Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-23-1
Amaia Lasa
1948, Getaria
 
 
Sarrera
Koldo Izagirre

 

Amaia Lasa heldu zen arte, emakumeak ez zeukan leku propiorik gure literaturan, Erdi Aroko poeta bikain haien oihartzuna baino ez genuen emakumearen ahotsetik. Etxepareren faboreak geneuzkan, eta Oihenarteren ganbera-joko sasilibertinoak, eta Etxahunen aiherkundea. Gero, gure poesia modernoan, emakumea aberriaren motiboetarik bat baino ez zen izan, eta Lauaxetaren «molde frantseseko» zenbait poematan salbu, familiaren euskarri eta kristautasunaren eredu zelako genuen gizonezko zein emakumezkoen kantagai, Miranderen amoran teek hori bera frogatu besterik ez dute egiten: apologetika batean geunden. Ez da harritzekoa, beraz, Amaia Lasak «a e i o u berri bat» asmatu nahi izana, bere lehen poema liburuan dioen bezala. Ezerk ez zion balio, artean egindakotik. Dena zeukan zerotik eraiki beharra. Zentzu horretan, Amaia Lasaren poesia fundazionala da, gerora garatu den emakumezkoen literatura baten aldarria, laudorio faltsu guztien dekoratua suntsitzeko behar zen aurreneko mailukada. Bera da gure literaturaren lehen emakumea, berak dakarrelako lehenengoz emakumea gure letretara.

        Maitasuna oso herabe kantatu izan genuen, haragiaren poztasunetik urrun, ahalke bagina bezala geure frustrazioa aitortzeko; emakumeak iraultza bat ekarri zuen maitasunaren aldarrian, sexuaren obsesioa estaltzen zuten era guztietako sentimentalkeriei, hain zuzen, bihotza kontrajarri zielako. Gure uzkurtasunean platonismotik gordinkeriara genbiltzan, eta Amaia Lasak gordintasuna dakar, beldurrik gabe ematen dizkigulako aditzera bere sentimenduak, apaindurarik gabe. «Grina» esan zitzaion hori, lokatz izatetik lur bihurtzen du, bekatutik eta amatasunetik libro den emetasuna, hunkigarriki laño. Gero, apurka, azken finean maitasuna bi bakardaderen bizikidetza baino ez dela frogatu ahal izanen du. Emakume mindua azalduko da orduan, emetasun zauritua. Hori ere berria genuen. Ez dago etsipenik hala ere, ironia tanta bat besterik ez noizbehinka, ez du amildegiak erakartzen. Gizonezkoon aurka jazarri behar izan gabe, Amaia Lasak bere nitasuna aztertzen du «bizi tzaren hitza» behar lukeenaren bila, maitasunean, maitasun ezean, hustasunean, akiduran, bakardadean. Osagarri gutxirekin moldatzen du poema, aski ditu marra bakar batzuk giroa sortzeko eta mezua igortzeko, anekdota sekuentziatu behar izan gabe. Ezaugarri hauek galdu gabe baina, bere jarduna luzatuz joan da liburuz liburu, diskurtsiboagoa egin da bere poemagintza azken aldera, in crescendo datorren batasunean. Iruditeria xume eta konstante horren bidez itsasoa, lurra, haizea, kaioa  oso sinesgarri egiten zaigun giro teluriko batean biltzen gaitu, baliabideen ekonomiak eta tonuaren apaltasun fierrak gizarteak kondenatua daukan zokotik ariko balitz bezalaxe entzunarazten digutelako poetaren hitza. Eta askatasun egarri handi bat digu ematen.

 

Amaia Lasa Alegria (Getaria, 1948) Magisteritza eta literatura ikasketak egina da, eta hainbat aldizkaritan argitaratu izan ditu bere artikuluak. New Yorken bizi izan zen, eta Ni karaguako iraultza sandinistan jardun zuen irakaskun tzan, gaur egun Euskal Herrian lanbide duen alorra.