Mugaldekoak
Mugaldekoak
2004, poesia
80 orrialde
84-95511-64-9
azala: Xabier Gantzarain
Edu Zelaieta
1973, Gasteiz
 
 

 

MUGALDEKOA

 

Lehengo mugaren marra gaindiezina zen tokian, orain aduana zaharra bakarrik gelditu da: hutsik barrenetik, pintadaz beteta kanpotik. Zenbat lagunek ez ote zuten hil aitzineko paradisua ikusi izanen ehun metro eskasetara? Zenbat istorio xelebre sorrarazi ote du kartografoen mapetan ere ageri ez den idurizko marrak? Istorio harrigarriak, latzak. Egiazkoak eta gezurrezkoak. Denak, kontatzeko eta entzuteko, balekoak baitira.

        Nik aditua dut Pirinioetako mutur kantauriarraren inguruan badela adineko artzain bat Espainiako Gerra Zibilaren eta Bigarren Mundu Gerraren ondoko denboretan harrapatuta gelditu dena. Bai, harrapatuta. Bertzenaz, nola ulertzen ahal da ardiak eta bildotsak arratseko ordurik ilunenetan bakarrik mugaz bertze aldera pasatzea. Are gehiago, mendi mazeletan goiti ibilki delarik, bere adinerako sasoi betean baitago, itzaletik itzalera mugitzen da. Itzaletik itzalera gauaz, inork ere ikus ez dezan.

        Aitona zahar honek Braulio du izena. Arrunt buruargia da. Halaxe dut aditua, bederen. Kontua da Brauliok karabineroak ikusten dituela, Bidasoaren bi alderdien ertzean guardia egiten. Karabineroek edo eltzetzuek (mendian lanean ari diren bitartean, orduak eta egunak ere pasatu behar dituztenez, jana eltzetan eramaten baitute), lehengo denbora haietan bezala soborno ttikiak onartzen dituzte. Egia erran, ttikiak eta handiak, egin nahi den lege-haustearen arabera. Eta Braulio artzainaren delitua ez da makala: mugaren inguruan harat-honatean ibiltzea oztopo eta azalpenik eman beharrik gabe.

        Dena behar du zoritxarreko artzain honek aitzinera egiteko, aspalditik bakarrik bizi baita bere sortetxean, Borda Berri baserrian. Oraindik ere istorio lazgarriak kontatzen ditu herrira jausten delarik, batez ere muturra ardotan berotzen ibili baldin bada. Barrena hustu beharra du. Gaurkoan bere emaztearena kontatzen ari da herriko ostatuan. Denek ezagun dute pasadizoa, baina Braulio kontalari trebea da. Eta bere herrikideek ilunabar honetan bertze deus hoberik egiteko ez dutenez...

        Ongi gogoan dut egun hura. Bertze aldera joana nintzen pakete baten bila aitzineko arratsean. Horrela ordurik ilunenetan —kasik goizaldera arte— alderdi honetan egonen nintzen berriz. Nire kontaktua Biriatuko Etxeberri izeneko bat zen. Geroztik ez dut sekula ikusi. Hura ere garbituko zuten noski, bertze anitzekin egin zuten bezalaxe. Gaueko lanean aritzen zirenak Bidasoan barrena nahiz arroken arteko ataketatik pasatzen ziren. Ni arrats hartan, ordea, muga gurutzatzeko ia aduana zaharreraino joan nintzen. Etxe ofizial baten ondotik eginez gero, zuk haiek kontrolatzen baitituzu, eta ez alderantziz. Arriskutsuago iduri luke, baina finean, aiseago egiten da. Bereziki, pakete baliotsuagoak eta handiagoak garraiatu behar zirenean.

        Goizaldean Bera eta Lesaka artean nintzen. Hantxe banuen lagun bat fabore ttikiak egiten zizkidana. Bera maiz joaten zen Goizuetara, eta lanerako tresnak eta belarra eramaten zituenez, gurdia erabiltzen zuen. Nik paketea belarrarekin ongi estaltzen nuen, eta listo. Gero komisio ttiki bat harentzat, eta arrisku handirik gabe paketea Goizuetan. Ondotik, handik Tolosara eramatea erraza izaten zen, hagitzez kontrol gutiago zegoelako.

        Pakete hura kobrea zen, bertze hainbatetan bezala. Niri ez zidaten inoiz erraten zertarako edo norentzat zen, baina beti susmatu izan dut Gobernuarentzat zela. Gobernuak horrelako gaiak behar zituela-eta, gauza batzuk errazkiago pasatzen uzten zirela. Nabari zen, bai. Bertzela, nondik ailegatzen zen Iberduerok behar izaten zuen kobrea, denbora haietan ez baitzen deus ere hemen. Eta jakiekin antzeko parezido. Nondik nora moztuko zuen hori Gobernuak, herriak ahora eramateko jaki izpirik ez bazuen. Gobernuko jendeak beti jakin izan du kontrabandoa egiten zela, baina anitzetan bertze alde batera begiratzen zuen, hala jokatzea komeni zitzaiolako.

        Egia latza erraten duenaren antzera, zintzurra busti du trago luze batez ostatuko isiltasun gordinean. Horra, mugako jendakien izaera berezia, behin gaueko lanean aritu denak horretan segitu nahi baitu. Horretan sosak ez ezik, prestigioa ere irabazten baita herrikideen aitzinean. Batetik, adrenalinaren gurpila dago, arrisku bizian egoteak ematen duen bertigoaren sentsazio gustagarri hori; bertzetik, egin diren eta batez ere ez diren balentriak bizilagunei kontatzeko bide ezin hobea da.

        Brauliok badaki denen arretaz jabetu dela. Eta aitonak ez die iruzurrik eginen. Kontrabandoa gauza bat da, eta iruzurra bertze bat. Mugalariak edo kontrabandistak ez dira inoiz ere mafiosoak izan. Kontrabandoa lanbidea zen, da eta izanen da luzaz ere. Hemen eta bazter guzietan. Nahiz eta portugesen afera...

        Mundu honetan bi pertsona klase deitoratzen ditut: bere jatorriari, bere izateari uko egiten diona, eta bere burua handietsi egiten duena. Eta Tolosan garai hartan bietatik zegoen. Alde batetik, erdara traketsean ezin moldatuz ibiltzen ziren baserritar peto-petoak beren alabaren bat funtzionario batekin ezkontzeko esperantzan-edo; eta bertze aldetik, kanpotik etorritako funtzionario harroxkoak kapital handi batera destinatuak izateko merituak metatu nahi zituztenak. Gero, Tolosa zegoen, eta tolosar jatorrak. Hauetako bat lagun zintzoa nuen, eta egoerak hala eskatzen bazuen, bere etxean ostatu hartzen uzten zidan. Orduan ere horrelaxe suertatu zitzaidan, eta Pellori —hala baitzuen izena— faborez eskatu nion gaua igarotzeko txoko bat. Biharamunean, goizean goiz jarri nintzen etxerako bidean. Bueltako bidea, zamarik gabe, beti lasterrago egiten zen. Aitzitik, hortik aitzinera hasi zen nire egiazko zama, oraindik gainean eramaki dudana. Ez naiz bizkar-lanaz ari, ez. Zeren eta Borda Berrira iritsi nintzelarik, Magdalena ez zegoen. Eta gaur den egunean ere ez dago. Hasieran ez nion inportantziarik eman, nahiz eta Magdalenak ordu gehientsuenak etxean ematen zituen. Denbora zailak ziren, gu arrunt gazteak artean eta... Seme-alabarik ere ez genuen! Nik anitzetan gauak eta egunak egiten nituen etxetik kanpora, kontrabandoagatik. Neronen lanbidea zen, sos pollitak ematen zizkidana. Horiekin Borda Berri moldatu eta txukunduko genuen. Sos horiekin familia bat izanen genuen. Edo hori uste nuen nik. Inuxente halakoa!

        Bertze tragoxka bat hartu du, erran beharrekoa hobeki antolatu nahiko balu bezala. Braulio kontalari trebea bada, hain zuzen ere, kontatzen duena bizi eta biziarazten duelako da. Eta momentu horretan bere senetik ateratzen hasia da. Edalontzia berriz bete diote, pixka bat edaten duen bitartean, zertxobait baretzeko asmoz. Mahaien inguruan bildu diren lagunen aurpegietan tentsioa islatzen da, bertzelako itxura egiten saiatzen badira ere. Artzain zaharrak lehentxeago utzitako tonu ozen berari eutsi dio segituan.

        Egunak joan egunak etorri, eta Magdalenaren arrastorik ere ez. Herriko inork ere ez zekien deus. Nik ez nuen piperrik ere konprenitzen. Gogoa hartan paratuta egon nintzen luzaroan, pentsatzen zer gertatu ote zitzaion. Kontrabandoa ere utzi behar izan nuen, eta etxean sartuta eman nuen gau eta egun. Arratsetan amesgaizto ikaragarriak izaten nituen. Behin eta berriz irudikatzen nuen arrotz batek gurera etorrita ene lorea bahitzen zuela, ni etxean ez nengoela baliatuz. Errudun sentitzen nintzen arruntean, egon beharreko tokian egon ez nintzelako. Egon beharreko momentuan egon ez nintzelako. Ez dakit hori inoiz ere barkatuko diodan nire buruari. Eta makurragoa dena, ez dakit Magdalenak inoiz ere barkatuko didan.

        Bekoskoa ilundu zaio deblauki. Denen agerian gelditu da aitonaren begirada tristea. Hasitako istorioa akitzeko indarrik izanen ote duen ari da bat baino gehiago bere baitan pentsatzen. Halarik ere, kontaketari ekin dio, lehen bezain irmoki ez izan arren.

        Denbora hartan zurrumurru bat hedatu zen inguruotako herrietan barrena. Egundaino gertatu gabeko gertaera: eltzetzu batek, eltzetzu madarikatu eta alu batek ihesari emana omen zion. Eta honetaz ere inork ez zekien deus. Harrigarria. Mugalariak. Handik honat, edo hemendik harat ihes egindako pertsonak, bai. Baina karabinero batek... Karabineroek ez dute ihes egiten. Karabineroak mugaren alderdi jakin batean daude eta hori zaindu behar dute nahitaez. Haiek dira mugazainak, haiek dira hau guzia kontrolatzen dutenak. Baina, nork kontrolatzen ditu karabineroak? Bada, ordura arte behinik behin, inork ere ez. Nork pentsatuko zuen eltzetzu zikin batek hanka eginen zuela?

        Zurrumurru haren arabera, eltzetzuak Frantziatik eskutitz bat jasoa zuen, eta berak ezagutzen ez zuen senitarte aberats bat hil berria omen zen han; eta iduriz, eltzetzu alua zen herentzia kobratzeko zegoen bakarra. Inork ere ez zuen pentsatzen eltzetzu gizajo bati halako dirutza suertatuko zitzaionik bat-batean. Inork ere ez zuen pentsatzen eltzetzu zikin bat eta herriko bat ba...

        Handik gutira, guardia egin behar zuen gau batean ihes egin zuen Frantziara. Ordutik ez da bere berririk izan. Ordutik Magdalenaren arrastorik ere ez.

        Berandu da. Tragoak akitzeko tenorea. Bakoitza bere etxera itzultzeko tenorea, Braulio izan ezik. Badut lana erranez alde egin du ostatutik. Ideiek eta burutazioek gogoa kolpatzen diote: kontrabandoa bai, baina iruzurrik ez; bi pertsona mota deitoratzen ditut nik: bere jatorriari, bere izateari uko egiten diona, eta bere burua handietsi egiten duena.

        Begirada galdua du, bere buruak eskaintzen dizkion idurien infinituan Nork pentsatuko zuen eltzetzu zikin batek hanka eginen zuela? Inork ere ez zuen pentsatzen eltzetzu gizajo bati halako dirutza suertatuko zitzaionik bat-batean. Inork ere ez zuen pentsatzen eltzetzu zikin bat eta herriko bat ba... Berriz esaldia ezin bukatuz gelditu da. Pentsatu hutsak ere mina ematen baitio, buruan mila jostorratz batean sartuko balizkiote bezala.

        Noraeza begitartean, baina pauso sendoa ibilian. Jakin baitaki, hagitz ongi gainera, zer egin behar duen. Izan ere, artzain zaharrak gaueroko errituala errepikatuko du: Endarlatsa ingurura hurbildu, han bilduak dituen ardiak eta bildotsak goiti eraman eta, inork ikus ez dezan, gauaz itzaletik itzalera mugitu. Brauliorentzat idurizko kontrabandoan aritzea da bere mendekua, barrenak eskatzen dion mendekua, barkamenik ezean. Hil arteko zigor horrekin bizi beharko du. Bere erranetan bizi honetan egindako akatsen eta hanka-sartzeen zama larria izaten baita bizkarreratzen zailena. Eta kontu horretan mugalaria izateak ez du sobera laguntzen, nonbait.

        Lehengo mugaren marra gaindiezina zen tokian, orain aduana zaharra bakarrik gelditu da: hutsik barrenetik, pintadaz beteta kanpotik. Egia erran behar baldin badizuet, lehengo mugaren marra gaindiezina zen tokian, orain ez dago deus ere. Oroimen kolektiboa, akaso. Eta ziurrenik, ezta hori ere. Hain dago hurbil, hain da exotikoa kartografoen mapetan ere ageri ez den idurizko marra, ezen istorio xelebre mordoxka bat sorrarazi baitu. Hemengo bazterrak behin baino gehiagotan nahasi dituzten istorio harrigarriak. Istorio lazgarriak. Egiazkoak eta gezurrezkoak. Denak, kontatzeko eta entzuteko, balekoak baitira.