Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

24

 

Haize buhako azkarrak harritzen gintuela, kutxaren tapakia sotilki baztertu nuen burdin barraz. Ez nekien zer igurikatzen genuen, harrez eta zizarez troxatu hil-biziekiko film amerikarretako piztiaren baten agertzea agian. Ireki berri genuen zuloa bezain sakon genituen begiak. Plastikozko eskularruak jantzi zituen Nolwenek eta, zainetan bezala, oihal zaharkituaren izkina altxatu zuen. Bigarren puska bati ekin zion sinets ezin:

        — Baina... ez da gorputzik barne honetan!

        — Zer diozu?

        — Ez dela hilotzik? Nolaz?

        — Norbaitek ebatsi egin du! Eta harriz bete du ordainean...

        — Urrin zakarra dator ordea.

        — Pasatu den denborarena, menturaz.

        — Jainkoaren miserikordiak zaindu gaitzala —amildu zen Etxepare apeza; otoitzean zerraikan, ohar lurtarregiak lerrokatzen genituen bitartean.

        Hilobia zabalduz uste genuen gure hersturen hondarra helduko zitzaigula, baina misterioa lodiagoa baizik ez zen. Gordinagoa. Dorpeagoa. Paradisuak eta infernuak urrikalmendu uhin bakarrean juntatzen ahal zitezkeen arren, ez gintuzten ateka gaitzetik ilkitzen lagunduko. Betikoa errepikatzen nuen: mende laurdenak irentsi ote zuen Janaren gorpua? Non zegoen? Hezurrik ere ez zen azaltzen hondoan.

        Zurezko egoitza umilaren zoladura arakatu nuen. Kantoi batean emakume-poltsa bat aurkitu nuen: beltza, larruzkoa, errautsez emokatua. Nolweni eman nion. Argitxoarekin erraiak zirikatu zizkion.

        — Ezpain gorritzekoa, orrazia, mokanes lilitsua, antisorgailu plaketa, hamabost liberarekiko moltsa marroia, preserbatiboak, paper zuri bat zuzenbide batekin, irakurgaitza, rimel hodia, etxe bateko giltzak eta Jana Elgebeltzen nortasun agiria.

        — Ez da besterik?

        — Zer espero duzu?

        Nolwenen ahotsaren bortitza neurtu nuen. Aurkitu genuena baino gehiago igurikatzen genuela aitortzekoa nuen. Scullyren txanpa alegera hauteman eta kopeta inguratuz, ohartu nintzen, lohiz arras bezti, kamionetaren aizolbera lehiatu zirela Prezios, Ilse, Zoko eta Deborah. Osatua zuten misioa! Euria hasi zen eta hobe zen edozer gisaz aterpetzea. Etxepare apezarengana zuzendu nintzen Nolwenekin. Zernaitzeko kalostrapean erabili pistola jalgi nuen sakelatik. Oraindik belauniko zetzan gizon xifrituaren belarri gibelean plantatu nion, nahiz eta ez nintzen Nikita ospetsua.

        — Badukezu zerbait errateko...

        — Dakidan bakarra, duela hogeita bost urte haritz honen maldan ehortz meza laburra murmuratu nuelakoa da, Janaren gorputzarentzat neronek atzeman kutxaren aitzinean. Santxo Etxeberrik egin zuen zuloa. Behar zenukete haren elerratera joan nire arima torturatzen jarraitzeko partez.

        — Janaren aurkako kontratua bazela jakinean zinena?

        — Zer edo zer banekien. Erakundean molde batez edo bestez dena ikasten zen. Handik edo hemendik. Haatik, erabakia hartuz gero, ez genuen makina geldiarazten ahal. Ibili zebilen harri borobilaren parekoa zen, guztiak lehertzen zituen abiaduraz hantzen zenean.

        — Noiz ikusi zenuen Jana azken aldikoz?

        — Ehortzi genuen aitzineko astean preseski. Zernaitzeko apez etxera azaldu zitzaidan izuturik. Zurrumurruen arabera sentitzen zuen hilko zutela, eta ez etsaiek, taldeko adiskide propioek baizik. Koloreak zurbil zituen eta ageri zen aspalditik ez zuela bazkaldu. Eztia, intxaurrak eta ogi puska bat eskaini nizkion sosega zedin. Hapataka jaten zuen, abere ehizatua bailitzan. Janaren lasaitzen saiatu nintzen. Debalde. Ordularia martxan zegoen bere tik-tak lanzinantearekin. Eta geldiarazteko molderik ez.

        Hatsaren hartzeko isildu zen Etxepare. Hitzak mihi puntan eta hortzen harresian kolpeka ari zitzaizkiola nabari zen. Hustu behar zuen, behingoz norbaitek nonbait bere antzinako axola gabezia barkatuko ziolakoan. Matela umelaren eremua kilikatu nion pistolaz.

        — Eta?

        — Banekien eta... ez nuen ezer egin. Alderantziz, erakundeko botere mailarik gorenaren deliberoa sostengatu nuen, arazoak ekiditeko. Janak, aldiz, zintzoki ezeztatu zuen leporatzen ziotena. Histeria bulta bat pairatu zuen. Orro egiten zidan ez zela egia 400.000 frankoak ebatsi zituela eta, are gutxiago, Poliziaren informatzailea zela. Buruzagitzako norbaitekin hitz egin nahi zuen berehala. Ez zuen hiltzeko xede izpirik. Ulertzen nuen, gaztea eta polita baitzen, denoi bezala etorkizuna eskubide zitzaion.

        — Salbatzen ahalko zenuen?

        — Bai eta ez. Kordoka latza zen: begira, salbatzen banuen, ni ninduten hiltzera kondenatuko... ez banuen salbatzen, kontzientziak ninduen betiereko damuetara kondenatuko. Erakundearen agiri sekretuetan izkiriatua konplitzera utzi nuen. Funtsean, kontzientzia ez da pistola bezain lanjerosa. Hautua nire alde trenkatu nuen.

        — Biba zu!

        — Bake ederraz gozatu nuen zuek Zernaitzera hurbildu arte.

        — Non dago Jana?

        Terrenta bihurtzear nintzen. Janaren exekuziora eraman urratsak hobekiago ulertzen genituen orain. Zena zelakoa, Daniel Elgebeltzen arreba ez baldin bazen hilkutxan... nonbait bizirik iraun zezakeen, ez? Ametsetako lukainkaz asetzen nindoan. Hargatik Etxepare apeza mistifikatua izan zen. Janaren berririk ez zukeen. Sinesten ahal nuen. Edo Santxo Etxeberrik erail eta leku zokoratuago batean ehortzi zuen Jana debaldeko zeremoniarik gabe. Baikortasunaren eta ezkorkeriaren artean balantzan nenbilen: bizirik zen Jana... hila zen Jana. Argia... iluna. Zalantzak errausten ninduen.

        Nolwenen gerriari uztartu nintzaion andraidearen soinaren berotasunaz izpirituaren jabaltzeko. Etxepare keinuz ari zitzaidan:

        — Uste dut Daniel Elgebeltz eta Marti Izozta adiskideekin iraganaz mintzatzeko prest naizela. Luzaz ihesean ibili natzaie, apez nintzelako aitzakiaz, baina bereziki Janari gertatu zitzaiona ez nuelako erabat asumitzen. Aho sabaian bilisaren kiratsa itsasten zitzaidan. Gauez, lotarik, askotan Daniel elizako atean danbaz irudikatu nuen, arrebaren berriak ukan beharrez. Bistan dena, Elgebeltz jauna ongi ikasia da eta ez du nehoiz nire nardatzeko jaidura gaitzik izan.

        — Zorte handia duzu.

        — Galdatzeko deretxoa zuten. Erakundearen organigrama eta abertzaletasuna ikur zeramatzaten kideen haroa errespetatzen zuten, sobera eskakizun kritikoetan zinpurtzeko. Janaren ingurukoak, beraien itzalekin, jende onak dira. Ez ziren sekula nireganatzen ausartu. Jendetasuna finkatzen duen tasunetarik bat, alta, bizitzaren segurtasunaren mugetan ernatu arranguren zirikatzeko ahalbidean datza. Erabat.

        Hausnar elkorrez, elge zurbilean hedailo ezarri zen Etxepare. Kamionetatik ez zetorren zarata mikorik. Baldintza zailetan pausatzen zeuden lagunak. Scully barne. Nolwenekin, segidan tapatu genuen zulora botatu genituen hilkutxaren aztarnak. Janaren esku-poltsa genetxikan ordea azterketa gehiagorako. Paper purtzilduko zuzenbidea Nolwenek argituko zuen Poliziaren baliabideekin, eta preserbatiboan gatibatu esperma tanta idortuen DNA premiazkoa suerta zitekeen Janaren hondar sexu-partaidearen nortasunaren ezagutzeko. Jende arrunten memoria ez bezala, memoria genetikoa nehoiz ez zen ezabatzen. Munduko biziteriaren historia idatz genezakeen permiar aroko seigarren hormatzearen ondorioz harrietan kontserbatu hazietako DNA xingolei esker. Pentsamendu biribilak baztertuz, palakada galantak hegaldarazten genituen bozkariotsu, elkarri sorik gabe.

        Zuloa eta hobia izan zen lekuan belardiaren tapiz orlegia hedatu genuen. Merezi baizik ez zuen bakearen meneko utzi genuen milurteko haritzaren malda. Ordulariari behatu nion: goizeko biak ziren Zernaitzen. Pazko eguna hastera zihoala oroitu nintzen laneko arnesak kamionetara eramatean. Pazko eta hamaika Aberri Egun, hamalau aldarrikapen, hogeita sei anatema eta berrogeita zazpi garagardo godalet. Ni ere Pazko azkorriz sortua nintzela kantatzera nindoan, atzetik zetorkidan Nolwenek besarkatu ninduelarik, tinki eta trinko, musuz estali aitzin. Larrua lokatz malguan bertan joko genuen, zelatari egon ez balira Scully zakurra eta apeza. Fama txarrari ez genion txarragorik erantsi nahi.

        Etxepare zutitzen lauhazkatu nuen. Jana bizirik zitekeen eta ez nukeen harekin zeken eta zakar izateko arrazoirik. Pistola paltoko gordagian nuelakoaz segurtatu nintzen. Gizonak kamionetarainoko eremua plisti-plastatu zuen:

        — Elerran ezazue Santxo Etxeberri!

        — Justuki! Ez dugu beste ideiarik! Non kokatzen den badakikezu?

        — Otsalar komandoari esku ukaldi zenbait eman zizkion. Baionako Barrako altzairutegietan ari zen lanean, plan sozial baten karietara kanporatu zuteneraino. Ordutik Anzibarren errotu da, bere amaren sortetxean, bio labelarekiko laborantzari arras emana.

        — Errekonbertsio ederra.

        — Originala bai! Bio hori aberatsentzat da. SMICa irabazten duenak ezin du janari onik erosi. Zergatik bio kozinatu, hanburgerrak hain sanoak eta merkeak direlarik?

        — Galduko zara jauna... Baselizara garraiatuko zaitugu... Aski lelo gaurkoz! —ahots nekatua zuen Nolwenek.

        Ez zitzaion bio ekoizpenen aurka mintzatu behar, Enez Eussako landetan ahizpa eztigile eta ongailu zein belarzidarik gabeko baratzekari baitzeukan. Baiona gustatukoa zuela aitortzen zidan baina zerbait falta zela: hiri handietan, Wiesbadenen ere ikusi genuen halakoa, kausitzen ziren supermerkatu erako bio denda bat edo beste eskas zitzaizkion arras zoriontsu izateko. Maitale sutsua bederen bazuela ihardesten nion aldikal, barrezka. Arraileriatik aldenduz, hargatik bagenuen oraino bide Baionako ohantzeetara itzuli aurretik.

        Etxepare, kantonier arnesak eta biok kamionetan sartu ginen, atseden hartzen zeudenak iratzarraraziz. Antzara karranka galantak sumatu genituen.

        Etxeparek burua apal zetxikan. Apez etxean agurtu genuenean, jendetasunez, kafearen edatera gonbidatu gintuen. Astirik ez geneukan. Eskaileretan gora igo zen trinkili-trankala eta borta klaskarazi zuen.

        — Nora goaz orain?

        — Anzibarrera —erantzun nion Zokoren kezkari—, Santxo Etxeberrirengana. Goizeko seiak arte itxoingo dugu laborariaren lo-hausnarra ez trabatzeko. Harrituko da, harrituko dela!

        — Agian Jana bizirik dago —Ilseren boza zen: gozoa, beroa, amoretsua.

        Bagenuen adiskidetasun arduratsu horren sentimenduaren premia, izugarria. Argi zenez, gure itxaropena handik oren apurretara, Santxoren agerpenen arabera, hautsi eta puska zitekeen. Ahula zen miraila. Handia, arriskua. Herioaren erresumatik gentozen pikarrai.

        Bizkitartean Nolwenek zuen gidatzen, astiro. Zurrunga pare baten musika erlastuak gintuen behingoz memoriaren pleguetan hara bultzatzen.