Tractatus
Tractatus
2014, poesia
128 orrialde
978-84-92468-57-7
azala: Laura Esteve
Jule Goikoetxea
1981, Donostia
 
 

 

HAIEK DIRA

 

haiek dira

beherantz bihurritzen

zango artean burua astintzen

haiek dira

kolokaturik

zorabiaturik

zerurantz tenkatzen

infernu urdinxka hori bortxatzen

haiek dira

bularrak estutzen

gudu tanta adeitsuetan

arrailak ireki eta

etena ezagutzen ez duen

plazer uluz unibertsoa biltzen

haiek dira

hutsegiterik gabe

lizunki dantzatzen

gerra bat hasi nahian bezala

berdintasun hutsagatik

haiek dira

grinaz armaturik

argi balak

barreiatzen gozamenaren

erribera guztietan

hezetasun eta luxuria zaporez

taktikaz gotorleku

izatez deskortxatu

haiek dira

zehatzak

beren ahuldade

eta sendotasunean

haiek dira

apartekoak beren miserian

haiek dira

trostan denon orainean