Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

18

 

Ostiral Saindua bukatzear zegoen. Wittig Bar burbuilatsuan bildu ginen Jesusen Golgotako patarraren nekeak gainditzea ospatzeko. Zokok, Preziosek eta Nolwenek astea bukatzen zuten eta ni oporretan nintzen Pazko asteleheneraino. Alfertasunaren —zergatik beti alferkeria?— lehen orduak riesling hurrupatzen eman genituen. Chemical Brothersen musika entzuten, bata eta bestearekin funtsik gabe eleka eta bereziki gure artean tinkatzen, finkatzen, zinkatzen. Talde argazkia atera genuen, panoramiko moduan Prezios ohatzeko gisan. Irri baizik ez ginen, ahantziak bagenitu bezala mundua maldan behera zihoala eta Janaren zoritxarra. Ilsek gehitzen zuenez, jakin behar zen noiztenka break baten egiten...

        Deborah eta Scullyrekin etorri zen Zoko. Wittigenean zakurrak debekatuak ziren arren, harrerako butx zainartek sartzeko baimena eman zioten kanixe maitagarriari, baina nardagarria nire gustuko. Loriatua zen. Prezios, aldiz, bakarrik hurbildu zitzaigun bost metroko muturrarekin. Marlenen berri galdatu nion:

        — Eta Marlen?

        — Joan egin da. Atzo. Edo hobe, lekuak hustu zitzan erregutu nion. Ez nituen jasaten ahal bere ordreak, manuak, erabakiak. Eta behar nintzaien derrigor plegatu, bestela bikote krisia garatzen zidan. Arratsalde osoko negarrak, otoitzak, barkamenak eta errudun sentitzeak pairatzekoak nituen. Bada hein bat, ez duzu uste...

        — Baiki. Baina onartuko duzu zure heina zinez murritza dela.

        — Noski.

        — Eta?

        — Heldu den larunbatean Donibane Garaziko Moxtola skuatean lesbian speed dating bat antolatuko dute. Zorte on gehiago ukanen dut barnealdeko neskekin.

        — Baliteke.

        Ez nintzen segur. Sexu bereko pertsonen ezkontzea eta homosexualitatea bera eskoletan aipatzea debekatua zen Frantziako erresuman bezain Euskal Herriko iparraldeko partean. Lesbianak ez ziren, horrela, Preziosen begi zoragarriengatik txori papo gorrien pare zuhaitz biluzien kaskoetan kantari jazarriko. Edo bai? Nire sorbaldan pausatu zuen burua eta larru beltzaren distirak ukiduraren mugetaraino eroan ninduen. Preziosen kontsolatzen zinpurtzen zen Ilse, argazkian bederen uros ager zedintzat. Bistakoa zenez, sentimendu tristeak ez ziren manatzen, baina haien dorpea arindu zitekeen adiskidantzaren bidez.

        Mahai erraldoiaren borobilean metatuak ginen, basoak arradaz eta bara-bara. Hamazazpi urteko nerabeak ginen, axola eta helburu gabe. Doi bat ero zerrakeen Arthur Rimbaud zenak. Haatik, halako batean, Nolwenek paper puska handia jalgi zuen bizkar-zakutik, hedatu eta arkatzak banatu zizkigun. Serioski ari zen. Gure harremanen sarea marraz genezan nahi ote zuen The L Worldeko Aliziaren moduan? Preziosek gauza bera pentsatu zuen soa histen zitzaiola. Ilse ttattit zegoen. Zokok Deborah-ren altzoan pausatu zuen burua amultsuki. Bela zorrotza eta djellaba beltza zeramatzan soinean, beira urdineko betaurrekoak aurpegiaren erdian eta marka isilduko dudan kirol zapata kolore aniztunak oinetan. Zoriontsu ziruditen biek Scullyri musuka. Nolwenek laguntza eskatu zidan riesling edari jainkotiarrak itotzen ez zizkidan neuronak haiatu nitzan otoiztuz:

        — Demagun paper zuri hau dela gure ikerketa eremua. Badakizue engoitik Daniel Elgebeltz bere arrebaren atzetik doala. Ditugun xehetasunen arabera entseatu gaitezen nor-nori-nork haren oihala iruten.

        Danielen eta Janaren izenak idatzi zituen. Elerran nituen ohiko sospetxosoenak pausatzekotan geratu nintzen. Ordez, hartu berri genuen taldearen argazkia jarri nuen paperaren erdian, ikerketa aitzinatzeko premiazkoak ziren elkartasuna, batasuna, instintua, memoria, iraupena, heziketa, adiskidantza eta maitasuna irudikatzeko. Jimmy izkiriatu nuen, Lavigne, Izozta eta Dupont de la Cuna, bakoitza Janarengana iristen zen zagita meharraz ilustratuz. Preziosek Julieta eta Marietaren ikurrak pausatu zituen. Zokok izen guztien aldean galdezkako seinale gotorra marraztu zuen. Itxuraren azpian Txatxo txertatu genuen, egitura guztiaren giltza bailitzan. Bururatzean lau urrats atzera eman genituen Lilly Rushek Philadelphiako FBIko bulegoan zegikeen eran, hausnar eta arranguratsu. Zaunka erlastua askatu zuen Scullyk.

        Etsitzekoa zen. Paperean etzan Janaren desagertzea ez zen zoharragoa. Edatekoa manatu genuen. Rieslinga burrustan uholdetu zitzaigun Wiesbadenen bezala. Biologikoa aldion. Wittig Bar hertsi arte egon ginen pantailan iragaten ziren bideo lizunei begira: oldozkun genuen alabaina. Txatxo solastatuko nuen eguerdi aldera Donostian. Baldinba, Nolwenen dokumentuan pausatzeko zerbait lotura berri idoki nezakeen. Espero nuen behintzat. Ostatuko atean errondan nagitu ginenean, partida zailaren bezperan garaipenean sinesten ez zuten Aviron Bayonnaisko jokalariak baikinen, Nolwenek ahapekatu zigun:

        — Darth Vader komandokoen gutuneko 400.000 franko haien hatza atzeman duket. Baldintza erabiltzen dut nahitara.

        — Eta?

        — Parisko banku pribatu batean atrakoa izan zen 1985eko uztailaren 14an, begiraleak oro telebistari iltzatuak zirela Champs Elyséesetako erakusketa militarra ikusten.

        — ...Qu'un sang impur abreuve nos sillons!

        — Amaia! Mesedez! Gertatzen da dirutza hori ez dela sekula aurkitu. Urtu egin zen nolabait.

        — Nor ziren ebasketaren egileak?

        — Misterioa da. Batzuek diote droga, arma eta emakumeen trafikoan nagusitu nazioarteko gaizkileek obratu zutela. Besteek, orduan indarrez zihoazen ekialdeko terrorista taldeen ildoa jorratu zuten. Emaitzarik gabe.

        — Europar jatorriko terroristak izan zitezkeen?

        — Zehatzago bazina, Amaia...

        — Ba, IRA, ETA edo FLNCkoak demagun. Laurogeiko hamarkadan indartsuak ziren.

        — Xendra horrek ez du ezer eman.

        Wiesbadendik itzultzean burutik behera beltzez beztitu gizonen errabia erasokorrak frogatzen zuen bazirela oraino zenbait dirutza faraonikoaren atzetik zebiltzanak. Jotzeko eta, behar izatera, hiltzeko prest ziren gainera. Nire haragi kolpatu eta ubelduaren muinetik beretik nekiena. Noren eskuetan ziren laurehun mila franko haiek? Janarenetan? Berdin norabide faltsuan eratorrian ibilarazten gintuen lekukoetarik batenetan? Lumaz hantu putzuken pare elkarren aurka borrokatzeko baliatzen nindutela ziruditan unean suspertu nintzen karkaraz:

        — Agian ez zuten franko meta hura eurotara aldatu 2001eko urtarrilaren 1etik hara! Zorigaitzez hamar urteren buruan euroa krisian dago. Ezjakin superinformatu aho zabal bakanek txanponaren bukaera iragartzen dute eta salbatzerik merezi duenetz terrentaz galdatzen... Hahahaha!

        — Erraza da trufatzea —zerrasadan Zokok—. Pentsatzen duzu hiritar europar arrunten makurrari? Hauek dute krisia larrutik ordaintzen, ez biktima gisa aurkezten zaizkigun banku eta aferagileek. Brusela jada pobreenei janari mailako emaitzen murrizteak erabakitzen dabil, dakizkigun soberakinak direlarik bestalde.

        — Grezia belauniko jarri zuten. Italia eta Espainia gero. Denetan haserre gorriaren hariari tiraka, jendeak manifestatzeko hitzartzen dira. Euroa laster moneta egituraren zero graduan date. Ez txarra delako —zerraikan Preziosek—, baizik eta dolarra etsai duelako. Uste duzue Amerikak amore emanen duela?

        — Eztabaida arraroa daramazue goizeko hiruretan Wittig Bar-aren aizolbean. Edanak izanik gainera! Eñaut Etxamendiren Ekonomia klasearen ordua balitz oraino! Hobe genuke etxera, ez?

        Nolwenen aholkua onartu genuen. Gauaren erdian (bis) barreiatu ginen. Oteizaren burdintailua jotzen zuen itsas aldetik zetorren haizeak. Herdoila purruska bat iltzatu zitzaidan begi zurian. Uhinen dzangen neurrian torratzen nuen ninika: gaixo Oteiza, hor, bakarrik, gaixo hi, ordu txikietan nehor ez dabilen hiriaren bihotzean errotua! Itsasargiaren zirrista distiratsuak nire pentsamenduaren balizko kaltegarritasuna ebaki zidan eta Nolwenen aldamenean kuzkurtu nintzen, galernaren minean talaiarik seguruena bailitzan. Eskua pasatu zidan lepondoan. Hatzaz balakatu minbera neukan begizuloa. Hotz zegoen. Munduko kide beroenak bide ginen. Sutan geneuzkan ahurrak, sabelak, bularraldeak, sorbaldak, zango arteak, besapeak, ixter xixterrak, oin zolak eta belaun hezurrak. Amodiorako sortu gintuzten, ustekabetarik, biraoka asmatu ezinez, norabideak uhertuz, egiazko gure nortasunak irakiten zeudela, lurraren azala kraskatzen, errausten, xehatzen, zimurtzen, pairatzen, xifritzen zihoan bitartean.

        Miarritzeko Herriko Etxearen oinetan gaueko chronoplus sareko autobus berdea harrapatu genuen. Nolwen eta biok baizik ez ginen garraiogailuan. Lauzpabost gazte sartu ziren Angelun, kantu, garrasi eta desafio. Neskek akiturik ziruditen, mutikoak prest zirela ziotenaren arabera Donostiako pubetara lehiatzeko. Segur aski ohearen epeltasuna hautatuko zuten guztiz gehienek. Berandu zen alabaina. Argi uhargietan zehar andraidearen begitartearen zorrotza miresten nuen: Bretainiako lehorren maneran sardeztatua zen eta begi orlegiak kai-txori gosetuen pausaleku eztiak zitezkeen. Egiazki maitemindua nintzela onartzekoa nuen. Wiesbadengo Trend tabernako nire aitortza ez zen halaz gezurrezkoa. Egia erran, gustatu zitzaidan nola argitu zigun 400.000 frankoen misterioa. Alegia deus ez.

        Lau mezu nituen etxeko telefonoaren erantzungailuan. Daniel Elgebeltzen bat. Donostian izana nintzenez nahi zuen jakin. Hiru aldiz publizitate-dei-zaborrak. Ez genuen ihesik. Zena zelakoa, hortzak garbiturik etzatera abiatu nintzen. Elgebeltzek igurikatuko zuen. Nolwenek Wittig Bar gozagarrian elkarrekin marraztu papera egongelako murruan zintzilikatu zuen, Lenin eta Janis Joplinen posterren artean.

        — Afera osoa begi-kliska soilaz ikusten ahal dugu horrela.

        — Goiz, arrats eta eguerditan... Hoberena zara!

        — Mila esker, zure laudorio garaiza burla edo musika den ez dakidan arren.

        — Biak, kapitain Kergelen. Ohantzea aiduru dugu.

        — Nahi zaitut, nahi zaitut, nahi zaitut orain...

        Denborari denbora etsai jo genuen larrua. Moisesen mana bezain ona zen izerdiaren herio txikia. Munduarekin baketzeko tramankulurik egokiena. Amets izugarrian murgildu nintzen gero: norbaitek Cry baby abesten zuen, hiri ertzeko hamar metro gorako harresi zurbilean ixtaklok nengoen urrikalkor, Lisbeth Salander zitekeenaren ileak orraztatu nituen arraposki, eta bertigoak edo mendigaitzak jo ninduenean orro garratza hauteman nuen, sangreaturiko aberearena edo labankaden ondorioz odolez husten zihoan pertsona batena.

        Banpez iratzartu nintzen. Beharrik ez zela ganbaran nire kaskoan bezainbat nahasmendurik! Nolwenen bularretan pausatu nuen kopeta kolpatua, oihuaren ozenak sinapsiak kateztatzen zizkidala.