Alter ero
Alter ero
2012, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-40-9
azala: Bertol Arrieta
Bertol Arrieta
1975, Zarautz
 
 

 

Un tal Ekain

 

Hasieran axolotl-ak izan ziren, azteka begirada duten arraintxo horiek.

        Ondoren gizakia etorri zen, gizaki guztiak; baina batez ere bera: Julio Cortazar. Eta azkenik ipuin miragarri hura, arrainaren izen berekoa.

        Gero gatoz gu, gainontzeko guztiak.

        Arrainontzi txikiegia da mundua —zoritxarrez?—, baina arrainek baino memoria hobea dugu —zorionez?—. Nola ekarri gogora, bestela, duela 25 urteko kontuak? Nola neurtu Buenos Aires eta Donostia batuko dituen lerro zuzena, arrainontziaren esfera ñimiñoaren baitan ez bada?

        Axolotlek eman zidaten —nork bestela?— falta zen pieza. Orain argi ikusten dut puzzleak ezkutatzen zuen irudia.

        Ez nadin has bukaeratik, ordea, eta ekin diezaiodan, gisa honetako artikuluek eskatzen duten seriotasunarekin, gauza guztiak taxuz eta argi esplikatzeari, ordena logiko eta ulerterraz bat eramanez betiere, eta adieraz dezadan, hasteko, artikuluaren tesi nagusia izango dena, emanik horrela bidea tesi hori defendatzeko beharrezkoak diren froga eta arrazoiak azaltzeari: bera eta biok —Julio Cortazar handia eta biok— bat bera gara, edo nahiago baduzue, ni naiz bere oinordeko espirituala. Beste era batera esanda: hainbeste gauza daude elkartzen gaituztenak, horren lotura estua dago bion artean, ezen ez bailitzateke gehiegizkoa esatea ni naizela argentinarrak inoiz izan ez zuen semea.

        Horixe da artikulu honen tesi nagusia, eta horixe frogatzen saiatuko naiz, aldez edo moldez, datozen orrialdeetan. Dei nazakezue harroputz, handiuste edo iruzurti, horixe baita lehen hitz hauek irakurtzean edonori burura etor dakiokeen gauzarik zentzuzkoena, baina lan honen egitekoa da, hain zuzen, zuen hasierako inpresio logiko hori eraistea, deuseztatzea, betiere arrazoiaren arma hilgarria —baina ez mingarria, espero dezagun— zentzuz erabilita. Artikulu honetan, beraz, aipatu berri dudan tesia baieztatuko duten hainbat eta hainbat froga ematen saiatuko naiz, era batean edo bestean. Zuei dagokizue gero juzgatzea. Baina nago, ikusiko duzuen moduan, hemen kontatzera noana badela nahikoa oinarri pertsonarik fidagaitzena konbentzitzeko ere.

        Ezer baino lehen, esan dezadan ezen lan honetan aipatuko diren hainbat eta hainbat froga, arrazoibide edo iruzkin —beren bakarrean hartuta— ez zaizkizuela oso serioak iruditzen ahal —are, txorakeriak irudi dakizkizueke, baliorik gabeko detaileak, azaleko pasarte hutsalak—. Denak batera eta beren osotasunean hartzeak dakar, lorea lore egiten duten petaloak legez, artikulu honen tesi nagusia ulertzeko giltza. Gatozen, beraz, tentuz aztertzera eta sakonki arrazoitzera, Julio Cortazar eta bion arteko lotura, senidetzea edo batere pitzadurarik gabeko bat-egitea.

        Has ninteke —errazkerian eroriz— biok partekatzen dugun idazle-ofizioa abiapuntutzat hartuz, baina azkenerako utziko dut hori. Aitzitik, alderdi fisikoen eta psikologikoen konparaketan murgilduko naiz lehendabizi, zalantza guztiak uxatzera bideratutako zorroztasun zientifikoz eta zehaztasun erabatekoaz.

        Idazle argentinarraren eta nire artean dagoen antzekotasun fisikoa hiru zutabe nagusitan oinarritzen da: altuera, bizarra eta generoa. Beste hitz batzuez esanda, biok gara gizonak, biok daukagu edo izan dugu bizarra, eta agian garrantzitsuena dena, biok gara metro eta laurogeita hamahiru zentimetro luze. Baina azter ditzagun banan-banan kontuok.

        Edonork pentsa lezake bizarrarena ez dela erabakigarria, nahi duenak izan dezakeela bizarra nahi duenean, Cortazarrek berak egin zuen bezala. Baieztapen hori, ordea, faltsua da, edo ez da guztiz egia, behintzat. Izan ere, hasteko, generoaren kontua dago (eta honekin ezaugarri fisikoetan hirugarrenarekin lotzen dut argudiaketa): gauza jakina da emakumeek ez dutela bizarrik, edo bizarra izateko aukera gutxiago dituztela, nahiago bada; gainera, gizonen artean ere badira bizarrik izan ezin dutenak (bizargabeak deiturikoak, hain zuzen ere; herrialde asiarretan, esaterako, zenbat bizardun daude?); eta azkenik, gizon guztiek, ahal izanez gero ere, ez dute bizarra izatearen hautua egiten. Beraz, Cortazarrek eta biok geure bizitzaren une jakin batean bizarra utzi izanak badu garrantzia, kontuan harturik XX. mendeak eman duen idazle handienetakoarekin antzekotasun fisiko hori konpartitzen ez duten pertsonak konpartitzen dutenak baino askoz gehiago direla.

        Generoarena, berriz, huskeria bat irudituko zaio askori, eta zer esanik ez feminista-taldeei eta sexu-bereizketarik gabeko pedagogiaren alde dauden beste zenbait eragileri. Baina egiari zor, ez da ahantzi behar sexu bereko bi pertsonaren arteko antzekotasun fisikoak —antzekotasun psikologikoen putzu arriskutsu eta polemikoetan ez sartzearren— handiagoak direla orokorrean, sexu ezberdineko bi pertsonaren artekoak baino. Honekin hertsiki lotuta dago altueraren edo garaieraren kontua. Izan ere, metro eta laurogeita hamarretik gorako emakumeak gutxi direla ziurta daiteke, datu estatistikoak eskuetan izan gabe ere.

        Cortazarri buruzko lan, biografia eta saiakera andana dago, eta ia denetan aipatzen da idazle argentinarraren altuera, bera bizi izan zen garaian —eta baita gaur egun ere— normala baino handiagoa izaki. Guztiak ez datoz bat Cortazarren garaiera zehatza finkatzeko orduan, baina Rayuelaren egileak garbi utzi zuen, Espainiako telebistak egindako elkarrizketa batean[1], zenbaitzuek puztu egin zituztela zenbakiak, errealitatea —sarritan egiten den moduan— mitoarekin nahasiz, eta aitortu zuen metro eta laurogeita hamahiru zentimetro luze zela zehatz-mehatz. Ezin uka genezake, hortaz, idazlearen fisikoan benetan nabarmena zela bere garaiera ohiz kanpokoa. Are gehiago, ezagutu zutenei deskribatzeko eskatuz gero, denek aipatuko dute, zalantzarik gabe, ezaugarri hori: «ogirik gabeko egun bat baino luzeagoa zen». Cortazarrekin bere ezaugarri fisiko behinena konpartitzea —are oinetatik buruko azken ilerainoko zentimetro kopuru berbera izatea—, ezin liteke kasualitate hutsa izan.

        Antzekotasun fisikoen zerrendan sartu dut, halaber, idazle handiak eta biok partekatzen dugun —edo partekatzen genuen, hobeto esanda— beste ezaugarri bat: erremerrea, hain zuzen ere. Frantzian bizi izan zituen urte mordoarekin eta bere amak erakutsi zion frantses perfektuarekin erlazionatzen bada ere Cortazarren erremerrea, aditu gehienek ondorioztatu izan dute ez dela horrela, espainolez hitz egiterakoan r fonemari ematen zion soinua ez zela bere azentu frantziarraren eragina, ahoskatze-akatsa baizik[2]. Niri dagokidanez, umetatik ezagutzen nauen orok daki ezen duela bederatzi urte —eta logopeda baten laguntzaz soilik— lortu nuela arazo berberari aurre egitea. Nire editorearen erreguz, telebistetan eta batez ere irratietan egiten dizkidaten elkarrizketetan ikus-entzuleen belarrietan durdurio arrarorik, eta horren poderioz, nire liburuenganako arrazismo barregarririk ez eragiteko hartutako neurria besterik ez zen izan. Marketin kontuak, azken batean. Nire logopedak berak baiezta ditzake hemen esandakoak, nahi izanez gero[3]. Orain artekoak gutxi ez, eta herentziazkoa den erremerrearena gehitu behar da, beraz, antzekotasunen hondorik gabeko zakuan.

        Hala eta guztiz, askok eta askok pentsatuko dute argentinarraren eta bion arteko antz fisikoak ez duela ezer esan nahi, batak bestearen antza izatea ez dela baldintza nahikoa bata bestearen oinordeko espirituala dela baieztatzeko. Kasualitatea irudituko zaio zenbaiti, elkarrengandik milaka kilometrora dauden bi pertsonak begi kolore bera izatea bezala. Zer frogatzen du, bada, horrek?, esango dute beharbada batzuek, mesfidati. Lan honen hasieran aipatu dut, ordea, ez dela ez bat ez bi, ez direla lauzpabost aipatuko ditudan era bateko eta besteko antzekotasunak, eta garrantzitsua dela juzgu bat egin aurretik den-denak entzutea, froga guztiak beren osotasunean aztertzea, iritzi objektibo bat eman ahal izateko.

        Gatozen, bada, orain, antz fisikoa alde batera utzita —ez horratik ahaztuta—, izaera kontuei dagozkien ezaugarriak aztertzera, eta neureekin konparatzera. Hau da, azter ditzagun Julio Cortazar idazle handiaren eta nire arteko antzekotasun psikologikoak. Atal honetan, berriz ere, Espainiako telebistak egindako elkarrizketa hartuko dugu oinarri, eta baita Eduardo Montes-Bradley zinemagile eta kazetariak eginiko biografia[4] ere.

        Cortazar pertsona bakartia zen; berak horrela aitortzen du, tristezia —edo nostalgia— apur batekin, Espainiako telebistan Joaquin Soler Serranok egin zion elkarrizketan. Saioaren unerik gogoangarrienetako batean, zigarro bat eskaintzen den xalotasunarekin honela galdetzen dio Soler Serranok: «pertsona bakartia izatearen fama duzu». Cortazarren begiratua infinituan iltzaturik dago une horretan, eta erantzun aurretik irribarre triste bat marrazten du bere aurpegi bizardunak. «Bai, ados nago», erantzuten du, «tristezia apur bat ematen dit aitortzeak, baina hala da». Dioenez, eskubide bat bezala ulertzen zuen bakarrik egotearen kontua, eta harrotasunez zeraman hasiera batean. Gerora, ordea, erru-sentimendu bat sortu zion bakarrik egoteko zeukan behar horrek. Jekyll doktorearen eta Mr Hyde-ren adibidea jartzen du bere barne-gatazka adierazteko. Kontatzen duenez, Mr Hyde da bakarrik egon nahi duena, maltzurra dena, eta Jekyll doktorea da uste duena pertsonekin dauzkan harremanek merezi dutela, batzuetan ahalegin hori egiteak izan dezakeela zentzurik, bizitzaren plano batean edo bestean. Halaxe dio, hitzez hitz: «nire barne-gatazka hain da handia, non lagun talde batekin nagoenean —eta gustura egon ere: barrez, edaten, une bikain bat konpartitzen—, Mr Hyde etortzen baitzait minutu batez, eta belarrira xuxurlatzen dit: zergatik ez hoa etxera?, hain ondo egongo hintzateke Louis Armstrongen disko bat entzuten, lasai-lasai, bakarrik...».

        Niri dagokidanez, esan beharra daukat zinez bakartia naizela ni ere. Ez Cortazarren modu berean, nahi baduzue, baina bakartia, nolanahi ere, bera bezala. Ezin gusturago egoten naiz nire etxeko estudioan, musikarik gabe, isiltasun osoan, suabe-suabe eragiten diodan ordenagailuaren teklatuari darion klakateko lasaia dudala soinu bakar, ez bada aldameneko errepidean —astiro-astiro hurbiltzen eta pixkanaka urruntzen gero— noizean behin pasatzen den anbulantziaren sirena-hotsa. Cortazar handiari Mr Hyde baldin bazetorkion lagunekin primeran pasatzen ari zen bitartean, niri Jekyll doktorea hurbiltzen zait, ordenagailu-pantaila den ispilutik irten izan balitz bezala, lagunekin zerbezatxo bat hartzen zein ondo egongo nintzatekeen gogoraraztera. Horrexegatik diot ez garela biok bat bera, idazle argentinarra eta biok ez garela lerro zuzen baten zati bera, lerro zuzen beraren bi parte desberdin baizik. Beste hitz batzuekin esanda, ni naiz Cortazar handiak bukatu gabe utzi zuen koadro hori margotzen jarraitu behar duena.

        Haurra nintzenean bazen denbora-pasa mota bat, zenbakituta zeuden puntu batzuk marra zuzenez lotzea zuena helburu. Bata biarekin marra zuzen batekin elkartuz, eta bia gero hiruarekin, eta hirua lauarekin eta abar. Bukatzean, marrazki bat ikus zitekeen orri zuriaren gainean: hegazkin bat, lore bat, zakur bat. Xarma handia zeukan zenbaki batzuk elkartuz —bat-batean— orri zuriaren gainean, ezerezetik bezala, marrazki bat sekretu bat bailitzan azaleratzeak. Maite nuen denbora-pasa hura. Ahalegin handirik ez zuen behar, eta ia konturatu gabe —magia!— marrazki eder bat zeneukan begien aurrean.

        Bada, berrogeita sei zenbakiko marrazki batean, demagun, Cortazar hogeita hirugarrenera iritsi zen, eta ni naiz hogeita laugarrenarekin, hogeita bosgarrenarekin, hogeita seigarrenarekin jarraitu behar duena. Ez dakidana da ni iritsiko ote naizen berrogeita seigarrenera, ni izango ote naizen marrazkia osatuko duena, edo besteren batek hartuko ote duen bere gain jazz-abesti batena izan daitekeen irudi abstraktu sailkaezin hau margotzen bukatzeko erantzukizuna.

        Jazz-abesti bat bezala idatzi omen zuen Rayuela[5] Cortazarrek. Hala esaten zuen berak: gaur kapitulu bat, hurrena harekin loturarik ez duen beste bat... Jazz-musikaren jarraitzaile sutsua baitzen (ikus Charlie Parkerri eskainitako El Perseguidor[6] ipuin luzea), jazzak berarekin daraman inprobisazio-kutsu hori eman nahi izan zion bere nobela ahaztezinari. Baita lortu ere, nire uste apalean. Ez nadin gal, ordea, miresmenaren bide infinituetan barrena, ezta poesiaren aldaparik gabeko mendietan ere, eta segi dezadan —irakurlearen baimenarekin— artikulu hau idaztera bultzatu nauten datu objektiboak azaltzen. Eta jazza aipatu dugunez, saia gaitezen idazle argentinarraren ohiturak eta afizioak aztertzen, eta, orain arte egin dugun bezala, nireekin konparatzen.

        Has nadin publikoak ziren bizioekin: whiskia eta zigarroak. Argentinarrak ez zion inoiz whiski on bati uko egingo, eta erre ere gustura erretzen zuen, ahoa labirinto bihurtzen zuten hortz dohakabe haiek lekuko. Whiskiarena eta zigarroena jakintzat emanik, bada hipotesi bat droga gogorxeagoak probatu zituela dioena. Lehen aipatu dugun El Perseguidor ipuina dago hipotesi horren oinarrian. Argentinarraren maisutasuna inork zalantzan jartzen ez duen arren, ipuin honetako protagonistak dituen haluzinazioak kontatzeko modua dohain literarioez harago doala iruditzen zaie hipotesi horren defendatzaileei, eta bat nator Cortazarren obraren aditu horiekin[7]. Azterketa horietan, marihuana eta haluzinogenoak aipatzen dira, baina ez da baztertzen beste droga batzuen kontsumoa.

        Niri dagokidanez —ez dit lotsarik ematen esateak, eta ikerketa-lanarentzat onuragarria dela uste dudanez, garbi adierazi nahi dut— whiskia, rona, marihuana, kokaina, estasia edo perretxiko haluzinogenoak hartuta idatzi izan dudala behin baino gehiagotan —ez denak batera, agerikoa denez—; are gehiago, iruditzen zait bizitza honetan probatu egin behar direla drogak, gutxienez behin (eta gehienez bitan, esango luke jakintsuak). Nolanahi ere den, eskarmentuz esan dezaket drogen eraginez idatzi izan dudanak zakarrontzian bukatu izan duela eskuarki: whiskiak esaldi luzeegiak idaztera eramaten ninduen; kokainak, motzegiak; eta estasiaren ondorioz, puntuazio-markak oker jartzen nituen.

        Cortazarrek bazuen beste zaletasun handi bat, bere irakurleen gehiengoarentzat nahiko ezezaguna izango dena seguruenik: argazkilaritza, hain zuzen. Argazkilaritzaren zale handi bat zen eta berak ateratako argazkiei testuak jarrita egin zituen zenbait liburu[8]. Edozein tximuk argazki-makina digital bat —eta ez dendako merkeena— daukan garaiotan, meritu gutxi dauka argazkilaritza zalea izateak, baina lan honen izaera zientifikoari zor, aitortu beharra daukat —nire biografia apur bat ezagutzen duen edonork dakien moduan— argazkilaritza zale amorratua naizela ni ere, eta ezin naizela oheratu, egunean bostehun argazki atera gabe. Literaturarekin batera, horixe da sorkuntzaren esparruan landu dudan alorra. Froga gisa, Euskal Herriko hainbat txokotan egindako erakusketak har daitezke. Nire buruari lotan ateratako argazki-sailak balio beza adibide gisa[9].

        Baina utz ditzadan zaletasun eta bizioak alde batera, eta aipa ditzadan, behingoz, ikerketa-lan honen jatorrian dauden gertakizunak, hauek izan baitira proiektu hau mamitzera eraman nindutenak, eta gorago aipatutako antzekotasun guztiei kasualitatearen zentzua kentzen dietenak. Hiru gertakari dira, hiru gertakari xalo, baina neurrigabeko garrantzia dutenak ikerketa-lan honek defendatzen duen tesiaren froga gisa.

        Lehenengo biek Parisera garamatzate, eta egun bateko denbora-distantzia motza besterik ez dute elkarren artean. Hirugarrenak, berriz, Donostiara bueltan ekarriko gaitu, duela hilabete gutxiko kontuetara. Jarrai diezaiodan, hala ere, ordena kronologikoari.

        1982. urtean izan zen; abuztuan, hain zuzen. Hogeita bost urte bete berritan, Pariserako bidaia egin genuen hiru lagunek, turismo egitera baino, abentura bila gehiago, garai hartan Espainiara motel samar zetozen neska frantziarren atrebentziak in situ ezagutzera. Baina joan nadin mamira, eternitateraino luzatzeko aukera emango bailidake bestela bidaia haren kronikak.

        Saint Michel bulebarrean paseoan genbiltzan hiru lagunak, bidearen bestaldetik, aurreko espaloian bera ezagutu nuenean. Gizon luzea, bizar handiarekin orduan, Luxenburgoko lorategietarantz zihoan Julio, oinez, bigarren eskuko liburuen postuetan noizbehinka geldialditxo bat eginez.

        Garai hartan, bere obraren jarraitzaile sutsua izateaz aparte, ia fanatismora heltzen zen miresmen moduko bat nion argentinarrari. Idazle asko nituen gustuko, baina beti esaten nuen idazle haren X liburua izugarri gustatzen zitzaidala, edo beste idazle mexikar haren Y liburua bikaina zela. Cortazarrekin, ordea, desberdina zen: bere unibertso osoa atsegin nuen, salbuespenik gabe eta debozio mugagabez. Horrenbesteraino maite nuen, ezen Cortazarren obran agertzen diren Parisko lekuak bisitatzera behartu bainituen nire bi lagunak: Rayuelako Maga egoten zen Pont Neuf hura, Jardin des Plantes-eko akuarioa (azteka-begiak zituzten axolotlei begira-begira jartzeko), Paris izeneko dama horren gonazpiko hainbat eta hainbat metro-estazio... Cortazarren Paris ezagutu nahi nuen, txorakeriak alde batera utzita. Eta lortu nuen, alafede. Lagunek ez zuten-eta beste aukerarik izan. Ulertuko duzue, beraz, nire ezinegona, hiribide erraldoi haren beste aldean jenio argentinarra ikusi nuenean.

        Saint Michelgo hartan, bidea gurutzatu edo ez egon nintzen, berarengana joan eta besarkada bat ematekotan, baina jende artean bat-batean desagertu eta ostera inoiz ikusiko ez nuen beldurrez, eskuekin ahoa inguratu eta —Tarzanen moduan— oihu bat botatzen besterik ez nuen asmatu: «Maeeeestro!» egin nion garrasi errepidearen beste aldetik. Gezurra badirudi ere, kotxeen artetik bidea egin zuen marru hura entzun egin zuen Cortazarrek, eta inguruko jende-andanaren artean zegoen maisu bakarra izateaz gain, gaztelaniaz hitz egiten zuen bakarrenetakoa izanik, berari ari zitzaizkiola ulertu zuen, eta buelta emanez, hiru lagunak geunden aldera begiratu eta nire eskuin eskuak eskaintzen zion agurra itzuli zigun: «adiooos, amigooo!» bota zuen Saint Michel bulebarraren beste aldetik, eta elkar ikusi genuen aldi bakarra horrela zigilatuta geratu zen, bata bestearengandik hirurogei bat metrora, elkarrekin egoteko eskubideari jainkoek betoa jarri baliote bezala. Huraxe izan zen, eta barkatuko didazue metafora saihestezina, bi lerro zuzenek topo egiten duten puntu bakarra. Eta topaketa hari zuku handiagoa atera ez izanaz damu banaiz ere, ezin uka daiteke Cortazarrekin hitz egin duten pertsonen multzo txikiko —hitz egin ez dutenekin konparatuz, betiere— partaide egiten nauela.

        Bigarren gertakaria, Saint Michelgoaren ostean —biharamunean— jazo zen. Cortazarren ipuinen artean gogokoenetarikoa dudana —Axolotl[10]— kokatzen den Jardin des Plantes-eko akuarioa ezagutzera eramanak nituen nire bi lagun errukarriak. Ero moduan zeharkatu nuen akuario osoa, kutxatxoetan sartutako ozeano zati haien artean nahi nuena topatu arte. Bat-batean, nahi gabe bezala, azteka-begiak dituzten arrain edo larba edo dena delako horien aurrean aurkitu nuen nire burua: han zeuden axolotlak. Txundituta geratu nintzen haiei begira, ipuineko protagonista legez. Ni ere hipnotizatuta nengoen, han, akuarioko iluntasun goxoan. Soilik liburutegietan eta akuarioetan egoten den isiltasuna zegoen. Eta horrelaxe nengoela, esku bat sentitu nuen sorbaldan, eta ahots bat atzealdean: «Julio», esan zidan ahotsak suabe-suabe. Astiro eman nuen buelta, nire gibelean nor topatuko. «Joder», esan zidan aurpegia ikusi ahal izan zidanean, «eres igualito que él». Hura poza eta harrotasuna sentitu nuena. «Tú también», esan nion irribarrez: aurrean neukan mexikarra atzean neukan axolotlaren berdin-berdina zen! Ez zuen nire ateraldia ulertu. Nire erreakzioarengatik konprenitu zuen, hala ere, bera etorri zen arrazoi berberarengatik nengoela ni ere axolotl haiei begira, eta Cortazarren jarraitzaile sutsua zela eta haren obra guztia irakurria zuela eta argentinarra ezagutzea zela bere ametsa eta horretara etorri zela Parisera kontatu zidan, halaxe, dena jarraian, eta arnasa hartzeko ia betarik hartu gabe. «Porque tú, ¿no serás hijo suyo?», galdetu zidan, Cortazarrek orduan zituen 68 urteak nire 25ekin mentalki konparatu ondoren. Barre egin nuen, semea ez nintzela aitortzen nion bitartean, baina bai idazlea eta Cortazarren jarraitzaile sutsua. «Pues eres como su reencarnación en vida», esan zidan. «Qué va, qué va», ukatu nuen apal itxuran, kontrakoa esan behar nion arren. Baina zer nekien nik garai hartan... Orduan izan banitu gaurko egunera arte bata bestearen atzetik pilatu ditudan frogak, ezagutu izan banitu artikulu honetan azaltzen ari naizen detaile hauek guztiak... Artean ez nituen, ordea, eta bere horretan geratu zen kontua mexikarrarekin. Tira, Saint Michel bulebarrean gertaturikoa kontatu nion, batez ere inbidia apur bat emateagatik, eta gorri-gorri jarrita, non eta noiz eta nola izan zen kontatzeko eskatu zidan, ia-ia zakarra iruditu zitzaidan modu ero batez. Eta kontatu nionean, kargu hartu zidan, gainera: «Está loco, compadre. Tenerlo ahí mismo y no cruzar ni la calle...».

        Hogeita bost urte geroago, nire bizitzaren istorioak eta Julio Cortazarrenak berriro ere topo egin zuten Parisetik zortziehun bat kilometrora, Donostian, 2007ko irailean. Nire lehen laburmetraia izango zenaren azken prestakuntzetan ari nintzen buru-belarri: deitu produkzio-buruari, deitu argazki-zuzendariari, hitz egin aktoreekin, hitz egin soinu-arduradunarekin... Zinema-zuzendari ororen ajeez gain, zinema-zuzendari hasiberri ororenak ere banituen: nerbioak, beldurra, emozioa, kezka, estresa, antsietatea... Baina egin egin genuen, filmatu genuen nolabait: ondo edo gaizki, bukatutakoan ikusiko zen. Hurrengo lana pelikula muntatzea zen. Horretarako, Artelekun atelier-a daukan Iñigo Salaberriarekin egin genuen tratua.

        Alessandro Baricco idazlea mintzatu zen, zuzendu zuen lehen pelikularen harira, muntatzailearen eta zuzendariaren artean sortzen den harreman bereziaz. Bere ustez, hiru figura motarekin soilik lor daiteke bizitzan baldintza gabeko intimitate benetakoa, eta hori guztia sexurik gabe: belauna puskatzen duzunean, zure fisioterapeutarekin; katolikoa bazara, zure konfesorearekin; pelikula bat egiten duzunean, zure muntatzailearekin[11]. Ez zaio arrazoirik falta.

        Eta hara nola garamatzan istorio honen joan-etorriak berriz Parisera, Iñigo Salaberriaren hitzen bitartez, Julio Cortazarrekin topo egitera. Izan ere, Iñigok jakin zuenean hamalau liburu argitaratuta nituela, mesedez eta faborez eskatu zidan oparitzeko haietakoren bat, gustura irakurriko zuela-eta. Bigarren ipuin-liburuaren ale bat ekarri nion, muntatze-lanetarako elkartu ginen hirugarren egunean. Mila aldiz eskerrak eman ondoren, esan zidan saiatuko zela bere iritzi xumea ematen. Baina iritzi xumea ez ezik, hitzaldi honetako puzzlea osatzeko behar-beharrezkoa den pieza ekarri zidan.

        «Hartu nuen zure liburua» esan zidan zeharo aztoratuta, «eta hasteko zita hori, Cortazarren Axolotl ipuinekoa. Ipuin horixe da Cortazarren ipuinetatik gehien gustatzen zaidana! Eta gero, irakurtzen hasi, eta Montparnasseko kale horien deskribapena! Hantxe bizi izan nintzen ni Parisen bost urtez! Zuk aipatzen dituzun kale horiexek zeharkatzen nituen egunero!». Pasa den mendeko laurogeiko hamarraldiaren hasieran joan omen zen Parisera, zinema ikastera. Montparnasse auzoko chambre batean bizi izan zen, orduko ikasle ia gehienak bezala. «Eta? Gustatu al zaizu ipuina?» galdetu nion kuriositateak jota, idazleok berezkoa dugun banitatea ezkutatu ezinik. «Lehendabiziko bi orriak bakarrik irakurri ditut» erantzun zidan nire harridurarako —eta zaputzerako—, eta bere istorioarekin jarraitu zuen, hil ala bizikoa balitz bezala: «Zur eta lur utziko zaitut. Karrera bukaerako proiektu gisa laburmetraia egitea izan zen gure lana Parisen. Elkarren oso lagun ziren bi txinatarrekin osatu nuen taldea, bakoitzak espezialitate desberdin bat ikasi baitzuen. Batek errealizazioa, besteak argazki-zuzendaritza, nik muntaketa. Errealizazioa ikasi zuenak, ezetz asmatu!, Axolotl ipuina aukeratu zuen laburmetraia egiteko; Cortazarren irakurle amorratua zen! Eta ez hori bakarrik: Julio Cortazarrekin berarekin kontaktuan jarri eta istorioa erabiltzeko baimena lortu zuen! Are gehiago: ez galdetu nola, baina Julio bera konbentzitu zuen aktore-protagonistaren papera jokatzeko! Txinatarrak...! Ez sinesteko modukoak dira! Ez dute etsitzen nahi dutena lortu arte!».

        Jarri zuten filmaketa-eguna. Prest zeukaten dena. Espainolez zekien taldekide bakarra Iñigo izanik, Julio Cortazarrekin egotea izango zen bere lanik behinena, harekin solas egitea, ezer falta ez zekion ziurtatzea. Ez zuen orduan Cortazarren obra ezagutzen, baina laburmetraiaren aurreko hilabeteetan, filmaketan idazlearekin egotea tokatuko zitzaiola bazekienez, obra osoa irentsi zuen goitik behera. Egun handirako lau egun falta zirela, ordea, pisukide txinatarrak —zuzendariak— Julio Cortazarren dei bat jaso zuen. «Barkamena eskatu zion, laburmetraiaren proiektuarekin aurrera jarraitu ezingo zuelako. Ez zion bestelako azalpenik eman. Izugarrizko shocka izan zen guretzat. Lur-jota, ez genuen proiektuari buelta ematen asmatu, eta bertan behera geratu zen».

        Lau egun geroago, 1984ko otsailaren 13an, filmaketa egitekoak ziren egun berean hain zuzen, kalera jaitsirik, idazlearen argazkia ikusi zuen Iñigo Salaberriak Libération egunkariaren azalean: «Julio Cortazar idazlea hil da». «Egunkaria erosi eta korrika batean igo nintzen apartamentura. Zuzendari-lanak egitekoa zen txinatarrak, aurreko egunetako penak gainditu gabe ohean zetzanak, halaxe esan zidan, egunkaria muturraren aurrean jarri nionean: «Axolotl bihurtuko zen, gizajoa»».

        Istorio hau beste edonork aditu izan balu, ezinezkotzat joko luke seguruenik, baina niretzat leiho guztiak irekitzea bezalakoa izan zen. Argitasuna egin zen. Ordura arte, zerrenda bat osatzen aritzearen modukoa izan zen, nobela bat idaztearen antzekoa, puzzlearen piezak elkartzen jardutea, ondo jakin gabe zein den puzzlea osatutakoan agertuko den irudia. Baina Iñigo Salaberriak kontatutakoak, argizariz betetako belarri-zuloak bat-batean irekitzen direnean bezala, nire buruari entzuten utzi zidan, edo hobeto esanda, nire buruak behin eta berriz errepikatzen zidana onartzen. Argia ikusi nuen! Beti gainean neraman karpetatik orri batzuk atera eta Salaberriari erakutsi nizkion. «Irakurri!» agindu nion. Izenburua ikusi bezain laster ulertu zuen dena: «Axolotl: laburmetraia baterako gidoi zinematografikoa». Aspalditik landuta neukan gidoia zen, nire hurrengo proiektuen artean lehentasun osoa zeukana.

        Hortik aurrerakoak izan dezake azalpen logikoagorik, aurki dakioke zentzu errealistagorik, baina ez da kausituko esferaren biribiltasuna, ez bada Julio Cortazarrek eta biok osatzen dugun marra beraren ikuspuntutik ulertua.

        Salaberriaren azalpen hau —artikulu honen tesiaren puzzlea osatzeko falta zen pieza izateaz gain— proiektuak behar zuen bultzada izan zen. Nire editorearen laguntzarekin, Cortazarren egile-eskubideak kudeatzen zituen agentearekin harremanetan jarri, eta Axolotl ipuinaren eskubideak lortu genituen. Egunkarietatik jakingo zenuten moduan, horixe da oraintxe bertan esku artean dudan proiektua. Patuak, nola ez, Cortazarren segida logikoa aukeratu du, Cortazarren oinordeko nagusia aurkitu du, idazle argentinarrarentzat hain berezia zen proiektu hura ia hogeita bost urte geroago aurrera eramateko. Pena bakarra daukat: Cortazar bera ez izatea gurekin, protagonistaren papera jokatzeko. Lehenago aipatu bezala, nik neuk beteko dut, noski, haren rola, bion arteko sinbiosi erabateko hau muturreraino eramanez modu horretan.

        Puntu honetara iritsita —eta bukatzeko—, zalantza-izpiren bat duen oro gure argudiora biltzen saiatuko naiz, azken azalpen honekin. Izango dira —seguru!—sinesgogorrak oraindik, ez berez horretarako arrazoirik geratzen zaielako, izatez egoskorrak direlako baizik. Halakoekin alfer-alferrik da mila eta bat azalpen ematea, arrazoia arrazoiaren atzetik jartzea, frogak bata bestearen segidan aurkeztea. Azken argudiatze honekin, beraz, bukatutzat emango dut nire lana, eta norbaitek zerbait argitu edo hemen aipatutako kontu konkreturen bati buruzko azalpen zabalagoa nahi balu, badaki non naukan.

        Ez dudala ahots propio bat eraikitzen asmatu, horixe izan da kritikariei nire obra literarioari buruz orain arte entzun diedan ondorio nabarmenena. Alde batetik arrazoi dutela esan behar dut. Nire ipuin-liburuak begiratzea besterik ez dago (Las armas al desnudo[12]; El comienzo del juego[13]; Odiamos tanto a Michael Jackson[14]), edota kritikaren aldetik horrenbeste arrakasta izan ez duten baina salmenta handiak izan dituzten nire zenbait nobela (Parchís[15] eta Veinte mil viajes de lenguas submarinas[16]). Baina, bestalde, nola izan ahots propioa, nire ahots propioa nire aita pontekoa den Julio Cortazar handiak eraiki zuena baldin bada? Edo, arrazoiketa irauliz, nola ez dut bada ahots propioa izango, nire ahots propioa Julio Cortazarrek berak zeukana baldin bada, ahots propio bakarra osatu baldin badugu Juliok eta biok? Argi dago ikuspegiaren abiapuntua non kokatzen den, halaxe aldatzen dela ikuspuntua bera ere. Alegia, bi pertsona independente garela pentsatzen bada, kritikariei arrazoi ematen ariko gara. Aldiz, pertsona berari buruz hitz egiten ari bagara, pertsona beraren halako segida moduko bati buruz ari bagara, Juliok sortutako ahots propioa indartua ikusiko da nire obran, berak hasitako bidea garatu dudala ikusi ahal izango baitute orduan kritikariek. Nire ipuin-liburuak ez dira Julio Cortazarrenen imitazio hutsak, haren ipuinen ibilbidearen hurrengo urratsak baizik. Esferarekin identifikatzen zituen maiz bere ipuinak; esferaren biribiltasuna erabiltzen zuen argentinarrak, ipuina nola ulertzen zuen adierazteko. Esfera bat ez, baina hiruki itxi moduan ikusten ditut nire ipuinak. Ez da kontzeptu bera, edo nahi bada, kontzeptu beraren hurrengo geltokia da. I. Retolazak Berrian esan zuen moduan[17], nire obra ez dago ulertzerik Julio Cortazarren obrarik gabe, eta zera erantsiko nuke nik jarraian: idazle baten azken liburua aurrekorik gabe ulertzerik ez dagoen moduan.

        Askok esango dute, hala eta guztiz ere, ezin naizela Julio Cortazarren oinordekoa izan, ezin naizela bere jarraipen literarioa —eta are gutxiago espirituala— izan, haren oinordekoa banintz bera hil zen egunean bertan jaio izan beharko nukeela argudiatuz, eta ez —nire kasuan gertatzen den bezala— berak 43 urte zituenean. Hauei gauza bat gogoraraztea besterik ez zait geratzen: esaera zaharrak dioen moduan, bat direla izena eta izana.

 

Ekain Kortabarria

Donostian, 2009ko otsailean

 

 

Editorearen oharra: Ekain Kortabarriaren ustekabeko heriotzak izoztuta utzi gaitu bere ingurukoak, hitzik gabe idazle handiaren hainbat eta hainbat miresle. Patuak nahi izan du artikulu hau aurkitzea, bere paper ugarien artean. Perfekzioaren hain zalea zen idazle donostiarrak zuzenketak egingo lizkiokeen arren, bere horretan argitaratzea erabaki dugu (gaztelaniazko izenburua errespetaturik), denontzat daukan interes metaliterarioarengatik.

 

 

[1] Grandes personajes a fondo: Julio Cortázar (1977). TVE.

[2] Cortázar sin barba. Eduardo Montes-Bradley. Editorial Sudamericana (2004)

[3] Mertxe Larrañaga; Idiakez kalea, 5. Donostia.

[4] Cortázar sin barba. Eduardo Montes-Bradley. Editorial Sudamericana (2004)

[5] Rayuela. J. Cortázar. Ed. Sudamericana (1963).

[6] Las armas secretas liburuan. J. Cortázar. Ed. Sudamericana (1959).

[7] Persiguiendo a Cortázar. Laurent Gascoigne. Ed. Le Tourne. 1995. urtea

[8] La prosa del observatorio. Ed. Lumen (1972).

[9] Beltzaren koloreak; ametsen autorretratuak. Kur galeria. Donostia. 2006ko maiatza-ekaina.

[10] Final del juego liburukoa. J. Cortázar. Ed. Sudamericana (1964).

[11] El País (2008-03-08)

[12] Las armas al desnudo. Txertoa, 1992.

[13] El comienzo del juego. Ttarttalo, 1996.

[14] Odiamos tanto a Michael Jackson. Bassarai, 1998.

[15] Parchís. Planeta, 2000.

[16] Veinte mil viajes de lenguas submarinas. Planeta, 2004.

[17] Berria (2006-5-22)