VHS
VHS
2020, nobela
336 orrialde
978-84-17051-48-8
Azala: Idoia Beratarbide Arrieta
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
2009, poesia
 

 

Galdeketa
hirugarren lekukoari:
Merline

 

 

Merline. Orain arte zorrotz jarraitu ditut detektibe emozionalaren joko arauak. Baina beldurra nion gaurko egunari. Nola heldu solasari? Batzuetan errazago da gauza garrantzitsuei buruz ezezagunekin hitz egitea, maite dituzun pertsonekin baino. Egun Merlinek eta biok hilean behin ikusten dugu elkar, gutxi asko. Gure munduak, bizitzan hartu ditugun bideak, hain dira ezberdinak normalean ez dutela elkar gurutzatzen. Kosta egin zait Victor berarekin mintzagai izatea. Victor, eta haren bidetik gu. Etorkizunaren zain ginen garaiak gogoan hartzea, etorkizun horrek bete-betean harrapatu gaituen honetan. Estrategia baten beharra sentitu dut, Hiber eta Kapelurekin ez bezala. Libreta etorri zait gogora. Orain arte zalantzan egon naiz, Aitziberri esan ala ez, eman ala ez. Libreta, ezkutuan gorde dudan Macguffin bat. Libretan, berez, ez da apenas Victor aipatzen, baina bidaian etengabe izan nuen soinean. Sevillara iritsi bitarteko testuak dira gehienak, zeinetan bidaiaren eguneroko modukoa idazten saiatu nintzen.

Libreta Merlinerekin elkarrizketa abiatzeko aitzakia izan daitekeela pentsatu dut. Jakin badakit zuzenean ateratzen badiot Victorren gaia berehala atzeman uste izango dituela nire truko guztiak, paper bat jokatzen saiatuko dela neurea erasotzat hartuta, mesfidati. Eta ez da hori nik nahi dudana. Taberna lasai bateko terrazan jarri dugu hitzordua. Mahai gainean jarri ditut grabagailua, hautsontzia eta ardo botila, bi basorekin. Rec.

ILEHORIA: Elkarrizketa honetan libreta honi buruz hitz egingo dugu.

Eskuetan hartu du, begi arranpalo.

MERLINE: Gogoan dut.

ILEHORIA: Gogoan duzu?

MERLINE: Bai. Nik antzeko bat nuen.

Libretaren azalari erreparatu diogu, collagea osatzen duten argazkiei: Marcos zapatistez inguratua, Gerda Taro PC dioen harri baten gainean bermaturik, “Renteria” dioen errepideko seinalea ezabaturik gainean eskuz “Orereta” pintatua duela, neure garai hartako zuri-beltzeko argazki bat eskuz koloreztaturik, Barrio Sesamoko Peggy txerritxoa strip-tease bat egiten, Agnes Vardaren film baten fotograma alai bat, nahiz eta nik orduan Varda nor zen jakin ez. Libreta zabaldu eta pertsona ezberdinen esku-letrak azaltzen dira bertan, libreta inauguratzeko lagunek egindako nolabaiteko eskaintzak.

ILEHORIA: Ezagutu duzu zure letra?

MERLINE (irakurriz): “Paso a paso se alcanza Granada”. Mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpi!

ILEHORIA: Bai. Hau da nik bidaian bertan, eta bidaia egin genuen garaietan oro har, beti nirekin eramaten nuen libreta. Ez dut hogei urtean zabaldu, zur eta lur geratu naiz irakurtzen hastean. Beraz, nire proposamena: nik pasarte batzuk irakurriko dizkizut eta komentatzen joango gara. Hasteko eta behin, zer esaten dizu azaleko collageak?

MERLINE: Zu ikusten zaitut. Zure sinboloekin, aurreraka tiratzen zizuten ideiekin. Badira digeritzen errazak ez diren irudiak bertan, gogorrak ere esango nuke, baina guztiak dira konpromisoaren sinboloak, inkonformista eta ameslaria den norbaitez hitz egiten dutenak.

ILEHORIA: Zu ere horrekin identifikatzen zara?

MERLINE: Bai... Bai, zalantzarik gabe.

ILEHORIA: Libreta ireki eta zure letra ikustean zer sentitu duzu?

MERLINE: Grazia egiten dit hori irakurtzeak gaur, nolabait islatzen duelako Granada izan daitekeela collageko irudi horietara guztietara gerturatu ahal izatearen sinboloa. Egun ere idatziko nukeen esaldi bat da. Gustukoa dut. Agian gaur egun beste Granada bat dagoelako nire bizitzan.

ILEHORIA: Esku granada bat?

Barrezka biak.

MERLINE: Bai, baina ez fragmentazio granada bat.

ILEHORIA: Gaur goizean galdeketa hau prestatzeko libreta irakurtzen hastean, arreta piztu didaten zatiak markatu ditut. Batzuk bidaia hasi baino lehenagoko egunetan idatziak dira, beste batzuk bidaian zehar. Hasteko eta behin, barruan Mario Benedettiren aipu mordoa dago. Urte asko da Benedetti irakurtzen ez dudala...

MERLINE: Baina une horretan mesanotxeko ezinbesteko egilea zen guztiontzat.

ILEHORIA: Noski. Ni gogoratzen naiz gure bidaian Che Guevararen biografia irakurtzen ari nintzela, Paco Ignacio Taibo IIk idatzitako hura, tapa horiak zituena. Hori eta Benedettiri buruzko biografia bat, El aguafiestas, eta Benedetti beraren Primavera con una esquina rota, berriki euskaraz plazaratu dena Udaberri kantoi-hautsia tituluarekin.

MERLINE: Eta bidaia horretan galdu nuen nik nire Benedettiren liburua, Andamios, Chusori utzi nionean.

ILEHORIA: Bai. Elkarri agur esaterakoan. Une berean Victorrek Angelica Negroren El olvido necesario utzi zidan. Oraindik ere gordeta daukat.

MERLINE: Hara...

ILEHORIA: Deigarria egin zait Benedettiren presentzia absolutua, entzun aipu hau:

“La derrota no prueba que luchar por la justicia sea un error o sea imposible. Solo prueba que se han cometido errores que llevaron a esa derrota, derrota que ha tenido también su parte buena y positiva, después de todo hasta Borges ha escrito que hay una dignidad que el vencedor jamás puede alcanzar”.

      Zer sentitzen duzu hori entzunda? Zuk porrot baten gisa ikusten duzu garai hura, moduren batean?

MERLINE: Ez. Tira, orain naiftasun apur bat da sentitzen dudana, gure burua oroitzean, horrelako ideiak koadernoetan idazten. (Barreak) Baina bestela, ez dut uste aipu honetan porrot erabatekoaren ideia bat dagoenik. Hemen dioena da saiatu ez izana dela porrot bakarra, zerbaiten alde borrokatu ez izana. Ezinezkoa da porrota hori sentitzen duzun bitartean.

ILEHORIA: Benedettiren beste bat:

“Es incómodo hacer el amor en un ferrocarril, pero mucho más incómodo es no hacerlo”.

MERLINE: Ba gauza bera da, gutxi gorabehera. Bai... (Pentsakor)

ILEHORIA: Bidaian joan aurreko testuak irakurtzean eduki dudan inpresioa da... zera... oso poema txarrak idazten nituela.

MERLINE (barreak): Baita nik ere. Biok ginen txarrak.

ILEHORIA: Nik uste dut zuk hobeto idazten zenuela. (Isilunea) Baina, noizean behin, poema terribleen erdian, badira arreta piztu didaten esaldi solteak. Hau adibidez:

“Gaur nire aurpegia ahaztu dut begi baten barnean”.

Oso garaikoa da, ezta? Un perro andaluz ekartzen dit gogora.

MERLINE: Bai.

ILEHORIA: Zuk nola oroitzen duzu nire idazteko modua garai hartan?

MERLINE: Testu horretaz ari zara, edo orokorrean?

ILEHORIA: Orokorrean.

MERLINE: Beti eduki dut sentsazioa ameslari bat zinela. Ameslariegia agian, neurri batean orain ere hala zarela uste dut, baina izateko eta sentitzeko modu horri esker zara gaur egun zarena. 1997an... zer adin genuen?

ILEHORIA: Hogeita bi, nik. Hogeita hiru, zuk.

MERLINE: Ez dakit. Sentsazioa daukat gauzak ez direla hainbeste aldatu.

ILEHORIA: Eta zuk zure garai hartako testuak berrirakurri dituzu inoiz?

MERLINE: Bai, eta harritu egin izan naiz.

ILEHORIA: Zein zentzutan?

MERLINE: Zentzu positibo batean. Zeure burua errekonozitzen duzu, eta berretsi egiten zara hitz haietan. Testu onak ala txarrak izan testu beharrezkoak ziren, ez soilik niretzat, ez nuelako niretzat soilik idazten. Testu haien bitartez etorkizunean izango zinen hori sortzen joaten zinen.

ILEHORIA: Hemen bada esaldi bat kolpatu egin nauena:

“Iragana funtzionatzen ez duen orainaldi bat da”.

MERLINE (ironiaz): Hori zer da, irrati formula bateko kanta?

ILEHORIA: Ez. Esaldi solte bat da. Uste dut obsesionatu egiten ninduela esaldi honek, ez dakit zergatik. Orain egiten ari naizen ikerketa hau ekarri dit gogora. Oroitzapena ere bada funtzionatzen ez duen orainaldi bat.

MERLINE (pentsakor): Funtzionatu... zein zentzutan?

ILEHORIA: Izorratu den makina bat. Izorratu den etxeko bideo irakurgailu baten moduan. Objektua ikusten duzu hor, hilik, baina ezin da erabili. Sentsazio arraroa da.

MERLINE (zigarroa pizten): Nik ez dut hori konpartitzen, kontziente naizelako iragana hasiera bat dela, inoiz zerbait izateko prozesuan den hazia. Dena da bat. Iraganeko une bat lehenengo kimua den bitartean ez da izatera iritsiko den horretaz jabetzen, baina ezinbestekoa da lehenengo kimu hori sortzea oraina eman dadin. Gauza bera dira iragana eta oraina, ez dira bi plano ezberdin, batasun bat baizik. Ez dakit ondo ulertu dudan esaldia... (Pentsakor) Zergatik ez dabil iragana? Oroitzeko kapaz ez zaren heinean diozu hori, ezin diozulako iraganari forma zehatz bat eman? Libreta hau existitzeak adibidez zuretzat esanahi bat izan behar du... Akaso ez dabil iragan zati bat den libreta hau? Bai, badabil, ia hogeita hamar urte geroago momentu hau sortzen ari gara libreta honekin, ikusiz hemen barruan dagoen guztia gu geu ginela, ordukoetan berretsi gaitezkeela. Ez dakit, ez dut libreta osorik irakurri, baina oraingoz ez dut esan “zer arraio da hau!”.

ILEHORIA: Kar-kar... beti bezain seguru jarraitzen duzu guztiaz, ezta?

Isilune ezerosoa sortu da. Peligro. Ironiko izaten saiatu naiz, baina ez zait sekula ondoegi eman. Merline orain arte nahiko isilik egon da, nire asmoak neurtzen bezala. Konfiantza giroa berreskuratu behar dut, bera benetan biluztea eta oroitzen hastea nahi baldin badut.

ILEHORIA: Libreta honetatik arreta piztu didan gauza bat da testu asko euskaraz daudela idatziak, eta ondoren berehala erdaratuak.

MERLINE (uzkur): Agian idatzi ostean niri irakurtzeko.

ILEHORIA: Bai... testuak euskaraz idatzi eta berehala itzultzen nituen, besteokin partekatu ahal izateko. Hemen bada beste esaldi bat...

“Zailtasunak zailtasun, uste dut posiblea dela garaipena. Eguneroko gatazka txikietan batez ere. Ez da harrokeria. Soilik neure buruari zer erronka jarri asmatu behar dut, modu errealista batean”.

      Zeinen jakintsua nintzen, noiz arraio ahaztu dut nik hori! (Barreak)

MERLINE (ironiaz): Seguru zaude zure esaldia dela?

ILEHORIA (ironiaz ere): Of course! Zer datorkizu burura esaldi horrekin?

MERLINE (erlaxatzen): Ostia, ba nik une horretan ez nuela horrelakorik pentsatzen... Zu garai hartan ezagututa, tantra gisako zerbait dela iruditzen zait.

ILEHORIA: Zer da tantra bat?

MERLINE: Zerbait sarritan errepikatzen diozuna zeure buruari barneratu eta zure egin ahal izateko.

ILEHORIA: Ez dut uste esaldi hori asko errepikatu nionik neure buruari... Nire ustez ametsak kontzienteki aukeratzeaz ari da, ezta?

MERLINE: Baina zuk zeure buruari horrelako helburuak jartzen zenizkion?

ILEHORIA: Nik uste dut baietz. Baina tira, agian maitale bati buruz ari nintzen, izan daiteke hori ere.

MERLINE (barreak): Erromantikoegia zinen! Horregatik ligatzen nuen nik beti zuk baino gehiago. (Barreak, eta ondoren pentsakor) Baina harrigarriena zuk zure testuak gaztelerara itzultzeko beharra sentitzea da niretzat.

Ligatzeko kontu horri erantzuteko tentazioa eduki arren, eutsi egin diot; konfiantza giroaren mesedetan.

ILEHORIA: Badira soilik gazteleraz idatzitako testuak ere.

MERLINE: Horrek ere harritzen nau. Bi gauzek harritzen naute.

ILEHORIA: Esaldi batzuekin gertatzen zait ez dudala oso argi nire testuak diren, edo inori gau batez entzun ostean lapurtutakoak. Agian tantra hori zurea da...

Barreak.

MERLINE: Ez, inola ere ez. Ez dut neure burua esaldi horretan islatuta ikusten. Nik uste dut sotilagoa nintzela. Beti izan dut gustuko itzalean ibiltzea, besteen atentzioa gehiegi piztu gabe.

ILEHORIA: Testu askotan idatziak izan ziren ordua jartzen du. Haietako asko goizaldean idatziak dira, edo gaupasaz.

MERLINE: Akaso zeure buruarekin egoteko uneak ziren horiek.

ILEHORIA: Goizeko bederatziak... hamarrak... Hara, hemen bada beste aipu bat:

“Esateko modurik onena ekitea da”. Jose Marti.

Barre handiak, biek.

ILEHORIA: Nik ez dut gogoan Marti irakurri izana, akaso Cheren biografian azalduko zen esaldi hori.

MERLINE: Esaldi horrek pentsarazten dit dena dagoela asmatua. Datorren mendeko hauteskunde kanpaina bateko leloa izan zitekeen, iraganera bueltatzen gara etengabe inspirazio bila.

ILEHORIA: Baina bai ekarri dit gogora zu nolakoa zinen, esaldi horrek.

MERLINE: A bai? Zergatik?

ILEHORIA: Ez dakit, agian une batez idazteari utzi zeniolako, baina sortzaile izateari utzi gabe. Bizitzako esperientzien bitartez hasi zinen sortzaile izaten. Zure seme-alaben bitartez, besteak beste.

MERLINE: Bai, sortze prozesua bizitzaren arlo ugaritan dago. Zuk agian fokalizatu egin duzu idazketara, baina egiten duzuna egiten duzula beti sorkuntzan ari zara. Azkenean sorkuntza abentura egoista bat da, sorkuntza partekatu nahi izatea egoista den bezala.

ILEHORIA: Eta zentzu horretan edozein formatuk balio du.

MERLINE: Bai. (Libreta begiratzen) Hori zure letra da?

ILEHORIA: Bai. Ondo idazten nuen libreta honetan. Orain libreta eramaten jarraitzen dut, baina sarritan ez dut neure letra ulertzen.

MERLINE: Autoan sartuta idazten genuen askotan.

ILEHORIA: Nire letra asko okertu da ordutik. Begira hau. (Libreta berri baten barnealdea erakutsiz)

MERLINE: Joder.

ILEHORIA: Bai. Orduan saiatzen nintzen letra onez idazten, guztia ulertzen dut orain... Begira hau, Teresari buruzko poema bat... Zure bikotekide ohia.

MERLINE: Aiba... (Pentsakor, eta ondoren barrezka) Joder, zer jartzen du? (Irakurtzen hasten da)

ILEHORIA: Poema izugarri txarra da.

MERLINE (irakurri ostean): Hau pentsatzen zenuen gutaz? Ze puta zaren! Guay dago.

ILEHORIA (bera ere irakurtzen): Hitz hauek... Behin eta berriz errepikatzen diren kontzeptu hutsak, errepikatzearen poderioz zentzua galdu dutenak... “ametsak”, “betirako”, “eternitatea”... (Libreta begiratzen) Hemen ezagutzen ez ditudan beste pertsona batzuen letrak ageri dira... sarritan parrandetan hori egiten genuen, ligatzeko, edo adiskidetasun berri bat hasteko. Jendeari libretan zeozer idazteko eskatuz gerturatzen ginen, jendeak ez zuelako espero. Hau ez da zure letra, ezta?

MERLINE: Ez.

ILEHORIA: Etengabe azaltzen dira Kubako iraultza eta Hego Amerikako idazleak... Begira, esaldi hau nirea da:

      “70eko hamarkadako etorkizunak amestu genituen jaio aurretik”.

Oso presente zegoen guregan hura guzti hura, ezta? Eta Silvio Rodriguezen eragina.

MERLINE: Pentsa ezazu gaurko hogeita bi urteko gazte bat ideia horiekin. Zeuk zortea eduki zenuen, zeure burua kuestionatzeko aukera izan zenuelako.

ILEHORIA: Ez nator bat horrekin. Joera handiegia dugu gaurko gazteak interneten garaiko alderik ilunenekin lotzeko, baina ez al zuten gure aurrekoek, gure gurasoek edota aitona-amonek, gauza bera esan gutaz? Iraultzarako edo, behintzat, errebeldiarako beharra berezkoa da pertsonengan, garaiak garai. Nik elkartasunerako bulkada ikusten diot gazte askori gaur ere, beste forma bat hartzen du baina gauza bera da.

MERLINE: Nik ez dut oso argi hori. Gaur egun mezu asko teledirigituak dira, hutsak sonatzen dute, eta zeuk zeure buruari gauzak planteatzeko ariketa egin zenuen.

ILEHORIA: Eta zuk ez?

MERLINE: Ni beti izan nintzen inkonformista bat, baina batez ere neure buruarekin. Nolabait, zeure burua berrestea bilatzen duzu bidean zeure burua konbentzitu gabe. Hori da niretzat inkonformismoa.

ILEHORIA: Horretan pentsatu egin behar dut... (Entzun berri duena errepikatuz) Zeure burua berrestea bilatzen duzu bidean zeure burua konbentzitu gabe...

MERLINE (barrez): Ez dakit traste hau ondo grabatzen ari den, bestela gero berriro entzun esaldia eta pentsatu horretan tarte batez.

ILEHORIA (barrez): Espero dut baietz, grabatzen egotea. (Grabagailua begiratzen du badaezpada) Orrialde hauetatik aurrera bidaia hasten da, eguneroko moduko bat egiteko ahalegina dago, azkenean guztiz osatu ez zena. Libretaren atzeko aldean hasi nintzen idazten, hasitakoaren kontrako norabidean, bidaiako egunerokoa nolabait ezberdintzeko. Une batean amaitu egiten da ahalegin hori, nik uste dut bidaian gehiegi entretenitu ginela, eta utzi egin niola idazteari. (Barreak)

MERLINE: Sekulako bidaia izan zen.

ILEHORIA: Hemen bada mikroipuin baten moduko zerbait:

“Oporretako bidaia barne bidaia bilakatzen denean: akabo nire argazkiak”.

Barre egiten dute, oso ondo jakin gabe zergatik.

ILEHORIA: Kuriosoa da, bidaia haren lehenengo parteko argazki mordoa dudalako gordeta, baina Sevillatik aurrera ez dago alerik. Ez ziren karreteak amaituko?

MERLINE: Ez.

ILEHORIA: Argazki kamera analogikoak zirelako diot.

MERLINE: Bai, baina lehenengo partean ez gindoazen bakarrik, Burgosek, San Roqueko jendeak... haiek ateratzen zizkiguten argazkiak. Zenbat tardatu genuen Madrilera joaten?

ILEHORIA: Gau bat?

MERLINE: Akaso bai.

ILEHORIA: Eklipse bat zegoen gau hartan. Gogoan duzu?

MERLINE: Ez.

ILEHORIA: Eklipse famatu bat egon zen, ez dakit zer nolakoa. Akordatzen naiz autoaren atzera begiratu eta ikusi egiten zela, jarraika edukiko bagenu bezala. Zertaz ari zara barrez?

MERLINE: Zu bai zu. Gidatzen zuen bakarra ni nintzen, aurrera begira nenbilen une oro, noski ez dudala eklipserik gogoan! (Barreak)

ILEHORIA: Ni atzeko eserlekuan nindoan beti aurrekoentzat zigarroak pizten.

Libretako orriak pasatzen.

MERLINE: Libretako testuak Hiber eta Kapelurekin ere partekatu dituzu?

ILEHORIA: Ez. Hau zurekin bakarrik ari naiz egiten. Gaur goizean hautatu ditut libretatik zuretzat testu hauek. Libreta aspalditik nuen hortik gordeta, baina ez dut eskuetan hartu detektibearen enkargua jaso dudan arte.

Hemen bidaiako testu bat:

“AUTOBIOGRAFIA POETIKOA

      Lehenbiziko gaua Madrilen pasatu genuen, Alfredoren etxean. Bere aurpegia ispiluan topatzen duen bakoitzean bera dela sinesten du. Alfredo leihorik gabeko mundu bat da”.

MERLINE (barrez): Alfredo leihorik gabeko mundu bat da... Esaldi hori oso “zurea” da.

ILEHORIA (jarraitzen du irakurtzen):

“Alfredo leihorik gabeko mundu bat da. Ezin da ezer ikusi atea zeharkatzen ez bada, eta bera da giltza bakarraren jabea. Ezin dira kopiak egin Led Zeppelin entzun gabe”.

      Zer oroitzapen ekartzen dizu horrek?

MERLINE: Alfredo gu baino puskaz zaharragoa zen, ia hogei urte zaharragoa. Erdialdeko Amerikara joan zen eta oso gaizki pasatu zuen. Urteak eman zituen han, ez zuelako bueltatzeko aukerarik izan, droga mendekotasuna zela eta... Pertsona enigmatikoa zen, bere buruarekin konforme ez zegoen norbait... baina jende ona zen.

Sentitzen hasia naiz elkarrizketaren barruan harrapatua dagoela jada.

ILEHORIA: Zer nolako momentutan zeunden zu bidaia hura egin genuenean?

MERLINE: Ni momentu horretan inflexio puntu bat ari nintzen pasatzen nire bizitzan. Harro nago bidaia hartaz, baina era berean banekien zer neraman barruan. Espartarrak datozkit burura. Bazoaz zure demonioei aurre egitera, badakizu ez duzula pertsona bera izanik bueltatzeko aukerarik, badakizu hil egingo zarela bidean, eta zirkunstantzia horiei ondorio guztiekin egiten diezu aurre. Nik nire bizitzako momentu horretan presio ugari sentitzen nuen nire inguruaren aldetik, bizitza berbideratzeko, eta bidaia hura neure burua berresteko modua zen, jakiteko bizitzan hartua nuen norabidea balekoa zitzaidan ala ez. Lagunarte gisa harro geunden artearen izenean hartzen ari ginen bideaz, eta nik deskubritu behar nuen ea ideia horren alde “hiltzeko” prest nengoen ala ez, sentitzeko modu horren alde dena emateko prest nengoen ala ez. Agian, gu geu oker ginen, eta presio egiten zigun inguru guztia zuzen. Jende asko Indiara joaten da bere buruaz zeozer deskubritzeko, guk ez genuen horren urrun joan behar izan, aski izan genuen Andaluziarekin. Zure mamuek zauden lekura jarraitzen zaituztelako beti.

ILEHORIA: Mmm...

MERLINE: Eta bidaia zurekin egin izana zortea izan zen, elkarrekin genuen orekan konfiantza nuelako. Konfiantza ematen zenidan. Zu ni baino askoz hauskorragoa zinen, eta hori beharrezkoa zitzaidan nire momentua bizitzeko. Une hartan ez zidan bidaia hura egiteko beste inork balio. (Isilunea) Barne bidaia izan zen, eta uste dut zuk ere gauza bera pentsatzen duzula.

ILEHORIA: Bai, guztiz.

MERLINE: Ez dakit ez ote dudan gehiegi hitz egin.

ILEHORIA: Ez, ondo dago. Pentsakor utzi nauzu.

MERLINE: Ondo sintetizatu dut?

ILEHORIA: Ondo hitz egin duzu. Kapitulu honetako unerik garrantzitsuena izango da. (Barreak) Baina jarrai dezagun, interesgarri jartzen ari da elkarrizketa. Ea kapaz naizen hemen dudan testu honetatik zati egokia ateratzeko. Gogoan dut Granadarako bidean elkarrizketa bat izan genuela camping batean. Autora sartu eta solasean aritzen ginen, kanpoan sekulako hotza egiten zuelako. Bertan hitz egiten eta erretzen eman genuen gauaren parte bat, gogoan dut ez zebilela inor inguruan. Biharamunean hitz egindakoa laburbiltzen saiatu nintzen idatziz. Honela dio...

MERLINE: Itxaron, ostia, gogoan dut elkarrizketa hura.

ILEHORIA: Gogoan zaitut zure libretan eskema bat egiten, bizitzaren dinamika laburbiltzen zuena!

MERLINE (barrezka): Bai, bai...

ILEHORIA (berriro irakurtzen):

“GORPUTZA ETA ARIMA

      Gorputza eta arima —edo, arimaren ordez, erabili pertsonaren “esentzia” nahi baldin bada—, bizitzan dauden lerro paralelo batzuen modukoak dira. Noizean behin, bietako bat bestetik aldentzen da, paraleloan baina urrunduz era berean, nolabaiteko ezinegona eta ziurgabetasuna sortuz. Nora urruntzen da? Hirugarren lerro batera, ikusezina den orekaren lerro batera...”.

MERLINE (barreak): Kaka zahar hori da nik egindako marrazkian agertzen zena? (Barre ozenagoak)

ILEHORIA: Bai. (Irakurtzen jarraitzen du)

“Eskema hori zerotik abiatzen da bizitzaren etapa bakoitzean. Gorputzean daude behar praktikoak, biziraupena, haiek ezin asetzeari beldurra. Esentzia osatzen dute pertsona gisa bizirik sentiarazten zaituzten gauzak, arriskuak hartzeko gaitasuna. Norberaren esentzia gorputzaren beharretatik aldentzen denean, gorputzak arreta deitzen du, kontrola galtzeko arriskuarekin. Gorputza urruntzen denean, norberaren esentziak sumatu egiten du, eta kontraesanean eta tentsioan sentitzen gara geure buruarekin, zentroa topatu gabe. Egoera gehiegi luzatzen denean, talka sortzen da, berriro hasierara eramaten gaituena. Gu kontzienteki saiatu izan gara esentziaren lerroa gorputzetik urrun eramaten.

      Dinamika hau bizitzeko modu bat izan zitekeela sinetsi nahi genuen, baina gogorregia da”.

      Errekonozitzen duzu gogoeta? Agian hitz egindakoaren nire interpretazioa besterik ez da.

MERLINE: Bai, bai, errekonozitzen dut. Eta gogoan dut elkarrizketa haren unea ere. Ez dut behar argazkirik, une horiek ezin dira argazkietan gorde. Oroitzen dut momentua, eta gaua, eta baita kanpatu genuen lekua ere. Dena oroitzen dut. Bihar bueltatuko banintz jakingo nuke campingera nondik sartu ginen, ezkerrera egin genuela eta laku bat zegoela hor hondoan.

Isilunea, biak pentsakor. Merlinek ekin dio berriz.

MERLINE: Eta errekonozitzen duzu zeure burua, horrelako gauzak pentsatzen zenituela oroitzean?

ILEHORIA: Bai. Edo ez. Gehien pozten nauena, inozentzia guztiarekin ere, gogoeta hauen heldutasuna da. Gaur goizean, galdeketa hau prestatzeko libreta irakurtzen jardun dudanean, inpresioa eduki dut gerora nire bizitzan garrantzitsua izan den guztia libreta horretan dagoeneko esana zegoela. Oso testu txarrak egon daitezke bertan, baina esaten denaren mamia... testuak irakurri eta esaten dut, ostia, ez nago horren urrun.

MERLINE: Hori laostia da.

ILEHORIA: Akaso da garai hartan dagoeneko bizitzaren dinamika atzematen genuela, zerk mugitzen dituen gauzak, nahiz eta esperientzia faltagatik kontziente ez izan.

MERLINE: Bizitzaren konplexutasun basa deskubritzen ari ginen, eta gure poemetan horri buruz idazteak bizitza ulertzen lagundu zigun. Zuk gaur egun ez zenituzke gogoeta horretako hitzak sinatuko?

ILEHORIA: Ba bai, eskematxoak egiten zituena zu zinen, baina... (Barreak)

MERLINE: Badakit. Gehiegi hitz egiten nuen.

ILEHORIA: Gero hemen bada oso testu arraro bat... Antzerki elkarrizketa baten moduan hasten da. Ez dakit mozkorraldi bateko delirioa den edo zer, baina honatx:

NI ETA BESTEA

Santiago Seguraren antzeko gazte bat barraren atzean TABERNARIA. Kontsigna eta argazki aldarrikatzaileak paretetan. TABERNARIAk kopak zerbitzatzen ditu eta hasieran zegoen bezala gelditzen da, begirada puntu infinitu batean galdua, mugitu gabe.

NI: Bi garagardo.

BESTEA: Beste bi.

NI: Zer?

BESTEA: Beste bi.

NI: Nolatan.

BESTEA: Bi bakoitzarentzat.

NI: Ondo da.

BESTEA: Aurrera.

NI: Ez dut Teresa ulertzen.

BESTEA: Berrogei urte ditu.

NI: Hala ere ni baino gazteagoa da.

BESTEA: Zuk hogei urte dituzu, normala da hori.

NI: Ez da posible.

BESTEA: Beharbada.

NI: Ezkonduta dago. Nik bost urte nituenean ezkondu zen.

BESTEA: Oju, oju.

NI: Herri honetan jendeak ez du gehiegi hitz egiten.

BESTEA: Ez da beharrezkoa.

NI: Pedro Páramo irakurri duzu?

BESTEA: Bai.

NI: Arraroa da liburu baten barruan sentitzea.

BESTEA: Atxaga nahiago dut.

NI: Hori oso urrun gelditzen da.

BESTEA: Ez hainbeste.

NI: Zinta bat pasatuko diot. Ekarri kotxeko giltzak.

(BESTEA bakarrik geratzen da, eta bisio bat du. TABERNARIAk eskuak jartzen ditu aurpegian, erabat tapatuz: orduan, EMAKUME DANTZARI bat sartzen da gorriz jantzita. BESTEAk etengabe begiratzen dio, nahasturik; dantza egiten du EMAKUMEAk, eguzkitako betaurrekoak kendu gabe. Pixkanaka gerturatzen da eta oso leunki musukatzen du BESTEA ezpainetan. Segituan joaten da, baina barraren gainean uzten du buruan zeraman belo baten antzeko zapi gorria. TABERNARIAk eskuak jaitsi eta beloa da ikusten duen lehendabiziko gauza. Beloa janzten du buruan, berriro begirada puntu infinitu batean kokatuz. Hori gertatu baino lehen, BESTEAk burua jaisten du. Kontzientzia galtzen du burua besoen artean sartuta, barraren gainean. TABERNARIAk beloa janzterakoan NI agertzen da, pixkanaka egoera ikusi eta gehiegi hunkitu gabe barran esertzen da TABERNARIAri kasete bat luzatuz. Honek lehendik zegoen musika bortitza eta basatia ordezkatzen du soinu ekipoan. Mikel Laboaren ahotsa ateratzen da, Gure bazterrak kanta. TABERNARIAk eta NIk lehenbiziko aldiz begiratzen dute elkar, begietara, abestia entzun bitartean. Bat-batean, mugimendu bortitz batekin TABERNARIAk kasetea ordezkatzen du berriro. Atzera begira gelditzen da, soinu ekipoari begira. Orduan, pixkanaka BESTEAk publikoari erreparatzen dio eta ondoren lurrera begiratzen du, ezkerrerantz, esaldi bakarra ahoskatuz:)

BESTEA: Etxetik hain urrun, eta hain gertu.

Hau, noski, Er Carrí taberna izango zen.

MERLINE: Ba ni kontziente naiz antzeko zerbait bizi izanaz.

ILEHORIA: Baina ez da posible. Han ez zegoen emakume bat belo gorri batekin.

MERLINE: Ez. Baina emakume hura, testuan Teresa dena, Mercedes zen, seguru nago. Merceditas. Poema bat idatzi nuen hari buruz, gogoan duzu?

ILEHORIA: Ez.

MERLINE: Poema publikatu egin nuen, fanzineren batean segur aski. Ez duzu Merceditas gogoan?

ILEHORIA: Ez.

MERLINE: Soineko oso ajustatua zeraman, aurrealdean lepotik hankartera soinekoa erdibitzen zion kremailera batekin.

ILEHORIA: Ba ez dut gogoan... Gure adinekoa zen?

MERLINE: Ez, gu baino helduagoa.

ILEHORIA: Ez zen kazetaria izango, edo horrelako zerbait?

MERLINE: Irakaslea.

ILEHORIA: Hara, bai, gogoan dut emakume oso jator bat...

MERLINE: Bai, oso jatorra zen.

ILEHORIA: Gau osoa eman genuen politikari buruz hitz egiten.

MERLINE: Bai, eta txortan egin nahi zidan. Bere senarrarekin bizi zen, baina hura ez zegoen etxean, eta ni bere etxera eraman nahi ninduen.

ILEHORIA: Benetan?

MERLINE: Bai, baina ez nintzen joan. Bera da, zalantzarik gabe. Merceditas. Modu oniriko batean, baina oso ondo deskribatu duzu. Geratu grabagailua, txizagurak nago.

Merline badoa komunera, txistuka, pozik. Nik, bitartean, libretako orrialdeak banan-banan begiratzen ditut. Zisterna hotsa. Bueltan dator.

ILEHORIA: Amaitzera egingo dugu, bi testu gehiago eta listo. Hemen topatu dut lan egiten zuen Behekokale tabernan Ernestorekin igarotako gau baten apuntea. Gogora ekarri dit zeinen garrantzitsua zen guretzat jendearekin hitz egitea, batez ere gu baino helduagoa zen jendearekin. Begira idatzi nuena:

 

“ERNESTOREKIN BERBETAN

      Autokritika, planteamendu ebolutiboak... ez al dira kontrajartzen gaur egungo hemengo borroka armatuarekin? Pertsona bati buruz, norberari buruz hitz egiten dugunean, hitz egin daiteke autokritikari buruz, baina erakunde batez ari garenean, gainera tamainako tentsio eta presiopean bizi den erakundeaz, ideia horiek erlatibizatu egiten dira. Etorkizunera begiratu behar da, estrategia bat jarraitu, eta hori hainbat pertsonaren artean egin modu bateratuan... Ez da batere erraza. Biolentzia egunero aurkitu dezakegu geure inguruan: biolentzia, errealitateak proposatzen dizkigun aukeren artean beste bat da, eta nik uste dut zilegi dela. Aukera gogorra da, gauzak azkartzeko hartzen den bide bat, baina helburu ideal batera iristeko bitarteko bat dela argi eduki behar da, eta ez helburua bera. Hego Amerikarekin konparatuz gero, hemen ez dago goserik, oraintxe ez dago diktadurarik... Ezberdina da egoera, baina bestela, ni ez nago biolentzia erabiltzearen kontra, egunero gure inguruan aurkitu dezakegun beste aukera bat delako. Errealitatea beste era batean sentitzeko modu bat”.

 

MERLINE: Ez duzu gogoan elkarrizketa hura?

ILEHORIA: Ba egia esan, ez.

MERLINE: Taberna itxi zuen, ron botila bat atera zuen, eta berbetan luze hasi.

ILEHORIA: Nik ez dut gogoan.

MERLINE: Nik bai. Gau horretan, Erakundean emandako banaketan bizi izan zuen guztia kontatu zigun, modu errealista batean baina era berean penaz betea, nolabait ere une haietan hartu ziren erabakiek gu bizitzen ari ginen garai bortitza ekarri zutenaz jakitun. Berak bizi izandako eszisio horretan, ez zen kapaza izan sentitzen zuena transmititzeko bere inguru gertuan ere. Eta gu, une horretan, harentzat zera ginen... nola esan... beti esan izan da gogoeta konplexu batean “burkoarekin kontsultatuko dut”, baina burkoa objektu ez-animatu bat da, eta konturatzen zarenean inguruan baduzula nori azaldu guztia, eta transmisio hori ere erreminta bat izan daitekeela, hasten zara pentsatzen nola pasatu beste norbaiti botere hori, informazio hori, horrekin zeozer egiteko garaiz dagoen norbaiti. Gu baino helduagoa zen gu bezalako jende asko ezagutu genuen, feminismoan, intsumisioan, gay eta lesbianen mugimenduan... eta funtsean komunean zutena inkonformismoa zen. Orain, denbora igaro den honetan, ulertzen dut haiek guregan ikus zezaketena, nik neuk orain ez dudalako hori nire inguruan topatzen. Hogeita zazpi urte dituen fabrikako nire lankide batekin gertatzen zait soilik, eta hala ere eguneroko bizitzan bere belaunaldiak heredatu duen munduari lotuagoa dago mundu berri baten ideiari baino, eta horrek estankatu egiten du. Edozein dirdira argi itsugarria izan daiteke; gu garai horretan argiaren jabe ginen, baina ez genekien zer egin berarekin.

ILEHORIA: Azkeneko esaldi hori asko gustatu zait.

MERLINE (barrez): Gero euskaratu egin beharko duzu hau guzti hau, detektibeari pasatzeko.

ILEHORIA: Bai, lasai, egingo dut. Hiberren galdetegiarekin gauza bera egin dut. Eta hemen, amaitzeko, nire bizitzan gakoa izan den esaldi bat, Ernestorekin izandako solasaldiaren testuaren segidan idatzia:

                  “Ni proletario bat naiz”. Chuso, aktorea

Teatroaz mintzo zen, noski. Kuriosoa da orrialde berean egotea. Gogoan duzu hori esan zigun unea?

MERLINE: Ez.

ILEHORIA: Hori izan zen egun bat zeinean Victor ez zegoen, eta Chusok Hercules alamedara eraman gintuen. Goiz zen, jende gutxi zebilen kalean, eta terraza batean egon ginen luze berbetan. Orduan kontatu genion antzerki talde bat sortu genuela, bigarren antzezlana prestatzen ari ginela, azkenean zurekin egin ez genuen hura. Ez dut gogoan hitz egin genuen guztia, baina bai esaldi hori. Ni neu ez nintzen aurretik sekula horrela ikusi, proletario bat, baina berak zera esaten zuen: ni aktorea naiz, eta proletario bat gehiago kontsideratzen naiz. Bera ez zen ezberdina sentitzen, ez artista, ez berezi... langile bat soilik.

MERLINE: Guztiz ados berarekin.

ILEHORIA: Gaurko pertzepziotik bai, baina niretzat une horretan bertan aldatu zen poesia idazteko bultzada. Orduz geroztik lan artistikoa ikusteko dudan moduan eragina izan zuen. Nondik hitz egin izan dudan sorkuntzak egin ditudanean. Beti hortik izan da, eta ez elitearen ideia batetik.

MERLINE: Baina honen guztiaren azken irakurketa da internetik eta telefono mugikorrik existitzen ez zen garaian komunikazioa ez zela gaurko bera. Ezagutzen ez duzun pertsona bat topatzea, Sandro Pelearen ardatzaren inguruan ezagututakoa, zure sorkuntza garatu ohi duzun etxetik mila kilometrora, eta zu bezalako norbait dela deskubritzea, arima bikia, ez al da zerbait magikoa? Gaur egun sare sozial mordoa duzu, besteekin enpatizatzeko zeharbideak direnak, baina horiek gabe ehunka kilometrora desplazatu eta han norbaitekin konektatzea beste zerbait da. Horrek markatzen zaitu, nolabait.

ILEHORIA: Nik uste dut garai ezberdinak direla, besterik ez.

MERLINE: Bai, baina hori izan zen gure zortea. Horrelako jendea aurrez aurre ezagutzea. Eta ez genuen bilatu.

ILEHORIA: Baina han ginelako topatu genituen, han egotea erabaki genuelako.

MERLINE: Bai, baina haritik tiraka hasiz gero, ez balitz izan Sandro Peleagatik, kontainerretan parrandetan marrazkiak egiteko papera bilatzen zuen pertsonaia harengatik, zeinari inork gutxik kasu egiten zion, ez bagenu gure artean onartu mozkorraldi beteko gau hartan, berak ez zigun bere legatua emango: telefono zenbaki bat. Giza harremanak nobela beltz zaharren modukoak izan daitezke. Hari bati tiraka hasi, eta konturatzen zara horrek beste batera eramaten zaituela, eta horrek berriz hirugarren batera. Harremanen hariak itzalean lotzen doaz. Gutxien espero duzunean, hariei begiratu eta mapa bat ikusten duzu, edo unibertso bat.

ILEHORIA: Oso ondo datorkit erreferentzia hori, detektibearen ikerketa justifikatzeko.

MERLINE (barreak): Nire portzentajea nahi dut.

ILEHORIA: Hau San Roquen idatzitako azken testua da:

“AUTOBIOGRAFIA POETIKOA II

      Inkomunikazioa. San Roque inguruko leku guztiak ezagutu genituen elkarrekin, hain urruti. Aldaketak. Jendez inguratuak gau eta egunez, batez ere gauez. Hain gertu. Isiltasuna airean zegoen, eta inork ez zuen ezer egiten itxitasun hori hitz bakar batekin apurtzeko. Eta guk, gure historiografiak ahaztuta, isiltasunaren harria jarraitu genuen ustekabean, hain urruti, eta hain gertu.

      Isiltasunaren aberria, San Roque. Zarataren hitzerria, Sevilla. Bost egun pasatu genituen noraezean, urduri, zementuzko itzal urdinen artean erantzunak bilatuz. Beharbada bihar, beharbada... hemen egotea jada garaipen bat da. Baina ez osoa, ez da nahikoa. Zerbait ari da aldatzen. Zerbait aldatu nahi dugu, eta oraindik ez dakigu nola. San Roqueko kale zuriek nire sentimenduak irentsi dituzte, inora iritsi baino lehen”.

Nik uste dut “Beharbada bihar, beharbada...” esaldia zulatu zitzaigun gurpilaz ari dela, Aste Santuko egunetan desguace guztiak itxita zeudelako eta ezin genuelako Fuente Vaquerosen izorratutakoa ordezkatu bidaia jarraitzeko.

Merline, pentsakor luze, oso serio.

MERLINE: Nik uste dut ez zegoela itzulerako data bat, baina bai itzulerarekin beste etapa bat hasiko zen kontzientzia. Hori ikusten dut testuan. Nahiz eta ez izan, berez, itzulera osoa, Sevillara gindoazelako handik...

ILEHORIA: Bai, baina ustez gau bakarra pasatuko genuen Sevillan bueltako bidean. Beraz, San Roqueko azken orduek bazuten guretzat amaiera kutsu bat.

MERLINE: Sevillako egonaldia luzatu izanak ez zu ez ni ez gaitu harritzen, ordea.

ILEHORIA: Bai, baina testu horretan bada agur moduko aire bat... ez dakit zer ote nuen buruan, baina bada amaiera gisako zerbait, aldaketak datozen intuizioa, baina ez da zehazten zer.

MERLINE: Agian une horretan bidaiaren amaieraz kontziente ginen, bagenekien ezin ginela urrunago iritsi, eta San Roque guretzat itzuleraren kontzientzia zen. San Roqueko egonaldiak irauten zuen bitartean denak balio zuen, baina behin itzulera abiatuta, atzean utzitako bizitzari aurre egiten hasiko ginen. Agian horregatik luzatu genuen hainbeste egonaldia Sevillan. Baina une honetan ez genekien. Isiltasunarena egin zait deigarrien testuan.

ILEHORIA: Baita niri ere. Berez zarata asko zegoelako, eta hango jendeak asko hitz egiten zuelako. Isiltasuna aipatzen da, ordea...

MERLINE: Bai, baina guk asko begiratzen genuen ingurura, beti begira egoten ginen. Eta idaztea ere begiratzea bezala zen. (Isilunea) Ez duzu sentsazioa une horiek errepikaezinak zirela?

ILEHORIA: Une guztiak dira errepikaezinak. Ez dakit ez ote ditudan une haiek idealizatu.

MERLINE: Bai, noski... (Pentsakor, luze) Bidaia hura izan da nire bizitza osoan askatasunetik gertuen egon naizen unea. Elkarrekin bizi izandako segundo bakoitzaren jabe ginelako. Amildegi batean erortzen hastea zen, jakinda ez zenuela sekula hondoa ukituko, baina era berean erorketaren segundo bakoitza gozatzeko gai izanik. Inflexio puntu pertsonalean egonda ere, akaso ezjakintasunagatik edo heldutasun faltagatik, bidaian segundo bakoitzaz disfrutatu ahal izan nuen amildegiaren amaieran zegoena jakin gabe. Eta gutxitan eduki dut berriro sentsazio hori. Bai eduki dut inoiz, baina San Roquen sekula iristen ez zen bidaiaren amaiera horrek, Sevillan egunez egun luzatu genuenak ostera, gure bizitzetako norabideak erabakitzeko kapaz sentiarazi gintuen. Ikusi genuen gure esku zegoela. Itzulera data ez genuen bete, eta guk erabaki genuen hori horrela izatea, baina ez modu planifikatuan, baizik eta unez une bizitzen. Pasatzen zen minutu bakoitzak libreta hau idazten zuen. Bidaia honen gauza magikoa da bi pertsona elkartu ginela momentu eta zirkunstantzia egokietan. Ni saiatu ninteke orain zu ez zaren beste pertsona batekin errepikatzen bidaiaren etapa guztiak, eta badakit ez litzatekeela sekula gauza bera izango. Geure buruari permititu genion bidaia hori egitea, kapaz ginelako, eta batez ere, burugabe arraio batzuk ginelako. Gogoan duzu poltsikoan ehun pezeta genituela bueltatu ginela?

ILEHORIA: Bai, noski, eta zuk jarri zenuela dirurik gehiena, hori ez dut sekula ahaztuko. Nik ez neukan txanpon erdirik.

MERLINE: Bai, baina zer zen orduan guretzat dirua? Ba, badakizu zer? Orain den gauza bera: zeure buruari jartzen diozun frenoetako bat.

ILEHORIA: Bada oraindik galdetu ez dizudan zerbait. Libreta osoan ez da Victor agertzen, baina bera izan zen Sevillako egonaldian etxean bezala sentiarazi gintuena, beste mundu baten ateak zabaldu zizkiguna, kultura beste modu batean ulertzeko era batez ere. Nola oroitzen duzu zuk?

MERLINE (hitzak tentuz aukeratuz): Imajina dezakezu ekaitz bat euriarekin, tximistekin, haizearekin... baina trumoirik gabe? Bada, Victor zen trumoi hori. Imajina itzazu ehunka soka lurrean korapilaturik, lurra kolpatzen duten kometak dituztelarik loturik... Ba kasu horretan, Victor zen haizea. Eta, amaitzeko, imajina ezazu frutaz beteriko zuhaitz bat, imajina ezazu fruta heltzean lurrera erori beharrean zerura amiltzen dela... Ba Victor zen grabitatearekin jolasteko indarra izan eta ukitzen zuen guztia berarekin eramateko kapaz zena.

ILEHORIA: Eta... zure ustez zer gertatu zitzaion?

MERLINE: Ezagutzen duzu Ikaroren mitoa? Ba horixe. Edo beste modu batean esanda, eta Victor beraren esketx bateko esaldia ekarriz: “Potentziak kontrolik gabe ez du ezertarako balio”. Uste dut berez Pirelliren iragarki batekoa dela. (Barreak) Gogoratzen duzu?

ILEHORIA: Ez. (Isilunea) Listo. Uste dut elkarrizketa amaitu dela. Transkribatu eta detektibeari pasatuko diot.

MERLINE: Listo? Hori da dena? Ba oso erraza egin zait. Ze puta zaren, eskerrik asko horren erraza egiteagatik.

ILEHORIA: Ez da ezer, erraza egitea zen ideia, barrutik hitz egin zenezan.

Barreak, bien aldetik, eta ardoaren soinua basoaren barrura amiltzean.

Stop.