Ametsak ere zain
Ametsak ere zain
2015, poesia
104 orrialde
978-84-92468-70-6
azala: Vladimir Burliuk
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2012, nobela
2010, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1985, ipuinak
Ametsak ere zain
2015, poesia
104 orrialde
978-84-92468-70-6
aurkibidea
 

 

DE PROFUNDIS

 

 

kartzela-burua

nagusiak mintzo diren moduan

mintzo zitzaigun

badakizue nola

konpondu beharrekoak

konpondu behar genituela

hitz eginez eta ez gose-grebaz

itxialdiz elkarretaratzez

denon onerako

badakizue noraino makurtuz burua

tirauki triki trauki

irribarre egiten zigun

badakizue nola

irribarre egiten genion

badakizue nola

paternalismoz mintzo zitzaigun

ondo dakizue nola!

zartaginaren giderra lez

dingi-danga

giltza eskuetan duenaren

bihotz zabaltasunez

zirrin-zarran

 

tirauki triki trauki mailuaren hotsa

dingi-danga zizelaren hotsa

zirrin-zarran diamante hariaren hotsa

 

gure herria zanpatzen duen

etsaiaren aurka borroka

zuekin batera egiteko

usteltzen hasita dagoen

arratoi-zulo honetatik

albait lehen irtetea

beste ametsik ez dugunok

irribarre amultsuz hitzezko

bizkarreko ulerkorrak ematen zizkigun

usteltzen badago ere oraindik karga baduen

aurrez aurreko fronte honetako etsaiari

tirauki triki trauki

egunero zentimetro bat luzatzen den

harrian zizelkatutako lurpeko

dinbi-danba

irribarrea eskaintzearekin

egiten dugu amets

zirrin-zarran

 

tirauki triki trauki mailuaren hotsa

dinbi-danba mazoaren hotsa

zirrin-zarran diamante hariaren hotsa

 

lurrekoak gara

lurra da gure larrua

isildu egiten gara

entzuteko

izarren printzen hotsa

lehen fereka haren dardara

leihoko godaletean barraskiloaren aztarna

 

hilobi askatzaile honen sakonetik

ez da entzuten gure ahotsa

ezin dugu begiek iluntasunean

ikusitakoa erakutsi

gizakia ez da urrunago joango

ez dago infernurik

gizonak asmatutakoaz kanpo

ez eta paradisurik

gizakiak asmatutakoaz gain

 

ez dugu eskertuko

zulo honetara kondenatu izana

baina hemendik kanpo

ez genuke aurkituko

bilatzen ez genekien zorion hau

denbora gainditzeko indarra

gure baitako asebetea

 

ez dugu aldatu gure pentsaera

badakigu ordea

gure esku dagoela

borrokatzen dugun etsaia

elikagairik gabe uztea

 

oraindik

gure infernua

erreka hotz garbia

gure larrua

geruzen azpian beltza

 

barrenak hustu behar izan ditugu

lur azalera etortzeko

bakarrik ez dugu deus lortuko

minaren gurpilari

itzuli bat gehiago eragitea

orain batzuen aldera

orain besteenera

 

ez dakit

zilegi zaidan pluralean mintzatzea

ez dakit

sorterrira aurreko

ene azken hitzak hauek balira

hau ote litzatekeen esan beharrekoa

 

bagatoz

bagatoz lurpean kondenatuok

entzun

entzun

egin irribarre

 

tirauki triki trauki mailuaren hotsa

dingi-danga zizelaren hotsa

zirrin-zarran diamante hariaren hotsa

dinbi-danba kartzeletako hormak lurrera eraisteko hotsa

tirauki triki trauki dingi-danga zirrin-zarran dinbi-danba

tirauki triki trauki zirrin-zarran dingi-danga dinbi-danba

dinbili-danbala dinbi-danba

dinbili-danbala dinbi-danba