Lur bat zure minari
Lur bat zure minari
1995, poesia
68 orrialde
84-86766-58-3
azala: Nicolas de StaŽl
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1990, poesia
1987, poesia
 

 

Urria

 

Hemen maite banauzu hemen behar dugu

Abiapuntua aldatuko dut bertora heltzeko

        — besarkada batean batu litekeen lurra

        gizon-emakume bi adore berritu ezinari lotuak

        arbolak jitoa jagoten gorputz bat abantean —

Akorazatuz erein bihotzeko urondoa

Eta bizi, atzean itsasoa baino ez dagoala jakinda bizi

Kargutik kentze bat baino inportanteago

Albiste txar bat baino mingarriago, eta bizi

Askatasun dekretu anitz madarikatuz

Minbizi baten hegoalde beroan bizi

Zauriok irabaziko ditugu nahas-mahas honetan

        — gorputz baten lorra akorduaren urlotuan

        nortasun agiri bustiak norbait urpean maite izan

        telefonoz dei egin eta bozatu norbere boza

        hain urrin heltzerik ez dutelako hitzek inor atoitzera —

Bizi, gurtuko ez dugun aldare batean

Gorazarre aitorbako batean

Ez naiz joango hemen maite bainauzu

Kale bustiotan

Ibaiaren emana leiho diren honetan

        — zergura gorde lezake begira dagoanak

        minaren kurtinen ostean,

        laino-tutua beti norberari ari zaio baina —

Sufritzen dugunak ez digu edertzen elkarri diogun herra

Hiriei idatzi beharrekoa ez da agortzen zure begiradan

Ez nire adorearen luze-zabalean

Hemen maite nauzulako bizi gara

Joango ez garelako maite iruzurtu ezinezko orainean