Zerura igotzeko
Zerura igotzeko
1986, ipuinak
72 orrialde
84-398-7164-3
azala: Juan Sagastizabal
Joxean Sagastizabal
1956, Eibar
 
 

 

HAIZEAK ERAMAN ZUENA

 

        — Bai Furruntxo, ikusiko duk, kometa hau errez igoko duk ilargiaren parera.

        Antton eta Furruntxo badoaz hiri inguruko zelaietara hegaldi zoragarriak egiteko prest; mutiko hau gogor ari da lanean datorren urteko kometa-txapelketa irabazteko asmotan.

        — Uuum, abiada orduko hogeitazortzi, norabidea hegosortaldetik iparsartaldera...

        Haizeaz ari da, txistuz betetako behatz erakusleaz aztertu ondoren.

        — Laino beltz horiek ez zaizkidak batere gustatzen... e! Ken hadi hortik!

        Furruntxo, animalien dena usaindu behar hori, kometa gainean dago eta... hori haize bolada zakarra! Hortxe joan zaigu zerura!

        Ezin izan dio Anttonek hariari eutsi!

        — Hire mutur zikin hori sartzeagatik begira non hagoen, jetxi hadi!

        — Miaouuu!

        — Furruntxo, bota hadi, besoetan jasoko haut!

        — Marramiaoouuu!

        Haizeak, ez begi, ez belarri, hiriruntz bultzatzen du eta atzetik Antton, bere maitiei segika.

...........................................................................

        «Bai, seguru nago, noizpait hona azalduko zaizkigu».

        Ambrosio Belaustegigoitia jaunak, ehun eta berrogei kilo haragi bi hanken gainean, Euskal Telebistaren «Ezezaguneruntz» programa famatua ikusi berria du, gaurko gaia «Lurretik haruntzko bizitza» zen. Hura plater hegalari, gizontto berde eta gorri, izaki xelebre pila ikusi duena! Andeetako sumendietan baseak dituztela, gure artean dozenaka dabiltzala, gizakume eta animalien itxuraz azaltzen direla... zeharo larrituta utzi du ikusitakoak.

        — Martetarrak, martetarrak, badatoz, hementxe dira! Rosa Mari, Rosa Mari!

        Emaztea tarrapataka dator.

        — Zer da? Zer da?

        — Argazki makina, non dago argazki makina?

        — Hortxe, zertan ari zara?

        — Martetarrak, famatuak izango gara, lehenengo argazkiak, a ze dirutzak! Adiskidetuko gara, ikusiko duzu, hau suertea!

        — Martetarrak? Telebista gehiegi ikusten duzu!

        — Etorri, etorri.

        — A ver, a ver.

        — Miaoouuu!

        — Gu lagunak, lagunak, hau Lurra, ni Ambrosio, ulertzen?

        — Gizona, hau katu bat da!

        — Bai zera! Eta katuak noiztik datoz zerutik? Tuntuna, ez al duzu espazio-untzia ikusten ala?

        — Zer? Zera gorri hori? Niri kometa bat iruditzen zait.

        — Bai! Eta ni Anbotoko sorgina! Lagunak, argazkiak, zu, nongoa?

        — Fuufff!

        — Atea jo dute...

        — Furruntxo!

        — Miaoouuu!

        — Mila esker jasotzeagatik, gero arte!

        — Katu bat! Baina nola liteke? Noiztik ekin diote kometan ibiltzeari?

        Besaulkian eseri zen, honi hiru hanka puskatu zitzaizkion, ipurdiko ederra hartuta, etsi-etsia, zerura begira gelditu zen.