Txakur ingelesak
Txakur ingelesak
2011, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-28-7
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2007, nobela
2005, nobela
2002, nobela
 

 

Lerdo makiladuna

 

Aurreneko argazkian elkarren ondoan ageri dira Arriaga eta Gerry Adams Dublinen, kongresu-jauregi batean. Irriz ari da Adams. Bizkar gainetik pasatzen dio eskuin besoa Arriagak.

        Garai hartan sano ezaguna zen hemen Sinn Fein alderdiko buruzagia. Arnaldo Otegiri orduantxe hasi zitzaizkion Gerry Adams deitzen. Komunikabideek asmatu zuten. Zentzua ez zegoen beti garbi; barregarri uzteko erabiltzen zuten batzuek, baina bazen fede itsuz esaten zuenik ere. Geroago, herri-epai baten itxura hartuta, desagerrarazi egin zuten. Arnaldo Otegi, baiki, ez zen Gerry Adams.

        Bigarren argazkian pausatu du begirada Arriagak. Beste hau, Parnell plazan egina. Atzo, hegazkinera igotzear zelarik, Arriagari iruditu zitzaion bigarren argazki hark euriaren erdigunera itzularazten zuela. Arrazoia oso besterik izaki: administrazio publikoko lengoaiei buruzko jardunaldi batzuetan parte hartzeko bueltatu behar izan du Dublinera. Plain English-en gainean eztabaidatuko dute bihar-etzi.

        Lau urte dira Arriagak Dublingo argazki biak azkeneko aldiz begiratu zituenetik. Urte hartan ezagutu zuen Woodworth. Hari erakutsi zizkion afaritan.

        — Nor da bigarren argazkiko gizona?

        — Ez dakit, ahaztu egin zait.

        Arriagak argazkiaren binperra erakutsi zion Woodworthi. To Arriaga with love. Argazkiak Arantzabalek eta Urkizak atera zituzten 1998an. Dublingo egonaldi laburrean egin zuen Arriagak bien ezaupidea.

        Arrazoi bat edo beste, bigarren argazkiko irlandarra —jatorri hori duela erabaki du Arriagak— ikusezina bihurtu da, Otegiri gertatu izan zitzaion moduan. Nor ote da? "Nor ote haiz?". Irlandar misteriotsua eta Parnell plaza ikusten ditu argazkian, eta haien gibelean, urruti samar, Conway's taberna. Akorduan dauka taberna, behin edo birritan ikusi du The Snapper filmeko eszenetan. Irudi, ahots eta elkarrizketa mordoa datozkio nahas-mahas; haietan, ordea, ez dago argazkiko irlandar hezurtsurik.

        Gizon ikusezinak ezinegona sortu dio Arriagari. Haren ukabilkatutako eskuak, lepo mehea, belarrietako aroak eta bekokiko orbana baino urrutiago ez du ezer ezagutzen. "Ezin ikustea ez ote da behin-behineko oroimen-galtze baten lehen seinalea?", galdetu du bere kabutan. "Tamalgarria litzateke". Baina baliteke, bestalde, bere bizitzan sekula ikusi ez izana. Argazkian ageri dena eta binperrean eskaintza idatzi duena pertsona bat eta bera ez izatea. Horrek, jakina, buruhaustea areagotzea besterik ez luke eragingo. Ikusezin bat izan barik, bi izango lituzke.

        Parnell plazak, ezinbestean, Charles Stewart Parnell politikari historikoa ekarri dio gogora Arriagari. Baita Daniel O'Connell ere, hura bezain edo are historikoagoa. Honore de Balzacen aburuz, XIX. mendeak Napoleon eta O'Connell bakarrik ikusi baitzituen. Eta hortxe asaldatu zaio zalantza Arriagari. Beharbada bigarren argazkiko gizonaren ikusezintasuna Parnellen beraren ikusezintasuna da.

        Duda-mudetan barna aterik ate ibiliko balitz bezala, Arriagak bere buruari galdetu dio argazkiko gizona ez ote den Otegi irlandar bat, XXI. mendeko une jakin batean irlandarren eta ingelesen oroitzapenetik desagertua. Baina hala bada: "Noiz utzi zion Gerry Adamsek Gerry Adams izateari Otegi bilakatzeko?".

 

 

Atzo, Bilbao-Londres-Dublin hegaldian, argazki zuri-beltzeko gizonari Pearce deitzea erabaki zuen Arriagak. Beldurra ematerainoko argala iruditu zitzaion, fotografia-paperak mehetu egin balu bezala, plaza eta taberna bere horretan utzita. Argaltasun fisikoa baino gehiago, zer edo zer lotsagarria zeukan. Gorputz iharrak ikusgarriago bilakatzen zuen eta, beraz, are ikusezinago Arriagarentzat.

        Alboko bidaiariak areagotu egin zion sentipena. Arriagak inoiz ikusitako gizon lodiena zihoan propio egokitutako eserleku batean. Wichitako erlojugile beltz bat zen. Emaztea, semea eta hirurak Europako herri batzuk bisitatzen ari ziren. Irlanda zuten azken geltokia, Shannon aireportutik Estatu Batuetara itzuli baino lehen. Arriagari otu zitzaion, Irlandako itsasoa zeharkatzean Bermudetako Triangeluak soilik desagerrarazi ahalko zuela giza-masa beltz hura. Masa astun mordoa desagerraraziak zituen Florida-Bermuda-Puerto Rico eremu ekilateroak. Eta gero bururatu zitzaion, beharbada Parnell plazak ere joka zezakeela Triangeluak bezala.

        Parnell plazara ailegatutakoan, doi aztertu du tokia.

        Lehenago, egunsentian, argi itsugarri batek itzarri du. Alferrik saiatu da berriro lokartzen. Hoteleko buffet librean gosaldu du. Zelatatze arin bat egin du jangelara sartu orduko. Ez du jardunaldietako inor ikusi. Jan bitartean bakarrik sentitzearen sentsazioa gustatzen zaio Arriagari. Amaitutakoan Parnellera abiatu da denborarik galdu gabe. Argazki biak eroan ditu aldean.

        Topografo baten zehaztasunez etsaminatuko du plaza.

        Rotunda amaetxe zaharrean hasi du azterketa. Iparrerantz egin du berehala, Oroipen Lorategira, Irlandako askatasunaren alde hil diren guztiei eskainia. Pearce heroi haietako bat izan litekeela uste izan du. "Zenbat Pearce jausi ote dira!". Ondoren Gate antzokira abiatu da, Orson Wellesek eta James Masonek estreinako urratsak eman zituzten hartara. Arriaga luzaro promenatu da batetik bestera, miaka, plaza katedral bat edo museo bat balitz bezala, detaile ñimiñoei ere erreparatuz. Behar horretan barneratu da Findlater eliza neogotikora, Hugh Lane arte galeriara eta plazako beste eraikin historiko batzuetara.

        Azkenean Parnell eta O'Connell kaleen elkargunean dagoen Charles Stewart Parnellen monumentura zuzendu da. Gizonari eskaini dio arreta une batez. Ez daki ezer askorik. XIX. mendeko politikari irlandarra, handienetakoa. Parnell, subiranotasunaren alde (kontzienteki edo ez) agertzen ziren irlandar guztiak bezalaxe, derrigorturik zegoen izatera ikusia izan gabe. Eta horixe izan liteke Parnelleko desagerpenen arrazoia. Arrazoi politikoa eta historikoa. Hala ere, irudi du Parnell guneak ez daukala fotografia errebelatuen pertsonaiarik ikusezin bilaka dezakeen magnetismoa sortzeko beste indarrik. Ez da Irlandako Bermudetako Triangelua.

        Parnellen monumentutik O'Connell kalera joan da Arriaga. Dublinek ikusezintasunean eraginik badu, O'Connell kaleko Posta Bulego Nagusiak baporizazioen santutegia izan behar du. Oraindik antzeman daitezke ingelesen balak eraikinaren zutabe joniarretan. Belfasten gatazkaren guneetan ibilbide turistikoak antolatzen dituzten era berean, Dublinen ere mereziko luke heroien bideetan barrena paseatzeak. "Eamon de Valerak eta Michael Collinsek kale bana izango dute, seguru" esan dio Arriagak bere buruari. Alderdi politikoak bakarrik hartuko lituzkeen Ulysses berria idatz lezake norbaitek, halako palinpsesto iraultzaile bat. Toki batzuk errepikatuko lirateke, izen berriez gehienak.

        Turista asko dabiltza O'Connellen barrena. Glasnevin kanposantua etorri zaio gogora Arriagari. Baita harako bidea hartu ere. Hilerrian eman zieten lur Parnelli eta O'Connelli; De Valerari; Collinsi; Arthur Griffith ere han da, Sinn Fein alderdiko fundatzailea; Maud Gonne; Sir Roger Casement; Kevin Barry; Constance Markievicz kondesa gorria; Irlandako kausaren aldeko hamaika poeta. Ibilbide historiko literarioa antola liteke. Ez al da beste horrenbeste gertatzen ari Suedian Stieg Larssonekin? Ez al dute Lisboako Chiado auzoa Pessoaganako pelegrinazio bihurtu? A Brasileira kafetegi ondoko estatuaren argazkirako erromesaldi.

        Birritan pentsaturik, Pearce enigmak —gisa horretan bataiatu du Arriagak— zerikusi artezagoa izan lezake Pessoarekin Otegirekin berarekin baino. A Brasileira alboko estatua desgastatuaren altzoan kamera digitalez erretratatuak izateko ilaran jartzen direnei, luze gabe, ikusezin bihurtuko zaie Pessoa; Dublinen bertan, O'Connell eta Earl North kaleen artean, Joyce ikusezin bihurtuko zaien bezala —the prick with the stick esaten diote: lerdo makiladuna—.

        Bilboko estatuekin akordatu da Arriaga. Guggenheim museotik hurbil dagoen bat da fotografiatuena: Ramon Rubial politikari sozialista historikoa, sozialisten Parnell moduko bat. Bisitari askok, erraturik, Miguel de Unamunotzat jotzen dute. Estatua besarkatu eta klik gabeturiko kamerak bere lana bete arte itxaroten dute. Estatua-bilatzaileak dira guztiak. Arruntak eta gustu gabekoak.

        Arriagak bere burua zoriondu du, estatua baten ondoan fotografiarik inoiz egin ez duelako. Gero Pessoarengan jarri du arreta, Pearce enigma deskubritzeko giltza izan daitekeelakoan. Pearce desgastatua norbaiten heteronimoa —Otegi irlandarrarena, akaso— izan liteke. Beharbada okerreko arrastoaren atzetik ibili da. Pearce barik, Ronan O'Driscoll izan liteke. Brian Sexton. Eoin D'Arcy. Fergurs Cullem.

        Eguerdian, Glasnevin kanposantutik alde egiterako, unaturik dago Arriaga. Lur-azpian edo panteoi dotoreetan behin betiko atsedena bilatzen duten pertsonaia historikoak ikusgarri bihurtzeko ahaleginak zeharo leherrarazi du. "Hierarkiak daude ikusgarritasun aferetan" ebatzi du. Irribarre txiki bat egiten ere saiatu da, baina neke-keinu hutsa iruditu zaio. Ikusezintasuna bere burutik ezabatzera egin du. Alta, zenbat eta gehiago pentsatu horretan, orduan eta ikusgarriago bilakatzen zaio. "Zer da ikusezintasuna? Gauza bera ote dira ikusezin bihurtzea eta desagertzea?". Umezarora bueltatu da, sei urte zituelarik Laida hondartzan galdu zenekora. Beti lotu du desagerpena, ideia bezala, episodio harekin. Ama estuturik ibili zen itsasertzean. Harentzat desagertua zen; hondartzan ziren beste guztientzat, aldiz, ikusezina. Amaren begi-bistatik desagertzeak ez zuen besteen begietan ikusgarriago bilakatu. Bihurtzekotan, ama bihurtu zen ikusgarriago.

        Arriagak orain arte ez du inoiz ikusezintasuna desagertzearekin lotu.

 

 

Parnell plazara bueltatu da arratsaldean. Bihar Plain English-i buruzko ikuspuntuetan murgilduko da. Entzungailuak ipini beharko ditu, azkenekoz Norwich-ekoan egin zuen bezala. Paradoxa da deus ez ulertzea lengoaia zuzenaren gaineko jardunaldi batzuetan.

        Bostak aldera iluntasun beldurgarri batek bahitu du plaza. Orain dela ordu batzuk ikusitakoa itxuraldatu egin da. Arriagak ez daki zein den plazarekiko pertzepzio zuzena —the plain and only, aitortu dio bere buruari ingeles eskasean—. Bere bizimoduak, egunekoa guztiz, goizekoaren aldeko hautua egitera bultzatu du. Goizez argi berunkara batek hauts-distira eman dio plazari, Pearce gizajoaren argazkiaren berdintsua. Euria zekarren. Tanta batzuk besterik ez dira izan azkenean.

        Bat-batean, ikusezin bihurtu dena tokia bera ez ote den otu zaio Arriagari. Ez da lekuekin edo objektu bizigabeekin halako sentsazioak dituen lehen aldia. "Zenbat aldiz ez ote naiz harritu, senide edo lagun baten etxean, existitzen zirenik ere imajinatzen ez nituen liburuak aurkitzean; edo kitzikatzen nauten liburu-azalak ikustean". Sentipen iniziatikoa da, behin arrebarenean lo zegoela, aurpegi gainera Short Cuts jausi zitzaionean bezala. Beharbada Pearceren argazkia ez da Parnell plazan hartutako argazki arrunt bat, baizik eta Irlandako literaturako liburu baten azala. Izan ere, argazki artistikoa da bigarren argazkia. Sepia tankerakoa. Pearce, irlandar ikusezin baten isla izan liteke, kultuzko musikaria Stoneybatter-eko auzokide ilunenentzat. Liburuak irlandar musikari honen bizitza tragikoa kontatuko luke. Protagonistak izan lezake Pearce izena. Eta kontakizunean Pearce musikariak zirt edo zart egin beharra dauka ikusgarritasunaren eta entzungarritasunaren artean. Pearce, Stoneybatterreko belarri zolientzat gero eta entzungarriago bilakatzen den heinean, badoa bistatik desagertzen. "Aisling O Braonain izeneko idazle batek idatzi du liburua", begitandu zaio Arriagari.

        Parnell plaza, Pearceren ikusezintasunaren eragilea izan beharrean, biktima izan liteke. Leku guztiak desegite-prozesu antzemanezinetan murgiltzen baitira. Lehen Vaughan hotela zegoen plazako 29. eta 30. zenbakietan. Michael Collinsek beste edozein toki baino areago estimatzen zuen biltzeko eta, batez ere, ezkutatzeko. 46.ean Irlanderaren Ligako egoitza zegoen. Plazak berak Rutland Square izena izan zuen Parnell izan aurretik. 18.ean, berriz, zabalik segitzen du Irlandako Idazleen Museoak. Hango kafetegira eta liburu-dendara sartu da Arriaga.

        Pearceren argazkia erakutsi die langileei. Inork ez du ezagutzen, denak aurpegia ezaguna egiten zaiela adieraztean bat etorri arren.

        — Pearce sano deitura arrunta da Irlandan —zigortu du liburu-dendako arduradunak—. Eta gure Pearce famatuena Padraig Pearse duzu.

        Arriagak ez dio tutik ere ulertu, baina museora sartu denean, Beckett, Shaw edo Butlerren erretratuekin batera ikusi du Padraig Pearserena. Poeta, Pazkoko Altxamenduaren buruetako bat eta Irlandako behin-behineko gobernuaren presidentea. "Iraultzaileak dira herri honetako idazle guztiak?" esan du bere baitarako; "idazleak iraultzaile guztiak?".

        Museoan andrazko batek hurrengo atarira bidali du. 19.ean Irlandako Idazleen Elkartea dago. Arriagari zentzuzkoa iruditu zaio. "Nire adin bereko idazle dublindarra izan liteke Pearce", pentsatu du. Agian egunen batean museora eramango dute. Agian Aisling O Braonain bera ere bai, Pearceri asmatu dion idazle hori. Agian.

        Seiak eta erdietan tripa-zorriak hasi zaizkio Arriagari. Bilaketak zuloa sortu dio urdailean. Parnellen erronkari eustera deliberatu da. Chapter One jatetxea aukeratu du, plaza inguruan dagoen bakarretakoa. Michelin izarra du 2007tik eta Dublingo jatetxe onenaren saria lortu du hainbat urtetan. IVAPi bidaliko dio faktura.

        Afaldutakoan Conway's tabernara joan da. Idazleen museoan irakurri du tabernako kanpoaldean etsi zuela Padraig Pearsek britainiarren oldarren aurrean. Paddy Reillyk abestutako The fields of Athenryren doinu melankolikoak aditu ditu barrura sartzean, harrigarriro tabernan musikarik ez badago ere. Pinta bat Guinness eskatu du. Giro ederra dago. Beirate nagusi alboko mahaira joan da jesartzen. Beiratean, tabernaren izenarekin batera, irekitze-data azaltzen da: 1745. Urte hartan fundatu zuten Rotunda amaetxea ere. Ezin da kasualitatea izan. Urte batzuk lehenago eserita egon zen tokian dago orain Arriaga. Orduko hartan ezagunekin izan zen, Dublinera bizitzen joandako euskaldunak gehienak, Arantzabal eta Urkiza tartean. Gerry Adamsen eta Pearceren argazkiek zuzen daroate eurengana. Argi ikus ditzake. Eta argi ikusi ahal dituen arren, bere bizitzatik betiko desagertu direla konturatu da.

        "Arantzabalena eta Urkizarena baino neurea da errua", onartzen du Arriagak. Dagoeneko ez du modurik haiekin harremanetan jartzeko. Ez ditu ez telefono-zenbakiak ez posta elektronikoen helbideak, eta inoiz izan bazituen, galdu egin ditu. "Dublinen bertan bizitzen segitzen duten ere ez dakit". Eguerdian, Glasnevin hilerria utzi ostean, North Circular errepideko haien lehengo apartamentura hurbildu da. Aurpegia orezta gorriz beterik zuen morroi atsegin batek adierazi dio ez dituela bere adiskideak ezagutzen. Arriagak ez zuen besterik espero.

        Go raibh mait agat —eskerrak eman dizkio Arriagak irlanderaz, eta atoan lotsagorritu eta hanka egin du.

        Tabernako ateraino eraman du itxaropenak. Han tinkatu du begirada. "Bizitzaren zirkunstantzia bategatik sar litezke Arantzabal eta Urkiza oraintxe". Laster etsi du baina. Irlandar itxurako bezeroak soilik sartzen dira. Orduko lagunak ez dira inoiz itzuliko. Pearcek —Pearce ikusezinak—, ordea, irribarretsu jarraituko du argazkian.

        Trago luzea jo du Arriagak. Azken ahalegin akigarria egin du —benetan neka-neka eginda dago— adiskide guztien aurpegiak bistaratzeko. Oroipen-kronologia bat ezarri du. Denboraz gaindiko hierarkia bat datorkio gogora. Bere burua hilduratu du marrazten ez jakiteagatik. Filmetan legez, lagunen erretratu robot bana osatuko luke eta haien izenak idatziko lituzke orrien behealdean.

 

 

Sei pinta edan ditu eta bederatziak laurden gutxitan irten da Conway's tabernatik. Zama arindu baliote bezala sentitzen da. Joyceren aurretik igaro da hotelerako bidean. The prick with the stick.

        — Lerdo makiladuna! —oihu egin dio, oinezkoengan errezeloa ernaraziz.

        Pessoarekin akordatu da Arriaga. Rubialekin akordatu da, Guggenheimeko Unamuno deskafeinatuarekin. Orduantxe deskubritu du, oinezko horien belarrietara iristen ez den oooooooo! borobil bat sortuz, hiru estatuak uztartzen dituen argaltasun beldurgarria.

        Dublin eta Bilbo bazterturik, pentsamenduak Lisboara eramatea erabaki du berriro. Argiaren azken pausalekua, Edorta Jimenezen esanetan. Behin eta berriro bueltatzen da hiru berbako esaldi horretara Lisboaz ari denean. Eta hiru estatuen artean argitsuena Pessoarena denez, duela hamahiru urte Erramun Landari La Brocha galerian erositako Lisboa koadroarekin gogoratu da. "Apartamentuko salan eskegita dago, berde kirofanoz margoturiko horman, zeharo hondaturik". Tonu ilunak ditu mihiseak. Beltzaren gainean trazu grisak, trazu bertikalak. Barne belztasuna lehertzen da pintzeletan. "Zer dela-eta jarri ote zion Landak Lisboa" pentsatu du Arriagak, "non aurkituko ote zuen han belztasuna?". Edozelan ere, fisikoki elkarrengandik urrun dauden honetan, ezin adierazizko kitzikapena dakarkio. Haren mardultasuna Pearceren, Pessoaren, Joyceren eta Rubialen estatuen argaltasun anorexikoaren kontrako tapoia da, halako azken pausaleku bat.

        Lisboako kontrasteaz hausnartzeak sosegatu egin du Arriaga. Dagoeneko ez du bere burua kolapso baten atarian sentitzen. Berba egiteko gogoa sortu zaio. Premia. Baina Arantzabal, Urkiza, Woodworth eta Pearce ikusezina alde batera, ez du inor ezagutzen Dublinen. Irrikak eta premiak derrigorturik, bat-batean, hamaika helbide posiblez galdezka hasi zaie O' Connelleko gizon-emakumeei. Oldarrean datozkio Erresuma Batuaren kontrako borrokako liderrak eta Glasnevin hilerrian ehortzitako guztiak (Peadar Kearney, Brendan Behan, Liam Whelan eta Luke Kelly barne). Baina galdetu du beste dublindar entzutetsu batzuei buruz ere: Patrick Kavanagh edo Paddy Moloney edo Kevin Moran; eta baita ere Bono —where is Bono Street?— edo Michael O'Riordan —is this place O'Riordan Corner?— edo Jonathan Swift —where born Swift?—, hirurak Glasnevin auzoan bizi izandakoak. Andrazko zahar bati Otegi kaleaz itaundu dio, gehiegikeriatan ari dela jakinik. Hitz egitean halako Plain English batez komunikatzen da, O'Connell kalera ekarritako lengoaia erraz batez, boz gora, hartara hobeto ulertuko baliote bezala edo existitzen ez diren kaleak adierazi ahal izango balizkie bezala.

        Arriaga abante doa pozarren. Dublin Lisboa da; Joyce Pessoa da; eta Pearce ez da Pearce, inoiz ez baita Pearce izan. Erramun Landa bera izan liteke, zuririk gabeko erretratu beltz batean, kolorearen dantzan, beltzaren emaitza den edo beltza bere semea den ez asmatzeraino; sekula ikusi ez duen Erramun bat, orain, bere beltzean, metro erdi batera ikusiko balu bezala agertzen zaiona. Gizakien gauak badu mila gezur zutabe artelanaz akordatu da Arriaga. Artistaren hitz batzuk —"ezagutzen ez dugun bidetik ibiltzea bezalakorik ez dago, nahi dugun lekura iristeko"— zeharo plain egin zaizkio. Zeharo cool.

        Eta une horretantxe, itzalen artetik irrist egin duen argia laztantzean, bururatu zaio beharbada bera, eta bera bakarrik, dela ikusezina.