Zaharrak ez zuen hil nahi
Zaharrak ez zuen hil nahi
2011, nobela
160 orrialde
978-84-92468-32-4
azala: Unai Iturriaga
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2015, nobela
 

 

Ez zen kontu luzea izan

 

Larunbatean amarengana joan nintzen bazkaltzera. Zor nion. Aurrekoan halako berri bat eman eta gero zor nion. Banekien desagerpenaz ez nuela argi handirik jasoko amarenean, baina agian lagunduko zidan aitari buruzko konturen bat argitzen. Joan nintzaion, ba, eta atarian aurkitu nuen neska batekin berbetan.

        — Hara nire semea, hemen Amaia, lehengo egunean aipatu nizuna.

        Gogoan nuen Amaia, ni baino urtebete edo bi gazteagoa, txiki-txikitatik ezagutzen genuen elkar. Urte hauetan, ordea, ez dut une batez ere akorduan izan.

        — Arte Ederretako Museoan lana aurkitu nuen eta hona itzuli naiz bizitzen —esan zuen—. Asko pozten nau zu ikusteak.

        Egongo gara batekin agurtu genuen elkar eta zain izango zen txitxarroaren bila joan nintzen amarekin. Neska nuen buruan. Urteetan deus izan ez dena gogoan, nola har lezake osorik gogoa, une labur batez izan arren.

        Aldarte oneko eta berriketarako prest aurkitu nuen ama. Poztu egin nintzen. Alai zebilenean izaten zuten distira zeukaten bere begiek.

        — Zer iruditzen zaizu Amaia?

        — Ondo.

        — Ondo?, hori da esateko duzun guztia?

        — Ondo baino hobeto. Neska ederra benetan.

        — Hori hobeto dago. Zelan gabiltza neska kontuetan?

        — Ahal den moduan —keinuagatik ez zitzaion erantzun oso zehatza begitandu—. Ahal dudana egiten dut, ama.

        — Ziur naiz ezetz —eman zion amaiera gaiari.

        Nire adineko askok, gehienek beharbada, nola edo hala ezkonduta, espeziearen jarraipenari bere ekarpena egina zioten ordurako. Hala eta guztiz ere, aitortu behar dut amak ez zidala inoiz esplizituki bide hori iradoki. Ez duzu ezkontzeko asmorik? Ez zara inoiz ezkonduko ala? Aurkitu behar zenuke neska bat. Aurkitu behar zenuke ganorazko neska bat. Ez zidan, ez, halakorik esaten. Esplizituki. Beste era batera jokatzen zuen: Zelan zabiltza neska kontuetan? Baduzu neskalagunik? Gisa horretan ekiten zion gaiari. Susmoa dut sekula ez zela gustura geratzen nire erantzunekin eta hauek iradoki ziezaioketenarekin.

        Bazkalostean kontatu nion izeko Margaritarekin izandako enkontrua. Harekin hitz egindakoa, ez ordea ez niola sorgin itxurarik antzeman. Eta kontatu nion baita ere izotzaren inguruko ehorzlearen hipotesia.

        Ez zion ez batari ez besteari heldu. Galdetu zidana izan zen ea ikerketarekin edo dena delako horrekin jarraitzeko asmorik nuen.

        Baietz erantzun baino lehen ahalegindu nintzen bere nahiez jabetzen, amak berak nahi zuenetz jarrai nezan. Ez nion antzik hartu. Berriro Margaritarekin egoteko asmoa nuela jakinarazi nion, hark izan zitzakeelako aurrera egiteko giltza batzuk. Ondo zeritzola adierazi zidan amak. Ez zidan goraintzirik emateko agindu.

        — Ama, zergatik banatu zineten?

        Ez nuen galdera hori egitea pentsatuta. Ez berarengana joan aurretik, ez egin baino minutu bat lehenago. Galdera entzun nuen unean (entzun nidan esango luke Aitorrek) konturatu nintzen zer galdetu nion. Ezin dut ziurtasunez esan zergatik galdetu nion banaketaz. Alde batetik, uste dut, ordurako, ehorzleak goizeko zortzietan deitu zidanetik, piztua nuelako nolabaiteko jakin-mina, batzuetan nabarmen indartzen zena. Beste batzuetan moteltzen. Amaren aldarteak eta gaiaz erakusten zuen distantziak ere izango zuten zerikusia. Berez izan nezakeen zilegitasuna agian areagotua ere sumatzen nuelako, bizi osoan ez niolako behin ere galdetu. Kontua da galdetu egin niola:

        — Zergatik banatu zineten?

        Ehorzleak deitu zidala esan nionean bezala, koilaratxoari eragin zion kikaratxoan, orduko hartan baino mantsoago. Begiak altxatu eta begiratu egin zidan. Irri ñimiño bat. Samurra. Ez nion minik antzeman. Batek daki.

        — Urte hauetan makina bat bider pentsatu dut zer erantzungo nizun hori galdetuko zenidanean. Zenbat erantzun ezberdin pasatuko ziren nire burutik, bakar bat ere ezpainetara iritsi gabe, ez baitzenidan inoiz galdetu.

        Aitaren hilobiaren absentzia aipatu nionean bezala, gorri leuna zabaldu zitzaion masailetan, orduan baino leuntxeagoa esango nuke. Oso bat zetorrena atzazaletan zuen margoarekin. Ohikoa zuen atzazalak margotzea. Ume nintzela, inoiz edo behin, niri ere margotu zidan atzazalen bat bereei esmaltea ematen ari zela. Beti egiten zuen harrikoa eskularruak jantzita, baita azulejuen edo komunaren garbiketa. Estimu handian zituen bere eskuak. Baina, egia esan behar bada, berarekin nengoenetan ez nion atzazalen koloreari erreparatzen, ez behintzat orduan bezala. Eta orduan erreparatu banion ez zen soilik masailek hartutako kolorearekin zuten sintoniagatik. Batez ere Bolatoki tabernako Elenaren eskuak gogora ekarri zizkidalako izan zen. Zalantzarik gabe. Izan ere, amaren isiltasun hartan, Elenaren eskuak nituen gogoan, Elena bera gogoan izateko moduetako bat. Halako egoeran, alegia ordura arte inoiz galdetu ez nionaren erantzunaren zain nengoela, beste esku haiek gogoan izateak zerbait adierazten zuen. Arreta osoa banaketaren zergatiez esango zidanaren zain izan behar nuen une hartan, bazen laster erantzungo zidanari lehia egiten zion beste arreta puntu bat. Bi kontu hauek nituen gogoan, ama hitz egiten hasi zitzaidanean, astiro eta ahotsaren tenpleari eutsiz:

        — Beste gizon batekin ibili nintzelako banatu ginen.

        Bikote baten banaketa baten berri jasotzen baduzu eta berorren arrazoia kide bat hirugarren pertsona batekin ibiltzea dela aditu, bada, harritzekoa ez da. Hala izango da, baina ni harritu egin nintzen, ez baitakit beste hitz batez adierazten sentitu nuena. Harridura. Ez nekien ondo nori zegokion jarraitzea. Ez nekien amak aurrera egingo zuen, xehetasunen bat emanez, edo neuri zegokidan, galdez, xehetasunen bat eskatzea. «Aita beste pertsona batekin zebilelako». «Senarra beste batekin zebilelako». Ez dakit honelako erantzunen bat eman izan balit molde bertsuan harrituko ote nintzen. Kontua da, aurrez aurre neukana ibili zela beste batekin. Edo zebilela. Alegia, banatu zirenean zebilela.

        — Ez zen kontu luzea izan. Aspaldi gertatu zen, edonola ere.

        Lehenengo bost hitzekin kontua arindu nahi zuela zirudien. Hurrengo bostekin, jarri zien doinua jarrita, bazirudien esan beharrekoa esana zuela. Jakina, nik galde niezaiokeen honetaz edo hartaz. Ez zeukala zakarrontzira botatzeko, berarekin bizi izandako une goxoak eta orduko hitz haiek zetozkidan gogora. Esan zizkidanean sentitu nuen sinesgaiztasuna ziurtatu nuen. Hiletara joan izana, emazte sentitu ez arren, baina legearen aurrean hala zenez, alargunaren rola betetzeko saio hark izan zezakeen zerikusiren bat pentsioren batekin edo herentziaren batekin. Eta kontu hauek guztiak izan daitezke izeko Margaritarekiko harremanen osagai printzipal. Banekien ni txikia nintzela banatu zirela. Zehatzago, esango nuke jaio eta lasterrera izan zela. Beti izan dut inpresio hori. Datu interesgarria ziurrenik. Ez nekien besterik. Ez nekien, zehatz, noiz, ez norekin ibili zen ama, maitemindu egin zen edo ez, ezta zelan izan zuen aitak horren guztiaren berri. Ez nekien ezer, eta ezer ez galdetzea erabaki nuen. Ez ordurako jakin-minik ez nuelako. Jakin-min eza izan ezik, beste edozerk bultzatuko ninduen ezer ez galdetzera. Eta horrela, laguntzea deliberatu nuen.

        — Beno, beti gertatu izan dira horrelakoak, batzuetan urrunago, besteetan gertuago.

        Ez nintzen gustura geratu esandakoarekin; bai, ordea, amak bere bi eskuekin nirea hartu eta eztizko irriz begiratu zidanean. Eskerrik asko esango balu bezala. Ni bere atzazal gorri delikatuei begira geratu nintzen.