Idazlea

 

Makilen ikara, pendularen itzulia. Horixe besterik ez dugu ikusten, eta sinetsiak gaude aztikeria dela. Gure hiztegietan ere hala ageri zaigu, «ur-azti». Adinekoen egoitzan ikasi dut ordea lanbide horretako ofizialeek beren buruari esaten omen diotena: zuharia, lurraren astrologoa arabieraz. Nonbait, azti mota horrek lurrak barnean duen kosmosaren mugimenduetan hartu behar du sustrai, azpiko lasterrak lakioan harrapatzea du helburu. Mundu oso bat bizi omen da gure oinpean, ez bakarrik ura. Hildakoak, berbarako, ez daude geldirik, bere buruaren barnerantz mugitzen dira, batekoz bestera hartzen dute denbora. Baina hildakoaren arnasa sumatzeko geomantziaren legeak bezainbeste behar dituzu zeure ikarak ezagutu, pultsioen kodea interpretatzen jakin. Zuhariak azti direla sinesten dugu, guk ez ditugulako geure durduzamenduak mezu aditzen.

        — Badaukat iloba bat radiestesista izateko dohainak dituena, irakatsi egin behar nioke lupeko lasterrak bereizten eta harribitxien izpiak begiak itsututa atzematen... Baina debekatua daukat aspaldion, tentsio arazoak.

        Zuk zuhariari heltzen diozu barneko morsea hasten zaiolarik joka, eta zirkuitu elektrikoa egiten omen du zure hezurduran, zintzurreraino ekartzen omen bizia. Transmisorea besterik ez da, funtsean, zuharia. Laurogei urte inguru dituela ezagutu dut nik aspaldi handitik barnean eraman dudan kontu zahar hau azalera ekarri didan aztia. Bizi osoa du iturketari emana orain denbora-pasako motzailea izanagatik, hidrologo profesionala izan da hiri honetako auzo berriko jubilatuenean patillak desberdin moztu ez ezik solasa dotore sortzen dakien agure atsegin hau. Ez naiz erretreta hartutakoen multzoan sartzen, hurrik eman ere, baina hona etortzen naiz ilea moztera, gizonak beti dauka harritzekoren bat. Bere lan zaharrean bihotzikara asko hartutakoa dela diost.

        — Hildakoak ez dira inoiz hiltzen, Artikutzako gorpuak aurkitu nituenean bazeuzkaten hogeita hiru urte fusilaturik. Hezur haietan pultsuaren oihartzuna nabari zen oraindik, uste duguna baino gehiago bizi gara. Ez zenekien? Hori liburu batean kontatua du, gerraondoko memorietan, hantxe aipatzen nau...

        Eta idazle baten izena eman dit. Euskal gaiko Barojaren nobelen eta Agirreren Garoaren artean ezagutu nituen nik beti gurasoenean haren liburu batzuk, biografiak eta memoriak. Hitzaldiak ematera azaltzen zen urtero nire sorterrira, bagenuen neskazahar bik kudeaturiko paper eta liburu denda bat, Eguberrietan sarrerako beiraduran irakurri ahalko genuen «Bihar A. idazlea bere azken liburua sinatzera etorriko zaigu». Haren lanak han zeuden apalean, baina urtean bitan liburuak oparitzen zizkidan arreba nagusiak ez zidan inoiz A.ren lanik eskaini, ezta sinatutakorik ere. Aitak erosiak izan behar zuten. Orain ohartzen naiz, eta eman beharra daukat, kriterio ona eduki duela beti arrebak. Alabaina, bazeukan halako lilura bat idazleenganako, berak bortxatu ninduen A.ren hitzaldi batera, intelektuala nentorrela uste zuen ikastetxean urteko lehen saria irabazi nuenez geroztik Emmanuel Mounier-en filosofiari buruzko lan luze batekin. Huraxe izan zen zuzenean entzun nuen lehen idazlea, eta sinesgarria izanen ahal da gameluei buruzko hitzaldi hartan Prévert-en dromedario txipia bezain erne egon nintzela, inportantea neritzona aitak emandako Gascue y Cruz etxe kontsignatzailearen agendatxo batean apuntatzen —orriertz urreztatuak eta xingola urdin bat eguna markatzeko, mezako liburua itsasoko seinaleen banderengatik ez balitz— edo halakoarena egiten nuela. Ile motzak gazteagoaren itxura ematen zion aski urdin-soildutako idazleari. Ez naiz oroitzen zertaz zen hitzaldia, eta etxean sukalde ekonomikoa genuela jakinda irakurleak ez luke zeremonia poetiko asmatutzat hartu behar aitortzen baldin badiot erre egin nituela agenda haiek guztiak, noizbait behar eta, neure idatzi garrantzitsuek lotsatuta. Ez zidan bertatik bertara entzun nuen lehen idazlearen jardunak hitz gogoangarririk txertatu, baina akorduan daukat mintzaldiaren amaieran arrebaren lagun batek iritzia eskatu ziola, ez dakit zertaz. Ikusten ari naiz A. idazlearen irriñoa esanez «Andereñoa, frantsesez bazeneki gomendatuko nizuke...» eta oker ez banago Paul Claudel-en drama baten titulua eman zuen. Marinak oso frantses dotorean eman zizkion eskerrak, A. idazlea poztu egin zen, desenkusazko algararen bat eginen zuen menturaz, auskalo, poztu egin zen gure herrian halako neskatila jantziak genituelako. Ni Marinaz oinazeztu nintzen, Mireille Mathieu-k bezala firrilkatu zituen erreak aho-sabaian, eta hurrengo egunetan ohartu nintzen galtzerdi beltzak maite zituela. Batera jaitsi ginen handik hurre hiriburuko autobusetik, jaisterakoan glotodidaktika ikastaroan lantzen ari nintzen euskarazko metodoa erori zitzaidan, bera makurtu zen hartzera. Ikasten hasia zela esan zidan, eta nik, apal bada apal, nire aitzinean graduak irabazi nahi zituela enbra hark pentsatu nuen Euskara, hire laguna berreskuratzen nuelarik. Handik laster hil zen A., bazkaritan geundela eman zuen albistea Radio Nacional de Españak, idazle handia eta kristau zintzoa izan zela esan zuen, titulu bat baino gehiago omen zeukan itzulirik portugesera. Eta hori entzunda irratia amatatu zuen aitak purrustada bat eginez. Beti bezala, amaierako himnoa ez entzuteagatik pentsatuko nuen nik zela mukertasun hura.

 

 

Urteak egin nituen herritik kanpo ikasle, eta hiriburuko auzo honetan gelditu nintzen bizitzen. Argitaratzen hasi nintzen, eta etxekoei bisitan itzultzen nintzenetan behialako lagunek tabernara eramaten ninduten esanez «Hau idatzi behar duk, entzun ezak...», edo «Kontatu duan hori ez zuan horrela gertatu, niri galdetu behar hidan horretaz, mareajerako trepeta guztiak prestatzen ari gintuan moila berrian ontzi holandarrak hondoa jo zuenean bokalean...». Gurasoek, ordea, bestelako juzkua egiten zuten nire idatziez, «Orain ere egin omen duk!», edo «Harrotu beharra huen kontu hori!». Arrebak erakutsita irakurriko zituzten noski, edo hark zerbait esanda jakin. Igande bazkalondo batez kafea tabernan hartuko genuela biok esan zion amari aitak. Eta altxatu egin zen zapatak janztera platertxoan utzi zuen zigarroa zanpatzen nuelarik behar bezala itzali arte, ohitura amorragarri horixe zeukan. Amak ez baitzuen deus esan, pentsatu nuen «gizonez gizon» hitz egin behar zidala, ez ote nuen neska jatorren bat bildu behar galdetzeko edo hala moduzko agindua emana izanen zion amak. Horixe, edo menturaz ama ahalketzen zuen arrebaren konturen bat komentatu behar zidan, ez zuen alabarekin harreman gozoa ukan inoiz eta pisu bat hartua zuten Marinak eta biek herrian bertan, eskandalutxoa garai laiotz haietan. Tabernara gindoazela galdera txarrantxaduna egin zidan, «Ezagun batzuek galdetzen zidatek noizean behin semeaz, zertan egiten duen lan... Zer esan behar zieat?». Nik ere ez nekien nola erantzun, ez neukan nahikoa haize oraindik neure burua idazletzat aurkezteko eta milaka lantxo xikin egin behar nituen idaztearren, idazlea izan nahi nuen. «Kazetari» erantzutea pentsatu nuen, baina «itzultzaile» etorri zitzaidan ezpainetara. «Ez huen ingeleseko akademiara joan nahi, eta horra!». Sartu ginen Terranova Berrin, jendea jokoan ari zen futbolera abiatu baino lehen, zutik gelditu ginen barran aitak eskaturiko kafeen zain. «Hor, ikusten duk hor, bigarren mahaia?» galdetu zidan atzera behatu gabe. Ispiluan kokatu nuen, jubilatu ezagun batzuk ari ziren. «Txapeladuna». Bai, ezagutzen nuen, aitaren adinekoa. «Banekien hemen egonen zela». Ez zen oso harritzekoa ere zaletasuna baldin bazeukan behintzat, taberna hartan jokatzen ziren partida onenak, jakina zen dirua zebilela azpitik. «Horrek hilarazi zian nire anaia». Prostatako minbizia zeukala uste zuen, eta ez zuen hil nahi, antza, nik hura jakin gabe. Noizbait idatz nezala nahi zuen, edo hala interpretatu nuen nik orduan, kontu hau egundaino isildegian gorde dudan arren.

        Euzko Langileen Alkartasuna sindikatuak 1953an eginiko txosten klandestino batean ageri denez, Inazio Errastik berrogeita lau urte zituen 1937an, eta ez zeukan filiazio ezagunik; 1999an Aralar editorialak argitaratu zuen 1936-37 gerrari buruzko entziklopedia ederrean datu horiek baino ez dira ageri aitaren anaiaz. Inazio Errasti da, katalogatu ahal izan direnetan behintzat, altxamendu faxistak Euskal Herrian fusilatutako 3.243 pertsonetarik bakarra ez noiz ez non ageri ez duena. Zuhari onenaren parioa, Argentinako suntsitu haietako baten antzekoa baita ofizialki, aitak ezin izan zuen gorpua sekula eskuratu. Ahanzteko Inazioz gomendatu zion erretoreak, manatu, mehatxatu, erne ez ote zuen salatuko bazterrak harrotzen zebilelako. Orduan gizon txipi urduri hark hildakoen liburua eskatu zion. «Ez diat erakutsiko». Konprenitu zuen Elizak ez zeukala bere anaia hildakotzat emana. «Krimenik egin ez balitz bezala, beraz». Handik urteetara serora igorri zion mezulari erretoreak, konfesioz jakin ahal izan omen zuenaren berri emateko: Oiartzunen fusilatu zuten, zor batek galdu zuen eta mezatara ez joatea izan zen aitzakia. Egia zen, bazeukan zilar puska bat, ez zen itzuli zaharra Asturiasko meatzeetan urte luzeak emanda. «Hartzekoduna hilda zorrik ez, konprenitzen al duk?». Nire aita berrogeita hamar urte bizi izan zen anaiaren hiltzailea egunero ikusten. «Eta berak, badaki?». Aita itzuli egin zen mahairantz, kikara eskuan. «Behatzen diodanean, albora okertzen dik berak».

 

 

Oiartzundik gorantz, Nafarroako bidean, Uzpuruko basoak iraganik Bianditz mendiaren gailurrera baino lehentxeago ezkerrera dagoen sakondura leunean, gizon txipi urduri batek lore sortak josi izan zituen hango izei zaharretan, 1950az geroztik urtero, Pazko igandez.

        — Eta gurutzea? Ez al duk gurutzerik jarri behar?

        Muntatu gabe zekarren eskopeta, baina ez zen ehiztaria, debeku garaia zen eta janzkeragatik ukuiluko lanak utzita zetorrela zirudien. Bidez eskuinera baserri zahar baten teilatu zartatua ageri zen ezpondaren goialdean, baina ez zuen bizi tankerarik ikusi aurreko urteetan.

        — Konfesatuta hil zituztela esan zidatean.

        — Asko dakik hik.

        — Eta isildu egin behar!

        Eskopeta eskaini zion ezpaina mespretxuan irrituz.

        — Horrenbeste baldin badakik, zergatik ez dizkidak bi tiro ematen?

        Azken korapiloa egin zion listariari enborrean sobera estutu gabe. Loreak atondu zituen ostera, baserritarrak eskopeta muntatzen zuelarik.

        — Hartzak, kargatua zagok!

        Zarpail hark eroria zeukan eskuineko betazala, ezin zuen begia zabaldu. Komentario erraz bat etorri zitzaion, baina arriskatzea deliberatu zuen.

        — Merezia duk beldur horretan bizitzea.

        Ez zion erantzun, asmatu zuen. Gizajo hutsa, behartutakoren bat. Biderantz hartu zuen. Erdi bromazko erronka bota zion baserritarrak, leuntze aldera.

        — Zuek gurutzea... Izan ere, gorriak paratu dituk!

        Izeietarantz behatu zuen bide bazterrera iritsitakoan. Laugarren urtea zen egiten zuela.

        — Hor jarrita gorritu dituk.

        Baserritarrak bazekien entzungor egiten, gurpilei beha gelditua zen.

        — Hau ere egin dik baten batek!

        Biak zulatuak zeuzkan Laxarok utzitako Moto-Guzzi-ak.

 

 

Zuhariak gorpuak aurkitu zituelakoa 1960ari dagozkion oharretan irakurri ahal izanen du interesatuak A.ren gerraondoko memorietan. Fusilamendu klandestino haiek baino ia eskandalagarriagoa zen berarendako hildakoek basamortuan ehortziak irautea hogeita hiru urte geroago. Gaztetan abertzalea izan baldin bazen ere, gerra Francorekin egindakoa zen A., kristautasunaren izenean. Hipokrita hutsa ez baldin bazen behintzat, oso adimen politiko laburrekoa genuen, bere oroitzapenen balio guztia urradura batean dago oinarritua, garaileen desmasiak ezin onarturik galtzailetzat zeukan bere burua. Galtzaileek, berriz, ez zeukaten beraien artekoetan. Fusilamendu sobera zegoen bitarte, eta gerraondoaren infernua. A.k lur bedeinkatuan nahi zituen fusilatu guztiak, alde bietakoak. Bazeuzkan bere ahalbideak, ez handiak baina, Gurutzadan bolondresa izan zenez.

        — Gobernadore zibilak ikusi egin nahi zaitu. Lehenbailehen.

        Uretako autoan eramanen ote zuten egin zion erregu alkatearen idazkariari. Bost minutu bota zituzten gobernadorearen egoitza berriraino. Identifikatu gabe iganarazi zuen atean zain zeukan komisario nagusiak, berak zion joa deia.

        — Badakit Arruti doktorea eta biok mugitu zaretela Artikutzako horretan...

        Gobernadoreak halako detaileak zeuzkan, mahaiaz honat jesarri zen era informal samarrean, hartara bisitariak ez zeukan Francoren argazki ofiziala aurrez pairatu beharrik. A.k ezin izan zuen harritua gorde.

        — Zuena jakitea oso erraza izan da...

        Xingola more zati bat atera zuen sakelatik, eta zabaldu egin zion, «Jainkoa zuekin» irakur zezan, letra larri urreztatuz.

        — Krimen bat izan zen hura, Gipuzkoan gerra aspaldian amaitua zen haiek hil zituztenean...

        Komisario nagusiari luzatu zion xingola puska.

        — A., mesedez... Gerran, eta gurea bezalako batean areago, frontea bezain garrantzitsua da bizkarra. Bizkarra babestu gabe ezin da aurrera egin.

        — Ez zuten epaiketarik eduki...

        — Konfesorea eman zitzaien, nolanahi ere. Fronteko askok ez zuten halako aukerarik ukan.

        A. isildu egin zen. Gobernadorea Falangetik zetorren, ia segurua zen frontea ezagutu gabe irabazi zituela mailak gerran.

        — Barka ezazu, gobernadore jauna, zergatik esan duzu gurea jakitea erraza izan dela?

        — Koroa bat, euskaraz... aztarna asko utzi zituen erosleak.

        — Barka, baina gu ez gara gordeka ibili.

        — Horretxegatik, zuek ez, baina beste batzuk bai... Pazko egunaz, alegia... Aberri Egunaz, baten bat ibili zen han lore gorriak paratzen. Ezin izan dugu harrapatu, subertsioak zuztar luzeak ditu Gipuzkoan.

        Gobernadoreak alde egiteko keinua egin zion komisarioari. «Zure baimenaz, A. jauna...». Altxa eta eskua eman behar izan zion idazleak. Berriro jesarri zenean gobernadoreak barre egiten ziola iruditu zitzaion.

        — Eskandalua da, hainbeste urte joan dira eta horiek... Hildako horiek horrela uztea subertsioaren alde aritzea da.

        Mahai gaineko argazki batera luzatu zuen eskua gobernadoreak, ertzeetako zilarrean lerratu zituen atzamarrak.

        — Hitz egin dut Madrilekin... datorren astean gorpuak kanposantura eramanen ditugu.

        A. isildu egin zen, nik esanen nuke eskerrak eman behar zizkiola pentsatu zuela baina eskrupuluren batek atzeratu zuela, halakorik egiteko eskubiderik ez zeukalakoan.

        — A., esadazu, zergatik zaude horren interesatua?

        — Katolikoa naiz.

        — Ahaideren bat daukazu han?

        — Ez.

        Mahaiostera altxa zen gobernadorea. Gizaseme bikaina zen, Caudillo-aren argazkia estaltzen zuen zutik.

        — Ez nuke esandakoa oker hartzea nahi, A. Nik ere badakit han jende errugabea hil zela.

        Romeo y Julieta kutxa bat eskaini zion. Prezintatua zegoen. Eskuaz egin zuen uko idazleak.

        — Badakit zaharrena ezkontzen zaizula laster. Piztu itzazue haren ezteietan.

        Giltzerdi eragin zion mahaiko argazkiari, mutil gazte bat ageri zen irribarretsu, alferez jantzian. Kolorekoa ez izatera, gobernadorea bera gaztetan. A. ohartu zen gobernadoreak jakaren hegalean zeraman botoia ez zela dolu ofiziala.

        — Istripu bat, iaz. Harenerako bereiziak neuzkan. Gizon jatorra zara, egidazu mesedea, nik ezin ditut hauek erre.

 

 

Arreba asko pozten zen bisitan azaltzen nintzenean, «Orain ere dirua gastatzen!» amaren espantuak itxuratzen zituen pastelak mahai gainean uzten nituelarik. Aitarekin igande bazkalondoan kafea Terranova Berrin hartu nuen hartan bazituen bi hilabete bakarrik bizi zela, baina atea iragan nuen orduko ahal nuen guztietan erdirekitako gelen barrura behatu nuen, Marinaren atorraren botoi artekoa zelatatzen ariko banintz bezalaxe. Elkarrekin bizitzen jarri eta gutxira, Sholojov-en nobela luzearen bigarren liburuaren bila joan nintzen, horixe aitzakia etxea ezagutzeko. Ez nuen Marina atzeman, baina mahaitxo batean euskarazko apunteak ikusi nituen. Marinaren gorputzaren formak zituzten letrek, gogoan dauzkat oraindik, Marinaz pentsatzen nuen guztietan b, g, d, l haien biribiltasunak marrazten nituen, edo, hobeki esatera, nik hala agindu gabe hasten zitzaidan eskua letra haien bihurguneak aldiro gogoratzen.

        — Zer moduz daude etxean?

        Leihoa zabaldu zuen, erretzen hasten ginen guztietan egiten zuen, euria sartuko bazen ere.

        — Aita izorratua dago, minbizia daukala uste du.

        Mendi gaineko farola handiaren leinurua atzematen hasia zen. Ez zuen ezer esan, nik zer nekien testatzen ari zela iruditu zitzaidan.

        — Sekretu bat esan zidan lehengo igandean...

        — Ondorengo unibertsala izendatu bazaitu, nik ez dut auzi joko.

        Bazekien ankerra izaten, arrebak. Debekatu egin behar ote zidan taberna batean kafea hartzea aitarekin?

        — Gure osaba izan behar zuenaren salataria nor izan zen esan zidan. Bizi da, hemen bertan, herrian.

        Telefonoak jo zuen, ez zen mugitu. Etxean ez zuten uste zeukanik. Geletako batetik zetorren hotsa.

        — Agure koitadua, gaizki egon behar du benetan.

        Bigarrenez deitu zuten, barkatzeko esanda sartu zen korridoreko bigarren gelan, atea itxiz. Farolarena zen jadanik argirik bortitzena, lainotua zegoen. Hautsontzia garbitzen ari nintzela itzuli zen.

        — Irten beharra daukat.

        Tren geltokira lagundu nion. Ez zuen billeterik hartu, baten baten zain egon behar zuen noski.

        — Ez didazu esan behar nor zen aitaren anaia galdu zuena? Horretara etorri zara, ezta?

        Dena zekien, bai, amorragarri hark.

        — Marinaren aita.

        Ibilia eten eta begietara beha geratu zitzaidan, hortzak estuturik matelezurra nabarmenduz. Masaileko bat eman behar ote zidan? Algara zorotan hasi zen.

        — Ni kontsolatzera etorri zara orduan...!

        Halako zera eman zidan, nik ere banekien ankerra izaten.

        — Bai, erreta egon behar du nire arrebak amorantea gizonezko batek kenduta.

        Zer uste zuen, ez nintzela hazi ala? Barrea luzatzen saiatu zen. Baina damutu egin nintzen, «Ez hik ordea!» erantzun behar zuen, ez zuen halako aukera huts eginen. Farolaren argiak bezala jo zuen trenarenak pirita deskargatzen ari ziren garabietan, ontzi grekoaren mastetan.

        — Banoa.

        Ez zidan musurik eman.

        — Ez daukazu zer lotsatua Marinaz maitemindu izateagatik. Gustagarria zen.

        Horixe izan zen bere mendekua, gustagarria zen eta hik ez duk inoiz gozatuko.

        Urrundu egin nintzen, ez nuen gelditu nahi izan trenbidetik hurre zegoen autobusaren geltokian, ez nuen ikusi nahi arreba norekin, dei haiek, nahiago nuen deus ez jakin, oinez urrundu nintzen, kilometro batzuk egin nituen bide bazterrik euria hasi zuen arte, egin nion lehen bisitan komuneko uraren jauzia entzun nuenean bezala, ez dakit zer esanda tarrapatan alde egin nuen etxetik Marina korridorera azal zedin baino lehen bata lotzen zuela menturaz, edo zapatillak txinalka zituela, ez nuen horrela ikusi nahi, hori nire arreba zen, komuneko atea ere zabalik uzten.

 

 

A.k kontatzen duenez, fusilaketen berri zuzena zeukan baserritarrak —nire betazal-nagi horrek— zoratu egin zituen gobernadorearen aginduz Oiartzundik gorantz, Nafarroako bidean, Uzpuruko basoak atzean utzita Bianditz mendiaren gailurrera baino lehentxeago ezkerrera dagoen sakondura leunean udalak bildutako aitzurkariak.

        — Hemen behar du, hemen zeudela uste dut esan zidala osabak...

        Ez zen sakon zulatu behar, fusilatuak ez ziren otsoek aztarrika ez egiteko lain baino ehorzten. Baina bazen astebete tantarik gabe, lurra gogortua zegoen, gobernadoreak ez zuen egunik onena aukeratu lanerako. Oiartzuar guztiek zekiten begi-txatxu hark jakin behar zuela zehazki hilobia non zegoen, hiriburukoen aitzineko zurikeria baino ez zerabilen, zazpigarren huts egitea zuten. Guardiazibilen kapitainak apezarekin egin zuen hitz. Furgoneta bat heldu zen udalak igorritako apairuarekin, eta aitzurkariek izeien gerizpera hartu zuten, kapitainak A. idazlea eta Arruti medikua ere biltzen zituen bitartean.

        — Kasualitatez nengoen etxean, Valentziara irten behar nuen egunsentian putzu batzuk kalkulatzera, baina trena huts egina nintzen. Arruti doktorearen ahotsa ezagutu ez banu telefonoan, broma zela pentsatuko nuen... Artikutzako bidean zitatu ninduen, mendian gora abiatuta hamalaugarren kilometroan! Eguraldi ederra zegoen, urria zen, bazebilen dena garbitzen zuen hego haize eder bat... Ailegatu eta ikusi nituenean guardiazibilak eta apeza eta jendea aitzurrekin eta zerraldo haiek zabalik, halako ondoeza egin zitzaidan, lanak eman zizkidan autotik irteteak. Patillak, beti bezala?

        Inork ez zeukan itsutu beharrik harrotutako hautsari begietara eragoztearren, aitzurkariek baserritarrak apezak medikuak idazleak denek ikusi ahal izan zuten zuharia —jokalari on batek kartak bezain— xardeari eusten ziola erdi sonanbulu, hildakoen itzultzailea zeukaten begi aurrean fusilatuen denboraren norabidea aldarazten, edozelako gorpuez jabetzen. Zuhariak aitzina jarraitu zuen, astiro, urrats nagitan. Beste ikara bat. Atzera berriz, atzeraka. «Apezpikuaren araua» ari zela ezartzen argitu zion Arrutik A.ri, sakondura kalkulatzen ari zela, hiru urte lehenagoko uholdeetan urak eramandako gorpuak aurkitzen ari izan zenean zion ikasia zuhariari berari. Metro t'erdiz barnera zeuden, aitzurkariek uste zutena baino sakonago, lehen zulaketa egina zutenetik ez oso urrun. Zahatoa eskatu zuen zuhariak. Izerdi lapetan zen, margul.

        Sama Floïd nazkagarriaz erretzen didala geomantiko zaharrak esaten duena bat dator, guti goiti-beheiti, A.k bere gerraondoko egunkarian apuntatu zuenarekin. Ez du gorpuen kopurua zehazten, nik orain badakit hamabi izan zirela. Hezurduren artean bazen bat emakumezkoarena, txipiagoa zen besteak baino eta zapatek salatzen zuten. Apez bat ere bazen, A.k esaten du sotana osorik zeukala. Zuhariak gogoan dauka putz egin zuela norbaitek, eta sotana kedarretan suntsitu zela. Estilografika bat azaldu zen orduan hezurren artean. Bitxia da datu hau, miatu gabe fusilatu zituztela ematen du, presaka, baina kilometroak egin zituzten mendian gora, eta orduko kamioneten abiada kontu eginda, gutienik ordu erdi beharko zuten. Menturaz konfesoreak lortu zuen bere lankidea barruti sakratu moduan tratatzea. Gorpu jasotzearen deskribapenean, gaztetxo baten arta goraipatzen du A.k, haren begirunea ustelkiak jasotzen, zeinen hunkitua, Arruti doktoreak musu eman nahi izan omen zion. Nik uste dut A.ri hezur haiek musukatzea zegokiola. Inazio Errasti nire aitaren uste oneko anaia ergelarenak, esaterako. Zerraldoetan eraman zituzten, baina aitak beti komentatu izan zigun itxurakeria izan zela hura, «Oiartzungo hezurtegian bota zituzten gero denak». Ez nuke esanen hori ez zekienik A. jaunak, ez baitu deus aipatzen ahaideez edo ehorzketa katolikoaz, fusilatuak zeuden hartarik lekututa eztitu egin zen bere asaldura. Gertatu honen oharretan daukan estilo kolperik onena aitzurkari haietako baten esana emanik lortzen du, katabut bat soberan zela ikusitakoan etxera eramaten utziko ziotenetz galdegin omen zuen.

        — Baina badago gauza bat A.k aipatzen ez duena bere memorietan, uste dut interesatuko zaizula...

        Ipuina ongi taxutu nahi duen idazleari mintzo zaio zuhari ohia, ez fusilatu baten ilobari, jubilatuak ez direnendako tarifa doblea dela aipatuz sorbaldak zinezko motzaile batek baino arduratuago brosatzen dizkidan bitartean. Eta horri esker, egundaino lupean eduki dudan kontua azaldu zait bere hitzetan.

        — Gogoan daukat zulaka aritutakoetarik batek aitzurra haserre jaurti eta «Ez zenuten zuhariari zertan deitu!» esan zuela.

        Ez dit argitu, eta nik neure artean galdetu beharrik ez dago nortaz ari zen nire begi-zozoa «Hemen badago hauek non bota genituen ongi dakienik!» aurpegiratu zionean Arruti doktoreari, urte hartan bertan aitari kargu hartu zionean bezain harro. Hiratuago ordea, minduago, amorratuago.

 

 

Adinekoak ez garenon tarifa gehi eskupeko txiki bat utzi dut zuhariak egunkarien gainean edukitzen duen saskitxoan, hurrengoa arte despedituz. Haizea dabil eta halako zirrara leuna egiten du ile moztuan. Trenbide gaineko zubira abiatu naiz, aspaldi du ez ditudala benetako zamakoak hurbiletik ikusi. Holandar batean alde egin zuen Marinak, herrian fox-terrier batekin promenatzen eta denokin hitz egiten astebete eman zuen kapitain bilo-horiak eramanda. Ez dut esanen noiz itzuliko zain nagoela, aski du ipuinak narratzailea zoratuta daukan neskaren aitak osaba mitiko bat sorturik, txarra izateko.

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus