Zaharrak ez zuen hil nahi
Zaharrak ez zuen hil nahi
2011, nobela
160 orrialde
978-84-92468-32-4
azala: Unai Iturriaga
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2015, nobela
 

 

Izenaz beste

 

Agustinek eta Aitorrek azaletik baino ez zuten ezagutzen elkar. Inoiz lankidea tabernara eramana nuelako gurutzatuko zituzten hitzen batzuk. Asteazken gaua zenez, ez zebilen jenderik tabernan. Aitorrek eta biok arrautza frijitu batzuk jan genituen sukaldean, Agustinek eguneko azken kafeak eta trago bakanen batzuk zerbitzatzen zituen bitartean. Hamaikak aldera, Agustinek kontuak egin eta kamerak betetzen zituelarik, erratza pasatu genuen Aitorrek eta biok. Erratza pasatu ahala, taberna zoruko hondakinak ez ezik, egun batzuk lehenagoko Gerardo Setienen eta Jose Mari Rubioren hitzak ere biltzen ibili nintzen. Argi zegoen Setienek esan zituenekin ez nintzela urrutira joango. Esan ez zituenak bildu beharko nituen. Ez zidan galdera bakar bat ere egin. Galdera eskaeraren sinonimotzat eta eskaera ahulkeriatzat jotzen duten horietakoa delako hainbatean. Ez zuen kortesiazko hitz bakar bat esan. Agian hauxe da nardagarrien iruditu zitzaidana. Onartu behar dut, atseginez hartu nuela alabari aterarazi zion ardoa, baina, gizalegez, galde ziezaiokeen gonbidatuari zer hartu nahi zuen. Rubioren hitzei esker Hondarribiraino, bederen, joan nintekeen. Taberna jasotzea amaituta, mahaian jesarri ginen, garagardo bana aurrean. Agustinek mahaian utzitako poltsatik belarra hartuz txirri bat egiteari ekin zion Aitorrek.

        Mutilak, hauxe eta hauxe zagok. Eta kontatu nien ehorzlearen deiarekin hasitako kontua; alegia, harekin izandako elkarrizketak, baita ere amarekin, izeko Margaritarekin, Elenarekin eta bere aita Martin Lopez Aginakorekin, Gerardo Setienekin eta Jose Mari Rubiorekin izandakoak. Kontatu nizkien gero Poli Urizarren koadernoaren kontua, izeko Margaritaz izandako iritzi aldaketa, eta... hau guzti hau idazten nenbilela.

        Eta Bolatokiko partiden jitea ezagututa, partidena eta joko-kideena, nire ondorioa zein zen adierazi nien. Behin-behineko ondorioa.

        Agustin beste zigarro bat egiten ari zen eta Aitorrek, ikusita amaitu nuela, atzamarretan zeukana pasatu zidan.

        — Kontu bitxia —hasi zen lankidea—, desagertu eta bizitza berri bat hasi. Noizbait edonori bururatu zaiona. Nortasun aldaketaz hitz egiten diagu, baina izena aldatzeak ez zakarrek halabeharrez nortasuna aldatzea.

        Tirakada batzuk egin ondoren Agustini pasa nion txirria, eta txirriarekin batera txanda, txanda hartu baitzuen, behintzat, eta honelatsu ekin zion:

        — Desagerpenaren zergatia diagu lehenengo, gero nola gauzatu zen; nora, zertara eta zein izenekin joan zen; hire gurasoen banaketak zerikusirik izan ote zuen. Argi zirudik, berak prestatutako heriotza izan zela, eta, horrenbestez, planifikatua zuela beste nonbaiten beste norbait izatea.

        — Matias Pascalek bezala —eten zuen Aitorrek.

        Ez genion jaramonik egin eta jarraitu egin zuen Agustinek:

        — Ez dik erraza ematen gaur egun bere ibilbidea jarraitzea, ez baitugu informaziorik, eta zaila ikusten diat eskuratzea, urte mordo bat joan da-eta.

        Nik ez nuen uste loturarik izango zenik banaketaren eta desagerpenaren artean. Batetik bestera ia hamar urte pasatu izanak ezin zuen besterik adierazi. Banaketaz, gainera, ez nien ezer aipatu, amak esandakoaz esan nahi dut, banaketaren zergatiak eta hori guztia. Eta ez nien esan, ez soilik amari zor diodan begiruneagatik, alegia, ez naizela nor bere kontu intimoak, intimitatean niri esanak, beste norbaiti kontatzeko; aitortu behar dut bazegoela beste zerbait, lagun haiei ama beste gizon batekin ibili zelako banatu zirela esatea eragozten zidana, azaltzen ez dakidan beste zerbait, aldi berean sumaezina eta presentzia handia zuen zerbait.

        Letra hauek etzaten dihardudala, zalantza bat datorkit berriro ere. Zeharo areagotua oraingoan. Banekien zenbat eta gehiago barneratu intimitatean, norberarena zein bestearenean, orri hauentzat onar nitzakeen balizko irakurleak murriztuz zihoazena. Une honetan ez dut irakurle bakar bat ere aurreikusten. Ez nintzen hau idazten hasi inork irakur zezan, baina orain inork ezin duela hau irakurri begitantzen zait. Denbora pasatu ahala alda nezake iritzi hau, sentimendu hau. Hori diost arrazoiak. Pascalek, beste Pascal batek, esan omen zuen legez, bihotzak ba omen ditu arrazoiak, arrazoiak ulertzen ez dituenak. Hala ere, gaur gaurkoz, ez nioke inori utziko. Beharbada, Polik eta Asunek egin zuten bezala, nire liburuen artean gorde beharko nuke izkribu hau eta zoriak erabaki dezala etorkizunean noren eskuetan jarri. Edo patuak. Edo gutunazal batean gorde, hil ostean irekitzeko aginduarekin eta, nahi izanez gero, irakurtzeko baimenarekin. Edo begi guztietatik betirako ostendu.

        — Batek zakik bizi den ere —esan zuen Aitorrek—. Dena den, Rubioren Hondarribiko apartamentuaren hariak ez ezik, urte mordo bat igaro izanak ere erraztu egin zezakek informazioa eskuratzea. Gertaeretatik lasterrera baino askeago hitz egin zezaketek Marlon Brandok, Bitxigile Damutuak eta Bolatokiko Tabernariak. Gustatuko litzaidakeena, baina, Poli Urizar horren koadernoa irakurtzea duk. Hik kontatu duanagatik, hor ere bazaudek izen aldatzea, halabeharra, patua. Biak igaro zituan bat izatetik beste bat izatera, bizitza berria beste leku batean, lehengoa ezkutatu beharra.

        — Polik ez zian aukeratu —zuzendu nion.

        — Nola ez ba? Polik aukeratu egin zian, izenez eta lekuz aldatzean gutxienez. Planifikatu egin zian, hire aitak bezala. Gaur goibel batetik biharamun ezezagun batera jauzi egitea aukeratu eta prestatu zian. Bigarrenean ez, orduan bat-batean, eztul bat egiteko behar den denboran igaro zuan egoera egonkor batetik beste muturrera: ihesera eta sasira. Nolanahi ere, irakurri egin behar diagu, osagai guztiak eskuan ditugula hitz egin ahal izateko.

        Aurrena ehorzlearekin komentatu behar nuela kontua, azaldu nien, ez bainekien haren baimenik gabe koadernoa zabaltzea egokia zen edo ez, nahiz eta nire eskuetan utzi zuenean kontrakorik aipatu ez zidan. Ehorzlea bera ezagutzea ere ez litzatekeela gaizki egongo, iradoki zuen Aitorrek. Tarterik gabe, Agustinek galdetu zuen ea nor zen Matias ez dakit nor hori.

        — Matias Pascal —zehaztu zuen Aitorrek—. Matias horrek prentsan irakurri zian bere buruaz beste egin zuela. Alegiya —honela esaten baitzuen Aitorrek zerbait azpimarratu nahi zuenean, alegiya—, bere buruaz beste egin zuela norbaitek eta Matias Pascal zuela izena. Zabaltzen zitzaioan atea igaro eta, egoera profitatuz, desagertu egin zuan, Adriano Meis izenarekin agertzeko. Baina bizitza berriak gogaitu egin zuenez gizona, Meis jaunaren suizidioa antzeztu zian, berriro Matias Pascal izateko eta etxera itzultzeko. Emaztea beste batekin ezkonduta aurkitu zian eta seme-alabek ez zitean ezer nahi berarekin.

        — Izan ere, horrela itzultzea... —barre egin zuen Agustinek.

        — Poli Urizar ere itzuli egin zuan —erantzun zion Aitorrek.

        — Baina ez utzitako emakumearengana. Zer nahi duk ba, atea jo eta besoak zabalik lepora salto egitea, afaria mahaian duela esatea edo arrastaka ohera eramatea? Munduak bueltak ematen segitzen dik norbera gabe ere.

        Neu ere sartu nintzen solasean. Izan zela Londresen bere etxetik alde egin zuen gizon bat, dei diezaiogun Wakefield, astebete kanpoan egiteko eta emazteak zelan jokatzen zuen ikusteko asmoz. Hurbileko kale batera joan zen, aurrez alokatutako apartamentu batera. Hogei urte egin zituen horrela eta, gero, etxera itzuli zen. Matias eta Polirenera itzulita, bazegoela alderik euren artean, lehena fikziozko pertsonaia baita eta bestea haragizkoa izan zela.

        Aitor ez zetorren bat. Kea ahotik zeriola hasi zen esaten, ea zer demontre den fikzioa eta zer errealitatea.

        — Poli izan izan zuan, hor ez zagok zalantzarik. Baina bere koadernoa errealitatea ala fikzioa da? Ziurrenik bietatik esango didazue, baina zenbat batetik eta zenbat bestetik, hori beste kontu bat duk. Edo hik idatzi duana honetaz guztiaz, ez al da, ba, fikzioa? Ehorzlearen deia eta hilerriko enkontrua errealitatea dituk, baina hik hartaz idatzitakoa, zer da? Eta hire aita? Hori bai dela fikzioa!

        Ez ditut hitz horiek sekula ahaztuko. «Hori bai dela fikzioa!» entzuten dut harrezkero kontu hauek gogoratzean.

        Wakefield etxera itzulitakoan gertatutakoa jakin nahi izan zuen Agustinek, zelan hartu zuen emazteak eta abar.

        — Hori ez zakiagu. Etxean sartzen denean amaitzen duk istorioa —argitu nion—. Benetako gertaeretan oinarrituta omen zagok.

        Isiluneak iradoki zidan, beharbada ez zutela Eduardo Bertiren berririk.

        — Duela urte gutxi batzuk, La mujer de Wakefield argitaratu zian idazle argentinar horrek. Gizona etxera itzultzen denean hasten duk kontakizuna. Eta emaztea duk protagonista.

        — Polik soldaduskatik ihes egin zian, Afrikako edo Kubako gerretatik —sintesi lanak egiten hasi zen Aitor —; Pascalek bere izen bereko baten suizidioa profitatu desagertzeko; Wakefield hori astebete kanpoan egiteko irten, emaztea zelatatzeko, eta hogei urte geroago itzuli, ridikulu galanta eginez; eta hire aita, ez zakiagu zergatik, arrastorik utzi gabe joan zuan.

        Luze jo zuen tertuliak. Matias Pascal, Wakefield, Cosme Gezeta, Poli Urizar. Txanda desordenatuetan hartzen zuen batek edo beste batek lehentasuna solasean. Aitorrek laurekin amaraun bat osatzeko joera erakusten zuen bitartean, Agustinek Cosmerekin eta Polirekin harilkatzen zuen berea, pertsonak pertsonaien gainetik, nolabait. Hari nahaspilatu honen paraleloa osatuz, errealitatearen eta fikzioaren arteko harremanez eztabaidatu genuen gau hartan, susmoa dudan arren hainbat momentutan ez geniola elkarri ulertzen, eta norbere buruari ere ez beste hainbatetan.

        Mahaitik jaikita, Aitor eta biok kanpoan ginela etxerako bidea hartzeko asmoz, Agustinek galdera batez agurtu gintuen, era absente batean egindako galdera:

        — Baina, hire aita, zergatik desagertuko ote zuan?

        Nire etxeko ataria metro gutxira zegoen. Aitorrek bazuen ordu laurdena berera. Ordu txikietan irten daiteke molde zaratatsuan tabernatik eta irten daiteke kaleko isiltasunarekin bat. Gu honela irten ginen. Isiltasuna hain zen erabatekoa, ezen ahapeka hitz egitera bultzatzen baitzuen. Halaxe, ia-ia xuxurlatuz, berriro ekin genion Setienekin eta, bereziki, Rubiorekin izandako elkarrizketen gaineko solasari. Neuk ekin nion, Aitorren galderei itxaron gabe, etorriko ez ziren galderei itxaron gabe. Ke-hodia hondatuta zeraman moto gogaikarri batek baino ez zuen isiltasun hura eten. Motoa pasatzean ez nion ozenago hitz egin, isildu egin nintzen. Motor burrunba erabat desagertu zenean, halakoetan gertatu ohi den legez, eten aurretik zena baino isilagoa zirudien isiltasunak. Inguruko etxeren batetik entzun nintzaketela ere bururatu zitzaidan. Harira joan nintzen, hau da, ez nintzaion hasi Setienen eta Rubioren soslaiak egiten, ez nituen Brando eta jainkojaleak, bataren alaba eta bestearen seme-mina aipatu. Hondarribikoa azpimarratu nuen. Aitor ere ez zen hasi Matias Pascal gora eta Wakefield behera. Uneak eskatzen zuena egin zuen. Eta neronek espero nuena.

        — Hik lor ezak Bolatokin hire aitaren argazki bat eta joan hadi Hondarribira. Nahi baduk lagunduko diat.