Zamaontzia
Zamaontzia
2011, nobela
200 orrialde
978-84-92468-30-0
azala: Gorka Lasa
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

—15—

 

Mundua nire moduko pertsonaz betea dago.

        Ez dakit nola, baina hori ere bota zenidan behin. Esan zenuena baino gehiago aitortu zenuen horrekin. Ulertu nizun, zu ez zinela gu esaten ari zinen. Aldea dagoela pertsona batzuen eta besteen, aukeratuen eta gainontzekoen artean. Gaiztoa nintzela esan nahi zenidan. Barkatu, areago, gaiztoan ari nintzela, nahita ernegarazten zintudala, banekiela min ematen nizula mutu geldituta, eta horrexegatik egoten nintzela berbarik egin gabe zure aurrean.

        — Nire sufrimendua beharko balu legez bizitzeko.

        Ikusi egiten zaitut zure kezkak kontatzen. Erreboiloa eskatu duzue, behin eta berriz pasa dituzue orriak, kostatu egin zaizue ardoa aukeratzea. Ia entzuten ez den musika goxoa. Baietz diotsu lankideak, oso emakumeena dela hori, maitasunean bezala gorrotoan, gizonezkoek baino muturragoko jarrerak ditugula:

        — Txikitatik, gainera.

        Itsasoari begira, hurrengo bileran hartuko duzuen jarreraz hitz egiteko elkartu zarete. Seme-alaben gorabeherak ere ekarriko dituzue baina, zuena ez den visa batez ordainduko duzuen bazkarira.

        Soziedadean izan ginen sasoi hartan, jaikita ibiltzen nintzen gauez. Inoiz, telebista piztu eta munduan diren saiorik lerdoenei beha ematen nuen gaua sofan luze eginda. Gehienetan ohera itzultzen nintzen sukaldetik osteratxoa egin ondoren. Orduan liburu batekin itxaroten nion nekeari, edo eskuak emandakoak idazten nituen koadernoetan. Sarriago marrazteagatik ere eman zidan. Orri ederreko koaderno handiagoak erosi nituen horretarako. Laminetako kopiak hasieran, burura etorritako bazterrak, jendeak eta egoerak gero. Oso bakanetan entzuten nuen irratia. Lantegi handietako gauzainek eta suizida izateko deituek baino ez zuten hots egiten ordu haietan, gezurra gezurraren gainean kontatzeko beti. Egunsentiaren zirrintak ostertza urratzerako, leher eginda, loak hartzen ninduen berriro.

        Gau haietan ikasi nuen, leiho-ehizan, itsasoari begira egoten.

        — Argiak jarri dituzue berriz.

        Logurak erreta hartu nuen, orduan ere, ikastetxerako metroa. Katalogatua nuen bagoietakoa baino ezin izan zitekeen usaina, halako nahaste bat, garbigarria eta talko hautsarena. Zaharrek ospitaleetan uzten duten hatsarena. Sartu orduko ikusi nuen Edwin. Nasan presaka batean zebiltzan oinei beha zegoen, kiroletako poltsa ilun bat zuela aldamenean.

        — Libre dago?

        Atoan ezagutu ninduelakoan nago. Neuk hartu nuen motxila aulkitik, magalean eramango nion. Eskuetatik kendu eta berna artean jarri zuen. Irri egin zidan bibote xare haren azpitik, nire izena ekartzen ahalegindu zen. Ezin izan zuen. Barka-eske hasi zitzaidan. «Aitonarekin, motor-txikian», esan zuen, eskuarekin lemari heldutako gizonaren keinua eginez. Begi margulak zituen, paduretako gandua balute legez. Gaixo zituela pentsatu nuen.

        — Bilbora noa.

        Alabaz galdetu nion, ea ezer zekien. Ezin izan zuela azken egunetan etxekoekin solastatu, baina ondo egongo zela esan zuen.

        — Familia handia dugu Cebun, denen artean zaintzen dute. Bihar naiz deitzekoa ostera.

        Metroa martxan jarri zen, ordu haietan ohi moduan, beterik ia. «Cebu», gorde nuen gogoan.

        Eskua praketako atzeko poltsikoan sartu eta motor-txikian egindakoa errepikatu zuen. Kartera atera zuen, eta karteratik argazki bat, paper arruntean inprimatua. Haur bat nuen begira. Harria baino serioago behatzen zion kamerari urtebete inguru beharko zuen neskatikoak. Bururik gabeko nor edo noren besoetan zegoen, bi txorimoñorekin ezin politago. Esan egin nion, ilargi betea zirudien aurpegi ederreko neskatilak zeru musker hartan. Masailak guri, txori arrosa bat zioten jarria ilean. Aitortu ez niona bestea zen, beste argazki batean, baina erakutsia zidala alaba aurreneko aldiz ikusi genuenean elkar.

        — Haserre zegoen egun hartan.

        Disimulurik gabe egin nuen barre, berak bezalaxe. Pena eman zidan, urrun zituenen presentzia nabarmendu beharrak tristatu ninduela uste dut.

        — Aita ezagutu nahi duelako.

        Neska ederra agertzen zen. Izena, gomutan nuen:

        — Lizawin —esan nion—. Polita da.

        — Lizawin —errepikatu zidan—, ama du Liza. Amaren edertasuna eta aitaren adorea izan dezan.

        Eta ukabila estutu zuen indartsu plantak eginez. Hezurtsuagoak ziruditen eskuek airean marrazkiak egiten mugitzen zituenean. Jende gehiago sartu zen, bakan batzuk baino ez ziren jaitsi. Inguratuagoak geunden.

        — Gauero egoten naiz Serenity Starri beha.

        Belaunen kontra estutu zuen ia erorian zuen poltsa.

        — Argiak piztu dituzue berriz —jarraitu nuen.

        Orduan azaldu zidan zertan zetzan joan orduko etorri ziren foku zuri haien miraria. Portuko agintaritzak bidalitako unitate elektrogenoaz mantentzen zituzten isiotuta, erdi-ilunpetan behar beste ikusten ez bazen ere.

        — Posizioagatik, gauerdian inork jo ez gaitzan.

        Ura bezala zetozkion hitzak, egituraren bat edo beste izan ezik, eleren bat tarteka, aise harrapatzen nion esaten zidana. Amaren tankera baino, amerikarren eran ebakitzen zituela hotsak dut gogoan.

        — Ez alferrik, berrogeita hamar urtez jasan genituen.

        Ez zegoen azkarregia izan beharrik zeharkako umorea harrapatzeko.

        — Eta zuk, non ikasia duzu? Gozoa egiten da...

        — Ama dut ingelesa —erantzun nion.

        Gorde egin nuen beste guztia, oraindino kontatzen asmatzen ez dudalako neure baitarako ostentzen dudana. Horrelaxe ezkutatu nion zuena. Ezin nion aitortu bereizi zinetenean Londresera joan zela minbizia zuelako eta han hobeto artatuko zutela pentsatzen zuelako. Galtzerdia iruntzietara nola, besteraka ere kontatzea banuen ordea. Nola esan zenuen? Hori, «gaiztoan aritzen nintzela». Alegia, minbiziaren diagnostikoa eman orduko senarra ondoan sentitu ez zuelako erabaki zuela gizonagandik urrun eustea biziari. «Orain berandu da», gehituko niokeen. Edwinek hitz egin zuen, ordea:

        — Zuri esatea badudala uste dut: beharbada laster gara etxean.

        Kopeta argitu zitzaidan. Logurak bildu nahi zizkidan begiak zabaldu nituen. Abokatu bat ekarri zuen hizpidera, konpainiaren izenean mintzatu zitzaiela aurreko astean Serenity Starren bertan. Hitz egin berri zela Atenasko armadoreekin eta zamaontzia salmentan jartzea erabaki zuela konpainiak, eta bazutela, ondo bidean, erosle bat ere. Zamarekin omen arazoa, baina egoteko lasai, hori ere konponduko zela. Operazioa amaitu eta berehala ordainduko ziren zor zitzaizkien soldatak eta etxerako hegazkin billeteak.

        — Etxean. Baina lanik gabe —esan zuen.

        Hegazkin billeteekin ez zegoela gosea berdintzerik, halaxe aitortu zidan.

        — Pankartak kendu ditugu. Ohartu zara?

        Ezetz erantzun behar izan nion. Egia zen, konturatu gabe nengoen. Kontatu zidanez abokatuak eskatu zien, gauzak erraztu eta dena arinago konpontze aldera.

        — «sos» dioena soilik utzi dugu. Ni ez nengoen ados. Ontziarekin ustel gaitzaten nahi dutela uste dut.

        Hasperen keinu bat eginez, azal lodiko liburua atera zuen ondoan eserita neraman emakumeak. Ez zirudien ulertzen zuenik elkarri zer esaten genion.

        — Zergatik ez duzue Serenity Star uzten? Ez daukazue ontziarekin batera zertan hondora joan.

        — Uko egingo genioke zor digutena kobratzeari.

        Deseroso higitu zen irakurlea aulki gorrian. Kanpoan, behinola industria astunarenak izan ziren orubeak zeharkatu genituen. Fabrika itxuraz garbiagoek hartua zuten haien tokia. Arinago izatea da ederra egun. Bidea hasita genuen: gorbatak buzoak baino, papera altzairua baino. Beste garai batzuk burdina ezainarenak. Tren leihotik, kolorez aldatzen ziren kristalak bulego argituetan. Etxebizitzak ere eraiki ziren, haur parke eta guzti. Inor ez txirristan goizeko orduotan.

        Bidearen handiena janda zuen ordurako metroak. Laster nintzen institutuan. Eta banuen barruak erretzen zizkidan galdera bat.

        — Eta txakur-borrokena?

        Atera behar nuen. Barruan nerabilen egunkariko albiste hura, haginkadaka txikitutako txakur odoldua udan jende zoriontsuz beteko zen hondartzan, mareak goizaldean ekarria.

        — Egia den jakin nahi duzu?

        Baietz egin nuen buruaz. Neguan zakar gehiago dakar apakinetan itsasoak.

        Alde bietara begiratu zuen. Irakurtzen segitzen zuen ondoko emakumeak. Apaldu egin zuen Edwinek lehendik goragi ari ez zen ahotsa.

        — Ez zen geuk nahi izan genuen zerbait. Lehorretik etorri zen eskaera, toki aparteko bat nahi zuten, eta ontziko batzuek onartu egin zuten. Ez da besterik. Dirua behar zen eta dirua sartu zen. Kito.

        Ea bera onartu zutenen artean zegoen galdetzekotan egon nintzen. Ez zen beharrik izan.

        — Filipinetan, haur nintzela, etxeko txakurra ostu zigun behinola amaren neba batek. Ez zen gehiago agertu. Borroka batean hil zela esan ziguten auzoek. Horren berri izan zuenean, koinatuaren bila atera zen aita etxetik. Lokatzetan aurkitu zuten osaba hurrengo egunean, burua irekita. Erreka bazterreko ihiek ezkutatu zuten gau osoan.

        Ganduak moteldua zion begirada.

        — Mozkor batekin borroka izan eta hark botila batez eraso ziola esan zien osabak poliziei.

        Inguruko batzuen soak sentitzen nituen bion artekoan. Mutu egin genuen gelditzen zitzaiguna. Laino itsua zen, ezin zabaldurik segitzen zuen egunak. Argiak piztuta igarotzen ziren autoak trenbide ondotik.

        — Ni heldu naiz.

        Jaikitzen hasi nintzen. Denbora beharko nuen jende artean bidea egin eta atera iristeko. Itxaroteko mesedez pixka batean.

        — Badakizu non dagoen Teofilo Guiard kalea?

        Eskura eman zidan aldizkari batetik erauzitakoa zirudien paper muturra. Helbide bat eta telefonoa, faxarekin. Kontsulatua, irakurri nuen. Gerora jakin nuen, Teofilo Guiard kalean dago Filipinetako kontsulatua Bilbon.

        — Ez dut azkena izan nahi hemen geratzen.

        Ezetz erantzun nion, ez nekiela non zegoen. Orduan piztu zen abiatu ginenetik ondoan izan nuen irakurlea. Atsegintasun izpirik gabe, magalean utzi zuen liburua.

        — Neu noa harantz, lagunduko dizut —esan zuen ingeles bikainean.

        Ateak zabaldu zirenean, musu bat bezala hartu nuen goizeko freskura.