Tractatus
Tractatus
2014, poesia
128 orrialde
978-84-92468-57-7
azala: Laura Esteve
Jule Goikoetxea
1981, Donostia
 
 

 

TERAPIA

 

inork ez zuen esan

diskurtsoak

bizitza

leku atsegingarria

bilakatuko zuenik

 

baina ez naiz ni

prestigio eta botere esparruen

konfederazio ez deklaratu honetatik

deserriratu bakarra

 

ostutako mendekua besterik ez den

justizia honetan giltzapetua

errekontziliazio terapiaz babestua

kontziliatuak jaioko bagina bezala

 

ai biolentzia

zein ederra zaren

oinazerik gabe

 

zuzendua izan litekeen

disfuntzio bat behar dute

estatistikek niregandik

baina

bizitzak

konponbiderik ez

gizateriak

sendabiderik ez

zentzua

ezin da

ezerezaren erdian

eraiki

absurdoaren erdian

bakarrik

 

inork ez zuen esan

diskurtsoak

bizitza

leku atsegingarria

bilakatuko zuenik

 

terapian jakinarazi behar lukete

baina abestiak dioen moduan

horren gaizki amaitzekoa zen non

ezin izan bainuen sekula hasi