ASTEPEKO SEKRETARIOAREN BERTSO BERRIAK
(Zatiak)

Iparragirren bozian nuan
bertso batzuk esatera
Lege zarrian zergatik jarrai
arrazoia ematera
     Ni eznauzu atera
     Inoiz plaza batera
Bertsolarien moldian
Zoritxarrian ez det ikasi
solo artian goldian.

Euskalerrian ez det ikusi
oraindik bide zuzenik
Orregatikan ez det egingo
aipatu nire izenik
     Inoiz ez det esan nik
     Kaletarra naizanik
Edo-ta baserritarra
Iparragirrek bezala egun
joko det nire kitarra.

Aberastutzen ez dan gizona
ori da gizon prestua
Bere lagunen ondasunera
ez duakio eskua
     Au ez da legezkua
     Ez arrazoiezkua
Zergatik degun ikusten
Nola andiak txikiakatik
poltsak betetzen dituzten.

Mundu onetan justiziarik
ez da sekula ikusi
Juez jaunaren ofiziua
ori da gauza itsusi
     Tranpak dira nagusi
     Legia dute ausi
Bein deklaratu zutenak
Premiatuak izango dira
erruz lapurtzen dutenak.
 

© Gabriel Aresti


www.susa-literatura.eus