Sinplistak
Sinplistak
2012, poesia
120 orrialde
978-84-92468-42-3
azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2021, poesia
2008, poesia
 

 

EZTA HAZIA EREITEKO ERE

 

 

Bat egin. Bat argitaratu. Bat ordaindu.

AZ kazetariari piezaka ordaintzen dizkiote artikuluak.

Ez dago, noski, egunkariko langileen zerrendan.

«Orain aske zara, nahi bezala antolatu zure ekoizpena»

esan zion pertsonal-buruak erredakziotik botatzean.

 

Hilabete geroago AZ kazetariari iruditu zitzaion:

«Gaur egun aita bananduek ezin dituzte

seme-alaben opariak hartu,

jatetxe goxoetara eraman

eta mahai azpian ezkutatu;

ezin dute haien errua ordaindu

edo errebolta kulinariorik erakutsi

hanburgesategi eta pizzerietan».

 

AZ kazetariak telefono konpainia aldatu zuen.

Oso ona zen ordura arte eduki zuen eskaintza

baina tratua amaitutakoan garesti ordaindu behar zuen:

«Berdintasun teknikariek, epaile jaun-andereek,

gaizki txortatutako herritarren ordezkariek,

politikoki zuzenaren prokuradoreek,

erdi mailako koadro polimili ohiek

harresiaren bestaldera bidali dituzte aita bananduak.

Eta gainera, nonbait, telebistak dioenez,

gizonezkoak ez du hazia ereiteko ere balio».

 

Principal Antzokiaren sarrera gelan

LS jaunarekin topo egin zuen AZk.

Ilaran zain zeuden biak.

LS jauna AZ kazetariaren

emazte ohiaren senar ohia zen.

Txandak astiro egiten zuenez aurrera,

AZ kazetariak esan zion:

«Gizonezkoak bortxaz bakarrik omen daki

eta bera da gerra eta gaiztakeria

ororen erantzule behinena.

Ankerkeriak egiten dituen emakumezkoa,

aldiz, gizon-guran ari omen da».

AZ kazetaria ez zen arrats hartako

ikuskizunerako txartel bila joan:

«Orain seme-alabek ez dute aitarik nahi».

 

LS jaunak zaplatekoa jo zion bizkarrean,

koitoan zakila makaldutakoan jo ohi den gisan,

«ez da ezer gertatzen» esaldiak «ez dakigu zer

baina larria den zerbait gertatzen ari da»

adierazi nahi izaten duenean bezala.

 

LS jaunak banandu ostean

ez zuen bizitza berregin behar izan,

aurretiaz ez baitzitzaion apurtu.

Sasoi hartan LS jauna igandeetan

Armentiara joaten zen paseoan.

Hiru tradizio dira nagusi

Gasteizko oinezkoen artean:

Armentiara doazenak,

Olarizura doazenak,

Salburuara doazenak.