Norbait dabil sute-eskaileran
Norbait dabil sute-eskaileran
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-42-8
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

VAN GOGH

 

Badoa ekia palmondoen artetik Zeruan zaude

men egiten duten publizitate

hormirudien atzetik.

Gaur ere, atzo bezala, ospatuko zen

ezkontzarik eta dantzarik

portuan,

arrain kutxaz osaturiko oholtzen gainean.

 

Baina gero maitasuna geratzen da

janari poltsen hondoan

hatzetan itsatsitako arrainaren gantz-olioa bailitzan

baldosa errepikatuetan sukaldean, kalenda orri,

endibia hosto

hormen arteko keinu disgustagarrietan.

Dena ez da tostadora baten gari zaporeko

lurrin atsegina

dena ez da ohe gainean zutitu eta barrez

bonbilla funditu bat aldatzea bezain atsegina

janari poltsen hondoan geratzen doan

arrainaren gantz-olioa hatzetan itsatsia ere badago

gu eta gainerako alferrik galduen bizitzaren parte da

moilako elizan ezkontzean

edo hozkailuko atea irekitzean

kirofano klandestino bateko argia

dirudien argitzal dardartia

plater batean afari ospela, eta aise uler dezakezu

Van Goghek bere belarria

sukaldeko ganibetaz ebaki izanaren arrazoia.

Sukaldea, ring bat eta hamabi soka

bederatzi mila birus

hiruzpalau apustu bata bestearen segidan galtzean

edo gauzak ilun ikusten direnean

aholkatzen dute belarri bat moztea, edo hatz bat

gutxienez ttikiena, hankako bat besterik ez bada

eta koldarrenen kasuan.

Frakaso kopuru jakin bat irents dezakegu denbora

jakin batean

frakasoen artean kontatzen ditugula

saiatu ez izanak ere, sentsazioa berdintsua da:

arrainaren gantz-olioa hatzetan itsatsia

horman begirada iltzatu eta

lepoa okertzearekin arnasa bilatzea.

 

Van Goghek

inoiz baino argiago ikusi omen zuen dena

eta inoiz baino kementsuagoak izan ziren

bere gogoetak

belarria moztu ondoren hiru egunetan

guztia ulertu zuen argi eta garbi.

 

Hiru egunez baino ez, hori bai.

 

Gero itzuli zen deabruaren kapelaren

kiribildurak zituzten garisailak pintatzera

ezkutatuz horrela lientzo azpiko arrain itsuak,

ezkutatuz

janari poltsen hondoko

arrainen gantz-olioa hatzetan itsatsia

amuari duela mila urte ausiki egin zionarena.

 

Telefono zutabeek gaur Zeruan zaude

ohartarazten dute

argiaren zauriak orraztuz

zerbait itsaskorra eta gazia eroaten dute

eta ama haurdunak, goragaleak jota,

komunera doaz telefonoak

jotzen duen bakoitzean.

 

Badoa ekia palmondoen artetik Zeruan zaude

baina jada

ez da aingerurik geratzen men egiten duten

publizitate hormirudien atzetik.

Gezurra dirudi baina

gaur ere, atzo bezala, ospatuko zen

ezkontzarik eta dantzarik

moilan

 

arrain kutxaz osaturiko oholtzen gainean.