Tractatus
Tractatus
2014, poesia
128 orrialde
978-84-92468-57-7
azala: Laura Esteve
Jule Goikoetxea
1981, Donostia
 
 

 

GURE ARTEAN

 

                  1

 

Imajinatu dut

bahituran utzi zenidala arima

fidantzan

gorputza tarratatzen nizun bitartean

 

gau bakar bat

          bakarra

eta gorputz hori

aske litzateke

espazioaren laburtasun

despistatutik

          hustean dena

          inbaditzen duena

gau hau

ipuin hau

imajinatu dudan

          trasgresio

          planifikatuko

zer hau.

 

 

                  2

 

Literaturarik gabe bizitzen ez dakien

nire gorputzaren zati hori

zure sexu istorioekin

miatzen zenuela

imajinatu dut

 

satisfazio aurreikusiaz

asperturik

harriduraren iturburura

itzultzen zela

zure sena

 

isildutakoaren

          prekarietate

                  sentsualera.

 

Mutu

idatzi zaitut

denetarik egiten.

Nigan.

Pauso irmoz

nire begirada eranzten

      eta larregi hausnartzen duen

      nire instintu honetara hurbildurik

zure ahotsaren ukituarekin

osorik desarmatzen.

 

 

 

                  3

 

Oihartzun litzateke zure ahotsa

Spinario

drama aztoratu batean

ez duzu nahi Laokoonik

ez Troiako gudurik

 

ipuin apain honetan

betirako nahi duzu bizi

 

      nahigabe liriko hau

      zure epika simulatuen artean

      fosilizatu

 

      arriskurik gabe betirako

      nire begiratua

      nire diskurtsoa

      nire prakak

      botoigabetuko dituen

      esku errugabea

      ikusmiratu

 

plazerez hil nahi duzu

odolez zikindu gabe.

 

 

              4

 

Plazera gorputza da

gorputza odola

eta drama

 

beroaldia

jolas galdua da zuretzat

furfuria

ez dagokio zure bizitzari

horiek gabe bizitzak

ez du merezi

gorputz hau

ipuin hau

imajinatu dudan

          trasgresio

          planifikatuko

zer hau.