VHS
VHS
2020, nobela
336 orrialde
978-84-17051-48-8
Azala: Idoia Beratarbide Arrieta
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
2009, poesia
 

 

Detektibea II

 

 

Nolakoa da maite dudan jendearen bizitza sexuala? Hau da, alegia, diot, nolakoa da benetan, baina benetan, maite dudan jendearen bizitza sexuala? Eta nolakoa da galdetzen dudanean, nolakoa da, nolakoa da benetan esan nahi dut. Ez nola kontatzen duen maite dudan jendeak bere bizitza sexuala, ez nola kontatzen didan niri, ez nola kontatzen dion bere buruari. Nolakoak dira beren ezkutuko ametsak, nolakoak dira beraiek, inork ikusten ez dituenean. Inork ikusten ez dituenean eta bakarrik, inork ikusten ez dituenean eta beste norbaitekin, beste norbaitzuekin. Eta maite dudan jendea diodanean ere, ez dut esan nahi ofizialki maite dudan jendea, ez ofizialki maite nauena, ez guztion aurrean maite dudana, ez interneten atsegin dudala diodana. Benetan maite dudan jendeaz ari naiz, alegia, zera, kezkatzen nauenaz, kuriositate zintzo bat sortzen didanaz. Benetan maite dudan jendeak kuriositatea sortzen dit, eta ez bizitzako gai, esan dezagun, zeozer esatearren, edo garrantzitsua delako, bizitzako gai, esan dezagun, handiei buruz ari direlako, ez. Maite dudan jendeak kuriositatea sortzen dit bere intimitaterik intimoenean, hau da, benetan nolakoak diren jakiteko grina sortzen zait, inork ez duelako inor benetan ezagutzen, eta norbait benetan maite dudanean haren alde iluna, haren alde ezkutua, haren alde desatsegina ere maite dudala sentitzen dudalako. Era horretako gauzak etortzen zaizkit batzuetan burura.

      Era horretako gauzak.

      Eta era horretako gauzak gomutatzen ditudanean, pentsamendu horiek nondik etortzen zaizkidan galdetzen diot neure buruari. Edo gauzak esateko modu bat besterik ez da? Okurritzen zaizkidan gauza arraro hauek, niretzat normalak diren gauza arraro hauek, pentsatu egiten ditut, edo, kontrara, ezbairik gabe, bere kabuz burura etortzen zaizkidan gauzak dira? Edozein modutan, edonola ere, hala eta guztiz ere, neu kuriositatea duen pertsona bat naiz. Baina zer da pertsona bat? Agian ez da hau momentua galdera horri erantzuteko.

      Txosten emozionalerako apuntea, beste uneren batean erantzuteko galdera: Zer da pertsona bat? Kuriositatea duen pertsona bat pertsonago da?

      Ez nuke gai nagusitik gehiegi aldendu nahi. Horregatik mugituko naiz metro bat ezkerrera. Baina, noski, zuek ez dakizue non nagoen, ez dakizue zer esan nahi duen metro bat ezkerrera mugitzeak. Off-eko ahotsak ez du informazio hori adierazten. Liburu batean ez behintzat. Are gehiago, ez dakizue mugi naitekeen, edo zer suposatzen duen ezkerrera mugitzeak nagoen lekuan, edo nor naizen, ez dakizue nola imajinatu behar nauzuen ezkerrera metro bat mugitzen naizela diodanean.

      Irakurleak besterik ez zarete.

      Eta ezta ere. Niretzat, lerro hauetan mintzo naizen honentzat, masa abstraktu bat zarete. Zuek asko zarete, edo gutxienez bi. Nire itxaropena da lerro hauek gutxienez bi pertsonak irakurriko dituztela, edo milak. Edo berrehun eta hogeita hamazazpik. Lerro hauek idazten ari naizen bitartean diot hau. Ilehoria teklatuan klak klak klak ari den une hau orain eta hemen da niretzat, baina Ilehoria klak klak eta klak ari den honetan era berean badakit denboran bidaiatzen ari naizela, inork lerro hauek irakurtzekotan gutxienez hilabete batzuk pasatuko direla, norbaitek lerro hauek publikagarriak direla erabaki eta publikatzen dituen arte.

      Zuek existitzen zaretela erabaki dut. Edo are gutxiago: zu.

      Imajinatzen zaitut liburu hau zabaltzen, dagoeneko istorioaren puska eder bat irakurria duzun honetan zeure buruari galdetzen, “zer nahi ote du honek nitaz?”. Arrazoi osoz galdetuko diozu zeure buruari, edo agian burutik pasatuko zaizun zerbait izango da, edo burura etorriko zaizuna, edo burutik kendu ezingo duzuna, burua zu ez zaren zerbait izango balitz bezala. Eta orduan liburuaren azala begiratuko duzu, eta kontrazala irakurriko duzu berriro, eta gogoratzen hasiko zara zein unetan zergatik iruditu zitzaizun lerro hauek irakurtzea merezi zuela, eta berriro ekarriko duzu atentzioa une honetara orain eta hemen. Eta, agian, niri zure bizitza sexualaren berri emateko gogo bizia sortuko zaizu, eta hori egin ahal izateko ni ezagutzekoa, zure laguna izan nadin, maita zaitzadan, zure bizitza sexuala ezagutzeko gogoa piztu dakidan, edo zera, agian, klak, klak, klak, eta abar.

      Isilunea. Nola jarraitu ari naiz erabakitzen, zuk lerro hauek irakurri baino hilabete batzuk atzerago.

      Lasai. Berehala azalduko dizut zer den hau. Diost off-eko ahotsak. Nik.

      Baina lehenik eta behin pentsa ezazu momentu batez jarraian proposatzen dizudana: bada zure bizitzan maite duzun inor? Horrekin ez dut esan nahi beragatik bizitza emango zenukeenik, Gabonak berarekin ospatuko zenituzkeenik, edo eskatzen dizunean nahiz eta gogorik ez izan bere bila aireportura joango zinatekeenik. Horrekin esan nahi dudana zera da, zure bizitzan maite duzun inor ote dagoen galdetzen dudanean, zuri galdetzen dizudanean, haren bizitza sexuala ezagutzeko kuriositaterik ba ote duzun ari naiz galdetzen. Eta horrekin esan nahi dudana zera da, maite duzun jendearen bizitza sexuala ezagutzeko gogoa baldin badaukazu, agian lerro hauek amaiera arte irakurtzen jarraitu beharko zenukeela.

      Baina agian neure burua aurkeztu beharko nuke, sakonago. Neure buruak ile zuri batzuk ditu, neure burua soila da, edo ilea arras moztua du. Neure burua ispiluan begiratzen dudanean zero buru bat ikusten dut. Hau da, alegia, ilea arras moztua duen buru bat edo burusoila, zeinari ez dakizun zer nolako ilea aterako zaion buruan, luzatzen utziz gero. Are gehiago, betileak luzeegiak ditut, eta bekainak ile zuriz beteak. Belarritakoak ditut bi belarrietan, horrekin esan nahi dudana da, bai, bi belarri ditudala. Ez dut sekula oso argi izan zer den neure burua ispiluan begiratzen dudanean ikusten dudana. Aitziber dut izena. Detektibe emozionala.

      Geldiunea. Idazketa utzi eta komuneko ispilura joan naiz neure burua begiratzera.

      Neure buruari begietara luzaz begiratzen diodanean ispiluan, distortsionatzen hasten da, perspektiba galtzen dut, ordura arte familiarra, ezaguna, egunerokoa zena arrotza bilakatzen hasten da, aurpegi bakoitzaren barruan beste aurpegi posible batzuk ezkutatu ahalko balira bezala. Ez daukat horri buruz ezer gehiagorik esateko.

      Beraz, jarraituko dut zurekin mintzatzen ari naizen honen deskribapen bat egiten, edo definizio bat, edo gerturatze fisiko bat. Ez dakit. Ez dakit zer... baina neure begirada bai, agian horrek egiten du nire aurpegia. Agian ez dit sudurrak definitzen bisaia, ez begiek, nire begiradak baizik. Oraingoz bi gauza dituen pertsona bat naiz: kuriositatea eta begirada. Badut gabardina luze bat ere, baina ez dut inoiz jartzen, agian ez dator kontura. Gabardina berdea da. Agian gaur jantziko dut. Bale. Imajina nazakezu burusoil, begiradadun, gabardina luze berde bat jantzita. Ez daramat ezer azpian, barruko arropa soilik. Eta Martens berdeak.

      Lerro hauek txosten baten hasiera dira.

      Ni detektibe emozional bat naiz.

      Zu ez dakit nor zaren.

 

 

Imajina ezazu bulego txiki eta zatar bat. Imajina ezazu hemen diodana off-eko ahots batek esaten duela. Gizonezko baten ahots grabea ari zara imajinatzen? Zergatik? Imajina ezazu bada orain emakumezko batena. Femme fatale baten ahotsa ari zara imajinatzen? Zergatik? Imajina ezazu orain, bada, beste ahots mota bat, nahi duzuna, gizonezko edo emakumezko batena ez dena. Imajina ezazu belarrira xuxurlatzen dizkizula lerro hauetan doazen guztiak.

      Edonork egin lezake ikerketa bat bere bizitzako afera emozional baten inguruan. Baina horrelakoetan arriskua objektibotasun falta da, edo beste modu batean esanda, subjektibotasun poetiko falta, edo beste modu batean adierazi beharko banu, hau da, alegia, diot, dibertigarria da norbait kontratatzea zure ordez ikerketa hori egin dezan.

      Ni bezalako norbait.

      Detektibe emozional bat.

      Nire kuriositateari esker naiz detektibea, eta nire begiradari esker naiz emozionala. Horregatik kontratatzen nau jendeak, beren bizitzak begiratu ditzadan, beren buruak beste modu batez ikusi ahal izateko. Tontakeria bat iruditzen zaizu? Ba utzi liburua.

      Edo ez, segi irakurtzen.

      Idazleek ez dute ezer asmatzen. Sortzaileek ez dute ezer sortzen. Artistek eskaintzen duten bakarra begirada bat da. Ikusleek, publikoak, hartzaileek beren burua beste modu batean begiratzeko aukera ematen duen norbait da artista. Bere burua begiratuz, besteak begiratzen dituena. Eta are gehiago, besteak begiratu ostean, ikusi egiten dituena.

      Baina ni ez naiz artista. Ez profesioaren zentzu mugatu horretan behintzat. Saiatu izan naiz inoiz tabernetako musuzapietan marrazkiak egiten, garaje batean bateria jotzen, kaleko ezezagunei argazkiak ateratzen eta Photoshopean moldatzen. Baina ez zait sekula ondo eman. Niri ondo ematen zaidana begiratzea da, eta aurrean ditudan pertsonak benetan ikustea, eta ondoren haiei jakinaraztea. Eta jendeak ordaindu egiten du horregatik. Bere burua beste modu batean ikusteko aukera ematen diedalako, ezer asmatu behar izan gabe, gezurrik esan gabe. Beren buruari buruzko fikzio sinesgarri bat ematen diet, diru truke. Fikzioaren prostituta bat naiz, eta pozik nago. Jende ia guztia gerturatzen da ispilu batera urtean hirurehun eta hirurogeita bost aldiz baino gehiagotan, eta horrela ezinezkoa da inor, ezer, ikustea. Neuk bezeroak begiratzen ditut lehenengo aldia balitz bezala. Norbera beste begi batzuekin ikusi ahal izatea beti da zirraragarria. Norbera beste norbaiten begiradan ezagutzea beti da errebelatzailea.

      Horregatik egin nintzen detektibe emozionala. Berez ez dut ezer frogatu behar, ez dut inor atxilotu behar. Bezeroak ekartzen dizkit argazkiak, dei erregistroak, edo hilotzak. Neuk haiek begiratu, besterik ez dut egiten. Bezeroak ekartzen dizkidan froga horietan bizi naiz puska batez. Hunkitu, hala suertatzen bada. Hunkitu eta, ondoren, hunkitu naizela jakinarazi. Bezeroari. Kontratatzen nauen horri. Arterik gabeko artista bat naiz ni. Bere begirada zuzenean publikoari eskaintzen dion sortzaile anonimoa. Eta ondoren txostenak idazten ditut. Bezeroarentzat. Nire hilabeteko fakturak ordaintzen dituen horrentzat.

      Gehien maite ditudan fikziozko liburuak autobiografiak dira. Jakin nahi nuke nolakoa den maite dudan jendearen bizitza sexuala. Jakin nahi nuke nola idazten duen pertsona bakoitzak bere iraganaren nobela, norbera den irakurle bakarrarentzat. Nola eskaintzen dion egileak bere buruari biblia hori, zer idazten dion norberak norbera den erosle bakarrari, norbera den pertsona bakarraz osatutako irakurle klubari, esku dardartiz, lehen orrialdeetan, tituluaren azpiko zuriunean, “espero dut gustatuko zaizula”, edo “tori, hau da nire telefonoa”, begi keinua eginez ondoren, ispiluaren aurrean.