Tractatus
Tractatus
2014, poesia
128 orrialde
978-84-92468-57-7
azala: Laura Esteve
Jule Goikoetxea
1981, Donostia
 
 

 

MUNDUARENAK
BAGINA BEZALA

 

ezbai eta ziurtasun naukazulako

maite zaitut egunero

 

paseatzera ateratzean

zure hatz artean

arrarotasunaren

desioaren eta

sistemaren pitzadurak

seinalatzean

 

zaintzen nauzulako

itxuraz behar baninduzu

harriduraren eta ezustearen

arteari atsegin sari

urte luzetan marratutako artea

gure harreman bizkor eta

pausagabean

zure ipuin genoziden eta

nire infrakzio poetikoen artean

sortu ditugun

umore moratuko

euri beltzeko eta

arrazoi etenkariko

mundu gertagaitzetan

 

zurtuta nahi zaitut

masailekoa joz

nire peskizen aureolan

negarrez barrez

nire abenturak kantatzean

eta negarrez lantuz

inpudikoki diotsudanean

osorik naukazula

zure hitz

egintza on

            eta maltzurrentzat

zurekin batera

bizitza erauzteko

gupidarik gabe eta beti

munduarenak bagina bezala

 

krimen eta esanahi zaitudalako

maite zaitut egunero