Fikzioaren izterrak
Fikzioaren izterrak
2010, narrazioak
200 orrialde
978-84-92468-22-5
azala: Gorka Lasa
Ur Apalategi
1972, Paris
 
 

 

Ergatibu

 

Dena hasi zen «Idurre ez du nahi Coca-Colarik?» esaten entzun nuenean. Ez zen, noski, Nekanek ergatibo bat ahanzten zuen lehen aldia. Jakinaren gainean ezkondu nintzen. Kontratuaren letra txikian zetorren, esan badaiteke, berak ez zuela euskara nik bezain ondo menderatzen.

        Alaitzen urtebetetze askaria antolatua zuen arratsalde hartan, ama batek bakarrik egin lezakeen moduan. Ikasgelako neskak bakarrik gonbidatu zituen, adin horretan —bost urte zituen gure alabak— naturalagoa omen delako. Baina, batez ere, egun batzuk geroago aitortu zidanez, Alaitzen ikasgelako mutil baten gurasoak ez zituelako gehiegi maite. Hortaz, haien bazterketa disimulatzearren ez zituen neskak baino gonbidatu.

        Badakit bitxia dela, gaurko munduan bizi bainaiz, baina uste dut beti eduki dudala garbi euskara dakien norbaitekin ezkonduko nintzela. Horren kontzientzia osoa, halere, urte batzuk lehenago hartu nuen, Luciarekin nenbilela. Hasi berriak ginen hura eta biok, eta dena harrigarriro zihoan gure artean. Azaldu behar dut —ulergarria izan dadin— denboraldi luze batean deprimiturik egona nintzela, Soniarekin gertatutakoarengatik. Sonia nire lehen bikote esperientzia serioa izan zen eta modu dramatikoan bizi izan nuen harremanaren bukaera, benetan maiteminduta bainengoen. Horregatik ziurrenik, alegia minberegi ikusten nuelako neure burua, nire ahuleziaz gogaiturik nengoelako, nerabezaroko ohitura zahar bat berreskuratu eta modu lotsagabe samarrean seduzitzen saiatu nintzen Lucia. Hamabost egun baino ez ziren ezagutu nuela. Euskaltegiko neure ikasle berrietako bat zen. Harritu ninduen halako estrategia zuzenak oraindik fruituak eman zitzakeela ikusteak. Teenage movie kaxkar baten mailako sedukzio ahalegina izan zen nirea, oso merkea. Baina orain dela gutxi ikusi dudan pelikula batean esaten zutenez, ez da inoiz azpibaloratu behar emakume baten ametsen mediokritatea. Horrela bada, ikasle arteko seihilabeteko lehen afariaren ostean, bere autoan itzuli ninduen Luciak nire apartamentura eta, besterik gabe, eskua izter gainean jarri nion. Besterik gabe. Ez nengoen gehiagorako garai hartan. Autoestimua lurpean neukan eta halako ahalegin zoro bat izan zen Luciarekikoa, desesperazioak eragina. Itsusia da hitz horiekin esatea, baina zerbait harrapatu beharra neukan eta laster, zulotik ateratzeko. Bada, onetsi egin zuen izter gaineko nire esku hori eta elkarrekin irteten hasi ginen. Hain iruditu zitzaidan estetikarik gabea nire hurbilketa ezen pixka bat lotsatuta ere bainengoen, ondoren. Zerbaiten faltan bezala. Ohartzen nintzen beti asko zaindu izan nituela xehetasun erromaneskoak —ez dut esan erromantikoak— nire aurreko harreman sentimentaletan. Ez da, izan ere, gauza bera labetik atera berria den pizza bat jatea edo bere osagaiak bata bestearen atzetik gordinik irenstea. Gehiegi irakurria den jendearen sindromea zen nirea, funtsean. Hainbeste ohitzen zara harreman korapilatsuetara non arraroa egiten zaizun gauzak sinpleki, behar luketen moduan, ateratzea.

        Kontua da Luciarekin gauza guztiak ia indarrik egin gabe lortu nituela, hala lehen musua nola oheratzea. Eta harrigarriena zera da, Lucia ez zela bigarren mailako neska gajo bat, standing eskasa jarrera sexual eskuzabalaz konpentsatzeko prest dagoen horietakoa. Ez, inoiz izan dudan neska-lagunik bizkorrena dela ere esango nuke —kasurako, xake partidarik ezin izan nion inoiz irabazi—, potablea baino zertxobait ederragoa izateaz gain.

        Benetako misoginoa dirudit gauzak deskribatzeko modu honekin, badakit, eta izango naiz neurri batean, ez dut ukatzen, baina naizen bezalakoa agertu nahi dut, ez dut egia edertu nahi... Esan bezala, Luciarekin harremana minik gabea izan zen, esfortzurik nahiz inguru-mingururik gabea. Zentzu batean, ideala. Ordu hartan ez nuen ulertu zergatik zetorkidan bat-batean halako opari jasa eta tonto aurpegia geratu zitzaidalakoan nago. Erretrospektiboki badakit, haatik, Luciak hala jokatu bazuen berak gauzak garbi zeuzkalako izan zela. Gizonak dira ameslariak; emakumeak oso pragmatikoak izaten dira. Egokia nintzen bere aspirazioentzat —irakasletzan titularizatzeko bidean zegoen mutil langilea, idazle nahikundeak agertzen zituena, lagunen eta familiaren aurrean irudi ona emateko modukoa— eta gazteegia ere ez zenez, bada, aukera ez zuen pasatzen utzi. Horra guztia.

        Hilabete atseginak izan ziren haiek. Konkistatu egin nuela sinetsarazi ondoren —orain konturatzen naizenez— segituan hartu zuen lema Luciak, bikote kontuetan eskarmentu handiagoa zeukalako eta, beharbada, sozialki apur bat nire gainetik sentitzen zelako. Hiriko bizitzara ohituta zegoen bera, ni baino urte gehiago baitzeramatzan bertan, eta hainbat gauza deskubriarazi zizkidan, hala nola jatetxe japoniarrak, talasoterapia edota arte garaikide erakusketak. Aita diruduna bide zuen, edo behintzat diru pixka bat izandakoa, eta gauza errefinatuen ezagutza transmititua zion. Ni Luna park batean bezain pozik nenbilen bere unibertsoan, hau ikusi, hura dastatu, bestea ukitu.

        Gau batean, bere autoan zinemara gindoazela, komentatu zidan, pasadan bezala, gurasoek urte batzuk lehenago erosi zioten apartamentua saltzeko asmoa zuela, haren truke berri bat erosteko, handiagoa. Nik ez nuen ulertu elkarrekin bizitzen hasteko eskaintza inplizitua zenik. «Ze ondo» komentatzera mugatu nintzen, asmo hark nirekin zerikusirik ez balu bezala. Ulertu ez nuen arrazoi batengatik zineman urduri sentitu nuen eta ez genion beste aldietan bezala elkarri eskua eman filmak iraun zuen bitartean, berak aukeratutako melodrama intimista bat izan arren.

        Ordu batzuk geroago, ikasle garaietatik gorde nuen apartamentu ziztrineko sofa-ohean sartuta geundela, ilunpean, lokartzekotan, galdera bat egin zidan: «Nik euskara ez jakitea arazo bat da zuretzat?». Lucia hemengoa zen, eta sinpatia abertzaleak zituen —edo behintzat antipatia deklaraturik ez—, baina bere familian ez zen erabiltzen. Nire hitzen brutalitateaz ia ohartu gabe erantzun nuen, xaloki: «Garbi daukat nire haurrek etxean euskara entzun dezaten nahi dudala. Ez dut besterik irudikatzen».

        Bere Luna park-eko mendi errusiarreko bagoitxotik ostikada bortitz batez bota ninduen eta muturreko ederra hartu nuen behera iristean.

        Ondo merezia neukan gertaturikoa. Baina zer esango dut? Iraganera berriro itzultzeko aukera banu uste dut gauza bera erantzungo niokeela, baldarkeria gutxiagorekin, hori bai, dotorezia mantentze aldera. Jakina, maltzurki jokatu banu eta erantzun diplomatikoagoa eman banio, lortuko nuen gure artekoa hainbatean luzatzea eta, bide batez, proposatzen zidan bizitza erosoaz gozatzen jarraitzea —ez dakit oraindik kontatu dudan bere aitak Mallorcan inoiz erabiltzen ez zuen bigarren egoitza bat zeukala, piszina eta guzti—. Baina ez zatekeen zintzoa nire benetako sentipenak mozorrotzea. Beraz, nire tolesgabetasunak salbatu ninduen gure harremana artifizialki iraunaraztetik eta gezurraren bide desohoragarrian sartzetik.

        Nire emazte Nekane ezagutu nuenean, hortaz, euskarak niretzat zuen garrantzi bereziaren jakitun nintzen aspalditik. Beraz, ez daukat zirkunstantzia aringarririk. Nekanerekin ez dut desilusiorik eraman. Banekien nora nindoan. Banekien neuk izango nuela gure haurrei ahalik eta euskara eredu onena emateko ardura. Asumitua neukan eta uste nuen, zaila izan arren, erronkari aurre egiteko moduan izango nintzela. Utzia nion, Nekanerekin irteten hasi ginenean, nerabe izateari. Mentalki, esan nahi dut. Hain zuzen, nerabe peto-petoa nintzenean —aurpegiko akne kraterrak beste amets antikonformista garunean—, Soniaren garaian beraz, oso bestelakoa zen nire planteamendua. Idealista hutsa nintzen, eta uste nuen berdin izango zitzaidala nire nortasunari uko egitea baldin eta maitasun egiazkoaren, maitasun erabatekoaren, maitasun zoroaren mesedetan bazen. Beno, ez da uste nuela bakarrik, benetan nengoen prest neure euskaraz beste egiteko, Soniaren gatibu bainintzen, gatibu ezin zoriontsuagoa. Eta egia osoa aitortu behar badut, ez dakit gaur ere kale kantoian berarekin tupust egingo banu ez ote nengokeen prest beste behin ere euskara unamunizatzeko. Sonia... Suntsitzen zaituen lehen neskarekiko katea ezin apur daiteke.

        Baina Nekanez ari nintzen. Esan dudanez, «Idurre ez du nahi Coca-Colarik?» esaten entzun nuenean hasi zen dena, Alaitzen bosgarren urtebetetze askarian. Ohituta nengoen, ordurako, bere distortsio linguistiko txikietara. Beti eragin izan zidaten hazkura belarrian, Nekanez maitemindu nintzen garaian ere. «Zurekin bizitu nahi dut». Hori da bere ahotan gogoratzen dudan lehen hutsa. Kosta egin zitzaidan ez zuzentzea entzun bezain pronto, baina gogoari eutsi nion nola edo hala. Uste dut, halere, egun batzuk geroago zehaztu egin niola, modu ahal bezain gozo eta irribarretsuenean, «bizi nahi dut» esaten dela, eta ez «bizitu».

        Biok bakarrik bizi ginen bitartean ez zen, alabaina, arazo larriegia izan niretzat. Nekane emakume perfektua zen: erakargarria, argia, arduratsua, jendekoia... Agian ohe kontuetan zenbait muga zituen. Baina, ia hobe, ezta? Gizonari ez zaio gustatzen pentsatzea aurrekoekin esperientzia izugarriak bizi izan dituela bere emazteak. Ez dut esan nahi, halere, desastre bat zenik. Ez, ez. Bakarrik konformista samarra, nire gusturako. Dena den, etortzeko zeuden gure balizko haurrak gogoan nituela, ezin nuen aukera hoberik egin. Nire familiakoen gizentasunerako joera orekatzera zetorren bere familiakoen lerdentasuna, eta esan behar da gure arrazakoak baino hazpegi armoniatsuagoak zituztela, orokorrean, bere aldekoek. Nahasketaren emaitza bikaina izan zitekeen —eta nire susmoa baieztatu besterik ez dute egin gure bi haur zoragarriek—. Gainera, bere diskurtsoan feminista izan arren, bazuen errealitatearen intuizioa eta, onar bekit politikoki inkorrektoa den beste ohartxo hau, etxearen kudeaketa bikaina egiten zekien, gizonok inoiz jakingo ez dugun moduan, asko laguntzeko prest egon arren. Eta hau ez da xehetasun ezdeus bat, familia baten zorionaren baldintza ezinbestekoa baino, zutabe nagusia. Berriro diot: ia perfektua zen.

        Euskararena joko bihurtzea lortu genuen, gure konplizitate maila handiagotuz joan ahala. Txantxa doinua mantentzen nuen egin zitzakeen hutsak komentatzen genituen bakoitzean. Bestalde, Nekane miresten nuen, zinez, euskara ikasteko berak behiala egindako indar eskergarengatik. Beti esan ohi nion ez nekiela berak adina egiteko gai izango ote nintzatekeen eta uste dut eskertzen zidala oharra. Bere kabuz ikasi zuen hemezortzi urterekin. Lehenik HABEn, eta gero Goierriko herrixka batean uda pare bat pasatuz. Eta nik espero nuen, eta sinetsita nengoen, denborarekin hobetu egingo zela bere euskara, nirekiko kontaktuaren eragin automatikoz edo. Baina ez zen halakorik gertatu.

        Bere horretan jarraitu zuten Nekaneren hutsek eta akatsek. Eta, are okerragoa zena, beti harri berberekin behaztopatzen zen. Behin eta berriro. Gainera, denborarekin, betiko hutsei huts berriak gehitzen hasi zitzaizkien, gure arteko harremanaren egonkortzeak ematen bide zion lasaitasunak bere hizketaren autokontrola galarazi izan balio bezala. Fenomeno hau azkartu baino ez zen egin haurrak sortu zirenean. Familia bat osatzen genuen jada, gure ohituratxoetan murgilduta bizi ginen, eta bere erlaxatze linguistikoa ikusgarriagoa zen —entzungarriagoa esan beharko nuke— egunetik egunera.

        Saiatu nintzen modu diskretuan gauzak bide zuzenera itzultzen. Egunero Berria erosten hasi nintzen eta beti uzten nuen begi bistan, sukaldeko mahaian. Are, ausartzen nintzenean —edo egunean zehar huts asko egin zituenetan—, bere gau-mahaitxoaren gainean uzten nion. Sukaldean geundenetan, edo bostok batera Renault Megane familiarrean gindoazelarik ere, beti jartzen nuen Euskadi Irratia, nahiz eta programak ez zitzaizkidan gehiegi gustatzen. Euskal Telebistarekin ere egin nuen ahalegin bat, baina hori gehitxo zen. Nik ere ezin nuen jasan gauero Goenkale begiratzea.

        Hasiera batean nire buruari jarri nion arauetako bat honakoa zen, zuzenketarik egiten banion ez zedila beste norbaiten aurrean izan. Bakarrik geundenetan zuzenketa ia sistematikoki egiten nion, ahalik eta doinurik neutroenean, eta kexatzen zitzaidan aldi bakanetan deformazio profesionalaren aitzakiaz desenkusatu ohi nintzen. «Badakizu, idazleok...» formula aldagaitzaren gibelean babesten nintzen. «Uste nuen irakaslea zinela» erantzuten zidan berak, min egin zekidakeenaren jakitun (ez baitidate orain artean ezer argitaratu). Baina horretan geratzen zen dena.

        Haurrak sortu zirenean zuzenketak maiztasun berarekin egiten jarraitu nuen, haurrak ez zirela beste norbait kontsideratuz. Haatik, seme-alaben aurrean bere hutsen bat azpimarratzen nuen bakoitzean kexua ez ezik narritadura puntu bat ere erakusten hasi zitzaidan Nekane. Antza, axola zitzaion haurrek beraien amaren irudi ideala, perfektua, arraildurarik gabea izan zezaten, niri absurdoa iruditzen bazitzaidan ere halako xede edo pretentsioa. Une txar batean harrapatzen bazuen nire zuzenketak, gaztelaniara lerratu eta purrustadaka hasten zitzaidan, aurrerantzean haurrekin espainolez hitz egingo zuela, gogaituta zegoela perpaus bakoitzean hutsak egiteaz, bere ama hizkuntza, finean, ez zela euskara. Haurrek isilik begiratzen ziguten, bereziki gure alaba nagusiak, txikia zorionez gazteegia baitzen gertatzen zena eta bere esanahia ondo ulertzeko.

        Euskara erabiltzeari uzteko mehatxua egiten zuenean bukatzen zen eztabaida. Nik ez nuen haratago eraman nahi izaten kontua, ondo ulertzen bainuen zer zen haratago hura, eta Nekanek ere horretan uzten zuen sesioa, bazekielako armarik gabe utzi ninduela eta ez nintzela berriz ere erasora itzuliko tarte batean.

        Dena dela, Nekane ez zen inolaz ere nire kezka linguistikoen iturri bakarra. Alaitz ikastolara joaten hasi zenean, esaterako, etxetik zeraman euskara garbia lardaskatzen hasi zitzaion. Andereñoaren hizkuntza maila ez zen beste mundukoa, konprobatu ahal izan nuenez, baina tira, duina zen. Berrogei urtetik gorakoa zen, ni bezala, hots, irakaslegai ginenok oraindik ere Euskal Filologia euskaltzaletasunagatik aukeratzen genuen garaikoa. Ez, arazoa beste ikasleengandik zetorren. Gure hirian gutxi ziren etxean euskara egiten zuten haurrak, eta are gutxiago euskara txukuna jasotzen zutenak gurasoengandik. Halere, nire kezka zertxobait arindu zen ulertzen hasi nintzenean Alaitzen euskararen degradazioa integrazio estrategia kontziente baten ondorio zela egiazki. Hau da, Alaitzen hutsak berariaz egindakoak zirela jabetu nintzen, bere ikasgelako batez besteko hizkuntza mailara egokitzen saiatzen zela nire alaba, kameleoia bailitzan, ez desberdinegia izatearren, txukunegi hitz egiteagatik ez zezaten freak bihurtu lagunek. Izan ere, laster asko zuzentzen zituen bere hutsak nire aurrean aurkitzen zen ber, nik ezer esan gabe. Baina goizetan, biok ikastolako ate nagusia elkarri eskua emanda gainditzen genuen bezain laster, bere hutsak berriro agertzen ziren, eta zoriontsu ikusten nuen «nik aitarekin etorri naiz» esaten bere lagun analfabetoei. Zer esango nion gaixoari?...

        Nekanerenak, aldiz, gero eta urduriago jartzen ninduen, egiten zituen kalteak errealak eta iraunkorrak begitantzen baitzitzaizkidan, Alaitzengan nahiz txikiarengan. Ama —ez dut ezer berririk esango—, ama da. Eta, bereziki neska txikientzat, eredu nagusia izan ohi da lauzpabost urtera arte, hau da fase edipoar gogaikarria iragan arte gutxienez. Aita ostikada batez leihotik bota ahal balute... Eta noski, aitaren baztertze sistematiko horretan, bada, amarekin identifikatzen dira haurrak, baita arlo linguistikoan ere.

        Hasiera batean, Nekane etxean ez zegoenean hasi nintzen «amak ez du aitak bezain ondo egiten euskaraz, maiteok» azaltzen txikiei. Nire eredua jarraitu behar zutela gehitzen nuen. Egun batez, ordea, oharkabean, Nekane entzuten ari zela atera zitzaidan esaldia. Kristalezko lorontzia lurrera erortzen entzun genuen ondoko gelan. Hanka sartu nuela ohartu orduko, gehitu nuen «amak aitak baino hobeto egiten ditu beste hainbat gauza, bihotzak, eta beste gauza horietan berari jarraitu behar diozue». Orain atearen koadroan zegoen Nekaneren berunezko begiradagatik jakin nuen ulertu zuela ez zela haurrei hori esaten nien lehen aldia. Ez zen arrats gozoegia izan hura, haurrak oheratu ondoren.

        Ez dakit zergatik kontatzen ari naizen hau guztia, xehetasunekin gainera. Beharbada justifikatzeko beharra sentitzen dudalako; onesmen moduko bat nahi nukeelako. Euskararen historia luze eta neketsua zein den ezagutzen duenak ulertu behar du sentipen hau. Ezinegon hau. Gogaitze hau. Gogoratzen ditut nerabezaroan jende ez euskaldunarekin izandako hainbat eztabaida sutsu eta amaiezin borroka armatua justifikatzeko. Gogoratzen dut beranduxeago nola irekia bihurtu nintzen, gure intelektual zein idazle modakoenen eraginez. Ordu hartan, eskuzabal onartzen nuen gaztelaniara lerratzea lagunartean ez-euskaldun bat egonez gero, eta gustura aritzen nintzen ni ere ezker abertzalearen aurka purrustadaka, euskaldun moderno, edo postmoderno, edo irekia, edo nik dakita zer izateko gutiziaz. Bada, heltzen da adin bat zeinetan ohartzen zaren gaztaroko malgutze guztiek ez dizutela uste zenuen zoriona erakarri. Konturatzen zara besteek nahi duten modukoa izan zarela, beraiek jarritako gidoiaren barruan mugitu zarela, txintxo-txintxo. Eta orduan zurruntze fasea dator, ezinbestean.

        Nekanerenak, ulertuko denez, fase horretan harrapatu ninduen, bete-betean. Eta ez diot hau neure burua zuritzeko. Gauza jakina da euskara hainbat milurteren ostean guregana bizirik iritsi izana benetako miraria dela, mirari hauskorra. Hainbat borroka eta sufrimenduren emaitza da gaurko euskara, hainbat frustrazio, konplexu eta errepresiori aurre eginez hazitako landare zaildua, ederra izatera iritsi gabe halako dotorezia latz bat duena bere anakronikotasunean, bere moztasunean. Eta bihar ere, edozein lehortek, edozein haize boladak, edozein txingorraldik suntsi dezake. Bada, horren kontzientzia berpizten ari zitzaidan, eta nire urte luzeetako kolonizazio intelektualetik libratzen hasia nintzen, zutitzen, Alaitzen urtebetetze askarian «Idurre ez du nahi Coca-Colarik?» esaten entzun nuenean Nekane. Norbaitek interruptore bati nire baitan eragin balio bezalakoa izan zen. Klik.

        Ezin niezaiokeen barkatu hura, eta egunero euskararen etorkizun konkretua ziren gure umeen aurrean egiten zituen huts mordoak ere ez. Bat bera ere ezingo nion aurrerantzean onartu. Euskararen arauak ezagutzen zituen, ikasiak zituelako. Bazekien nola funtzionatzen zuen gure ergatiboak. Horren froga da gai zela bere burua zuzentzeko, nire laguntzarik gabe, adi zegoenean, pittin bat kontzentratzen zenean, bere hitzen garrantziaren kontzientzia minimo batekin mintzatzen zenean. Ezin nion gutxiago eskatu. Euskarak ez zuen gutxiago merezi. Euskara den monumentu historiko, zer diot, aurrehistoriko miresgarriak ezin dezake jarrera fribolorik jasan. Iraintzen dutenean ni neu iraindua sentitzen naiz. Ez dakit nola adierazi. Zauri egiten naiz.

        Kontua da bost kandela piztuz hornituriko tartaren inguruan zegoen haur talde osoaren aurrean «EZ NEKANE, I-DU-RREK, IDURRE-KKKK, ERGATIBOA, JOPE, IDURREK EZ DU NAHI COCA-COLARIK!» esan niola garrasi batean. Begiak zuloetatik ia irteten zitzaizkiola begiratu zidan, txintik atera gabe, eta haurrei edariak plastikozko edalontzietara isurtzen jarraitu zuen, niri bizkarra emanez. Kanpora alde egin nuen, paseatzera, ezin bainintzen kontrolatu.

        Oso luzea izan zen bere konfiantza berreskuratzea. Ez dut uste, gainera, inoiz erabat berreskuratu nuenik. Familiaren onerako itxurak mantentzeko ahalegin heroikoa izan zen Nekanerena. Haatik, ez zuen gehiegi iraun konponketak.

        Tarteka maitasuna egiten genuen. Horretan behintzat modu nahiko errazean moldatzen ginen, paradoxa badirudi ere. Bazen gure artean kimika edo deitzen duten hori. Konpatibilitate bat. Ez dakit nola deitu, baina kontua da zailtasunik gabe berraurkitzen ginela ohean. Maite nuen —maite dut— bere larru zuriegia, izerdiaren lurrin mikatza, ahoaren zapore kargatua, dena. Eta uste dut berak ere gogoko ninduela, izango nindukeela oraindik ere...

        Kontua da, gau hartan lasterregi isuri nuela hazia. Ez zen lehenengo aldia hori gertatzen zitzaidana, noski. Baina Nekanek bazekien nire konfiantza sexuala ez hondorarazten. Ez zen ausarta izango sexu kontuetan, baina bai artatsua. Bere pazientzia nahiz hitz egokien laguntzaz, beti lortzen nuen halako atakatik luze gabe irtetea. Aldi hartan, ordea, betiko moduan jokatu bazuen ere, labainketa linguistiko bat izan eta «zure laztanak gozarazi naute dagoeneko» esan zuen, subjektuaren eta aditzaren arteko komunztadura gaizki eginez.

        Akatsa segituan zuzentzekotan egon nintzen —laztanEK, ergatibo plurala—, baina, ez dakit zergatik, itsasikara bat bezala gainera zetorkidan narritadura uhinari eutsi eta bere indarra pilatu arte itxaron nuen. Musu kontsolagarriak izan nahi zutenak ematen hasi zitzaidan, lepoan eta bularraldean. Bitartean haserrez kargatzen jarraitu nuen. Harik eta haserre hori nire jabe bihurtu zen arte. Orduan, gerritik oratu, buelta eman, esku biez eta nire pisu guztiaz haren gorputza irmo tinkatu, eta ordura arte inoiz egin ahal izan ez niona egin nion Nekaneri.

        Hatsantuta bukatu genuen biok, izerdi patsetan. Izugarria iruditu zitzaidan. Nire buruaz miretsita nengoen, egiteko gai izan nintzenagatik. Eta, ilunpean gertatu zen arren dena, uste dut berak ere gozatu egin zuela. Loak hartu gintuen, hitzik trukatu gabe.

        Hurrengo egunean ez nuen horretan baino pentsatu. Zela haurrengatik, zela lanarengatik, ez genuen buruz buru hitz egiteko aukera askorik egunean zehar. Baina afalostean, haurrak oheratu orduko, ohikoan ez bezala, gure gelara sartzen ikusi nuen, telebistari uko eginez. Hamar minutuz sofan erdi-etzan nintzen, pagotxa baliaturik, Champions Leagueko partida bat ikusteko aukera gutxi izaten bainuen normalean. Oharturik, baina, ez zela itzultzen, haserretua egon zitekeela bururatu zitzaidan. Bezperakoagatik. Ez nintzen errudun sentitzen eta ez nengoen batere damututa. Pozaren pozez baizik. Baina damuaren komedia antzeztu behar izango nuela asumiturik neukan, Nekaneren duintasun zauritua babeste aldera. Gure bikotea salbatzearren. Telebista itzali eta gelara hurbildu nintzen, bere umore txarrari aurre egiteko indarrak bildurik, egunak edo asteak iraun zezakeen mutur luzera lehenbailehen ohitzeko asmoz.

        Ohe gainean zegoen, alkandora bat soinean baina kulerotan, hanka bat luze eginda eta bestea tolesturik, irakurtzen. Edo itxurak egiten. Gelan sartzen sentitu ninduenean liburua itxi eta bere alboan utzi zuen. Tolesturik zeukan hankako zangosagarra bi eskuen ahurraz ferekatu zuen, depilaketak azala leun utzi ziola egiaztatu nahi bailuen. Orduan itzuli zuen burua niregana. Ez zidan hitzik esan, baina ulertu nuen berak ere ez zuela besterik buruan.

        Hurbildu nintzaion, jada gogor. Ohe gainean makurtu eta bere lepoaldea musukatzen hasi nintzen, bezperakoa errepikatzeko irrikaz. Ordea, buruaz ezetz egin zidan, nigandik urrunduz. Bere eskua nire bularraldean jarriz astiro etzanarazi ninduen, bera ordura arte egondako toki berotuan. Gero, armairura hurbildu eta bertatik hainbat bufanda atera zituen. Ohera itzuli eta esku bat hartu zidan. Ulertu nuen lotu nahi ninduela. Ez nion aurka egin. Zangoak ere lotu zizkidan. Bere menean nengoen. Zoriontsu. Beste Nekane bat zelako begien aurrean neukana. Beste begirada bat zuelako. Hainbeste urte elkarren ondoan eman ondoren jada amestera ausartzen ez nintzen zerbait gertatzen ari zelako.

        «Ahora me toca a mí» esan zidan orduan. «Mesedez Nekane» egin nuen protesta, burua burko bigunetik altxatuz, «egidazu nahi duzuna, baina ez espainolez». «Cállate y disfruta» bota zidan. Ez nintzen isildu: «Oso bulgarra sonatzen du horrela». Nire zakilari heldu zion, nahiko zakar. «Ee, kontuz, maitea». Irentsi egin zuen. Begiak itxi eta hasperen egin nuen. Baina gelditu zen: «¿Y esta secuencia no te parece vulgar? Lo puedo dejar, si quieres...». Ez nekien zer erantzun, baina nire begiek erantzungo zioten zeren inoiz ez bezala hasi baitzitzaidan miazkatzen, gozamenez, salokeriaz, bera ere aldi berean masturbatzen zela. Ez nekien masturbatzen zenik. Bere alu iletsuan kementsu zerabilen hatz nagusiaren aktibitateari so geratu nintzen. Begiak ondo irekita. Isilik... Ez dakit zenbat denbora iraun zuen jokoak —luzea izan zen, edonola ere—, baina ez zen nire gainean jarri ezein momentutan. Hau da, ez zen koitoa izan, hitzaren zentzu osoan. Hainbat gauza eginarazi zidan ahoaz eta beste hainbeste egin zizkidan berak, batzuk desatsegin samarrak —bi hatz uzkian sartu zizkidan, batera (ez nekien posible zenik ere), inoiz halako fantasiarik aipatu ez nion arren—. Egia esan, ez nintzen orgasmora iritsi, tarteka hurbil egon banintzen ere. Deslotu eta berehala, Nekane jada nire ondoan erdi lokarturik zetzala, komunera joan eta masturbatu behar izan nuen, tentsiotik askatzeko, kontuari bukaera ematearren.

        Bi aste izan ziren. Erotzeko modukoak. Koska bat urrutiago gindoazen aldi bakoitzean. Txandaka hartzen genuen fantasiaren giderra. Gehienetan ate txikitik sartzen nintzaion, hainbat urtetako frustrazioa arinduz —edo ordainaraziz, akaso. Bere aldetik, Nekane tematzen zen niri ere hatzak edo bestelakoak ipurtzulotik sartze horretan, eta masturbatze hutsaz asetzen zituen bere beharrak. Ez dakit nola esan, gure harremanek konplizitatean galdu zutena, zintzotasunean irabazi zuten. Bai, zintzoak ziren gure harreman horiek, geure desioekiko zintzoak. Eta intentsuagoak, askoz. Ni gizonago sentitzen nintzen, ez hain domestikatua. Eta bera, halaber, ziurrenik bere buruaren jabeago. Haatik, gelara sartzen ginen unetik beretik, operazioen gidaritza nirea izan edo berea, espainolez zuzentzen zitzaidan. Beti. Ni euskaraz zuzentzen nintzaion arren, berak espainolez erantzuten zidan. Mingarria zen egoera alde horretatik. Gure arteko zerbait hautsita zegoelako sentsazioa ematen zidan. Baina ordainetan eskaintzen zidanaren deiari ezin nion eutsi.

        Ez dut oraindik esan, baina lehen gauaren biharamunean ile-apaindegira joan eta orrazkera erabat aldatuta itzuli zen. Hurrengo egunetan jantzi berri asko erosi zuen, merkealdien garaia ez izan arren, eta, horrek guztiak estilo berria eman zion. Arropa serioa zen, enpresa handietako emakume koadroek erabil dezaketenaren antzekoa. Nola esan, espainiar telediario bateko aurkezle baten itxura hartzen nion orain, eta nahiko kitzikagarria egiten zitzaidala aitortu behar dut.

        Horrela jarraitu genuen —eta jarraituko nukeen—, harik eta hamabost egunen buruan, afalorduan, denok mahaian jarrita geundela, enegarren zuzenketa bat tonu ez aski adeitsuan egin niolakoan, haurrei erdaraz hitz egiten hasi zitzaien arte. Gehiegi niretzat. Dibortziatuko nintzela egin nion mehatxu, behin logelan. «Si es lo que quieres» erantzun zidan, lasai. «Nekane, ezin duzu eraiki dugun guztia horrela leihotik behera bota, egunetik biharamunera». «Eres tú el que quiere marcharse». Haurrak nituen kezka. Dibortziatuz gero Nekanerekin geratuko ziratekeen ziurrenik. Ez zegoen arrazoirik epaileak niri uzteko. Nekanek ez zuen inolako hutsik egin, ez zen ezeren errudun. Justiziaren aurrean behintzat. Ez zegoen inon idatzita senar-emazteek haurrei euskaraz egin behar zietenik. Eta haurrek beraiek... amarekin gelditu nahi izango zuten, ni asko maitatugatik. Beste behin ere argudiorik gabe utzi ninduen.

        Ondoko egunak tentsio handikoak izan ziren. Egoera berrira moldatzen ahalegindu nintzen. Halabeharrez. Haurrei galdetu nien —bakarka— zer iruditzen zitzaien ama gaztelaniaz aritzea. Ez zioten garrantzi handiegirik eman. Eta okerrena zera zen, naturaltasun osoz pasa zirela hizkuntza batetik bestera. Niri eramanezina zitzaidan Nekane eta haurren arteko cháchara hura entzutea. Familia arrotz baten aurrean nengoela iruditzen zitzaidan. Beraien ahotsak desberdinak egiten zitzaizkidan. Desberdinak zirelako, izan ere. Gaizki bikoiztutako telesail bateko pertsonaiak ziruditen. Gaixotu egiten ninduen egoerak.

        Alde eginen nuela iragarri nion Nekaneri. «Tu verás» erantzun zidan, dardararik gabe. Neure onetik atera ninduen bere lasaitasun horrek. «Baina... Ez dut ulertzen. Oraindik maite nauzu pixka bat, ala ez!? Azalduidazu, Nekane». «Claro que te quiero, eres el padre de mis hijos. Te elegí». «Mesedez, Nekane, utz dezagun joko ergel bezain nekagarri hau eta hel diezaiogun berriro gure betiko bizitzari». Ez zidan erantzun nahi. «Arren...». Ez zidan erantzun.

 

 

Hiru urte eta erdi dira pisua hartu nuela. Hiriaren beste auzo batean bizi naiz, baina ez urrutiegi gure etxetik. Hamar minutu dira autobusez, aldaketarik gabe. Soltero bizitzara egokitzea ez zait gehiegi kostatu, egia esan. Erosoa baldin bada haurrik gabeko bizitza, are erosoagoa emazterik gabekoa. Ez dut esan atsegina, erosoa baizik. Ikasle garaiko lagun pare batekin irteten naiz, gustatzen zaizkidan gauzak egin ditzaket, eta arropa amak lisatzen dit astean behin. Apartamentua kaskar samarra da, gurearekin alderatuta, eta hori da, beharbada, okerrena. Alegia, ez didala aukera handirik ematen haurrak bertan edukitzeko. LCD telebista handi bat erosi dut, niretzat baino gehiago haurrentzat, telebista dezenterik gabeko apartamentua ez baita bizigarria beraientzat. DVDak ikusteaz aspertzen direnean —amak debekatzen dizkien filmak ikusten uzten diet— kanpora eramaten ditut gehienetan. Zinemara, txiki-parkera edo merkatalgunera. Egin nuen saioren bat museora eramateko, baina laster ulertu nuen alferrik ari nintzela, neure teilatuari harrika, alegia. Behin edo beste onartu didate mendira joatea, udaberrian. Beraiek aukeratzen dute.

        Asteburuetan etortzen dira nirera. Hastapenean triste ikusten nituen beti, eta urduri. Eta horrek ni ere tristatzen eta urduritzen ninduen. Ez naiz haurrekin aurkituz gero lipar batean festa giroa sortzen dakiten horietakoa. Izugarri kostatzen zitzaidan beti lehen uneetako estutasuna —neurea— gainditzea: astez aste errepikatzen nituen galdera zozoak, seme-alaben erantzun lakoniko desesperagarriak... Une horietan irudikatzen nituen amaren inguruan dantzan, alai eta algaratsu, eta zorigaiztokoa sentitzen nintzen. Baina egoera gaindituz joan gara, hilabeteak pasa ahala. Nekanerekikoa baretuz joan den heinean. Hirurok pozik egoten gara elkarrekin. Haur guztiz zoriontsuak direla uste dut, hots, ez dutela hauskortasun berezirik, orbain afektibo nabarmenik. Izan ere, badakite hor gauzkatela biok beraien ondoan, eta beti edukiko gaituztela. Are, badakite beraien gurasoek elkar maite dutela oraindik ere. Nolabait.

        Bestalde, ez dakit nola daitekeen, baina amarekin nirekin baino askozaz ere denbora gehiago pasatu arren, euskara maila zoragarria daukate, biek ala biek. Batzuetan negarra etortzen zait begietara horren ondo hitz egiten entzuten ditudanean. Horrelakoetan, betaurrekoak kendu eta begiak igurzten hasten naiz, hautsa sartu balitzait bezala. Bai, negar egiten dut alabari «dakioke» ateratzen zaionean.