Alea
Alea
2009, poesia
120 orrialde
978-84-92468-08-9
azala: Lander Garro
Beņat Sarasola
1984, Donostia
 
2019, nobela
2007, poesia
 

 

ITSASOTIK GERTU

 

Berak egin dezake eta ez zaio gehiegi kostatuko (ez

Diruz, ez osasunez). Bero sapa honekin airea ere

Opaku bihurtu da eta oraindik geratzen diren landa

Etxeek borroka egiten dute hiriaren aurka. Lorategi

Txikiak, behiala ondo zainduak, burdin hesi

Barrokoak eta lur gorriaren lehorra; X belaunaldiari

Bizitoki bat bilatu behar izan zioten. Hor egiten dira,

Halaber, tertulia literario eta preliterarioak, testuak

Hobetu asmoz, dela narratzaile mota (orojakilea...

Fokalizazioak?), dela denboraren banaketa, espazioa,

Eguraldia, koloreak, estiloa (...). Plastikozko aulki

Honetan eseri ohi da, adibidez, Joan. «Emakumea

Ezkaratzean sartu eta barrurago egitea desegokia

Litzatekeela oharturik, bertan geratu zen. Armairu

Zahar baten gainean bi lorontzi ikusi eta eskuineko

Eskuarekin arrosa bat eta hiru lili laztandu zituen.

Bi akuarela zeuden, bestetik, ezkerraldeko paretan

Zintzilik. Harro zegoen bezperan idazle famatu

Horrekin larrua jo izanaz, ez zuen bere senar edo

Semearengatik kontzientzia txarrik sentitzen batere.

Gizon bizardun bat iritsi zen etxearen barnealdetik».

Metroa hartzera abiatu da ni aurrez agurtu gabe

Jertse mehe bat jantzita. Usoak dira teilatuetan, kale

Bazterrean, harea gainean, errepidean hegan ezin

Egin. Zeren hemen, gautzen duenean esaldiek ez dute

Zentzurik berreskuratzen, gauzen antzera, gehienez

Ere galderak egiten ahal dizkiete euren buruei.

Urruntzen ikusi dut, agian eskuinera jo eta bere izena

Ezagutzen ez dudan kalexka batean sartuko da.

Sukar gogor bat zabaldu da airean oharkabean; nola

Esan?, zein kantu arrotzen bidez erdituko da

Gaurkoan arratsa? Bistatik galdu dut baina haatik ez

Naiz atsekabe berezirik sentitzeko gai. «Nik hil nuen

Kurt Cobain» entzun da gero Paraleloko taberna

Batean. Ezkerrera jo dut.