Analfabetoa
Analfabetoa
2019, poesia
88 orrialde
978-84-17051-29-7
Azaleko irudia: Asier Mendizabal
Azalaren diseinua: Lander Muñagorri
Iñigo Astiz
1985, Iruñea
 
2012, poesia
 

 

HIZKUNTZEN HERIOTZA

 

(Iberieraz inskribatutako eskutitza, berunezko xaflan,

K.a. IV. mendea, Museu D'Arqueologia de Catalunya, Ullastret)

 

 

Jadanik ezeri dei egiten ez dioten

zeinuak soilik arbuiatu ditu heriotzak,

eta bere buruarekin bakarrik mintzo da

eskutitza orain museoko bitrinaren atzean.

 

Hala hiltzen dira hizkuntzak, beraz,

iskanbilarik gabe hondoratuz isiltasunean.

 

Maite hitzak eskatzen zituen uneak, agian,

baina ez dut gogoan esan ote nizkizun.

Ez joan, gelditu hemen nirekin, etorri,

maitea, laztana, elkarrekin ikusiko dugu

zer forma ederrak har ditzakeen bakardadeak.

 

Adituek badakite ikur hauek ahoskatzen,

haien esanahia oraindik ulertu ez arren:

egoskor eusten dio izkribuaren berunak

inoiz pertsona batek beste pertsona bati

esandako zerbait horren misterioari,

 

baina ez da mezua jasotzeko inor geratzen.

 

Zirrara eragiten dit fede horrek. Entzun,

elur maluten marmarraz izendatzen ditu

inork gehiago zapalduko ez dituen kaleak.