Norbait dabil sute-eskaileran
Norbait dabil sute-eskaileran
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-42-8
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

IJITOAK

 

Ijito haiek beti zebiltzan

teilatu zapalean dantzan,

ulertezina zena

etxe hark ez baitzuen inongo eskailerarik

ez eta teilaturik ere.

 

Ijitoak Urbarten bizi ziren

bizikleten hilerriaren bestaldean

etxeen eskeletoen artean kizkurturik.

Urteak zeramatzaten etxe haiek erdi-eraikian

geldirik,

errail alderantzizkatuz osaturiko eskeleto

birikarik gabeko korazak,

alkandora laranjak zintzilik

zituzten hormigoizko aldamioak.

Gauez sua egiten zuten, herriraino heltzen zen

izerdi eta neumatiko erreen usaina.

Lagun batek zera esan zigun behin

ijitoen izerdia beltza zela

kanibalen oinordeko zirelako.

 

Mihi zintzoek kontatzen zutenez, ehunka ziren eta

alkateak berekin ekarri zituen

aterpe truk boto eskubidea eman

eta hauteskundeak berriro irabazteko asmoz.

Bizikleten hilerriaren bestaldean erditzen ziren

bertan lurperatzen zituzten

errautsezko ring-etan

gaueko ganibet borroketan hildakoak

munduaren ezkutuan, zakurren amets eta

zaunken artean.

Guk beldur genien:

hiriko bizikletak lapurtu eta beltzez

margotzen zituzten, guk sekula gehiago

ez ezagutzeko moduan.

Bazen bat Agoacao izenekoa

klake dantzaria izan nahi zuena.

Bazen musugorri bat, Tonetti lez ezaguna

eta baita betizu bat ere, Malasnoticias deitzen zutena

beti esaten baitzuen edozeren aurretik

«berri txarrak dakartzat aixkideak»

berdin esateko gero erdi negarrez

«hiltzera zoak hermano Pepe» edo eransteko

«ezkontzera zoak hermana Carmencita».

Harentzat ez zen berri onik.

 

Haiek maitatzen hasi nintzen

—beranduegi, aitortzen dut—

Malasnoticias melatu hura niganaino etorri

eta galdegin zidanean

errutinazko «berri txarrak dakartzat» haren ondotik

ea ni nintzen zapata-dendako payitoa.

Hala entzun zuen, hala esan zioten.

Egun euritsua zen eta zapata pare bat nahi zuen

Agoacao lurperatzeko.

 

— Zakurrek ez diezazkioten ametsak hozkatu, payito.