|
|
"Euskal Herriko balneario batean" Koldo Izagirre (narrazioa) 32 orrialde |
Zuretzat espreski idatzi eta inprimatutako liburuak dira hauek. amukoak bildumako liburuak doan jasoko dituzu Susaren web guneko dendan erositako liburuekin batera. Ondoko testua liburuko pasartea da. | ||
Katilu xarde godalet hotsaren gainetik heldu zaizkit neskameen algarak, elkarri eginiko deiak, sukaldeko mutilen txantxak. Liburua besapean dudala jaitsi naiz espartinak txinalka hartuta, isilik, eskaileraren bazterrik, zapart ez eragiteko. Ikusi naute ordea, eta hala ere zalapartan jarraitu dute guztiek. Egun ez dute zurruntasun profesionalean ahalegindu beharrik, libro dira bakarrik daude erromeria dute, ballet ironiko batean zabaltzen dituzte zamauak, bezeroen imintzio aristokratikoak itxuratzen dituzte krabelin sorta mahai erdiko lorontzian sartu baino lehen sudurretara eramanez. Behingoagatik, mendiko festa batean baleude bezala portatzen dira, eta ni ez natzaie poxelu, ez naiz urterokoa, zoro bat naiz batek daki nondik azaldua. Kantari hasi da neskameetarik bat, koro egiten diote besteek tarteka. Ez ditut hitzak konprenitzen, eta horrek areagotu egiten dit doinuaren malenkonia. Bihotzeko malurak ariko da kantatzen neska osasuntsu hau esparragoak banatzen dituen artean. Nik jesarri behar dudan mahian ari dira orain, Madrilen ministerioren batean enplegatuak dauden bi jaunek eta beren familiek hartu naute otordu lagun, batek esparragoa ona dela giltzurrunetarako esanen dio emazteari, eta haren platerera isuriko du berea bart orburuekin egin zuen moduan, azkenetarako gordeko du galanteria besteak. Badakizu, goi funtzionarioak garenok ez gaude inoiz oporretan, ministroen zerbitzura egon behar dugu beti. Horregatik daukat ostatatuen zerrendan egunero behatzeko usaia, nor datorren ere, zuzendari orokorra espero dugu oraindik. Hasperen bat. Eta hantxe irakurri dut zure deitura. Buruan gelditu zait, eta ikusi zaitudaneko, neure artean, hau besterik ezin liteke izan hemen Mansfield izeneko anderea. Ongi ahoskatu dut? Irri egiten didate neska sendo hauek guztiek, ogi apurtxoak nabari ditut aulkietan, zumeen bilbean. Espainiarra izateko, oso ongi, nik. Luzerako zaude? Ez nekiela, ikusiko nuela. Baldosen arteko erretenak ere ogi apur belztuez beteak daude, detailetan erreparatzen dut ez banengo bezala jarrai dezaten beren arteko jolas alaietan. Barkatu, Mansfield anderea, baina urdaila zaindu behar zenuke, oso gutxi jaten duzu, eguerdian ere konturatu naiz pixartxo batzuk baino ez dituzula dastatu. Izan ere, zuek, ingelesek... barka ezazu, andere, baina ingelesek gutxi eta txarto jaten duzue. Edan bai, egiten dute. Baina ingelesen edari nazionalak astuntasuna ematen du. Egia esan, Frantzian ere ongi jaten dute. Zein da ingelesen edari...? Hegazti exotiko bat naiz hemen, kolore bitxiak ekarri ditut kaiola honetara. Mesedez, zein izanen da ba! Hemengo sagardo hau berriz oso diuretikoa da. Eta behako zirkular bat, krabata berria mustuko balu moduan, hitzaren eragina neurtzearren. Ez nago ados, sagardoak bihotzerrea sortzen du. Tomatea jan baduzu bai, bestela ez. Hara, ez nintzen horretaz ohartu. Eta hurrupaka edanen du. Zuk, andere, irakurketa gehiegitxo daukazu, filosofia sobera, sumatu egiten zaizu. Bizimodu sotil bat eta aire sanoa da behar duzuna. Denek nahi dute laztandu ene hegal hautsia. Eta mahai hornitu bat egunero, hori eginda urrun edukiko dituzu medikuak. Koipea kokotsean. Sukaldaritza frantsesa modan dago orain hoteletan, baina euskaldunek bakarrik dakite tratu ona ematen arrainari. Baita okelari ere, bihar txuleta dugu bazkaritarako, ikusiko duzu nolako samurra ateratzen duten. Hirugarren urtea nuela okelarik jateke. Ikusten? Odola mehe daukazu, ozpina hartzen duzula ematen du. Bai, gure amek ozpina hartzen zuten masailak zuri edukitzeko. Barre egin dit ostera zerbitzari gazteenak, serbieta tolestuaren itxura sasi-erotikoa erakusten didala. Ni berriz baratxuri zoparen alde, ostegunetako baratxuri zopak aste osorako jartzen dit orduan hesteetako erlojua, hemen nagoenez gero ez dut egun bat bera ere egin kontsulatu ingelesera joan gabetarik.
© Koldo Izagirre