Ametsak ere zain
Ametsak ere zain
2015, poesia
104 orrialde
978-84-92468-70-6
azala: Vladimir Burliuk
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2012, nobela
2010, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1985, ipuinak
Ametsak ere zain
2015, poesia
104 orrialde
978-84-92468-70-6
aurkibidea
 

 

CARCER

 

 

sorterrira nahi nuke

larru beltza nahi nuke

hizkuntza joria nahi nuke

barrenak askatzeko

balada bat idazteko

bizi dena liluratzeko

 

larru zuri hau eransten dudanetan

sorterri urruneko

zorion idortuaren

iraganean murgildu eta

igerian joaten naiz

ezjakina nintzen garaira

zuriek beste oro zanpatzen dutela

ez nekien sasoira

gizon bihurtuko nindutela

ez nekien haurtzarora

dena araututa dagoela

jabetzen ez nintzen irrien lurraldera

 

gaur bezala garai hartan

kartzelan bizi nintzen

inguratuta

espaloiz hesiz bide-argiz

debekuz aginduz izuz

kartzela batera erditu ninduen amak

eta aita bezala sartu naute beste batera

bien bitartean hamazazpi urtez

borrokan eta aske bizi izan nintzen

borrokan eta aske

ez orain bezala borrokan eta preso

edo lehen bezala ezjakin eta esklabo

 

hemengo bizitza

arantzetan ahoa

begiez esaten diren harrizko hitzak

giza-estolderiaren kerua azalean

hain da erdiragarria

ziega honetan

kanpoko murruaren

eraikineko ate blindatuaren

hegaleko hesiaren

ziegako atearen

bihotzeko babes-jantziaren

pean

edozein ziega zokotan

ilargiak guri bezala

zimur berberak erakusten dizkiogu

guk berari

egunsentiari zeruertzari

untxien zelaiari

zaindarien jantoki eta etxeari

Jupiterri Arcturusi

bizitzari asturuari

 

ez diet utzi eskuei

heltzen leihoko burdinei

zapiak makilak paperak

sare zuloetatik ditut atera

irrintziaren atzetik ukabila ezin

hor kanpoko hoberenak baino

ez gaituzte onartzen hemen

argienak edo inozenteenak

bihotz-zabalenak edota zekenenak

trikimailuaz ohartu direnak

aske eta borrokan bizi izana

garesti ordaintzen ari garenak

arauen aurka egiten dutenekin

nahas-mahasean

gu: preso

euskaldun

eta politiko

 

nire koherentzia ezaren %10eko interesa medio

aspaldian trabatuta daukat esaldi bat

ahots-hari herdoilduetan

kantu batekin

arrautza-irinetan bilduta

zerbitzatu nahi nukeena

baina ez daukat astirik

esaldiari dagokion kanturik idazteko

lubakitik lubakira

zirriborratu egiten zait tinta

lokaztu egiten zaizkit kaierak

galtzen ditut

granadez tiroez eta

beste zenbait estakuruz

kartzelatik kartzelara ziegaz ziega

ez dut inoiz izango astirik

esaldiak merezi duen moduko

kanturik idazteko

kapitalismoa geu gara

horregatik ez dugu sekula garaitzen

garaitzeko geure buruaz beste egin behar genukeelako

itxuraz baino ez dugulako egiten haren kontra

ordu libreetan edo txosnetan lez txandetan

eta ondoren elikatzen segitzen dugulako

gero eta handiago eta boteretsuago

elikatzen dugu geure burmuinez odolez haragiz

pobreen haragia zerbitza diezagun bazkarian

garaituen burmuinak zerbitza diezagun afarian

gabon zaharreko festan aurrena eta gero urte osoan

 

hainbat urte gatiburen buruan

guk baino lehen beste hainbatek bezala

aurkitu dugu gotorlekua

gaitz guztien iturria

hipokrita eta atzerakoien

barren ustel eta barren gabeen

garun ustel eta garun gabeen

ments eta gezurtien gordelekua

bizi genuen ez-munduaren jatorria

gizarte kapitalistaren Grial saindu

iturburu agorrezina

bidegabekeria nagusikeria eta

larderiaren ernamuina

askatasun guztien hilobia

bizi zareten ez-munduaren copyrighta

salatariak eta gezurtiak saritzen

egia eta elkartasuna zigortzen

berezkotasuna irentzen

maitasuna itotzen eta

irribarrea izozten den haitzuloa

gizakiak desegiteko gizonak

asmatutako infernua

 

aurkitu dugu gotorlekua

eta ez dakigu nola egin

hemendik irteteko

nora irten ordea? eta zertarako

ikasi dugunez geroztik

hor kanpoko errealitatea

hemen barrukoaren

ispilatzea besterik ez dela?

 

Jendeak zenbaterainoko konpromisoak

hartzen dituen ez bageneki bezala

geure burua ezagutuko ez bagenu bezala

gogoa ematen du deiadar egiteko:

zuek zarete kapitalismoa!

baina lasaigarriago izango da esatea:

geu gara kapitalismoa!

 

Bizi dena min emateraino da on eta zinezko

diost Georg Trakl-en udaberri soinuak

baina ba al dago bizirik hemendik lekora?

honaino irits ez zaitezten paratuko ote zituzten

murruak eta sareak eta txarrantxak

eta presentzia detektagailuak?

edo alderantziz? gure grina

zuengana irits dadin oztopatzeko?

ikas dezazuen zein garesti den

borrokan eta aske bizi izatea

esklabo iheslariari

bizkarra zartailuz larrutzen eta

orpoetako zurda mozten ziotenean bezala

ez dezazuen ahantz zein garesti den

askatasunaren bila abiatzea

 

bizi dena hain omen da on eta zinezko!

arropen azpitan haragi bizitan gaudenok

bizi denak besarkatzen gaituenean

malkotan hasten dela gure bihotza

konturatzen garelako zenbateraino egin dugun

bizirauteko geure buruaz beste

bizi denak

(ba zegoenik ere ez genekien

lurralde ezkutu horretatik etorrita)

belarrira

ezpainak ezpainetan begiak begitan mihiak mihitan

maite haut! esaten digunean

geurekin gorde nahi genuke betiko

posesiboki

hegoak ebakita gu bezain giltzapean legokeen arren

baina guk txoria dugu maite

halaxe ikasi genuen eta

ixten dizkiogu ateak eta leihoak

eskatzen dizkiogu zaindari buruari

txarrantxa burdina zementu gehiago

musika ozen jartzen

mozkortzen

ohe barruan babesten

tapakiarekin burua estaltzen

eskuak belarrietan

zaindariekin liskartzen

eraman gaitzaten zigor-ziegara

biluzik

alferrik

gugan dago-eta

bizi dena

eta hain da on eta zinezko

ez dela hau beretzako lekua

 

bizi denari

arnasarik ez hartzera ohitutako gorpuei min eman

besterik ez duela egiten esaten diogunean

hoa hoa hoa

etorri bezain isil badoa

gu lehen bezain goibel eta burgoi utzirik

ez joan ez joan ez joan ahoan

marmarka

malkotan

zurtz

baina gure hutsegiteaz jabetuta

hator hator hator

esaten diogunerako

berandu da

badoa hor zehar

eder aske pozarren

bizitzari erakusten hortz zuriak

eta orduan guk zakarkeriaz

egiten dugu deitore:

hor kanpoan ez dago ezer

gu bezain kartzelan zaudete

konturatzen ez zareten arren

eta marmar egiten dugu gero:

zuek zarete kapitalismoa

zuek gauzkazue kartzelan

zuek zarete jende beltzon kate hauen giltza

zuek zarete ziegako ateak eskutila gabetzen dituzuenak

zuek zarete gure kondenaren zigilua

ez baita aski maite gaituzuela urtean behin adieraztea

batez ere urtero bada eta hurrengoan eta hurrengoan

ziegako horma ugerrean irartzen dugun kondenaren

egutegiaren antza hartzen diogulako

eta ez dugu ezer jakin nahi

eta baztertu egiten ditugu

gezur erdiak botatzen dituzten egunkariak eta

egia osoa ezkutatzen dutenak

armiarmekin solastatzen gara arratsero

H-Blokeetan egon nahi genuke

Bobby Sandsekin eta bere kideekin

biluzik hotzak goseak zikin kantari

eta horrela nahi zintuzketegu zuek ere

zuen bizitza hitsa mozorrotzeko egiten dituzuen

imintziorik gabe

zuen kondizio makurra ahantzarazten dizueten

trepetarik eta parpailarik gabe

 

bizi dena hain da on eta zinezko

ez baitakigu jada bizirik batere ba ote den

mundua bilakatu duzuen

izadi hil erraldoi horretako labirintoetan

 

jantzi dut larru beltza

eta banoa

hesien atzean ostentzen didaten izadiaren bila

banoa

harkaitzetara itsaso oldartuarekin jolas egitera

banoa

negu ilunean bizia jokoan jartzera

olatu kolpe bati ene nerabe

bizitza irents dezan erronka egitera

irriz

alai

ezaxola

banoa

pinpilinpauxa

armiarma

mantangorri

banoa

adats gesal

bihotz beratz

esku fereka

banoa

eskolatik ihesi

orain ahal banu kartzelatik eginen nukeen moduan

 

jantzi dut larru beltza

eta bazaramatzat

Ondarretako villetara esne kondentsatuzko musuak ematera

Loistaraingo larreetan zilipurdika ibiltzera

Konporta estoldan paperezko hegazkinak hondatzera

Artzira amuarrainei Urrobiko putzuetan ihes egiten uztera

Ligira gorputza Uhaitzako urlasterretan jitoan uztera

Madalenako tontorrera lehen irrintzia egitera

Donostiako badiara itsas hondotik eguzkia ikustera

Asautzera patata biltzera

artazuriketan sega zorrozten ikastera

Zerainera idiek tiratako gurdi gaineko belarretan etzatera

Soubrera lasto-laukiak sardeaz traktorera jasotzera

hontz zuriaren zuhaitzaren itzalera

Pirinio elurtuarekin loriatzera

haritz zaharraren enbor-adarrak zuekin besarkatzera

Ttutturrora Olaiaren arranoarekin hegaldatzera

 

ziegako horman

zainetan bustitako arkatzez marraztu mapan

bilatzen ditut

zorionaren txokoak

errepide bihurriak

borroka hitzorduen lekuak

bilatzen dut

etxera eramango nauen bidezidorra

harik eta

zorionik etxerik

ez dugula gogoratzen naizen arte

euskalduna naizelako

euskaldunak garelako

borroka garratza eta hizkuntza

besterik ez dugula gogoratzen naizen arte

deserrotu nahi gaituztelako

esan dezadan itsusi ematen badu ere:

espainiar edo frantses nahi gaituztelako

avec la politesse edo con sangre entra

 

haurraren larru beltza jantzita

aske nintzen

orain naizen bezala

hemen eta orain

laugarren horma den atearen atzean

orduan aske nintzen ezjakinean

orain jakinaren gainean

orduan aske nintzen artean mutil

ez nekielako Gizon egoten

irakatsiko zidatenik

no llores como mujer

pertsona izaten ikasten neraman bizitza

garunetik jokabiderako

hitzetik hortzerako

arkeriak gizonkeriak ezabatzen

Gizonen gizonentzako kartzelan

sartu nindutenean

ikas nezan berriro ere

Gizon egoten izaten ekiten

baina orain

irria ahoan

aske naiz

zakila izanagatik

ez naizelako jada Gizon

larrua halakoa izanagatik

ez naiz Zuria

esan nezakeen moduan

berdinak gara

zuek bi emakume eta hirurok

esan nezakeen moduan

 

aske nintzen

orduan ere bai

baina jadanik

ikusten ez nuen hor kanpoko

kartzelaren mugek mintzen ninduten

ikusten ez duzuen kartzelaren

arauak nigan ere txertatzen hasiak ziren

askatasunaren adarrak bihurritu zizkidaten berariaz

nire oharkabean

 

askatasuna

zer den jabetu nintzen

(eskopetaren kanoiko

izpi gorria

kopeta destatzen

eskuargiez itsu begiak

altxa besoak!

Errepublikako zaindari

mozorrotuak agintzen)

galdutakoan

 

aita kartzelan duzu

ama kartzelan duzu

gaur eguzkirik ez duzu

egizu lo egizu

mozorrotuari ez beldur

ama azkarra da eta

aita azkarra ere da

bihar goizean goizik

eguzki izanen duzu

zomorroa atzarrik baita

gaur ilunpean gaituzu

urre gorria baita

gure munduan nagusi

zuretzat nahi ditugu

urre kateak hautsi

bihar izan dezazun

askatasuna nagusi

 

eskuak bizkarrean lotuta

ezin fereka eta

zaindarien oharkabean emandako

musuan iraun du

hankak trabatuta

elkarrengana ezin hurbildu eta

maite haut!

ozenetan iraun du

mehatxuz isilarazi eta

isilean gure arteko

begiradetan iraun du

elkar ikus ez genezan banandu eta

alboko ziegatik zetorkigun

presentzian iraun du

nahiz eta urrundu gintuzten eta

bakartu

eskuak lotu

hankak trabatu

begiak itsutu

hala eta guztiz ere

ferekarik gabe

musurik gabe

oihurik gabe

begiradarik gabe

iraun du gure maitasunak

 

geroztik

zenbat bider biluzarazi ote naute?

berotasuna ekartzera etorri zaretenoi

emandako besarkada bakoitzaren prezioa

nire arimaren sakonenean umiliazioaren arrakala

larru beltzean zartailuaren arrastoa

566 bider

 

epailearenera eraman nauten bakoitzean

la grandeur de la République

cadeau prestatu naute

miatu naute haztatu naute biluzarazi naute

indarrez ahoa irekiarazi eta

légalitéz égalitéz fraternitéz

bete didate zintzurra

esofagoa urdaila heste lodia eta uzkia

lurrindu naute

katea lepoko erreboletari lotuta

Ô esklabo irendu

Izuen Jauretxerainoko bidaian

herbaldu dizkidate eskuak

hanketan girgiluak

ez dezadan ihes asmorik izan

estali didate ahoa

ez dakidan okaztagarririk atera

la Cité des Lumièreseko estolderiarako bidaldian

 

iraindu ditut

alferrik

irendu naute

 

mendeku bakardade

23 ordu 9 egun 10 hilabete 3 urte

maitasun ahantzarazia

asetasun galarazia

zigor-bideko gabezia

etengabeko absentzia

izotzezko ainube

mendeku bakardade

23 urte 9 hamarkada 10 mende 3 milurteko

azkenekoz gure gorputz biluziak elkartu zirenetik

gorde ote dute gure azalek bizi lurrina?

oroituko gure ezpainek maitasunaren zaporea?

sumendia urtzen sumendian

ezpainak sugar ezti

elur malutak begi

belarrietan gerezi

esku ahul ahurretan

su-malkoak euri

edan didan bat (zaindariaren joan-)

edan dinat beste bat (-etorrian)

ferekatu dinat bular bat (zaindariaren joan-)

ferekatu didan bestea (-etorrian)

lepoan haginkatu haut baldar atsegalez gosez

zaindariak ustekabeko etorrian

beiran giltzarekin joz: arrêtez!

légalité egalité fraternité

aske ginateke bagenu browning bana gerrian

aske gara ez izan arren browning bana gerrian

 

hitzez inguratuta bizirauten dugu

maitasuna gorrotoa hitz hutsak

asmatu dugu hots bat isiltasunarentzat ere

arnasarentzat ere musikarentzat ere

hurkoarekin harremanik ez izateko hitzak

ferekak musuak kolpeak behazuna begietan

ez al dira argiak hitzik gabe txoriak zuhaitzak zerua

ez al dira denak berdinak beti berdinak

hitzen kartzelaren erdian itxita

malkoak negarrak saminak

hitzen labirintoan galtzen dira denak

odolustuta bezala mamiz hustuta

mozkortuta ezdeus deslai alderrai

gu bezala hitzik gabe zurtz

ez baikara nehor ez izenik ez izanik

gorputz gorpu hurren

haragi zelula kirio errai ile azal hezur

desira isuri gose amets

izu-laborri beldur ikara dardara

ezpainak hozka begiak hets ahoa lehor gorrotoz

 

gure Amaiur honetako hondakinetan

laino artean

misil isilek goldatutako lur eremuan

sentimenduen aintzira ertzean

babes-sotorik gabeko etxola txikian

bizirauten dugu

aldiro barren-ustelek deseginarazten diguten

arnas taupada maitasun tristuren bizilekuan

aldiro labirintoko pasabideetan barrena

egokitu zaigun beste ziega

hotz huts hits arrotzetik arrotzera

iragarritako desegiteari jaramon egin gabe

jarduten dugu etxola sendotzen:

oroiminezko zorua paperezko hormak hitzezko teilak

noizbait begiradazko adreiluak zementuzko besarkadak

egunero zorua hormak eta teilak

egunero oroimina papera eta hitza

egunero semea

gure Amaiurko hondakinetan

ke artean

zauritu itsu eta maingu

misil isilek goldatutako lur eremuan

sentimenduen aintzira ertzean

negar malko (ikusezinen) ostean babestuta

itolarriaren mugetan

bizirauten dugu

 

ez dizuegu haboro hitz egiten

ez odoletan ari den zauriaz

ez esperantza agorrezinaz

ez dizuegu haboro hitz egiten

zigor egunerokoaz

min oihurik eginarazten ez digun

eta dagoeneko harritzen ez gaituen

baina ezari-ezarian ezerezean

murgiltzen gaituen honetaz

 

dena isil dago orain

gau beltz hondogabeko amildegi

honetatik harago

halabeharraren atzaparretan

ez intziri ez negar

burua odoletan

zut zorigaitzaren kolpeen pean

kolera eta lantuzko eremu

Izuen Gordeleku

zigor-urteen mehatxu

ez naiz beldurtuko ez naiz beldur

ez zait ardura ataka nola den estu

ez zenbat epaia astun

etorkizuna nire esku

nire arimaren lemazain neu

suntsitu dut denbora

ez minutu ez segundo ez ordu

ez egun ez aste ez urte ez milurteko

ez txarrantxa ez hesi ez beldur ez gezi

banoa Arbailara

Bereterretxeren oroitarriaren parean

lotura-burkidearekin dudan hitzordura

independentzia aldarria daraman

usb giltza kodetua ematera noa

Gamereko Lamien Putzuko uretan

zuekin negu hotzean

biluzik murgildu aurretik