Analfabetoa
Analfabetoa
2019, poesia
88 orrialde
978-84-17051-29-7
Azaleko irudia: Asier Mendizabal
Azalaren diseinua: Lander Muñagorri
Iñigo Astiz
1985, Iruñea
 
2012, poesia
 

 

NORBAITEK MAPA BAT MARRAZTEN DU
ARRAIZKO KOBAZULOETAN
DUELA 13.660 URTE

 

 

Ahuntz bat, ur putzuak.

Horra jakin behar duzuna.

Leku hau naiz: etorri.

 

Mendi, ibai, haran, gerizpe.

Hemendik pasatu naiz.

Hemendik pasatuko zara.

 

Ezagutzen ditut arriskuak.

Mehatxuen kokapena egin dizut,

eta ehiza gunerik onenena. Oreinak.

 

Harria kolpatzen dut. Entzun

oihartzuna zabaltzen haranean,

marrazkia marraztutakoa estaltzen.

 

Hau da enarek hegaldi bakoitzean

hego kolpe bakoitzarekin eraitsiko dutena

eta hau da mantendu nahi dizudana.

 

Ikusten dudan guztia naiz.

Lurra mugi dezake

nire ikara txikienak.

 

Ikusi nola hazten diren

errekak nire egarriaz, nola

trinkotzen basoak piztien uluaz.

 

Elurra. Elurra orain.

 

Hedatzen noa ni ere. Pausatzen

basoko zuhaitzetako hosto

guztien aurpegi denetan.

 

Ukitu gabe laztantzen ditut

eta dardara egiten dute.

Hori iraunarazi nahi dizut.

 

Gauzek ez dute izenik behar

hemen, gurutza ditzaket:

badira, banaiz, bagara.

 

Baina marra hauen artean,

putzu, haran, ahuntz, gerizpe,

igartzen zaitut nonbait zu ere,

 

mendi, orein, hego, baso,

igartzen zaitut nonbait zu ere,

otso, harri, zulo, su,

 

igartzen zaitut nonbait zu ere,

ikara-oihan, dardara, itzal,

igartzen zaitut nonbait zu ere.

 

Harri honetan zaude; bazara.

Harri honetan nago; banaiz.

Etorri. Hau da bizitzea hemen.