Amets bizia
Amets bizia
1986, nobela
142 orrialde
84-398-5748-9
Eukene Martin Sampedro
1948, Bilbo
 
1985, nobela
Amets bizia
1986, nobela
142 orrialde
84-398-5748-9
aurkibidea
 

 

III

 

        Landak urdin ditut. Inoiz baino urdinago. Kristalezkoa dirudit, eguratsa hezea. Inoiz baino hezeago.

 

Neure oin arinak laburbide neketsuetatik, neure zapata fin hiritarrak mendietako konkaduretan, neure zango helduak sasi jaioberri artean, neure jauzia, oraindik gazte, aintzinako putzuetatik. Neure bideak, neure zidorrak, neure txoko maiteak, neure zulo kuttunak. Neureak. Aldatu gabe. Betidanik berdin._ Denborak arrastorik ezin utzi. Euri eta haizearen seinaleaz gaztetuz. Bideak. Neure etxerako pasabide berdeak. Txiribita etsiak berriro makurtzen dira neure zapalketa dartadakoaz, esperantzara zabaldutako goiztiripe n. Neure baserria. Etxe neurea.

 

Uholdea bezala sartzen naiz arkupe ezagun abegitsutik. Lasto eta etxe usaina. Goizaren zarata. Beroaren murmurioa hozgiroan. Sentsazio biguna sukaldean. Berdetasunaren kutsua mahai gainean. Berakatz eta kipula sorta tximenia zaharrean. Brontzezko tresneria distiratia. Amantala. Inarra. Atearen kirrizka xuabea esku zimurrak eragina. Koxkor, ilun, argia. Ama. Ezti eta esnegainaren begirada.

 

Maitetxo. Laztana. Zelan, ha? Musuen hots zabala. Zergaitik? Nondik ote? Malkoen txirristada. Hemen nauzu. Ama. Maitea. Nire bihotzean daukadana. Zetako etorria? Gonen marmara. Zeugaz egon ura. Potxola, Moñoña. Pirula. Graziosa. Alaba. Betiko nauzu. Ez da egia. Gezurti. Pollita. Okertxu. Panpoxa. Arropa finak latzen kontra. Baina ken ezazu burukozapi zaharra. Zer ha? Gustokoa daukat. Eskuen xerak ile zuriaren matazan. Gazte zagoz ondiño, ama. Utz nazazu, berbontzia. Txatxala. Beno, egitan, zetako zara etorria? Lehen esan deutzut, ama. Zeugaz biziko. Hau, gura dodana. Zoro zagoz, gixaja? Ze txorikeria! Ze gozamena! Baina... ez zeunstan, ha, lehen esaten baserriko bizitza ez dala zuretzako? Urrunetik amaren begirada. Hori, lehen. Orainxe, aitzitik dana. Hau txoroa! Hau poztasuna! Baina... zeure beharra? Utzi egin dot. Halajaina! Ez da izango! Egia dana. Ai, Jesus! Galduak gara. Zergatik, ama? Ba... ha... Ez dekozu aitaren mantenusaria? Gutxi da. Diru eskasa. Nahikoa. Bi bakarrik gara. Gainera, nik ez dot jaten. Airea, neure janaria. Tentela. Neurea. Kaskarina. Zaharra. Bihurria. Jolin, ama!

 

Kanpoan, ortuaren xurxula, behiaren marmara, patararen zotina, sagarrondoaren indarra, xomorroakjolasean, olio usaina, zuhaitz zaharpean astoaren arrantza. Euria. Haizea. Berdea. Urdina. Lurraren kolorea. Baserria. Neure antzinako bizi berpiztua, han, landan.

 

 

        Gogoz sartzen naiz txikia nintzeneko neure gelan. Sutsuki hertsi oholezko ate astuna. Buru belarri aztertu txoko ahantzi ezkutuak. Sendoki usaintzen dut ezko eta sagar berde lurrina. Ilusioz begiratu leihoa, murru mardulean zabaldurikoa. Pozaz amiltzen naiz ohe garaian. Barre algaraz kulunkatu artilezko koltxoi gainean. Harriduraz ikusten horman esekita dagoen Jesusen Bihotza. Haserre jaiki irudia deseskegitzeko eta ohe azpian gorde. Emeki hartzen dut neure larruzko poitsa. Erabakiz zabaldu beraren kremailera. Miresgarriro ateratzen dut neure begi majikoa. Kontu haundiz desestali itsas marraskiloa. Atseginez usaindu sandalozotzak. Leunki eskegi Zugarramurdiko larrua. Eztiki ukitzen dut neure jantzi bakarra. Desioz destolesten beraren ehun arrunta. Lasaitasunez ezarri aulkiaren gainean.

Ez dago armairurik. Ez da disfrazik egongo. Maskara gehiagorik ez. Hemendik aurrera jantzi bakarra baserrikoa, lo egiteko. Egunezjanzteko. Eta gauez, bizitzeko, biluzik.

 

Zilarrezko ilargia geldi, irudi beltzean zintzilik. Txakurrak zaunka. Oiloaren ixiltasuna. Ipurtargiak gir-gir-gir. Ttirrittaren matraka. Negarraldia urarena. Ametsa. Amets bizia hezetasun berde bakar ilunean.

 

                A, ze platzerkia azeriaren buztana laztantzen dudan bitartean. Urrezko gakoan zintzilik daukat larru zoragarri xuabe hau, zein ilbete batean Zugarramurdiko ehiztari zaharrenetariko batek harrapatu baitzuen. Haizearen xera oro bere ilegurizko ukimenean!

 

Isats nabar distiratsuan Mikelen eskuaren zetazkotasuna. Bere aurrean bainintzan, hemen, hor, han, luma berdezko landa batetan. Eta zergatik du zeruak hain urdin aparta?

Beirazko dardara oskarbian. Harrapa ezina den zerbait, baina berdin zait, senditzeaz nahikoa dut. Nire aldamenean Mikelen eskua, xuabe, sotil, ziurra. Begiratu egiten nau. Begiratu eta barre. Ez dago nirekin haserre. Inoiz egon ote da? Ze ardura du, demontre, oraingoa gozatu eta kitto!

Esku bat nire biloan hondoratu egin du. Bits bigunaren sentsazioa. Gero, laztandu. Kotoizko hodeien fereka, bere gorputza nirean. Fereka eta barre egin, beraren elurrezko hagin lurrintsuak.

 

Berak nire eskua, txorikume galdua beraren kabi beroetan, hartu eta landatik zehar korrika gabiltza, zorotuak. Burutik eginak. Maiteminduak. Haize izugarriak garla, orria, lorea eta ilea, makur, astin, barreia eta hegaz erazten ditu. Haize epela. Epel eta limoiduna.

 

Tontor leun batetara iritsi gara. Haizea joan egin da. Hemengo elementu oro geldi dago. Geldi baina bizi. Uraren jauzia entzuten da nonbaiten. Txorien hegada. Zapaltzen dugun goroldioa astina da. Samurra. Hare finaren kirrizkakoa. Mikelen eskua, kotoi goxoa nire izerdi mindua xukatuz.

 

Honela, ahozpez, begiak ibarrera joak, etzan gautza lurrean. Eta gorputzak txirrist egiten uzten ditugu. Mendiskatik behera abiadura hartuz goaz. Haseran astunki, motelki; gero arinago, biziki; eta azkenean ziztua hain haundia da, ezen ezin baitut ingurukoa nabarmendu: alde oro, zilarrezko geziak. Belarren biioak kill-kilika. Mikelen eskuan nire baserriko katakumetxoari egiten nion xeraren ukimena.

 

Oholezko zolu ezkoztatu berri batetan txirrist egingo baigenuen jarraitzen dugu beherantza. Marnira heltzen ari garelakoan zurrunbilo erotuan burua erortzen uzten. Mikelen burdinezko eskua ongi teinkatua nuelarik, bertigo goxoa agertzen zait eztarritik. Begiak sutsuki hertsi, eskua gogoz hestutu, bihotzaren taupadak bortizki belarrietara, eta... ZZZZZZZZ! ! Behera helduak gara, Mike!!

 

Konfidantzaz zabaltzen ditut begi beldurtuak, nire esku izutua beste maiteaz lasaitua.

 

Zuloa menperatu eta gorada bigun askatzaileari hasiera ematen diogu. Hau gozamena! Zaldiko-maldikoren norian nagoelakoan etengabeki goraka. Igoeraren abiadura amaituz doa eta orain leunki gailur lanbrotsuraino. Gero eta astiroago. Masa zuria begien bistan zintzilik. Kristalezko ñirñirrak keinuka. Hoztasun urdina. Elurra. Elurrik?

 

Gero eta nekeago jarraitzen dugu. Ez dakit tontorreraino heldu ahal izango ote garen. Zergatik elurrik?

Geldiroago. Gel ...di...ro...a...go...

Aurrez-aurre zuritasuna, merengezko baga bailitzan. Arraultzasuspilo fotografiaturik. Gu are geldiroago, oraindik...

 

Azkenean... erabat... gel...di...

Orain? Honela?

Espazioan eskekiak, bi tximeleta esnegainezko pastel batetan itsasirik.

 

Zirgit eginez behera begiratzera ausartzen naiz. Santiago! Nota attxatu gara honenbeste?

 

Azpitik, haranak aho arriskutsua erakusten digu. Intuitiboki Mikelen eskua tinkatzen dut, antsiaz. Mikelen eskua, altzairuzko kable betierekoa. Tresna poteretsu berberak bultzada ematen dit. Bultzada labur, ezti, kementsua. Beraz, indar horri eskerjaurtikitzen naiz gailurreraino.

 

Kontrolik gabe ezin dut lasterketa frenatu, nahitaez neure burua elurretan murgildu behar. Oi, atsegin, elurra bitsa da! Bitsa bero eta astina.

 

Gora jarraitzen dut apar txirriskarriaren artean. Metro batetara tontor zuri urdina. Nik atzera begiratu eta Mikelen eskua agurka ari zen. Agur eta barrezka. Eskua, Mikel, emaidazu eskua! esan eta berehala tontorra garaitu dut.

 

 

Noiz eta orduantxe ari da oilarra —nire baserriko itzargailua bestea bezain madarikatua— kokorika.

 

Zurezko gela iluna goizeko eguzki herabetiak argiztatua, soilik.

 

                Mikelen esku iheskorra, arrantzalearen eskuetatik arrain distiratsu alde egina bailitzan.

 

********************************