Katamalo
Katamalo
2007, poesia
88 orrialde
978-84-86766-52-8
azala: Aritz Albaizar
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2023, antzerkia
2018, saiakera
2015, nobela
2010, nobela
2004, poesia
 

 

AZKEN HITZA

 

Duela hogeita bost urte ezagutzen dugu elkar

eta haserretu garen guztietan

erantzun bera aitzakiatu didazu:

«Horrelakoa naiz eta ez naiz aldatuko».

Gehienetan ezin izan diot

zure epitafio horri jarraipenik eman,

batzuetan arrazoia duzulakoan,

besteetan aspertu egiten nautelako

amaiera bako borrokek.

Haatik, bart izan dudan ametsokerrak

arnasa gehiegi estutu dit

eta aurrerantzean, haserretzen garenean,

erantzuten ez badizut ere,

ametsokerra izango dut gogoan,

nolakoa ez dudan izan nahi.

Neure burua ikusi dut ametsokerrean

belaunikatutako jende mulko bati berbetan,

urregorrizko kadira lainoz eta kristalez inguratuan

izarak bezain bizar ile zuriz jantzia:

«Hala da, ez nator bat, izan liteke.

Baina ni gizajo horien lurretan,

euren onerako geureganatu genituen horietan,

egona naiz egon ez naizen guztietan

eta badakit ez direna gu bezain zoriontsu bizi,

badakit ez dakidalako

gure demokrazia desiratzen dutela,

katea amesten dutela diruzorrotik zintzilik.

Esan ez didatelako dakit

emakumeek eta gizonek

ez dutela elkar maite

guk geure buruak beste,

dohatsuak direla brontzezko podiumean.

Zin dagizuet sinetsi ez arren,

neure esku balego,

oparituko niekeela

inorena ez den guztia.

Ezagutzen nauzue, badakizue nolakoa naizen,

nire eskuzabaltasuna

kanpo-zorrak baino errukigarriagoa da,

ia neroni harritzerainokoa.

Gosea, lehorteak, hiesa...

horiek fedetxarrekoen erraizunak dira,

bai, gabeziaren bat edo beste dute,

baina ez da hain larria izango.

Akatsik ez dugunok, jakin dakigu,

bekaitza dela askoren benetako gaitzik larriena.

Hori da egia eta hauxe azken hitza.»