Atzerri
Atzerri
2012, nobela
344 orrialde
978-84-92468-41-6
azala: Gorka Lasa
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2010, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1984, ipuinak
 

 

Istripu

 

 

1

 

Beti bezala, zaindarien aldartearen arabera berreskuratu ditugu gauza batzuk; idaztekoak, gutun-azalak, zigiluak eta egunkari eta aldizkari batzuk ekarri dizkigute gaur. Hemen ez digute moduluan bezala hiriko egunkaria banatzen. Ez dugu irratirik; ezta telebistarik ere, noski. Euskal Herriko egunkariak ia astebeteko atzerapenez jasotzen ditugu moduluan; hemen?

        Hemen, ezlekuan eta denboratik at gaude, kartzela handiaren barruko kartzela txikian.

        Sei urrats eta leihoa, sei urrats eta karrajuko hesia. Atzoko egunean pentsatzen hasi eta biharkoaren antza hartzen diot. Biharkoaz pentsatzen hasi eta atzo egindakoaz gogoratzen naiz.

        Denbora presenteko nire unibertso murritzaren azken muturrerainoko esplorazio txangoek azkar egiten dute tupust ezin atzemanezko botereek inguruan ezarri dizkidaten muga fisiko eta metafisikoekin.

        Denbora futuroak ez du hona sartzeko beharrezkoa den igaro-baimenik.

        Etorkizuna zulo honetatik irtetean hasiko da berriro ere bere utopiazko izara dantzarazten nire begi ameslarien aurrean.

        Denbora pasatua baino ez zait geratzen berunezko aledun ordulariaren emari geldoari aurre egiteko, konpainia egiteko, iraganean nire buruaz atzentzeko.

        Hemen gauzkate. Egonean.

        Jasotzen ditugun agerkari eta liburuak gure artean elkar-trukatzea onartu digute bederen.

        Bazkalorduan ekarri didate Berria zahar bat. Zaharrak beti berri kartzelan. Kartzelan egunkariek ez dute iraungitze-datarik. Upelan luzaroan ondutako ardoari bezala, denborak ematen duen perspektibarekin, erditu berritan ez duten zukua ateratzen zaie berripaper zaharrei. Maiz, politikari batek ezarian bezala aipatutakoaren esanahi sakona ulertzeko, haren adierazpenak aste eta are hilabete batzuk geroago irakurtzea bezalakorik ez dago. Denborak, jakina da, basamortuko haizeak hondar metak mugitzen dituen bezala, hitz ederrez mozorrotutako zabor-metak agerian uzten baititu.

        Jaso dudan argaldu honek ordea, orrialde ia denak, iritzia, politika, nazioartea, ekonomia eta baita kirolekoak ere faltan ditu. Berez, egunkariaren azalak kulturako orrialdeak, eta ez denak, besterik ez ditu biltzen. Ustezko egunkari bat, egunkari ohi bat ez bada. Edonola ere, deus baino hobe. Egonarria bezala, dagoenarekin konformatzen ere azkar ikasten dugu mundutik aparteko esfera isolatuotan bizirauten dihardugunok.

        Plastikozko erretilutik jaten hasi naiz, jateko-tresnak ere plastikozkoak dira mundu honetan, zer gerta ere, azkar, bazka epela gehiago hoztu aitzin. Anoa eskasa benetan. Goseak egongo gara, urdaila dieta berrira etsi bitartean. Gauerako azken ogi muturra utziko dut, gurin amiñi bat eta azukrearekin ogitartekoa egiteko.

        Sardexka erretilutik ahorako bidean gelditu zait. Erori da ore identifika ezina platerera. Irakurtzen ari naizen artikuluan, boligrafo gorriz inguratuta esaldi bat:

        Zenbateraino izango litzateke ezberdina gaur egungo euskal letren mundua Joseba Sarrionandiak Martutenetik ihes egin izan ez balu eta Mikel Antzak klandestinitatera pasatzeko beharrik izan ez balu?

        Artikulugileak beste zutabekide batzuekin murgilduta dagoen eztabaida pipertzeko osatu du hipotesia. Aurreko artikulurik gabe ezin dut jakin eztabaidaren abiapuntua zein izan zen, ezta ere galdera horri segidarik eman ote zion hurrengo artikulugileak.

        Dudarik gabe, egunkaria nire aurretik lumatu duenak niretzat propio nabarmendu du esaldia.

        Ez dakit ordea zein asmorekin idatzi duen hori artikulugileak; zein asmorekin nabarmendu aipua egunkaria nire aurretik bere atzamarretan erabili duen kideak.

        Begi-kliska egiten ari ote zait bata? Edo nire heriotza literario goiztiarrari hil-ohar sotila jarri nahi izan dio? Bizkarreko lagunkoi bat ematen ari bestea? Edo besterik gabe oharkabean irakurri gabe utz ez nezan nabarmendu du esaldia, atze-asmorik gabe?

        Egunkari hondakina aztertu dut beste idazkunik ba ote dagoen, alferrik, ez baitago inolako mezurik.

        Ni bezala, bazkaldu bitartean egunkaria irakurtzen irudikatu dut egunkaria igorri didan kidea.

        Ezkerreko horman jo dut eta leihotik galdetu diot Beñati berak igorri ote didan egunkaria. Ez da bera izan. Hormaz horma joan da deia eta leihoz leiho egin dute galdera-erantzunek joan-etorria. Ez du inork gogoan halako artikulurik irakurri izana. Gutxiago ezer azpimarratu izana. Ez du inork boligrafo gorririk, gainera.

        Egunkari soildua hobeto arakatuz olio orban batzuk besterik ez ditut nabarmendu. Orbanen hedaduragatik zorua sukalkintzako zipriztinez babesteko erabilitako egunkaria dela dirudi. Halabeharrean nire izena ikusi, egunkaria berreskuratu eta niri helaraztea erabakiko zuen norbaitek.

        Nork eta noiz ordea?

        Eta nolatan iritsi da egunkari hau nire eskuetara?

        Zaila egiten zait Berria irakurtzen duen zaindari euskaldun bat irudikatzea.

        Hurrena atea irekitzen didan urdinari egunkaria nork igorri didan ba ote dakien galdetzea baino errazagoa, guztiarekin.

        Probokazioa? Agian. Norena eta zertarako?

        Begi-kliska edota bizkarreko lagunkoia izan ezik, dena delakoak ez ote dit erronka egiten esaldi gorritu hori medio?

        Hara, bakartze-egoeran zenbaterako eman dezakeen egunkari batean azpimarratutako esaldi batek! Nolako eragina izan dezakeen!

        Inor ni probokatzeko asmoz badabil, alfer-alferrik dabil.

        Literatura idaztea oso aspaldiko kontua baita niretzat. Nostalgiaz gogoratzen den aspaldiko maitale dut. Une zoriontsuak pasarazi ez ezik, etorkizun alai eta joria iragartzen dizuten maitale horien antzekoa. Bat-batean, ia ezarian, baina arrazoi oso argiengatik bertan behera uzten dugunetakoa, gaituenetakoa. Gure artekoa ederra izan zitekeen baina ezinezkoa izan da, badakizu, zoriak, halabeharrak, bizitzak gure bideak banantzera eraman gaitu. Ez negar egin. Ez dut negar egiten. Baina egingo zenuke. Utzi bakean, ez izan krudela. Ez naiz krudela, hobe errealitatea den bezalakoa ikustea. Gorrotorik gabe. Izan gaitezen lagun onak. Nahi duzunean zatoz neurera eskainiko dizkizut eleberri eder batzuk astia duzunean komunean irakurtzeko baina jadanik zure esku herdoilduak baldar kamuts hebain ezgai ezdeus ez dira idazlearenak ez ukitu min ematen didazu lakarregiak dira fereka goxoetarako lirikarako hitzekin jolas egiteko esaldi zurrun horiekin nora hoa proselitismoa egin dezakek konbentzituko dituk konbentzituak baina xarma sorginkeria arima hegan eramateko beranduegi duk hire aroarenak egin dik barkatuko didak konfiantza egun onen eta izan zitezkeenengatik permitituko didak doluminak eta eskumuinak hik dakizkianen partez ez haiz bakarra kontsola hadi eta goza nazak, begiekin.

        Inork gutxik daki ordea hainbeste denbora pasatu arren oraindik ere ametsetan maitale sutsu azaltzen zaidala. Goizaldean pixa egitera esnatzean oroimenaren mugan ikusten ditut loaren magalean idatzi uste izan ditudan istorioak poemak bertsoak tragediak. Lokartu aurretik irakurritako Claudelen Canoren Sebalden Sarrionandiaren Darrieussecqen Aranbarriren Kobayashiren liburuetako istorioek nire baitan ustez hilda dagoen mundua inarrosten dute. Sorkuntzaren lamiak ez direla guztiz zendu, kontzientziak zelatatzen ez dituenean, hildakoa egiteari utzi eta haiengana deitzen nautela amestu ote dudan sentimenduarekin sartzen naiz ostera izara artera, begiak indarrez itxiz, datozela datozela datozela, marmarka lokartu aurretik, zatozte zatozte zatozte, salba nazazue.

        Bi hamarkada inguru literaturarik apenas irakurri gabe egondakoaren bulimiaz irensten ditut orain orrialdeak. Baina urtetan ere aurrera goaz eta urtean berrogeita hamar liburu irakurrita ere, erraza da hil aurretik irakurri ahal izango ditudan liburuen kalkulu gutxi gorabeherakoa egitea.

        Hizkiak iragazten ditu herio-ordura hurbiltzen nauen hareazko ordulariak.

        Uko egiten diot jada irakurritako liburuak berrirakurtzeari, lehen orrialdetik heltzen ez nauten liburuekin tematzeari; ez bada hemen, zigor-ziegan, bazkariarekin gurditxo batean ekartzen dizkiguten liburuen artean bakar bat hautatu beste aukerarik ez dagoelako, frantsesez noski.

        Hoa Urainen Ez dago etxean irakurtzen hasita duala eta ea hire gauzen artean bilatu eta ekarriko diaten eskatzera. Toki ederrean gaudek horretarako.

        Euskal literaturari buruzko aipu horrek gogora ekartzen duen garaian ordea ondo helduta ninduen literaturaren harrak.

        Gutxi usteko nuen ikarotxo, gau-eltxo, sanjoan gauean Herrera de la Manchako patioa betetzen zuten suzko egunkarien magiak, lehena argitzen duen Artizarraren lilurak erakarri eta kiskalita galduko nituela hegaletako lumak, banan-banan, itsasora jausi eta handik ez askora ur azpian desagertzeko.

        Ez nuen espero ere desagertzean Dedalo gutxi batzuen lantuaz gain, Brueghel Zaharraren margoan bezala, laboraria goldearekin, artzaina ardiekin, arrantzalea, hain hurbil eta hain ezaxola, ur-azaleko artelatzaren balantzei adi, bizitzak ezer gertatu ez balitz bezala —zer gertatu zen bada?— aurrera egingo zuenik. Egunkariak egunero argitaratzen jarraitu zuten, langileak beti bezala lantegira joan ziren, tabernak ez ziren hustu; ezer gertatu al zen bada?

 

 

2

 

Sei urrats, leihoa, sei urrats, karrajua.

        Hemen naukate, hemen gauzkate, denbora mugagaberako, ez baikara irtengo gure eskabideei jaramonik egin ezean.

        Leihorantz noala ezkerrera, karrajurantz eskuinera, mahai gaineko egunkariari begiratzen diot, artikuluari. Distantzia honetatik ezin ditut hitzak bereizi, soilik esaldi bat zirkulu gorri baten erdian, suzko gezi batentzako itu.

        Leihotik begira jarri naiz. Industriagune baten erdian dago kartzela. Logistika enpresak dira gehienak inguruan; urrunean kea darien tximinia batzuk.

        Egunkari soilduko esaldi apur bat fribolo horrek hogeita sei urte lehenagoko gertaeren oihartzun kamutsa dakarkit oroimenera. Ahantzia nuen gertaera bat etorri zait gogora tximinien ke zirimoletan gora. Nire borondateari jaramon egin gabe nitaz jabetu eta menpean hartu nauen oroitzapen-uholde bihurtuz.

        Zementuzko idulkian eseri naiz. Papera, boligrafoa, zirkinik egin gabe, iraganeko gertaerak gogoan, Rodinek zizelkatu gabeko Idazle antzua.

        Nire urtebetetze eguna ospatzeko joanak izango ginen Oreretara. Hogeita lau urte bete berri nituen. Ahaztua dut zein tabernatan afaldu genuen. Errepidearen alboko enparantza horretan bizpahiru taberna eta jatetxe zeudela gogoratzen dut. Ahaztua dut herriaren erdigunean dagoen enparantza horren izena ere. Zuhaitzak ditut gogoan, errepidea, errekaren beste aldean lantegiak, jatetxe ospetsu bat.

        Errepidea eta erreka bertan egongo dira. Isuritako trafiko eta zikinkeria gutxiagoz. Kamioiena aspaldi desbideratuko zuten. Lan-jantzi urdindunak ere orduan baino urriago izango dira, ziur. Denbora izango da afaldu genuen jatetxe hura ere itxiko zutela. Jabea hilda egongo da agian. Auskalo zer izan den zerbitzari izan genuen neskaz. Ezkondu eta haurrak izango zituen seguruenera. Orduko Orereta Errenteria bihurtuta asmatzen saiatzen naiz.

        Ez nuke ezagutuko. Bada denbora Polizia armatu espainiarraren oldarraldiei aurre egiteko ezagutu genituen barrikaden garaiak gatazkaren zurrunbiloak gainditu zituela. Lana du sinesteak igande arratsaldeetako jendartean, zaintze-txandan zebilen zipaio bikote herabeari txapela nork kenduko jolasean aritzen zirela gaztetxoak. Beste hamaika fronte ireki eta itxi dira geroztik.

        Ez, egia esateko ez nago batere ziur nire urtebetetzea ospatzeko joan ote ginen aldizkariko laneko autoa hartuta Donostiatik Oreretara.

        Oroimenaren lausotik berreskuratzen ditudan irudi gutxi batzuekin kontakizuna berrosatzeko, 1985eko Euskal Herria nolakoa zen irudikatzen saiatzen naiz. Zer janzten genuen. Nola mintzatzen ginen. Zerekin amesten genuen, taldean eta gure baitan.

        Gazteak ginen, eta dena egiteko bagenuen ere, egin beharreko guztiak eginda bagenitu bezala bizi ginen gure belaunaldikoak: ezaxola, kartzelan, atzerrian ihes, inguruko etxeren batean hurrengo ekintza prestatzen. GALeko mertzenarioek Baionako kaleetan errefuxiatuak tirokatzen zituzten. Dolu manifestazioetara joaten ginen, Bretxako merkatura joango bagina bezala, hitzordurik gabe, egunerokotasunaren baitan, «Literatura eta konpromisoa» izenburu ponposoa zuten hitzaldietatik irtetean. Gauak egunaren buztanari heltzen zion eguzkiaren aginduari jaramonik egin gabe. Egunsentiak oharkabean eta maitearen besoetan edo kruasan egin berriak erosteko obradore baten usainean harrapatzen gintuen, gurasoen etxetik eramandako Olivetti zaharrean ipuin gaiztoren bat asmatzen, poema sutsu baten hitz akuatikoekin itolarrian, magnetofoi zaharretik gaizki grabatutako elkarrizketa bat deszifratu ezinean ez bazen.

        Egunak, asteak, hilabeteak, urteak. Etorkizunak ez zuen zentzurik orduan. Soilik, hurren argitaratu beharreko liburuaren frogak zuzentzea, elkarrizketarako hitzordua lotzea, argazkiak errebelatzea. Atotxako merkatuko lokaleko proba-saiora beranduegi ez iristea, idazmakinarako kalkoa eta tinta-bobina beltz eta gorria erostea, hurrengo aldizkariaren plangintza, Bilintxera inoiz itzuliko ez genituen azken nobedadeak maileguz hartzera joatea, euskarazko irakurle urriak irakurtzera akuilatuko zituen lausenguzko aipamen laburrak idazteko eta Eginera erredakzioa itxita zegoenean argazkiak errekisatzera. Alde Zaharrean barrena Astelena ireki ote zuten ikusteko itzulitxo bat egitea, arrain-pastel pintxoa jan eta amontillado bana edateko. Ez genekien pogoa dantzarazten zizkiguten kantu sortu berriak ia hogeita hamar urte geroago oraindik ere boladan egongo zirenik. Garaiko egunerokotasunari prosa, poesia, kazetaritza, antzerkia eta egokitzen eta behar zena jartzen jarduten genuen. Euskaraz. Lehen argazki-nobela euskaldunak esaterako. Gure mundua txikia zela ziotenak oker zeudela genekien. Ez genuen handiagoa behar. Gure mugak gure herriarenak ziren. Pobre ginen. Eta zoriontsu. Aberats, beraz. Eta ezetzik ematea zer zen ez genekien.

        Oreretako afari hori egin genuen garaian hasi nintzen ordularia eramaten. Hitzorduetara ttanko iritsi behar zela ohartarazi baitzidaten lehen hitzordu klandestinoan.

        Ez, Oreretako taberna horretan ez genuen nire urtebetetzea ospatu. Nire urtebetetze eguna egun batzuk lehenago izan zen, eta egun horretan Iruñean nengoela oroitzen dut, Korrikaren amaiera jaialdian. Bertan, Antoniutti parkeko gaueko ekitaldian, agertokitik urrun Ruper Ordorika kantaria topatu genuela xuxurlatzen dit nire memoria aldrebes honek. Neska-laguna aurkeztuko niola pentsatzen dut eta Martuteneko kartzelara egindako azken ikustaldiaz mintzatuko ginela, Joseba adiskidea gogotsu aurkitu zuela eta horrelakoak. Neska-laguna eta biok Nafarroan barrena genbiltzan asteburu luzez, bakantzatxoak hartzea proposatu bainion laneko zama arindu behar nuen aitzakiaz. Ordurako banekien ordea uda horretan Portugalen barrena Pessoaren Lisboaraino egin asmo genuen oporretan joaterik ez nuela izango. Eta azken bidaia izango zela nekiena Nafarroan barrena egin nahi nuen, begiak Otsagiz eta Artzibarrez, Arbaiunez eta Irunberriz, Tafallaz eta Hiriberriz eta Iruñeaz bete nahi nituelako. Ez bainituen berriro luzaroan ikusiko. Gauzak ondo, erbestea nuen zain; gauzak oker, kartzela. Bata edo bestea, hilabeteko epean asko jota, ordura arteko bizimoduaren amaiera zetorkidan. Beste mundu batera jauzi egitera nindoan.

        Ez nekiena zen nire neska-lagun, lagun-min eta senideentzat progresiboki, desagertu egingo nintzenik, gatazka lauso baten ganduaren atzean, hondo sakoneko itsasora erortzen zaigun urrezko idunekoa bezala. Denbora luzerako; betirako, agian.

        Itzultzeko antsia, bularraren erdian sartutako arpoi, malkoen mugetan, harrezkeroztik eztarria barrutik urkatzen didan arantzazko korapilo, urteotan ametsetan baino eta hain maiz ikusi ditudan lurralde, lagun eta uneak memoriaren formolean ditut. Behialako lagunak lanpetuta eta alai, ileak eta bizarrak baldar, grinatsu eta solasean irudikatzen ditut, oraindik.

        Bekaizti begiratzen diot jadanik ni ez nagoen zorion irudikatu horri.

        Ez zen beraz nire urtebetetzea; garaitsu hori zela badakit ordea. Izan ere, gidatzeko sukarrak hartuta nenbilelako izan nintzen Donostiatik Oreretarako joan-etorrian bolanteaz jabetzeko boluntario.

        Lehen hitzordu hartan gidabaimena ba ote nuen galdetu zidatenean ez nuen gezurrik esan. Gidatzen ote nekien galdetu izan balidate ordea, garai batean jakin nuela erantzun beharko nukeen. 70eko hamarkada amaieran Otxarkoagan gidabaimena atera nuenetik bost urtez autorik hartu gabe igaro ondoren, gidatzen berrikasi behar nuen, eta ongi gainera, egin beharrekoa egingo banuen.

        Hartara, edonora joateko nire burua gidari aurkezteko nuen bat-bateko jaidurarekin harritzen zitzaizkidan lankideak. Ordura arte, laneko Simca 1200 kaxkarrari muzin egiten nionez, huts eginak bainituen Donostiatik kanpoko hainbat hitzordu eta antzerki estreinaldi, nola edo nork bertaratu aurkitu ez nuelako. Gero, erredakziora telefonoz deitzen nindutenean desenkusatzen saiatzen nintzen, garraio publikoaren ordutegiari egotziz errua. Antzerki munduko jendea ordea mesfidatia da oso, eta nire hutsegitearen atzean aldizkariak edo neronek beren troupearen aurkako joera ezkuturen bat ote genuen galdetuz egiten zidaten errieta.

        Menua afaldu genuen Oreretako taberna hartan. Entsalada mistoa, lar oliotsua, xerra eta patatak, koipetsuak eta gaziak, azkenbururako fruituak, flana edo tartahelada. Nik flana. Ardo arrunta, pitxarrean. Neurrian edan genuen. Afalosteko kopa Donostian hartzea proposatu zuen norbaitek.

        Beraz, zer arraiotarako joan ginen ekaineko egun horretan Oreretara, saiatuta ere ez dut gogoratzen.

        Autoan estu gindoazela bai ordea. Estu eta alai. On the Road liliput.

        Kopilotuaren aulkian Xabier doa. Adiskidea, kolega. Poema liburu on parea argitaratua du jadanik. Eta aldizkari literarioan itzulpen on batzuk ere. Bera da punk musika gureganatu duena, atzerriko jarrera apurtzaileen eta azken joera literarioen berri ematen diguna. Gure txokokeriatik aterarazi eta ausart egin gaituena. Oraindik ez da musikari ezaguna, nahiz eta hein handian berari esker ernatu den euskal musikagintzaren berrikuntzan eragin handienetakoa izan duen taldea. Bere ahots sakon eta bereziarekin entzulea barnebiltzeko gaitasuna guztiz garatu gabe dauka oraindik. Crooner aparta izango da Xabier. Eta narratzaile joria. Euskaldun-berriaren tema setatsuz aztertzen ditu idazkiak, erdarakaden ehiza gupidagabean. Adierazpenaren zuzentasunaren xerka. Bere blue-jean jaka eta galtzak, betaurreko biribilak, kalpar erreboltaria ditut gogoan. Urte batzuk lehenago, Herri Irratian punk musikari buruzko saio bat egiten genuen bera alma mater, euskaraz, gaueko hamaiketan. London eta Estatu Batuetako azken joerak zuzenean, rara avis urrientzat. The Damned, Sex Pistols, The Clash, Buzzcocks, The Undertones, New York Dolls, The Stranglers. Gau-txori gandordunak apaizen irratian punk-musika euskaraz entzuten.

        Atzeko aulkian beste hiru lagun-min doaz estu-estu.

        Xabierren atzean, autoko irrati-kaseteko musikaren erritmoa oinekin markatuz kanutoa biltzen doa Eneko. Gu boston arteko alaiena bera. Arduratsua eta langilea, baina baita ere une batetik aurrera, jai egiteko ordua iritsia dela erabakita, bere inguruan babes-jantzi ikusezin bat eraikitzeko gaitasuna duena. Ardurak eta kezkak bere buru gainetik bost bat zentimetrotara gelditzen zaizkio orduan. Gainera, alaitasun kutsakorreko gaztea da. Lanegun aste astun baten ondoren festa egiteko kide aproposa, inondik ere. Antzerki munduan bidea egina du dagoeneko, eta etorkizun oparoa izango du mundu horretan. Ni eklektikoa naizen hein berean da bera gai bakarrekoa. Ginsberg García Rilkeren poesia eta Tennessee Pirandelloren antzerkia. Ados, bi gai dira, baina antzekoak. Ordurako bostok poema mordoa idatzia dugu. Absentaz bustitako poesia erre-zitalak antolatzen genituen. Itzalezko antzerkian Maria Magdalena Jesukristo gurutziltzatuari zakila jaten ari zitzaion bitartean irakurtzen genituen poemek eragiten zuten eskandalutxoekin disfrutatzen genuela ezin uka. Eta Eneko da ekitaldien zeremonia maisua, ikuskizunaren mundua zainetan darama, badaki nola antolatu, zerekin hasi ikuskizuna eta zerekin amaitu. Elkarrengandik urrunen gindoazen autoan, baina elkarrengandik oso hurbil geunden bizitzan, nik idazten nuena berak sina zezakeen eta alderantziz. Pertsona berarekin maiteminduta geundenean ere, fantasia, gezur eta minen gainetik lagun-min.

        Iñaki doa estu-estu, erdian. Igualtsu janzten dugu berak eta biok: blue-jean galtzak, alkandora zuria, txaleko beltza. Biok ala biok ditugu antzeko betaurreko biribilak. Ilea luze, albo banatara orraztua, bizarra ahal-denean-behin eginda daramagu. Anaiatzat hartzen gaituzte, eta guk ez dugu gezurtatzen. Garai hartan inguru batzuetan euskal kulturgintzak sortzen zuen mesfidantzak eraginda, gure looka Euskadiko Ezkerreko kide progreena zela egozten ziguten maiz ENAMaren ildo zorrotzaren zaindaritzat genituenek. Eta ez genuen lanik hartzen nahasketa argitzen. Enfant terriblearen epatatzeko sindromeak jota. Euskal kulturaren aldeko gure ekinbideak astez aste eta baita egunez egun ere sailkatze politiko murriztaile oro gezurtatzen zuelakoan. Jelkideen kultur politikaren zigortzaile, barkaziorik gabe aztertu eta jipoitzen dugu Lakuatik iristen den proposamen eta ekimen oro. Guztiak. Erabat konbentzituta gaude beste zerbait dela egin beharrekoa. Eta aurrena, Iñakik oso argi du hori, Joxemik irakatsia: plangintza. Bera da auto horretan goazenon arteko serioena, zentzuzkoena. Jadanik ordurako jakin baleki bezala zer nolako lan garrantzitsuak bete beharko zituen etorkizunean. Gorbata jantzi beharko zuela. Txantxetarako ere aparte bezala gelditzen da. Gure artean, ikuspegi estrategikoa aurrena barneratu zuena zelakoan nago. Eta ez idazle izateko balio ez zuelako, baizik eta gure herria literatur lore-joko hutsetarako ez zegoela besteok baino argiago ikusia zuelako. Donostiara bidean goazela, bizkarrean zama handia hartuta dator Iñaki. Atzerako ispilutik begiratuta gure begiradek topo egin dutenean, esango nuke errepideari ikara pixka batez begiratzen diola. Bere modura, hitzik gabe, argi ibiltzeko esaten ari zait, errieta lagunkoian. Tragediari usaina hartua bailion. Bere ezkerretara doan Josurekin, Joxemirekin eta beste askorekin batera egindako ahaleginari esker, handik urte gutxiren buruan euskarazko egunkariarekin gosalduko dute euskaldunek.

        Atzean daukat Josu. Bizkarrean sentitzen ditut bere belaunburuak. Nahita ari dela iruditzen zait. Xaxatzen. Bera ere denon antzera alaitsu dago. Poeta sentibera. Langile nekagaitza. Dagoeneko erakutsia du pertsona batek, euskararen militante batek, zenbateraino eman dezakeen. Baina, artean, berak jakin gabe, loratu berri den kimu bat besterik ez da. Lan egiteko makina nekagaitza. Hurbiltzen zaion edonor engainatzeko duen gaitasunari esker biderkatzen da gure ahalmen urriarekin euskal kulturaren arloan egin genezakeena. Eredu emanez lortzen du hori. Lana bukatuta etxeratzen diren horietakoa da Josu. Eta gure alorrean lana bukatzen ez denez, fitxatzen ez dugunez, soldata finkorik ez dugunez, asegururik zer den ere ez dakigunez, zergak ordaintzen ez ditugunez, Joxemiri ikasita diruak duen balio bakarra zorrengatik proiekturen bat argia ikusi gabe ez gelditzeko ordaintzekoa denez, lantokia du etxe. Egun argiak bulego azpian lozakuan sartuta harrapatzen du Josu askotan.

        Lanak bukatu eta etxera abiatzear nengoela xaramelatsu hurbiltzen zitzaidanean, akabo! «Kaliforniara gosaltzera gonbidatzen haut». Etxean ez nuen telefonorik, berandu iritsiko nintzela ohartarazteko. Biharamunean, lanean pasatako gaupasaren ondoren, Abenidako Californian bapo gosalduta etxeratzean, doi-doi neska-lagunak lanera alde egin aurretik, «nondik hator» haserretu eta mesfidatiari, sinesten-ez-badidazu-ere doinuz esandako «Josurekin lanean gelditu naiz» batekin erantzungo nion. «Ezkon hadi berarekin!» egiten zidan arrapostu haserre. Izan ere, ohe berean egiten genuen lo neska-lagunak eta biok, ez ordea elkarrekin astean hirutan gutxienez, astekaria, literatur aldizkaria, astelehenetako Eginen gehigarria eta beste zirela kausa. Bere gorputzak utzitzako epeltasunean sartzen nintzen maindire artera, bera maindire hotzetan bakarrik oheratzen zela jabetzeke. Gure belaunaldiko askok geneukan ezetz esateko ezintasunari egozten nion orduan errua.

        Esan daiteke, Simca 1200 laranja metalizatuan goazen bostok gorenean gaudela, erpinean, euskal munduan ezagunak gara. Harrotasun puntu bat ere badugu, jabetzen baikara guk sustatzen dugula garaiko ekoizpenaren parte handi eta eraginkorrena, gure iritzi apalean harrotasunez esanda, noski, eta besteei, trantsizio politikoaren sirena kantuekin mozkortuta, damutu eta instituzioen abaroan poltsikoak eta gerrialdeak loditzen hasi direnei, egurra banatzen diegu, haiek guri, umemoko zaildu gabetzat gauzkatenoi, banatzen diguten neurri bertsuan. Bost axola guri!

        Bostok gara lagun-minak. Estu eta alai goazen bost etorkizun. Musikaren zarata. Kanuto-usaina barreiatu da. Iñakik leihoak irekitzeko eskatu du. Laurak ireki ditugu. Badatorren uda-giroa sartu zaigu zirimolaka. Buruak atera eta oihu egin al du norbaitek? Hala beharko zukeen.

        «Baietz hamar minutu baino lehen Donostian». Edo, «Ezetz hamar minutu baino lehen Donostian». Nik egin ote nuen erronka? Edo beste norbait izan zen? Ni izan nintzelakoan nago. Nirea baitzen autoa gidatzen zenbat aurreratu nuen erakusteko tema, nolako ziurtasuna nuen ikusarazteko egoskorkeria.

        Azken aldian nire baitan isilpean daramadan kezka uxatzeko botako nuen erronka. Ez baitiezaioket inori eman gertatzen zaidanaren berri. Sumatuko zidaten zerbait. Amodio kontuak, pentsatuko dute. Azken bizpahiru hiletan, nora noan esan gabe abiatu izan naiz aldizkariaren lokaletik batzuetan. «Honek ligatu dik eta neska-lagunari adarrak jartzen ari zaiok», pentsatuko zuten. Galderei zeharka erantzuten diet. Ustez egitera joana nintzen elkarrizketa eta erreportajeen emaitzak ez dira erredakzioan agertzen. Antzerki proba-saioetara lehen baino beranduago iristen naiz, ameskeriazko aitzakiak hortz artean. Begi-zulo sakonak ditut. Galtza barrenak nasaiegiak. Oso aldian behin gurasoenera egiten dudan horietako ikustaldi arin batean ama kezkatu egin zait, aski jaten ote dudan, «Horrela hasten bazara ez naiz gehiagotan etorriko!» erantzun diot zakar oharkabean igarle. Enkarguzko literatur lanak epez kanpo ematen ditut, edo ez ditut ematen. Ez da posible! Eta autoa gidatzeko grina hori! Edonora joan behar dela, beti ni gidari. Gero eta trebeago. Nahitaez.

        «Baietz hamar minutu baino lehen Donostian».

        Autoan etorkizunez betetako bost lagun.

        Donostiarako bidean errepidea bitan banatzen den leku bat bada. Maldan behera egin eta ezkerretara horma altxatzen da.

        Biharamunean dut hitzordu erabakigarria. Urduritasuna mozorrotu behar dut. Besteek ere izango dute makina bat kontu konpontzeko, agenda gisa erabiltzen ditugun kaiertxoak hitzorduz beltz daude: astekaria, asteleheneko egunkariaren gehigarria, literatur aldizkaria, musika taldearekin proba-saioa, kultur munduko eragileekin bilerak, antzerki-taldearekin proba-saioa, beste antzerki-taldearekin beste proba-saioa, hirugarrenaren emanaldia, bi hilerokorako artikulua, elkarrizketa. Ordurako zurrunbiloa zena, zer ez ote zen izango etorkizunean. Eta nire huts egin ezinezko hitzordu hura...

        Gehiago sakatu diot azeleragailuari, auto bat aurreratzeko.

        Xabier izan da ohartarazi nauena. Bere-berea duen araztasunez, ahotsean larridurarik gabe, kanutoari xurgada luze bat emanez, ez gara iritsiko amaitu aurretik, beste bat egin beharko didate.

        — Kontuz, Mikel.

        — Lasai, Xabier —nik ere dardararik gabe, dena kontrolpean dudala nabarmenarazteko.

        Berak bezala, Josuk eta Enekok gogor oratzen diete ate gaineko eskulekuei. Iñakik, aurreko bi eserlekuei heltzen die eskuekin. Segurtasun uhalik ez daramagu jantzita inork.

        Dagoeneko data jarrita dago, badakit elkarrekin egongo garen azken aldia dela, azken afaria. Alkoholak eta lagunen alaitasunak guztiz ezabatu ezin duten tristura gandu bat jarri zait begietan. Zoriontsu gara, eta dena amaitzera doa. Ondorioak, niretzat eta hurbilekoentzat, zer nolakoak izango diren irudika ez ditzakedan arren. Ondorioetan ez baitut pentsatzen.

        Garunaren zoko batean gordeta izan dut orduan nitaz jabetu zen izu-laborria, eskuen izerdia, ahoaren lehorra.

        Kamera geldian bezala oroitzen dut orain bidaia.

        Autoa dar-dar batean daramat. Ezkerreko karrilera jo dut apustua galaraz diezadakeen dortoka aurreratzeko. Ezkerreregi joan zait autoa. Horma jo dugu ia. Eskuinera zuzentzen saiatu naiz; ez dela egin behar dakidan arren, gainditzen ari garen cuatrolatasari zeharka begiratu diot.

        Begiak itxi ditut lipar batez.

        Oso azkar gertatuko zatekeen. Bi eskuekin sendo oratu arren bolanteari; alferrik. Aurreratutako autoaren balazten intziria. Bostok nahas-mahas, beso, hanka, buru, burdina artean. Eskuin aldeko babesean iltzatuta Simca 1200a.

        Bost etorkizun eten. Zer ginen eta zer izan gintezkeen. Gu eta gure hurbilekoak. Eta ezagutu eta maitatu behar genituenak. Gure ondorengoak eta gure ondorioak. Gure egintzak eta gure ekintzak eta azken hiletako nire obsesioa, «Ongi aterako da, lortuko dugu». Guztiaren amaiera. Bizitza, etorkizuna, patua, halabeharra, zorigaitza, asturua. Istripu bat.

        Begiak ireki.

        Errepidean goaz. Irabaziko dut apustua. Errieta egiten ari zaizkit. Autoaren kontrola galdu dudala. Gehiegi edan dutela esaten diet, eta gidariari ez zaiola hitz egin behar.

        Ategorrieta. Arantzazuko Amaren klinika. Grosen gaude.

        — Ez nauk gehiago hi gidari hoan auto batean igoko —esan dit Xabierrek, ezjakintasunean azti—, ez haiz fidatzekoa.

        Autoa aparkatzeko leku bila gabiltzala, kakati hutsak direla esan diet. Erabaki dezatela nork ordaindu behar dituen lehen whiskiak.

        Gau hartan Alde Zaharreko kaleetan nahas-mahas barreiatu ziren boston barre algarak.

        Azken aldiz.

        Ez nuen kale egin biharamuneko hitzordura.

 

 

3

 

Artean ez nekien erbesteak mututuko ninduela. Niretzako lege eta arau berri eta ezezagunak zituen mundu batean murgiltzera nindoan.

        Prentsaren bidez, lagunartean entzundakoengatik eta adiskide batzuei noizbait egindako bisitengatik ezagutzen nuen errefuxiatuen mundua. Bidasoaz harago zegoena askatasunaren sinonimo zen, pilula, ginekologo, film debekatu, porno, modernotasun eta saltoki handietako dotorezia. Liberetan ordaintze hutsa ezinbestean Francoren soslai potzoloarekin lotutako pezeten menpekotasunetik askatzearen sinonimoa zen.

        Hendaiatik gora eguzkiak beste argitasun bat du, etxaldeek irribarre egiten dute, hexagonoko turistak eta hirugarren adineko erretretadunak erakartzeko bezala.

        Legasseren Gaudiosok esandakoa baiesteko aukera izango nuen. Alegia, Bizkaia eta Gipuzkoan ibilian-ibilian eta eskuinetik ezkerretara eskobatzen bada eta Nafarroan eta Araban beste aldera eta mugitu gabe, probintzia frankoeuskaldunetan errebeldiaren hautsa harrotzeko beldurrez, ez dela batere eskobatzen, hemendik hauts pittin bat kenduko dute, handik beste pittin bat, eta ondoren Paueko argizaria emango lurrari. Horrela ezer ez garbitzeaz gain, den-dena lokaztuz.

        Murgiltze azkar bat bezalakoa izango zelakoan nengoen ordea. Txikitan kaitik jauzi egiten genuenean bezala. Asko jota gabarroia alderik alde azpitik trabeskatzea bezala. Ez nion beldurrik murgiltzeari, igerilekua luzean trabeskatzen nuen ur-azpitik.

        Gipuzkoan must egin, Lapurdin atera burua, eta kito.

        Gurasoenean «beste aldea» eta aitona-amonarenean «l'autre côté» gisa izendatzen zen horretan, ezagutzen nituenekin elkartuko nintzela, besterik gabe. Ordura arte egiten nuena egiten jarraitu ahal izango nuela, aldizkarian kolaboratu, literatura idatzi, antzerki-emanaldien kritikak, irrati libreetan kolaboratu, hitzaldiak eman, antzerkiaz, euskal rock musikaz, literaturaz, errefuxiatu moduan.

        Zein oker nengoen.

        Aurrerantzean ezingo nuen begiekin ikusten nuenaren berri eman. Ezagututako jendeaz ezingo nintzen mintzatu. Egondako lekuen izenak ezabatu beharko nituen oroimenetik.

        Gudu-zelai baten erdian nengoen bat-batean lubaki itxurarik ez zuten Baiona Tipiko karrika ilunetan urrats isiletan, auto batetik bestera jauzi eginez, nire bizitzan behin baino ikusiko ez nituen jende adeitsuen babesean, mutu, arnasa hartzeko ere ikaraz, gero hainbestetan sentituko nuen urduritasun ordura arte ezezaguna urdailean, galderarik ez, dena lotuta, ondo olioztatutako hurrenkera bateko katebegi inkontzientea.

        Bizitako guztia gandu, laino sarri eta ahalik eta trinkoenaren pean gorde beharko nuen, betirako ahanzteko arriskuarekin. Edo okerrago, betirako desitxuratzeko arriskuarekin. Izenak, lekuak, gertaerak, ederretsi, biribildu, zentzuz jantzi ahal izango nituen nire buruan, baina ezin izango nion inoiz inori inolaz bizitakoaren berri eman ahal izango.

        Ez nekien ezta ere, mututzeaz gain, berriro jendartera agertuko nintzenean, ez nintzela lehengo bera izango, lehengo lagun edota ezagunek ez nindutela gehiago berdin begiratuko. Batzuek, ordura arte laguntzat nituenek, agurra ere ukatuko zidatela. Beldurragatik. Desadostasunagatik. «Hegoaldekoa» bihurtu nintzelako.

        Ustekabean hartu ninduen ondorioen zenbaterainokoak. Jadanik ez nengoen babes-hormaren ingurutik gertaerei so, tarteka zezena txuliatzera lasterkatxoak egitera ateraz. Plazaren erdian nengoen.

        Nire apaingarririk ederrenak jantzita gorputza bihurritu eta dantza sinesgaitzak burutuz nire bertute eta trebetasun behinenak erabilita lehen nintzen hura bera izaten jarraitzeko ahalegin handienak egingo nituen arren, ezerk ez zuen ekidingo nire desagerpena.

        Oraindik erbesteratu gabe nengoenean ezin igar nezakeen aurrerantzean ez nintzela nire buruaren jabe izango, eta neure neurea nuena ere, hitzen bidez munduaz nuen ikuspegia eskaintzeko grina, pixkanaka, ezarian, galtzen hasiko nintzela, hitzak urritzen hasiko zitzaizkidala, gardentzen, desagertu arte. Bidegurutze bakoitzean hartuko nuen erabakiekin ongi lagunduta, gertaeren segida logikoak eskuak literaturarako ezinduko zizkidan arte.