera ausartu ginen

horrela hiltzera arriskatzen ginela jakin arren.

Beldurrik ez daukagula esatea

gezurra esatea da

baina are faltsuagoa da

gure lurra maite ez dugula esatea

eta horregatik munduan zehar

gure lurraren zati bat poltsikoan pasiatzen gara

hilko garenean

gure lurrean hiltzeko beti.

Gero agian beste batzuk jaioko dira

gu hil ginen lur horretan

eta agian noizean behin

gure hilobiak bisitatuko dituzte

beraiek ere hiltzera kondenatuak ote dauden galdezka.

 

Mikel Ayllon Corral

1980

Laudio

 

2000 martxoaren 6an Haikako kidea izatearen

akusaziopean kartzelaratu zuten. Gaur egun

kalean dago, behin-behineko askatasunean.

 

 

"Ataramiñe / 1. zenbakia" orrialde nagusia



www.susa-literatura.eus