Kaxa huts bat
Kaxa huts bat
2007, poesia
96 orrialde
978-84-95511-94-2
azala: Xabier Gantzarain
Beņat Sarasola
1984, Donostia
 
2019, nobela
2009, poesia
 

 

EGUN BATEK PRESA DUENEAN

 

Lagunak aulkietan bermatu dira isilik,

aitak esan dit: eta orain zer?

Ez naiz ausartu ortzemuga begiratzera,

ordu berean Washintongen emakume batek

«I love you» esan dio bere mutilari eta

Osakan Toyotako langileak bere buruaz beste egin du

eta notatxoan jarri du ez zela gai

bere neskari «anata wo aisiteimasu» esateko.

Apaiza elizako ateak ixtean jabetu da

ez dituela atzera irekiko,

eta errezatzen hasi da, badaezpada.

Ruper kontzertua ematen ari den bitartean

Kirmenek kukuaren nota hori aurkitu du azkenean,

eta alkateak kondena solemne bat irakurri du,

atxikimendua izan da erabatekoa, ñabardura gabekoa.

«Zeinen onak atera diren aurten laranjak!»

bota du etxekoandreak, senarra

telebista ikusten ari zen bitartean,

telebistari begira, telebista itzalita,

eta jabetu da ez diola entzun,

jabetu da ez diola zinez bere senarrari esan,

esan duela horrela, orokorrean,

senarrarena aitzakia bat dela,

aitzakia bat inork eromena leporatzen badio.

Errealak gol olinpiko horietako bat sartu du

eta ikusleek galdetu dute: eta orain zer?

Ameriketako presidenteak prentsaurrekoa eman du

baina ez da inor agertu, ez kamerarik, ez kazetaririk,

inork ez daki zer arraio esan duen.

«Hitz polit bi zure aberriari»

eskatu diote aireportuan iheslariari,

«esaiezu herrimina, nostalgia»,

«esaiezu, azken batean, melankolia direla».

Mariak antzeko zerbait esan dio epaileari,

akituta zegoela, akituta bere ikasle horiekin,

gurasoekin, haien problema hutsalekin.

Bien bitartean, jende aldra abenidetan

semaforoak, trafiko seinaleak, errotik ateraz.

Festa giroa parlamentuan, «Aldapeko»

kantatzen diputatuak, kanona eginez,

lehenengo ezkerrekoak, gero eskuinekoak,

azkenik zentrokoak eta zentro-zentrokoak.

Zirkuko pailazoak poz dei geniezaiokeen

aldarte kurios horretan, eta domadoreak

galtzaile sentitu dira, zeharo galtzaile.

Tabernako eztabaidan, aldiz, buila gutxi,

baso hautsi gutxi, boutaderik apenas.

Patronalak lanuztera deitu du

ez dutela gehiago aginduko,

eta langileek galdetu dute: eta orain zer?

Harategian beti zenbaki bera ateratzen da

ticket-makina horretan, baina harakinak aitortu du

behi guztiak ero daudela, eta ondoren

Eusko Labelaz ez dagoela fidatzerik jadanik,

eta erosleek pentsatu dute: eta orain zer?

Eslovakiako txirrindulari bikainenak ere

onartu du EPOa hartu izana,

horrelaxe sentitzen zela libre,

aldapa luzeenak ere igotzeko kapaz.

Eta hau guztia

lurra izeneko planeta horrek

bira oso bat betetzen zuen bitartean,

inoizko lastertasun handienean,

bi minutu eta hamar segundo betean.