Norbait dabil sute-eskaileran
Norbait dabil sute-eskaileran
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-42-8
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

PRESA ORDUA L LINEAN

 

Brown Baby

xuxurlatzen ari zait Nina Simone walkmanean.

Atzo gustura egon nintzen emakume batekin ohean

eta bera ere bai nirekin, hala uste dut behintzat.

Hori da onena. Onena da gustura egotea

eta bestea ere hala egon zela uste izatea

gezurra izan arren.

Pozik noa metroan, igarriko ote zaidan beldurrez.

Baina nora doa jende hau guztia?

Nora doa eskaileretan batera eta bestera presaka

lurpeko pasabideetatik, nora

zein otordu bero dute zain eta noren sukaldean

itxaron ezin dezakeen zein eginkizun garrantzitsu,

zein zeregin atzeraezin

zein da luzaro pentsatu ondoren

dadoak jaurtikitzen diren moduan

listukatuko duten hitz-gakoa

bizitzari buruzko zein lekzio zoragarri espero lezake

sexu-gose konfesaezina pizten digun

eskolume presatiak

zein film ezinbesteko ikustera doa bikote hura

norentzat dira hormak urratuz eta

petalo urratuen arrasto bat utziz

korrika doazen lore haiek

zein lehergailu atomiko erori da hor kanpoan

zein gas-hilgarriren giltza ireki dute

jendeak hainbeste presa izan dezan

zergatik dauzkate denek erlojuak

begi ninietako makillaje pendularrean

zein ahaide gaixo ari zaie hiltzen ospitalean

zein amorante dute zain

zein zakil zutun

zein alutxo ireki

zer saldu nahi dute

nor erosi berri dute,

jada ihes egiteko gogoa izateraino damutu ote dira?

 

Nora doaz, zergatik?

 

Hain gozoa al da benetan saria?

Erran iezadazue, hain gozoa da?

Nina Simone ari al da

Brown Baby belarrira xuxurlatzen

egunaren bukaeran zain duten zerraldoan?

 

Agian presa ordua da L metroan.

Eta hori da dena, eta ez da besterik.