"Euria ari du"
    Juan Luis Zabala


    (narrazioak)
    44 orrialde

Zuretzat espreski idatzi eta inprimatutako liburuak dira hauek.
amukoak bildumako liburuak doan jasoko dituzu
Susaren web guneko dendan erositako liburuekin batera.
Ondoko testua liburuko pasartea da.

 

 

Rainy Manchester

 

Buelta batera eta buelta bestera, izerdi patsetan, maindireak ere mela-mela eginda, ez nuen bakerik aurkitzen ohean. Ezin nuen Elena nire pentsamenduetatik kendu. Mikelekin ibiltzen hasia omen zen. Zergatik ordea? Zer zuen bada Mikelek Elena bereganatzeko? Izatekotan ere, diru gehiago, hori bai, baina besterik ez. Ezer ere ez. Baina noren buruan sar zitekeen Elena bezalako neska sentikor eta maitagarri batek hain motibo zekenak izatea ohaidea hautatzerakoan? Ezin nuen horrelako ideia zororik ametitu.

        Ohetik jaiki eta telebistari begira egon nintzen apur batean. Han agertzen ziren neskek Elena zekarkidaten gogora eta horrek nire ezinegona larritu egiten zuen. Beheko tabernara jaitsi eta garagardo bat edatea zen, dudarik gabe, egin nezakeen gauzarik zentzuzkoena.

        Zerbitzariari garagardoa eskatu bezain laster, hogeita hamabost urte inguruko gizonkote bizardun bat inguratu zitzaidan, garagardo pitxerra eskuan hartuta.

        —Excuse me. Do you speak english?

        —Yes, a little.

        —Are you from here? Saint Sebastian?

        —Yes, I am.

        Zorionak eman zizkidan, hain hiri politean bizi nintzelako. Bera ingelesa zela esan zidan, from the rainy Manchester hain zuzen ere. Baina kamioilaria zenez, hara eta hona ibili beharra zuela beti. Barkatzeko molestatzen baninduen, baina norbaitekin hitz egin beharra zuela, bere ama hil zela esana baitzioten telefonoz orduantxe puntuan. Ez zuela kamioiko kabinara joan eta negarrez hasterik nahi, nahiago zuela garagardo batzuk edan eta norbaitekin hitz egin, ea egingo nion mesede berarekin berriketan geratzeko pixka batean, berak ordainduko zituela eta garagardoak.

        Baietz esan nion, ez nuela eragozpenik. Loak ezin hartuta jaitsia nintzela tabernara, bero itsaskor haren azpian ez nintzela ezer egiteko gauza eta presarik batere ez nuela. Gainera, nire ingelesa pixka bat hobetzeko aukera ona izango zela berarekin hitz egitea. Dena dela, tamalez, neure gogoaren kontra, garagardoak berak ordaintzeko eskaintza onartu beharrean nengoela, langabezian nengoelako eta sosik batere gabe nenbilelako bolada hartan.

        Elkarri geure penen berri emanez ibili ginen Alde Zaharreko tabernetan. Kontsolatu egin ninduen Elenarengatik sufritzen ari nintzena kontatu nionean: ezagutzen ez zuen arren, ziur zegoela benetan zentzuzko neska bazen Mikel utzi eta niregana itzuliko zela, eta bestela kasurik ez egiteko, ez zuela mereziko eta. Ondo pentsatuta, ezin zidan besterik esan, baina esan ziezadakeen hori esan egin zidan behintzat, eta eskertzekoa izan zen.

        Goizeko laurak edo bostak aldera, Alde Zaharreko tabernak itxi zituztenean, erdialdeko dantzaleku ilun batean sartu ginen. Gu baino jende gazteagoa, musika gogorra bolumen altuan eta hitz egiteko aukera gutxi. Pixka batean hantxe egon ginen hala ere, gure penen kontaketa saminean atseden txiki bat hartuz, gazte jende hark nola edaten eta nola dantzatzen zuen begira. Abailduta geunden, lur jota biok.

        Goiza urratzear zegoen zulo beltz hartatik irten ginenean. Kafetegi batean gosaldu ondoren, ez nuen duda handirik izan, Pasealeku Berrira eraman nuen Manchesterko kamioilari tristea. Eguna argitzen ikustearekin batera, kamioilariaren gogoa ere argitu egin zen lipar batez.

        —Wonderful! —esan zuen itsasoari begira.

        Itsaso itxuraz amaigabe haren bestaldean bere amaren gorpua egongo zela esan zuen, seme-alabek zaindua, seme-alaba guztiak gorpuaren inguruan bera izan ezik. Nahiz eta Donostian zerua urdin gardenez argitu, euriak eta lainoak inguratua imajinatzen zuen amaren farm zaharra. Oso gutxitan izana omen zen amaren etxean azken urteetan, eta beti euri eta lainoz inguratua agertzen omen zitzaion etxe haren irudia buruan.

        —When I was a child... —esanez ekin zion, malkoei duintasun ziur batez eutsiz, txikitako oroitzapenen kontaketari.

        Ohartu orduko Zurriolara iritsiak ginen. Trafikoa ugaltzen eta bizkortzen hasia zegoen. Ez zegoen dudarik, elkarri agur esateko ordua zen. Amara aldera jo zuen nire adiskide ingelesak, han inguruan baitzuen aparkatua bere kamioia; nik, berriz, etxera. Ez nion helbiderik eskatu eta ezta berak niri ere. Izena ere ez nion galdetu nahi izan Manchesterko kamioilari abailduari.

        Bulebarretik etxera nindoala, Elena eta Mikelekin egin nuen topo. Gerritik helduta zetozen, Mikelek kontu txikiak xuxurlatzen zizkion —ez dut zer lerdokeria izango ziren pentsatzerik ere nahi— Elenari belarri ondora, eta honek irri egiten zuen, irri eta irri zoroki... harik eta ni ikusi ninduten arte. Une latza izan zen hirurontzat, gogorra, zakarra, baina oso indartsu sentitu nintzen gero, etxerako bidean, aspaldian sentitu gabea nintzen poz eta lasaitasun eder baten jabe. Etxera iritsitakoan leihoko saretak ondo itxi eta bake-bakean egin nuen lo.

 

Donostian, 1994ko abuztuaren 12an

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus