Norbait dabil sute-eskaileran
Norbait dabil sute-eskaileran
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-42-8
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

ASTRONAUTAREN EMAZTEA

 

Trenean noala ikusten ditut

kiola errektangular legez

porlanari erantsitako balkoiak

damura heltzeko falta zaizkigun

axedrez lauki apurrak

eta langile-auzoetan bizi diren

astronauten eskafandrak

leiho arasetan lehortzen jarrita dauden eskafandrak

hotza galanta bai han goian entzun behar izaten dute

astronauten emazteek

astronautok ez gaitun espazioko azken meatzariak

besterik

gaur berriro zopa atzo zopa bihar zopa

ez al da besterik?

aienatzen zaizkie astronautak beren emazteei

astronautek zopa irensteko duten

era zaratatsu horretan ahoratuz.

Eta astronauten emazteek dena jasaten dute,

egonarri handiz

Zer moduz lanean laztana? galdetzen dietenero legez

keinu proletario batez

beren bularrak jertsepean doituz.

Trenbidearen bazterrean trabiesa hautsiak eta

abandonaturiko maletak erretzen dituzte

langile buzodunek

erabat beharrezko ez den guztia erretzeko agindua

jaso balute bezala.

Orduan astronautaren emazteak alaba gazteena

orraztu eta eskolara bidaliko du,

trenean noala ikus ditzaket

astronauta, bere emaztea,

inguruko etxeetan zintzilik jarritako arropak

mezu zifratu baten eroale bailiran.

Zintzilik jarritako arropak

bidaiari hotzituei eskainiak

bagoiko leihotik har daitezkeela dirudi besoa

amiñi bat luzatuz gero.

Eta prenda intimoetan pausatuz beharbada

zenbait orban indar handiagoz igurtzi dituztela

otutzen zait.

 

Auzo hauetan elurra egiten duenean

astronauten emazteak matxinatu eta

balkoietan behera

burko eta lastairetako luma zuriak

astintzen dituztela ematen du.

Hotza galanta bai han goian

astronautok ez gaitun espazioko azken meatzariak

besterik

gaur berriro zopa atzo zopa bihar zopa

ez al da besterik?

errepikatzen du astronautak,

eta bere emazteak isilik dirau

egonarri handiz.

 

Astronauta insomnea goiz doa gaur ohera

emazteak tapakia sorbaldaraino altxatzerako

hartu du loak.

Esaerak dioen eran:

edozein astronauta handiren atzean

emakume handi bat

ezkutatzen da.

Astronautaren emazteak hasperen egiten du egundo

haur zela zuhaitzen hostoak koloretako arkatzez

margotzeko aukera izan balu

Marc Chagall izan zitekeela pentsatuz.

 

Zaila ordea.

Horretarako Chagall nor zen jakin beharko zukeen.

 

Eta gero pentsatzen du agian, ziurrago:

gasaren sugarra lezkoa dela pertsianen artetik

sartzen den goizeko argia

geltoki batean emandako azken musua

bezain urdina.

 

Kromatismoak menperatzen ditu

Chagallen alaba ezezagunak.

 

Astronautaren emazteak ez daki baina

idazlea da bera.

Egunen batean azaldu beharko digu zergatik ez duen

bere liburuetarik

bat bakarra ere idatzi.