Hego
Euskal Herria irakin batean bizi zen hirurogeita hamarreko azken urteetan. Berrogei urteko ohitura uzkurrak gainditzeko gogoa ageri zen bazter guztietan askatasun zibilei zegokienez, eta berritu-premia literaturaren esparruan. Esperantzaz —eta baita xalotasunez ere— beteriko garai hartan argitaratu zuen bere kasa Bernardo Atxagak liburu txiki, eder, eszeptiko eta ironiko bat, Etiopia. Kritikak jaramon handirik egin ez bazion ere, eragin berezia ukan behar zuen gerora obra hark, esan bailiteke gure egungo poesian dabilen joeren aniztasuna eta noranahiko asmoa, ahalegin pertsonal hari zor zaizkiola.Poesia sozialari bezala poesia existentzialari uko eginez eta sentimentalismoari adina baikortasunari bizkar emanez, jardun poetikoari berari buruzko jarrera berri bat zekarren Etiopiak: poeta ez da inoiz mintzo lehen pertsonan, sentimenduak gorde edo intelektualizatu egiten ditu inozotasuna ekiditearren; inguruarekiko behakoa urruna du, ez ordea insolidarioa, maite ditu baztertuak eta derrotatuak; «dena esana balego bezalako» zuhurtzia hotzak ez darama isiltasunera, baizik eta egunkarietako, liburuetako eta filmeetako erreferentziak ekartzera ingurua collagearen teknikaz deskribatu eta ulertzeko, gure oroimen kolektiboa aberastu eta osatzeko. Liburu hartan, mendeetako gai eta paisaia tradizionalak behingoz utzita gure literaturak konkistatu nahi zuen «hiria» baino, mundua da oparitzen zaiguna. Poetaren gelak mundu osoa hartzen du, ludiko lau bazterrak ditu kokagune, eta geografia ideal horretan mundua baldin bada kokagune osoa, erreferente teknikoa ere mundu guztiko literatura da bere aipu, dialogo eta pertsonaiekin Atxagaren tradizio bihurtzen dena, eta horrenbestez gurea, «Lizardi, Rimbaud etorri duk hitaz galdezka» formula perfektoan adierazten digun bezala. Alabaina, erabilera honek ekar zitzakeen arriskuen jakile, jolas intelektuala edo intertestualitate hutsa bihur zitekeena umorearen bidez gainditzen du Atxagak, eta soberazko kultismoaren arriskua berriz testutik urruntzen gaituen ironiaz.
Etiopiak abanguardia ekarri zuen, transgresioa, irudiaren nagusia, marginalitatearen edertasuna. Poeta gazteagoen aldarri eta eredu izan zen aldi berean, belaunaldi berriek behar zuten modernotasun literarioa. Etiopia eta haren harea Arestiren harriari kontrajarri izan zaio. Interpretazio zilegizkoa da, baina harria bera harea ale aunitzez sortzen baita, azken finean zentrorik ez dagoela digu adierazten harriaren hondartzeak, zentroak pluralak direla. Eta horixe izan zen modernotasun berriaren ekarririk eraginkorrena.
Bernardo Atxaga
(Asteasu, 1951) jenero guztiak landu dituen idazlea da. Titulu ugari ditu hala gazte literaturan (Behi euskaldun baten memoriak, Xola eta Basurdeak, Banbulo, Bi letter...) nola helduenean, bereziki Gizona bere bakardadean nobela eta Obabakoak ipuin bilduma, gure imaginarioaren erreferentzia bilakatu dena.
©
Koldo Izagirre
Bibliografia
Aldekoa, Iñaki / Etxeberria, Gillermo. ATXAGA BAIONAN. Hiria, 1999
Aulestia, Gorka. ZIUTATEZ I ETA II. Sancho el Sabio, revista de cultura e investigación. Vitoria-Gasteiz, 1992
Azkorbebeitia, Aitzpea. BERNARDO ATXAGAREN TESTUETARA HURBILTZE BAT: HARRERA-TEORIAREN ESKUTIK. Anuario del Seminario de Filologia Vasca Julio de Urquijo, 1995
Gabilondo, Joseba. ETIOPIAZ. Egan 1993
Olaziregi, Mª Jose. BERNARDO ATXAGAREN HARRERA LITERARIOA: PROPOSAMEN BAT. Anuario del Seminario de Filologia Vasca Julio de Urquijo. Donostia, 1994
Olaziregi, Mª Jose. BERNARDO ATXAGAREN IRAKURLEA. Erein, 1998
Otaegi, Lurdes. BERNARDO ATXAGA: EGILEAREN HITZA. Labayru, 1999